Bitoriano Gandiaga Artetxe (Mendata, 1928 - Arantzazu, 2001). Baserritik Arantzazura joan zen frantziskotar egiteko, eta geroztik Arantzazuri loturik egon zen, bai santutegiaren sinbologiagatik, bai frantziskotarren izpiritu umilagatik. Plazara eta hirira gutxitan jaitsi arren, guztiz estimatua zen bere irakurleen artean.
Elorri (1962) izan zen bere lehen poema-liburua. Itxuraz, behintzat, guztiz sinplea: izadian oinarriturik idazten zuen, ez gaian ez forman hausturarik ez zekarrela; baina sen berezia zuen Gandiagak: musikalitate aparta ematen zien hitzei, erritmo berezia poemei; hizkuntzaren zoko-moko guztiak ezagutu eta haren posibilitateak muturreraino baliatzen zituela esan liteke: lexikoan, aliterazioetan, paralelismo eta kontrajartzeetan... Liburu horretatik hartuak dira sorta honetako lehen hiru poemak, esandako ezaugarrien adibide eta orduan landu zituen gaien adierazgarri: «Neure hitzaren bila» poemak edertasunaren bilaketa azaltzen digu, poesia puru edo hutsaren bidetik; «Zarpil», berriz, naturaren analogia baten bidez, poetaren arimaren berri ematen ari zaigu: kontraesan etengabea batetik, eta bazterturikoak, apalak duen maitagarritasuna; «T'euria», olerki deskriptibo hutsa da, bere xinplean txundigarria, nolako artez lortzen duen euriaren erritmo bera poeman txertatzea.
Urte batzuetan poesiarik idatzi gabe egon ondoren, berriro itzuli zen Hiru gizon bakarka liburuarekin (1974). Garaiarekin batera, Gandiagaren poesia ere aldatu egin zen, tonua ez zen jadanik lirikoa, gaia ez zen natura: Euskal Herriaren eta herritarren egoeraz zegoen kezkatua, eta ezinegon hori islatzen da poemetan. Baliabideetan soilagoa zen, lexikoa laburragoa, baina erritmoaren eta errepikaren antzea lehen bezala edo areagotua ageri zen, aukeratu ditugun bi poemetan ikus litekeenez; herriarekiko mina bietan nabari da, baina bigarrenak esanahi sakonagoa ere badu, bataioaren sinbologiak ematen dion indar bereziari esker.
Gandiagaren poemagintza osatuz joan zen urtez urte. 1977an Uda batez Madrilen argitaratu zuen, hiriaren handian erdi galdurik dabilen gizonaren burutapenetan oinarritua, eta 1985ean berriz Denbora galdu alde, terapia psikiatriko baten moduan idatzia, leku guztiz berezia hartzen duena gure poesian, bere zinezkotasunagatik.
Obrak:
Elorri (1962)
Hiru gizon bakarka (1974)
Uda batez Madrilen (1977)
Denbora galdu alde (1985)
Gabon dut anuntzio (1986)
Ahotsik behartu gabe (1997)