Juan Ignazio Iztuetak (Zaldibian jaio zen 1767an eta bertan hil 1845ean) aparteko lekua merezi luke zerrenda honetan; izan ere, bera da Hegoaldeko lehen idazle zibila (Ipar Euskal Herrian Oihenart eta Etxeberri Sarakoa izan ziren aurretik). Iztuetak gorabehera ugariko bizimodua izan zuen: ogibide ugari, hiru aldiz ezkondua... Kartzela-zuzendari izan zen garai batean, baina barrutik ere ezagutu zuen, preso egon baitzen. Guztiz maite izan zituen dantza, euskara eta Gipuzkoa, eta amodio hirukoitz horretatik jaio ziren bere bi liburuak: Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira (1824) eta Gipuzkoako probintziaren kondaira edo historia (1847).
Larramendiren jarraitzailea zen Iztueta hizkuntza-kontuetan, eta haren hiztegiko berba gehiegi ere hartzen zituen tarteka, testu jasoak egin nahi zituenean, batik bat; osterantzean, jatorra eta oparoa da bere euskara, eta kontalari ona ageri da istorioak kontatzen dizkigunean. Kontatzeko sen hori, bere umore ona, eta herriko jai, joko eta ohituretarako zaletasuna ere argi azaltzen dira ondoan doakizun pasadizoan.
Prosa-lan horiek alde batera utzirik, poema eder bat idatzi zuen, hona ekartzeko meritu aski eman ziona: «Kontxesiri».
Olerki hau idaztean espetxean zegoen Iztueta, diru-gorabehera ilun batzuk zirela eta. Bertan zegoen preso Kontxesi ere, Iztuetaren bigarren emaztea, abortoak egin zituelakoan. Egoeraren gogorrak barkagarri egiten du poemaren gehiegizko eztia, gozoaren gozoz ia irrigarri bihurtuko litzatekeena bestela. Euskara sinple eta erraza darabil, eta harrigarria da nola ezkontzen dituen horren hizkuntza naturala eta metrika konplikatua: 12, 5 eta 10 silabako lerroak nahastuz, beti hurrenkera berean eta hiru errima diferente erabiliz bertso bakoitzean.
Obrak:
Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira
Gipuzkoako probintziaren kondaira edo historia
Kontxesiri