literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Pierra Topet, «Etxahun» izenaz ezagunagoa, Zuberoako Barkoxen sortu zen 1786an eta bertan hil 1862an, bizimodu nahasi eta zaila eraman ondoren, bera ere leiendazko pertsonaia bihurtzeraino; ez da harritzekoa, beraz, haren bizitzan oinarriturik hainbat obra sortu izana, hala nola Jon Etxaideren Joanak joan eleberria eta Von Chamisso erromantiko alemanaren idazlan bat, kontagai izateko modukoa baita Etxahunen historia: aiurri bizikoa izanik, konpondu ezinak zituen aita eta anai-arrebekin; emaztea, berriz, beste gizon batekin konpontzen omen zela-eta, gizon huraxe hil nahi izan zuen Etxahunek, halako zorte txarrez non beste bat hil baitzuen; kartzelara joan behar izan zuen eta familiak ukatu egin zion berez zor zitzaion premutza edo maiorazkorako eskubidea.

        Gorabehera hauek guztiak behin baino gehiagotan kantatu zituen bere bertsoetan, eta horren adibide duzu hona ekarri dugun lehenbiziko bertso-sorta: «Desertüko ihizik». Bere bizitzako malurak eta zoritxarrak alde batera utzita, satirazko bertsoetan nabarmendu zen Etxahun, barregarri edo kritikagarri iruditzen zitzaizkion jarrerak eta jokaerak larrutzen trebea baitzen Barkoxekoa; beste askoren artean bi kantu labur aukeratu ditugu, esandakoaren erakusgarri: «Bi ama-alaba» eta «Maria Solt eta Kastero» ezaguna.

        Bizieraz bakana baldin bada, artegintzaz ere aparta dugu Etxahun Barkoxekoa; besteak beste, tantai bakarti baten gisa ageri zaigulako garai hartako Zuberoan, inguruan beste inongo poeta eta koplaririk ez duela. Bertso-lagunik ez izate honen ondoriotzat zeukan Gabriel Arestik Etxahunen errimak kalitate handirik ez izatea; eskasia hau gorabehera, ordea, berealdiko sormena eta adierazkortasuna zituen Pierra Topetek, eta indar poetiko horri zor zaio oraindik ere haren kantuek, zubereraren ustezko urruntasuna gaindituz, gure artean daukaten oihartzuna.

 

Obrak:

— Oi laborari gaxua

— Ahaide delizious huntan

— Bi berset dolorusik

— Mendian malerusik

— Gaztalondo-ko neskatillak

— Sarrantzeko sentoralak

— Hiltzerako kanthoriak

— Etchahun eta Ochalde

— Maria Solt eta Kastero

— Bi ahizpak

— Ahargo eta Kanbillu

— Urz-apal bat

 

Bilaketa