Gratien Adema, «Zaldubi» goitizenaz ezagutzen dena, Senperen jaio zen 1828an eta Baionan hil 1907an. Elizanbururen adinkide eta ikaskidea izan zen, baina aski bide diferenteak hartu zituzten: saratarra militar, esan dugunez, eta senperetarra apaiz. Kargu ugari izan zituen apaizgoan: apaizgaitegiko irakasle, erretore, artzapezpiku, kalonje, Eskualduna aldizkariko kolaboratzaile... Idazle gisa, bere olerkiengatik nabarmendu zen: euskal gaiak eta erlijiozkoak landu zituen batik bat, beti estilo erraz eta dotorean. Alegiak idazten nabarmendu bazen ere, «Zazpi Euskal Herriek» poemagatik dugu gaur egun ezaguna. Hona, berriz, beste bi olerki ekarri ditugu: «Martin eta Kattalin», senar-emazte ardozaleen satira irrigilea. Hala ere, Zaldubiren ziria eta umorea askoz zorrotzago eta gaiztoago bihurtzen dira etxe barruko kontuak utzi eta gizarte-gaiak jorratzean. Horrela ageri da «Errepublika» bertso-sortan.
XIX. mende osoan borroka latza izan zen Iparraldean, Frantziako gobernamendua zela eta: Errepublika iristearekin, ohitura asko aldatu ziren, besteak beste eskola laikoak zabaldu eta euskal probintzien erakundeak ezabatu; horregatik, jende franko, eta apaizak bereziki, kontra jarri ziren. Eztabaida ideologikoaren testuinguru horretan ulertu behar da kantu hau. Panfletoa delako generoaren ezaugarri batzuk ditu, hala nola manikeismoa, kontrajartze nabarmenak, hiperboleak, izenondo markatuak, irain-pilaketak... Panfleto politiko gehienak ez bezala, ordea, benetako literatur pieza baten aurrean gaude.
Obrak:
Euskal-herriko eliza-bestak
Eskualdun pelegrinaren bidaltzailea
Pilotariak
Cantiques sur le CatËchisme
Cantiques
Fables. Artzain beltcharen neurthitzak
Autres poésies profanes
Betirisant
Biba Errepublika
Gauden gu eskualdun (Zazpi Euskalherriak)