literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Manuel Garagorri Larramendi Andoainen jaio zen 1690ean eta Loiolan hil 1766an. Jesuita izan zen, eta fama handiko irakasle eta hizlaria, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Hainbat kargu bete ondoren (Espainiako erregearen alargunaren aitorle, besteak beste) Loiolara erretiratu zen 1734an, eta lehendik hasiak zituen euskarari buruzko lanetan murgildu zen erabat.

        Larramendik gutxi idatzi zuen euskaraz, baina berealdiko eragina izan zuen. Biziki maite zuen polemika, eta eztabaida ugaritan nahastu zen euskara zela eta ez zela. Euskararen apologista izan zen bera ere, baina erdaraz. Hala eta guztiz, egin zituen probetxu handiagoko lanak ere: adibidez, euskararen gramatika, El imposible vencido izenburu esanguratsua zuena (1729), argitaratu ahal izan zen lehena, eta hiztegi handi bat: Diccionario Trilingüe (1745), hitzak gaztelaniaz, euskaraz eta latinez ematen zituena. Euskara gaztelania baino gutxiago ez zela-eta euskal hitzak asmatzeko joera handitxoa izan bazuen ere, arrakasta handia lortu zuen hiztegi honek eta oso erabilia izan zen hurrengo 150 urteetan. Esan dugun bezala, sekulako eragina izan zuen bere ondoko eta ondorengoetan: esan liteke Larramendi izan zela gipuzkera literatur euskalki mailara igo zuena, bai bere izkribuen kalitateaz, bai inguruan zituen laguntzaileen lanaz ere, Kardaberaz eta Mendiburu batez ere.

        Mendibururen liburuari jarri zion hitzaurrea ekarri dugu hona. Argi ikusten da Larramendiren prosaren nolakoa: joria, erraza, ugaria, aukerarik galtzen ez duena bere etsaiak zirikatzeko: Mendibururena erlijio liburu hutsa baldin bada ere, euskara goratzeko eta sermoiak erdaraz egiten dituztenak kritikatzeko baliatzen du Larramendik sarrera, umore fin eta ziztalari batekin. Agertzen dira Larramendiren beste ideia batzuk ere: horien artean, espainiar jatorrenak euskaldunak direla, garai hartan oso zabaldurik baitzegoen ustea, penintsula osoko hizkuntza euskara izan zela aspaldian, eta gero galduz joan zela toki gehienetan, erromatar, mairu eta bestelako herrien eraginez.

 

Obrak:

— De la antiguedad y universalidad del Bascuenze en España: de sus perfecciones y ventajas sobre muchas Lenguas: Demostracion previa al arte, que se dara a luz desta lengua

— El Impossible vencido. Arte de la Lengua Bascongada

— Discurso historico sobre la antigua famosa Cantabria. Question decidida si las provincias de Bizcaya, Guipuzcoa y Alaba estivieron comprehendidas en la antigua Cantabria

— Sobre los Fueros de Guipúzcoa

— Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence y Latin

— Diccinario Vasco-Castellano

— Corografia o descripcion general de la M.N. y M.L. Provincia de Guipuzcoa

— Mendibururen Jesusen Biotzaren Devocioa liburuaren hitzaurrea

— Gandarari egindako gutuna

— Panegírico del gran doctor de la Iglesia S. Agustin

— Oracion de Santo Tomas

— Carta a Mendiburu

 

Bilaketa