literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Indalezio Bizkarrondo Ureña zituen izen-abizenak «Bilintx» bertsolari ezagunak (Donostia, 1831 - 1876). Txikitan eroriko baten erruz aurpegia itsusituta geratu omen zitzaion betiko, baina horrek ez zion galarazi, noski, bihozbera izatea. Arotza zen berez Bilintx; mutilzahartu eta gero ezkondu zen, 1869an, eta ondoren Antzoki Zaharreko atezain postua lortu zuen, bertan zituelarik bizilekua eta edariak serbitzeko dendatxoa ere. Funtzionario apala, Bigarren Karlistadan liberal sutsua izan zen bera ere, noski, Donostia liberalean; tamalez, 1876ko San Sebastian egunean, etxean traje berria jazten ari zela, karlisten bonba batek jo eta hanka ebaki zion; handik gangrena sortu eta sei hilabeteren buruan hil zen gizajoa, oinaze handitan. Curros Enríquez idazle gailego handiak kronika hunkigarria idatzi zuen gertaera hauen gainean, «El Imparcial» Madrilgo egunkariko berri-emaile berezi gisa zebilela azken karlistadan.

        Bilintxek leku berezia du euskal literaturaren barruan. Bertsolaria dela esan liteke, baina bat-batean gehiegi aritu ez zena, bertso-paperak utzi dizkigu batez ere. Hauek irakurriz halako goranahi edo edermin bat antzematen zaio, garaiko poeta erromantiko espainolen irakurketari zor diona, beharbada. Maitasunezkoak dira Bilintxen poema gehienak: maitasun malenkoniatsua, erantzun baikorrik gabe higatzen dena (adibidez, «Triste bizi naiz eta» ezaguna). Zenbateraino den hau topiko erromantikoa eta zenbateraino Bilintxen beraren sentimendu eta esperientzien isla, ezin jakin genezake; guk haren bertsoak dauzkagu dastatzeko, eta hauetan sentimentalismo goxo, naif bat ikusten dugu, xinplea batetik baina bere samurtasunaz bihotzera erraz iristen dena.

        Ez zen amodioaren kantari soila ordea, baditu bestelakoak ere, ez horregatik makalagoak. Horien adierazgarri da «Zaldi baten bizitza» edo «Zaldi zuriarena», umore finez eta bederatzi puntukoetan eginiko bertso-sorta, Donostiako zabor-biltze zerbitzuaz arduratzen zen Gros familiarekin istilua sortu ziona. Amodiozkoen artean, «Kontzezirentzat» aukeratu dugu beste askoren artean. Konparazioa eta adjektibazioa azpimarra litezke, baina horiekin batera sorta osoaren trinkotasuna, bertsoak zein ederki lotu dituen: sarrera, behetik gorako deskribapena (oinak, gerria, bularra, lepoa, begiak, ilea), laburpena, eta ondorioa eskaerarekin.

 

Obrak:

— Juana Bixenta Olabe

— Ja-Jai

— Loriak

— Maita nazazu arren

— Kontzezirentzat

— Juramentuba

— Pozez ta bildurrak

— Zaldi baten bizitza

— Zaldiaren eriotza

— Potajiarena

— Pobriaren suertia...

 

Bilaketa