literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Pedro Agerre Azpilkueta, «Axular» baserrian jaio zen (hortik goitizena), Nafarroa Garaiko Urdazubin, 1556an, eta erretore izan zen handik hurbil den Saran (Lapurdin) 1644an hil zen arte; estatuen arteko mugak jendearen gogoan zein artifizialak ziren ere erakusten digu herriz aldatze honek, nahiz eta beste apaiz batek, Sarako erretoregoa kentzeko asmoz, Axular espainoltzat salatu; Axularrek nafarra zela eman zuen erantzuna. Gaztetan Salamancako unibertsitatean egin zituen ikasketak eta bere idazkietan ezagun du oso kultura zabaleko gizona zela. Aho batez onartu ohi da Axular dela garai guztietako euskal idazlerik handiena, eta bere meritua askoz handiagoa da kontuan hartuz lehendabiziko prosistetako bat dela (lehena, Joanes Leizarraga litzateke, Bibliaren itzultzaile kalbinista).

        Liburu bakarra idatzi zuen Axularrek: Gero, hil baino urtebete lehenago kaleratu zena, 1643an. Gogoan izan behar da, bai orduan bai hurrengo mendeetan guztiz zaila zela liburu bat argitaratzea, are gehiago euskaraz: diru asko eta trabak gainditzeko lagun ahaltsuak behar ziren. Axularrek Bertran Etxauz elizgizon handiaren laguntza ukan zuen, eta harixe eskaintzen dio liburua. Liburu bakarra izan arren, egileak ageri duen maisutasunak pentsarazten du, lehendik ere eginak izango zituela hainbat idazketa-saio. Bestalde, ez da ahaztu behar idazle-talde bat osatua zutela garai hartan Lapurdiko kostaldean, Sarako Eskola izenaz ezaguna, non biltzen baitziren Axular, Etxeberri Ziburukoa, Haraneder eta beste.

        Gero erlijio-liburua da, euskal literatura zahar gehiena bezala, eta bizimodu zintzo eta fededuna geroko utzi ordez, oraintxe bertan zentzatzeko aholkatzen dio irakurleari. Kontrarreformaren testuinguruan kokatu behar da lan hau, XVI. mendean, protestantismoari aurre egiteko, dotrina eta erlijio-liburuak indartu egin baitzituen eliza katolikoak. Garai hori bereziki gatazkatsua izan zen Axularren inguruan: Zugarramurdiko sorginen erreketa antolatu zuen Inkisizioak, eta erlijio-gerra odoltsuak izan ziren Nafarroa Beherean.

        Liburuaren gaiak gaurko irakurlearentzat interes gutxi izan arren, idazkerak ematen dio indarra, Axularren estiloa euskal prosako gailurretakoa baita: esaldi luzeak egiten ditu, baina menpeko perpausak dotore tolestuz, argumentu konplikatuak erraz aletzeko graziarekin. Gai sakonak, gainera, adibide xeheekin ilustratzen ditu, eta adibide horietan sartzen dituen ipuinek erakusten dute egilearen didaktismoa ez ezik, baita haren kontalari-sena ere. Esan izan da originaltasun gutxikoa dela Gero. Dena dela, kontuan izan behar da garai hartan ez zegoela autoretasunaren kontzientzia esturik, ez obraren gaineko jabetzaren zentzu argirik: handik eta hemendik hartu ohi ziren aipamenak eta adibideak, eta egilez egile igaro ohi ziren horrela.

        Axularren ezaugarri berezi bat da sinonimo eta antzeko hitzak elkarren ondoan pilatzeko joera: «Zurari pipia, oihalari zerrena, urdaiari zedena eta haragiari harra bezala». Batzuen ustez euskalkien mugak gainditzeko egiten zuen hori, hitzen bat konprenitu ez arren orokortasunean ulertzeko; horrez gain, badago asmo estetiko bat ere, kontatzen duenari indarra ematea eta hizkuntzaren baliabideak ahal bezainbeste aprobetxatzea.

 

Obrak:

— Guero

 

Bilaketa