Pablo Fermin Irigarai «Larreko» Auritzen jaio zen 1869an eta Iruñean hil 1949an. Medikua izan zen ogibidez, eta artikulu anitzen egilea, garaiko prentsa gehientsuenean. Madrilen ikasi zuen medikuntza eta itzuli zenean atzendu samarra omen zuen euskara. Eriekiko tratuan, Baztanen, pizkortuko zitzaion. Bere herrikoa soilik ez, baizik Nafarroa Garaiko hizkeren arteko batu bat landu zuen, geroztik jarraitzaileak ere izan dituena. Oso kezkaturik zegoen Nafarroan euskaltasunak zeraman atzerakadarekin eta lan handiak egin zituen berpizteko ahaleginetan.
Gai ugari erabili zituen Larrekok artikuluetan: osasuna, euskara, abertzaletasuna, herrietako berriak... Libururik ez zuen sortu, baina, bere idazlanen artean bada bat, luzeraz eta izaeraz nabarmentzea merezi duena. Hain zuzen ere, abenturazko nobela baten zirriborrotzat jo liteke «Eskualdun bihozduna Mexikon».
Aipatu kontakizun horretako zati bat dakarkizugu hona. Mexikoko iraultza garaian dago kokatua; han dabil euskaldun bat ere, doneztebearra bera, baina ez Pancho Villaren mutikoekin baizik hauei aurre egin beharrean, ezinbestez. Kontatzeko modua da kontuan hartzekoa: esaldi laburrak, soberako hitzik ez, ekintzen norabideari zuzen jarraituz.
Obrak:
Naparra'ko erranerak
Euskaldun bioztuna Mexico'n
Azkena
Nafarroako euskal esakerak
Orreaga'n
Eskuara eta toki izenak
Apendizitis
Edarikoia
Erronkariko uskaraz
Sendalari baten argiak
Guía médica del intérprete de milagros y favores