literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Jean Baptiste Elizanburu (Sara, 1828 - 1891) izan daiteke, beharbada, XIX. mende osoko euskal olerkaririk handiena, sorkuntza-lanen kalitate nahiz aniztasunagatik. Bere produkzioa ez da bereziki zabala, ordea: Piarres Adame kontakizuna eta hogeitik gora bertso-sorta, denak ere nabarmenak.

        Elizanburu militarra izan zen Frantziako armadan; kapitain kargua izatera iritsi zen bertan eta gero sorterrira erretiratu, non epaile izan baitzen aurrerantzean. Errepublikazalea zen Elizanburu, ezkertiarra, beraz, garaiko banaketa politikoaren arabera, eta honek lagundu beharko liguke behin eta berriz errepikatu ohi diren topiko oker batzuk baztertzeko: bata, ezkertiarrak euskararen kontrako etsaiak zirela, bene-benetako euskaltzalea baitugu hau; bigarrena, errepublikazaleak aurrerakoi eta progresistak zirela, foruzaleak atzerakoi eta elizkoiak ziren bitartean: egile beronen «Ikusten duzu goizean» kantu ederra da guztiz, baina inon denik eta tradizionalistena.

        Umoretik tristurara, arintasunetik sakontasunera erregistro guztiak maisuki erabili zituen Elizanburuk, eta honen artearen erakusgarri dira honako poema hauek.

        Italiako Iparraldeko txoko bat da Solferino, historiara zoritxarreko gudaldi bat dela eta pasatu dena: austriarrak eta frantziarrak borrokatu ziren bertan 1859an, Europa kontrolatu nahian, eta milaka izan ziren alde bietako hildako nahiz zaurituak. Han bista galduriko baten negarra da «Solferinoko itsua», eta bertan errepikapenaren, gehiketaren eta modulazioaren bidez gai bera nola aberastuz eta biribilduz doan ikus dezakegu.

        «Gazte hiltzera doana» ere aurrekoa bezain olerki hunkigarria da; konparazioaren baliabidea nabarmentzen da hemen (lore, erripa, ur xirripa...).

        «Ikusten duzu goizean» osorik ematen dizugu, laborariak egiten duen ondasunen deskribapen eta zenbaketa xehe horrek ezin hobeto adierazten baitu lehen aipatu dugun kontserbadurismo ideologikoa, hala nola jabegoaren garrantzia; ahantzi gabe, noski, bertsoen ederra eta ongi josia.

        «Iragan besta biharamunean» jai giroko poema da guztiz: alaia, jostalaria, trufazkoa; hizkuntza ere araberakoa: bizi-bizia, azkarra, kontalariaren eta pertsonaien jardunak txandakatuz.

        Prosan, berriz, euskal narratibagintza baten jaiotzan beste pauso bat da Elizanburuk eman zuena. Prosaz idazlan bakarra ondu zuen, Piarres Adame, 1888an Pauen argitaratua. Piarres Adame pertsonaia saratar guztiz alai, umore oneko eta kontalari aparta da bertako protagonista; mutiko batekin elkartu da Saratik Oletara bidean, eta horri kontatuko dizkio zenbait ixtorio. Horixe da liburuaren mamia, eta, ixtorioak elkarren artean loturarik gabeak diren arren, bere osotasunean nobela laburtzat ere jo genezake obra xume eta jostagarri hau.

        Hizkuntza azkar eta herrikoia darabil Elizanburuk, eliza-liburuetan ohi dena baino biziagoa eta narratibarako egokiagoa dudarik gabe.

 

Obrak:

— Piarres Adame

— Emazte edalea

— Gazte hiltzera dohana

— Nere etchea

— Apecha eta lorea

— Solferinoko itsua

— Maria

— Eskualduna

— Chori berriketaria

— Aingeru bati

— Maite zaitut

— Laboraria

— Agur Herriari

— Arbasoak

— Biba Frantzia

— Lau andren Besta (Iragan beste biharamunean edo Amets)

— Oraiko neskatcha batzu

— Tan, tan, ratan

— Zapataina edo gizon zuhurra

— Eritegian

— Chori kaiolatik ihesi goan dena

— Lehen eta orai

— Kriolinak

 

Bilaketa