Jean Etxepare Landerretxe, Jean Etxepare mirikuaz bereizteko «Gaztea» izengoitiaz ere ezaguna, Nafarroa Behereko Jatsun jaio zen 1937an eta Hazparnen hil 1961ean. Erne orduko iharturiko lorearen gisa ageri zaigu euskal literaturaren historian. Gazterik hasi zen Ipar Euskal Herriko gazteen erakundeetan laguntzen eta haien agerkarietan idazten; damurik, gaixotasunak eraman zuen berehala, artean bere onenak emateko zegoela.
Etxepareren lan goiztiar horien artean ipuinak nabarmentzen dira, Mendekoste gereziak bilduman kaleratu zizkiotenak (oraindik guztiz heldu gabeko gereziak dira Mendekostekoak). Ipuingintza berezia du: itxura batean, irudi luke Iparraldeko tradizioari jarraituz kontakizun xumeak direla, askotan haurrei zuzenduak, kostunbrismo-ukituarekin. Hala ere, sentiberatasun aparteko bat dute, literatur balio handia ematen diena: bere begirada ez da laño eta inozoa; aitzitik, badu sentimendu minbera bat, giza arimaren alde ezkutuak ikusarazten dizkiona eta gerra aurreko apaizen baikortasunarekin zerikusirik ez duena.
Horren adibide izan liteke honako istorioa. Lehen begiratuan gauza sinplea dirudi: haur bati kontaturiko pasadizo bat, marigorringo eta guzti. Alta, heriotzaren itzala hegan dabil gainetik, mindura sakon bat sumatzen da, egileak berak ere bere azken hurbilaren berri izan balu bezala. Horrez gain, aipatzekoa da hizkuntza: noka idatzia da, baxenabarreraz, hizkera goxo eta adierazkor batean.
Obrak:
Etchekoak
Axular
Kondaira gocho bat. Intzaur ondoa
Mendekoste gereziak eta beste
Kattin
Gerlako orhoitmen Aldudarrena