Joanes Otsalde (Bidarrai, 1814 - 1897) XIX. mendeko poeta baxenabartar handienetarikoa da (Oxalde eta Otxalde ere idatzi izan da haren izena). Bertsolari ere bazen arren, herriz herri kantari eten gabe ibili zena, ez zaigu haren bat-bateko bertsorik iritsi guregana, eta bai ordea hainbat bertso idatzi; hauek irakurriz, ordea, berehala konturatzen gara idazle bikain baten aurrean gaudela; teknika aldetik hutsik gabeak dira haren bertsoak eta neurri zailetan eginak: bederatzi puntukoa da hemengo bat, eta bestea, aldiz, bertsolariek erabili ohi ez dutena: zortzi silabako sei lerro, hirugarrenak izan ezik beste guztiek errima bera dutela.
Hala ere, Otsalderen maisutasuna ez da teknikan amaitzen, esanahiaz ere betetzen baititu bere bertsoak, batzuetan tonu serios batean, bestean umore giroan. Bi estilo horien agerkari bana duzu ondorengo sortetan. «Zahar-gazten arteko parabolan» gai jakin baten inguruko garapena ikus dezakegu, gogoeta abstraktua eta elementu konkretuak nahastuz, ideia jakin batzuk azpimarratu eta irakurlearen gogoan sartzeko hainbat teknika erabiliz. «Iruñefo ferietan» bertso-sorta narratiboa da: kontaketaren airostasuna, umore bikaina eta deskribapenen indarra azpimarratuko genituzke, beste dohain askoren artean.
Obrak:
Soldado ondoan
Kilo-egilearen Kantuak
Beranteko urrikiak
Madalen Larralde
Lurreko ene bizia
Amodioa zer den
Beskoitzeko pestetan
Pepa ta Koakin
Xanxundegiko xakhurra
Zahar gazten arteko parabola
Suplebant bat derauku
Zaldi zaharra
Azparneko elizan 1883-an
Khantu berriak
Napoleoni
Carnot presidentaren heriotzea
Irisarri-ko Toberetako kantuak 1885-an
Iruñako Ferietan