Bitoriano Iraola Pasaiako Donibane auzoan jaio zen 1841ean eta 1919an hil zen Donostian. Inprimatzailea zen lanbidez eta zinegotzi izan zen urte luzez Gipuzkoako hiriburuan, errepublikazale eta foruzale. Bertso, ipuin eta antzerki-lan ugariren egilea izan zen, Donostian bigarren Karlistadaren ondoren sortu zen mugimenduaren barruan.
Izan ere, foruak ezabatu zituztenean, bai karlisten bai liberalen artean atsekabe handia sortu zen, eta Euskal Herria biziko bazen euskararen alde lan egin beharraren kontzientzia piztu zen leku askotan, eta bereziki Donostiako hainbat intelektualengan. Manterola irakaslea izan liteke aitzindaria, baina idazten nabarmendu zirenak antzerki-idazleak izan ziren: Marzelino Soroa, Toribio Alzaga, Abelino Barriola eta beste asko, 36ko gerrak loraldi hura errotik moztu zuen arte.
Iraola berpizkunde haren hasieran koka liteke, eta bere antzerkien gainetik jar litezke ipuinak, ordura arte oso gutxi landu zirenak. Hain zuzen, hona dakargun testuak alderdi asko ditu azpimarratzeko. Elkarrizketa hutsez ematen zaigu ipuina, teknika guztiz modernoan, narratzailearen argibiderik gabe; bestalde, solaskideak aldatuz doaz gertalekua aldatzen ez bada ere, denak ere tranbia barruko berriketak direlako. Horrekin guztiarekin, mende hasierako hirietako tranbia bateko giroaren erretratu umoretsu, bikaina lortzen du: horko jende pila, denetariko hizketak, era guztietako gizon-emakumeak.
Badira beste hainbat alderdi ohartzea merezi dutenak, hala nola egileak darabilen umore berezia, arlotekeria errazetik urrundurik, absurdutik hurbil, eta baita ere nola antzeman litezkeen hiriko euskara haren ezaugarri batzuk: berorikako tratamendua, erdarazko hitz eta esaldi solteak, klaseen arteko bereizketak markatu nahia...
Obrak:
Ardita beti ardit (antzerkia)
Pasayan (zarzuela)
Leokadia (zarzuela)
Gabonetan (zarzuela)
Onentzaro Gaba! (antzerkia)
Txomin Donostiyan (antzerkia)
Bi itxubak (antzerkia)
Ergobiyan (antzerkia)
Petra txardin-saltzalia
Karmen, gaztain saltzallea
Zeladore baten estuasunak
Joxemaritarrak (bakarrizketa)
Xordo (bakarrizketa)
Pulpuba (bakarrizketa)
Ishkiña Mutrikun (bakarrizketa)
Txokolo (bakarrizketa)