literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Jean Duvoisin Ainhoan jaio zen 1810ean, Ezpeletan hazi eta Ziburun hil 1891n. Ikasle nahasi samarra omen zen, baina bizkorra eta oso irakurzalea. Zein karrera ikasiko erabaki gabe zegoela, aita hil zitzaion eta mugazain sartu zen, aita bezala; kapitain izateraino iritsi zen bertan, eta euskarazko gauzak idazten saiatzen zen aisialdietan. Hala ere, aldaketa handia izan zuen bere bizitzak 1856an, Abadiaren bitartez, Bonaparte printzea ezagutu zuenetik.

        Luis Luziano Bonaparte, Napoleon enperadorearen iloba, jakinmin zientifikoz jarri zen euskararekin harremanetan, baina interes bizia sortu zitzaion gero, eta euskal lan asko egin eta argitaratu ziren berari esker. Hain zuzen ere, dialektologia aztertu nahi zuen, eta berari zor diogu euskalkien lehenengo sailkapen osoa eta mapa ederra. Euskalkiak aztertzeko bere sistema, hango eta hemengo euskaldunei Bibliako zati jakinen itzulpenak eginaraztea izaten zuen, gero konparazioak egiteko. Kolaboratzaile estu batzuk ere izan zituen, lan bereziak agintzen zizkienak; horietan lehena izan zen Duvoisin.

        Bonapartek ordainduta, mugazaintzako lana utzi eta Biblia osorik itzultzeari ekin zion Duvoisinek: sei urte eman zituen horretan, eta 1865ean argitaratu zen Londresen Bible Saindua, liburu honen lehen itzulpen osoa euskaraz, prosa landu eta eder baten eredua, Duvoisinek sortu zuen guztia bezala.

        Beste itzulpen batzuk ere egin zituen, baita sorkuntza-lan batzuk ere. Horien artean ezagunena, Laborantzako liburua (1858), aita-semeen arteko solasaldi batzuk nekazaritzari buruz (antzeko liburu bat egina zuen Iturriaga hernaniarrak, garaiko literatura pedagokiko ugariaren lekuko). Hala ere, hainbat idazlan argitaratu gabe utzi behar izan zituen, eta horien artean aipagarrienetako bat gure ustez, antologia honetarako bereizi duguna.

        Baigorriko zazpi liliak du izena liburuak, eta duela gutxi argitaratu zuen lehenengoz Juan San Martinek; harrigarria da horrelako lan bat ezkutuan eta galdurik egotea, gutxi baitira gure literatura zaharrean hau bezain atsegin eta irakurgarriak. Hau ere nolabaiteko nobela dela esan dezakegu: zehatzago esanda, ipuin sorta bat, ahozko literaturako kontakizun batzuk, baina marko narratibo orokor batean sartuta; marko horrek lotzen ditu hasiera, bukaera eta erdiko osagai guztiak, liburuari batasuna eta egitura sendoa emanez. Hau berez ez da Duvoisinek asmatua, Mendebaldeko literaturan aspaldiko baliabidea baizik: esaterako, teknika honekin dago egina Boccaccioren Dekameron (1353), Errenazimentuko loraldiaren hasieretako bat; baina, hala ere, gaur egungo literaturan ere erabiltzeko moduko baliabide modernoa da. Liburuaren hasiera eta bukaerako zatiak ematen dizkizugu hemen, Duvoisinen hizkuntza airosarekin eta kontatzeko dohainarekin goza dezazun.

 

Obrak:

— Telemakoren abenturak (lapurterazko itzulpena)

— Kijoteren zati bat (lapurterazko itzulpena)

— Liburu ederra aita Cardaveraz Jesuistac egina, Lapurdico escarara itzulia

— Orreaga

— Jesu Kristoren imitazionea (lapurterazko itzulpena)

— Laborantzako liburua edo bi aita semeren solasak laborantzaren gainean

— Beste itzulpenak (Dialogues basques, Demostenesen Koroa...)

— Laborantzak liburua edo bi aita semeen solasak laborantzaren gainean

 

Bilaketa