Jose Manuel Etxeita (Mundaka, 1842 - 1915) ez zen, aurreko idazle batzuen antzera, sorterritik atera gabekoa. Marinel ibili zen, Manilan bizi, eta Filipinetako hiri honetako alkate izatera ere iritsi zen. Dirua eginda gero jaioterrira itzuli zen, atseden hartzera eta euskal idazlanak sortzera. Txomin Agirre baino zaharragoa izan arren, beranduago hasi zen idazten, eta Kresala-ren ostean argitaratu zuen bere eleberri nagusia: Josetxo (1909). Hurrengo urtean kaleratu zuen beste bat: Jaioterri maitia.
Mutiko adoptatu bat da Josetxo, marinel egin eta munduan zehar ibiliko dena, azkenean herrira itzuli eta bere maitearekin ezkontzeko, azken hau gurasoek estu hartzen bazuten ere, beste senargairen batekin ezkon zedin. Argi ikusten da Txomin Agirreren eragina. Dena den, Etxeitak badu alderdi naturalista bat ere, hots, errealitatea sarri idealizaturik azaltzen badu ere, tarteka ageri dira haren alderdi gordinak ere. Hemen hautatu dugun pasarte bikoitzean aita-amek Eladi konbentzitu nahi dute, Josetxo ahaztu eta beste senargai bat har dezan, eta ahalegin horretan jo eta zehatu egiten dute, behin eta berriz, azkenean erotu egiten den arte.
Irakurketa atsegineko idazlea da Etxeita, tamalez ahaztu samarrik badago ere. Haren hizkuntza oso bizkaiera kolokiala da, eta naturala da halaber elkarrizketak emateko modua.
Obrak:
Mari-Jesus ta Iru artzañak
Josecho
Jayoterri Maittia
Oroitzapenak
Ziñistuten dot Jaungoikoa'gan
Urikoa
Itxasoa
Au, ori ta bestia