literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Jean Hiriart-Urruti Hazparnen jaio zen 1859an eta herri berean hil 1915ean. Apaiza izan zen eta irakaslea Larresoroko Seminario ttipian. Horien guztien gainetik, ordea, kazetari izan zen Hiriart-Urruti, eta euskal kazetaritzaren aitapontekoa ere bera dela esan dezakegu.

        1886an aldizkari elebidun errepublikazale, laiko bat hasi zen kaleratzen Pauen, Le Réveil Basque izenekoa. Hari aurre egiteko, aldizkari eskuindar eta elizkoia bultzatu zuen Etxeberri diputatuak: Eskualduna, eta hau zuzentzeko Hiriart-Urrutirengana jo zuen. Le Réveil Basque 1894an itzali zen, baina Eskualduna astekariak 1887an sortu eta luzaroan jarraitu zuen bizirik, arrakasta handiz gainera, 1944an itxi zuten arte, II. Mundu-Gerran alemanen aldeko jarrera hartzeagatik, lehen Francoren aldekoa hartu zuen bezala. (Lafitte-k sorturiko Herria astekariak hartu zuen haren lekukoa). Harrera eta garapen on horren erantzule nagusia Hiriart-Urruti dela esan liteke, bera izan baitzen aldizkariaren zuzendari sortu zenetik heriotza iritsi zitzaion arte, 1915ean.

        Aldizkariaren zuzendari ez ezik, idazle ere bazen, gutxi bezalakoa: ugaria bezain zorrotza, argia bezain zehatza, kazetaritzako hizkuntzak behar dituen dohain guztiekin (ez noski objektibotasuna, iritzizko kazetaritza baitzen berea, guztiz nabarmen). Euskarazko lehen kazetaria bera dela esan izan da; zalantzarik gabe askoren irakasle izan zen urtetan, eta oraindik ere zer ikasia eman diezaguke haren irakurketak.

        Bi artikulu hautatu ditugu, aukeratzeko moduko beste anitz ere izan arren. «Hil dute» da lehena, Ravachol izeneko anarkistaren gillotinatzea kontatzen duena. Berebizikoak dira artikuluaren indarra eta erritmoa, eta, Ravacholen kontra egundokoak esaten baditu ere, azpitik sumatu uste dugu mirespen moduko bat; izan ere, Ravacholek heriotzako orduan ere erlijioari uko egiteko ageri duen erabaki irmo horrek kristautasunaren hasierako martirien jarrera gogorarazten du. Bigarren artikulua, «Zezen-kurtsak» baliagarria zaigu baita ere egilearen artea dastatzeko eta haren ideologia hobeki konprenitzeko: ohiturei, hizkuntzari eta fedeari atxikia, eta osorik frantseszalea. Herri xehearen euskaltasunari luzaro eutsi zioten pentsaera horrekin, baina XX. mendearen bigarren erdian gainbehera egingo zuen osorik.

 

Obrak:

— Jauna dut Argi

— Artzain solas

— Federa gidari

— Izar alde

 

Bilaketa