literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Behin baino gehiagotan aipatu dugu orain arte, halako liburua nobela modukoa dela, bestea nobelarako bidea, hurrengoa nobela antzekoa. Hala ere, egiazko eta erabateko eleberria, Txomin Agirrerekin iritsi zen euskal literaturara.

        Txomin Agirre Ondarroan jaio zen 1864an eta Zumaian hil 1920an. Apaiz egin zen eta Zumaiako moja karmeldarren komentuko kapilau izendatu zuten: kargu lasai bat, idazlanetarako astia utzi ziona. Azkueren lagun eta jarraitzaile izan zen eta Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat. Hala ere, bere hiru eleberriek eman diote merezia duen fama: Auñemendiko lorea, Kresala eta Garoa.

        Auñemendiko lorea (1898) nobela historiko bat da, VII. mendean kokatua, eta Euskal Herria kristautzeko lanak eta borrokak kontatzen dizkigu. Navarro Villoslada nafarrak gaztelaniaz idatzitako Amaya o los vascos en el siglo VIII nobelaren arrakastak izango zuen zerikusirik generoaren eta gaiaren hautaketan, baina Agirreren lan honek ez du orain arte interes handirik sortu, batez ere ondoko bien harrera beroaren aldean.

        Kresala 1901etik aurrera argitaratu zen Euskalerria aldizkarian zatika, eta 1906an liburu moduan. Historia utzi eta bere garaiko giro, kontu eta jendeak azaldu zituen liburu honetan. Arranondo itsas herria da gertalekua, eta baita protagonista nagusia ere. Ondarroa itxuraldatua da benetan Arranondo hau, eta hango portuko giroa, herriko ohiturak, arrantzaleen bizimodua eta abar agertuko dizkigu nobelan zehar. Kontakizunak badu hari nagusi bat ere, Anjel eta Mañaxi gazteek elkarrekin ezkontzea lortuko ote duten, baina beharbada bere balio nagusia hortik kanpo dago: bizitasun handiagoa dute bigarren mailako pertsonaia batzuek (Tramana eta Brix arrain-saltzaile lotsagabeek, esaterako), eta guztiz gogoangarriak dira hari horretatik aldentzen diren zenbait pasarte, hala nola Kitolis izeneko hau, non itsasontzia hondoratu ostean marinelek bizirik ateratzeko egindako borroka kontatzen digun.

        Kresala-k kostako herri bat azaltzen badigu, Garoa-k baserriko bizimodua. Hura bizkaieraz idatzi zuen, eta hau gipuzkeraz, egileak ezagutu zituen bi giro eta bi euskalkiei ardura eta ohore berak eskaini nahian. Askotan eztabaidatu izan da, bi nobeletatik zein den hobea: gu ez gara auzi horretan sartuko; biak iruditzen zaizkigu irakurtzea merezi dutenak. Garoa 1907tik aurrera azaldu zen aldizkarietan eta 1912an lehenengoz liburu gisa, geroztik argitalpen ugari izan baititu, euskal eleberri gorentzat eduki izan delako edo. Oñatiko Zabaleta baserriko biztanleak dira protagonista nagusiak, eta denen gainetik Joanes artzaina nabarmentzen da; ez horrenbeste pertsonaiarik interesgarriena delako, baizik eta Agirrek beregan bildu dituelako euskaldunak berezkoak dituen edo behar lituzkeen bertute eta dohain guztiak: kristaua, zintzoa, langilea, bizkorra, etxekoia... Irreal samarra egiten du horrek guztiak Joanes, baina ezin da ukatu mito moduko bat sortu zuela horrela egileak.

        Bi nobela hauetako zati bana hautatu dugu. Garoa-tik hasiera, nekez aurki bailiteke deskribapen biribilagorik, hizkuntzaren erabilera hain aberatsik, pertsonaia baten bitartez mundu oso baten azalpen beteagorik; teknikaz ere bikaina da, bestalde: ikus, adibidez, «bazekian» hitzaren errepikapena paragrafo hasieretan. Zati horrek marmolaren perfekzio hotza baldin badu, «Kitolis» deritzana hura bezain biribila da baina guztiz dramatikoa: lehen esan dugun legez, gau osoa itsasoan igaro behar eta nekearen nekez ez itotzeko egin beharreko borroka guztiz gertatzen da sinesgarri eta tentsioz betea, kontalariak esperientzia hori bizi izan balu bezala. Horra hor idazlearen maisutasuna.

 

Obrak:

— Larramendiren bizitzaren berri labur

— Joan etorri bat Erromara

— Auñemendiko lorea

— Kresala

— Garoa

— Ni ta Ni

— Ai balekite

— Seiaskatxo bat

— Sara'ko Lorea

— Zergatik ni koblakari?

— Larralde'ko Lorea, Agirre'ko Domingo jaunak euskeraztua

— Ondarrai: olerkiak, ipuiñak, eleiz-gaiak, kondaira-kima

— A. Larramendiren bizitzaren berri labur bat

 

Bilaketa