Agustin Kardaberaz Hernanin jaio zen 1703an eta 1770ean hil Italiako Bologna hirian erbesteraturik, jesuita baitzen eta bere erlijio-lagun guztiekin egotzi egin zuten Espainiako erresumatik 1767an. Fama handiko sermoilaria izan zen, Gipuzkoa eta Bizkaia osoan herriz herri hitzaldiak ematen ibili ohi zena. Liburu ugari idatzi zuen eta garaiko idazleetan oparoena dela esan liteke. Liburuon gaia, berriz, erlijiozkoa da beti, bakar batean izan ezik. Izan ere, 1761ean kaleratu zuen Euskeraren berri onak, non inon baino argiago ikusten den Larramendiren eragina. Euskara goratzen du, ondo hitz egin eta idazteko arau batzuk ematen ditu eta beste hainbat gauza jakingarri kontatu.
Liburu horretatik hiru zati hautatu ditugu. Lehenengoan, garai hartan Araban gertatzen ari zen euskararen atzerakada azaltzen digu, eraztunaren zigorra eta halakoak erabiltzen zirela salatuz. Horrek dotrina erakusteko zekartzan ondorioek kezkatzen dute Kardaberaz, baina hizkuntzaren zapalketa aspalditik zetorrela erakusten digu pasarteak.
Ondoren, euskararen barruan estilo eta modu asko kabitzen direla adierazteko, gipuzkerazko eta bizkaierazko zati bana idazten ditu, lehenbizikoa gainera erretorika herritarraren adibide polita, garaiko literatura urrian ez baitugu halakoak dastatzeko aukerarik.
Obrak:
Eusqueraren Berri Onac: edo Ondo Escribitzeco, ondo iracurteco, ta ondo itzeguiteco Erreglac
Christauaren Doctrina, Aita Astetec erdaraz, eta guero Aita Agustin Cardaberacec euscaraz arguitara emana
Dotrina Cristiana edo Cristiñau Dotrinea
Christauaren Vicitza edo orretarako Vide erreza bere amabi Pausoaquin
Aita San Ignacioren Egercicioen Gañean Afectoac, beren Egemplo, ta Dotrinaquin: edo Egercicioen II en Partea
Aita San Ignacioren Egercicioen IIIgarren Partea
Aita San Ignacioren Egercicioen Gañean, orien lav asteetaco Meditacio laburrac, edo Egercicioen lavgarren Partea
Ondo iltcen icasteco ta ondo iltcen laguntceco egercicioac
Jesus, Maria ta Joseren devociñoco Libruchoric atararico devociño batzuc
Justuen Ispillu arguia
Senar Emazte Santuak
Mezaco Sacrificio ta Comunio Sagraduaren gañeco doctrina
Escu liburua, ceinetan arquitcen dira cristau onaren eguneroco egercicioac
Amorezco eta dolorezco Jesu-Christo-ren Pausuac
Ama Veneragarri Josefa Sacramentu guciz santuarena ceritzanaren bicitza eta vertuteac
Azpeitico erri chitez noblearen gloria paregabeac edo Aita San Ignacioren bicitza laburra