literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Arnaud edo Allande Oihenart Maulen jaio zen 1592an eta Donapaleun hil 1667an. Aparteko lekua merezi du euskal literaturaren historian, hainbat arrazoi direla medio: hasteko, elizgizon ez den lehenengo idazlea da bera, eta bakarrenetakoa mende luzeetan. Abokatu eta politiko inportantea izan zen bai Zuberoan bai Nafarroa Beherean. Historialari ere izan zen, latinezko liburu garrantzitsu baten egilea: Notitia Utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitaniae («Bi Baskonietako berri, bai Iberiakoa, bai Akitaniakoa»); honen berrikuntza handiena izan zen, lehenengo aldiz kontatu zela Euskal Herriaren historia bere osotasunean hartuta, Ipar eta Hego, eta ez Espainia edo Frantziako historien zati gisa.

        Euskal idazle bezala ere ekarpen handi eta berriak egin zituen: gizon ikasia zen eta poesia kultua proposatu zuen L'art poétique basque, gure literaturako lehen lan teorikoan. Proposatu ez ezik, sortu ere sortu zuen poesia jantzi eta jasoa, bere ereduaren arabera: neurri zehatza, sinalefak, errima ugari eta biribilak... Formaren aldetik halako perfekzio teknikoa erdietsi zuen, eta edukiaren aldetik ere modu landuan ageri da amodioaren gaia. Molde estu horietan ibiltzeak, ordea, apur bat zail eta ilun bihurtzen du bere poesia, eta bera bezalako intelektual eskolatuen ezak bazterrean utziko zuen bide hori luzerako.

        Alabaina, behar bezala ulertu ahal izateko buru-lan handia eskatzen badu ere, handia da halaber ulertutakoan irakurleari ematen dion plazerra, eta merezi du ahalegina. Hiru «neurtitz» dituzu hemen, berak asmatu zuen hitza erabilita. Lehenbizikoak, Etxepareren neurri berdina du silaba-kopuruz, baina askoz errima gehiago sartuz etenetan; hurrengoetan bestelako erritmoak lantzen ditu. Gaiaren aldetik, berriz, amodioaren inguruan dabiltza denak, baina alderdi diferenteetatik: dama bati eginiko maitasun-galdea agertzen du lehenak; maitale duen neska gaztearen gorazarrea bigarrenak; bere amodioari era berean erantzuten ez dion emakumeari egiten zaion kexua hirugarrenak...

 

Obrak:

— Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae tum Aquitanicae

— Oten gaztaroa neurthitzetan

— Les Proverbes Basques, recueillis pasr le sieur d'Oihenart, plus les poésies du mÍme auteur

— L'Art Poetique basque

 

Bilaketa