Pedro Mari Otaño Barriola Zizurkilen jaio zen, Asteasuko errotatik hurbil, 1857an, eta Argentinako Santa Fe probintziako Rosario hirian hil, 1910ean. Bertsolari herritarra eta aldi berean jantzia, sintesi harrigarria dira bere bertsoak, dudarik gabe literaturako goi maila iritsi dutenak.
«Limosnatxo bat» edo «Mutil koxkor bat», aukera honetako lehena, bertsolaritzaren historiako sortarik ezagunenetakoa da, eta harrigarrienetakoa aldi berean; izan ere, bertsoak indar handiena azken puntuan izaten du, eta harako gorde ohi du egileak ustekabea, azken arrazoia; Otañok, berriz, kontrakoa egin du: azken puntu beti berdina erabili, eta horrek behartuta errima berbera sei bertsoetan, eta hala ere sinetsi ezinezko indarra eta kalitatea du sorta osoak.
«Zazpiak bat» ere aipagarria da alde askotatik: abertzaletasun politikoak bere formulazioak finkatu baino lehen, euskal idazleen artean zabaldua zegoen Euskal Herriaren batasunaren ideia, hizkuntz komunitatearen sentimenduak ematen duen kontzientziari esker; horren adibide dira, besteak beste, Zaldubiren «Zazpi Euskal Herriek» eta honako hau. Metaforaren ederra ere ez da ahaztekoa, noski, eta azpimarragarria da halaber polisemiaren erabilera: hitz bati aldi berean bi esanahi ematea, «Pausoa» berbarekin egin duena.
Otaño hiru aldiz joan zen Argentinara, eta hezurrak hemen uzteko nahia adierazi arren han utzi behar izan zituen azkenik. Bizimodua atera beharra eta geldirik egon ezina nahasian egon litezke hor; argi dago, ordea, Argentinako panpan artzain edo Buenos Airesen euskara-irakasle zegoela ere, herrimin sakona sentitu ohi zuela. Ezin modu ederragoan adierazita dago oroimin hori «Amerikako panpetan» olerkian, aldi berean Argentinako izadiaren eta izatearen ulertze zinezko bat agertzen duela, ombu zuhaitzaren bitartez.
Obrak:
Alkar
Bertsoak
Artzai mutilla