literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Nikolas Ormaetxea Pellejero, «Orixe» (Orexa, 1888 - Añorga, 1961). Hirukiak jaio ziren eta, amak hazi ezinik, Uitzira eraman zuten. Jesuita izateko utzi zuen etxea 16 urterekin; ikasi bai, baina azkenean ez zuten Jesusen Lagundian onartu.

        Jesuitak utzita, euskal lanetan murgildu zen buru-belarri: Euskaltzaindian Azkueren laguntzaile, Euzkadi egunkarian euskal atalaren arduradun (Kirikiñok utzitako lekuan), poeta, sortzaile, itzultzaile... Gerra aurreko belaunaldi harentzat Orixe zen euskal gauzetako jakintsurik handiena eta baita «euskal arima» adierazteko idazle egokiena ere.

        Baserri giroko poemek toki berezia dute Orixeren lanean: aberriaren pizkundean lagunduko zuen euskal poema nazionala idazteko enkargua egin zion Aitzolek, gure herri izatearen muina jaso eta goratzeko asmoz, eta horretarako Bilbotik Orexara erretiratu zen 1931n; hortik sortu zen Euskaldunak amaiturik baina artean argitara gabe zuela harrapatu zuen 36ko gerrak; kartzelan preso sartu zuten faxistek; askatu zuten eta, berriz bila zihoazkiola, Ipar Euskal Herrira lehenik, eta Ameriketara gero, ihes egin zuen.

        Euskaldunak poemak, gerra aurretik bukatu arren 1950 arte argitaratu ezin izan zuenak, meritua izan bai baina bere asmoak ez zituen lortu, ez oihartzunean, ez euskal izatea bere osoan emateko asmoan ere, baserri mundura murriztuta geratzen baita, besteak beste. Eta 1956an etxera itzuli zenerako aldatua zen Euskal Herriko giroa: ideia eta joera berriak zeuden indarrean, Orixek onartzen ez zituenak. Ikasketa handiak zituen arren, literaturako azken mugimenduak ez zituen maite, nahiago zituen klasikoak. Belaunaldi gazteentzat galdu egin zuen noizbaiteko ospea.

        Baina modu harrigarrian elkartu ditu Orixek eskola berria eta zaharra. Baserri munduan hazia, giro hura ondo ezagutzeaz gain bera ere bertako sentitzen zen; bestetik, elkarketa horren fruitu, sintesi berezi bat lortu zuen, gaien aldetik bezala estiloan. Adibidez, errima baino gehiago interesatzen zaio erritmoa: berak bereziki landu zuen sei silabako multzoa (Lauaxetak ere erabilia), aukera honetako lehen eta hirugarren poemetan ikusiko duzun legez.

        Gaztetako poema bat aukeratu dugu nekazari-giro honen ordezkari («Laiariak»), egilearen dohainak ispilatzen dituelakoan: giharra, arintasuna, deskribapen zoliak...

        «Lizardi gurean» izenekoak, itxura batean zortziko handian egindako bertso-sorta ohikoa dirudien arren, baditu alderdi azpimarragarriak: ia lehenengo aldia da egunerokotasuna horren modu naturalean agertzen dela gure literaturan: jaikitzean nagiak atera, listua irentsi... Lazgarria da, bestalde, poema honen bukaera irakurrita, Lizardi handik laster hil zela jakitea; orduan beste bertso-sorta bat idatzi zion Orixek, horrela hasten dena: «Non hago? Non haut? Ez ote da hauxe/ neretzat lengo Tolosa/ Ez al dezaket entzun berriro/ mintzo goxo haren hotsa?/ Bego negarra, lurrindu bedi/ begian malko mingotsa,/ halare ez huke nik hiregatik/ negar egitea, lotsa.»

        «Miramar 1954» izen horretako etxe batean, El Salvador-en idatzi zuen Orixek, eta bere alderdi mistikoaren agerkari gorentzat jo liteke. (Erlijioarako isuri sakona betidanikoa du: 1934an kaleratu zuen Barne Muinetan poesia bilduma). Poema mamitsu honetan, espazioa eta denbora (beta) gaindituz, harago dagoen Jainkoarekin elkartu egiten dela sentitzen du egileak, harekin bat, bete eta beti bihurtuz. Prosagile bezala, itzulpen bikainak egin zituen, eta baita otoitzari buruzko saiakera interesgarriak ere. Alabaina, narratiba hutsaren ikuspegitik gaztetako lantxo bat azpimarratu behar da: Santa Kruz apaiza (1929). Biografia nobelatu bat da hau, egitura aldetik deus nabarmenik ez duena. Bai ordea idazkerarenetik: garbizaleen eraginez Hegoalde osoan prosa zurrun eta gogor bat nagusitzen ari bazen ere, Orixek estilo guztiz natural eta indartsua darabil, ahozko kontagintza jatorrenetik hurbil-hurbila: esaldi laburrak, aditza ezkerrera, aditz laguntzailea isiltzea beste batzuetan, gauzak hitz erdiz esatea eta elipsien ugaria, orainaldia eta lehenaldia tartekatzea... Euskarazko kontamodu berezkoena nolakoa den jakin nahi duenarentzat ikasgai paregabea da oraindik ere idazlan honen irakurketa.

 

Obrak:

— Euskaldunak Poema XV Kantuetan

— Quito'n arrebarekin

— Agustin Gurenaren aitorkizunak

— Bergson'en Pilosofia

— Salmutegia

— Jainkoaren billa

— Santa Cruz apaiza

— Lizardi'ren azken-olerkiak

— Urte guziko Meza-Bezperak

— Kixote liburuaren XV. kapitulua (itzulpena)

— Tormes-ko itsu-mutilla (itzulpena)

— Mistral-en Mireio (itzulpena)

— Barne-muinetan

— Iruleak

— Legoi-Kumea

 

Bilaketa