Jose Mari Agirre, «Xabier Lizardi» literaturan, Zarautzen jaio zen 1896an eta Tolosan hil 1933an. Bizialdi laburra izan arren, arrasto ezabagaitza utzi zuen euskal literaturan, poeta gisa batez ere. Idazle ez ezik ekintza-gizona ere izan zen Lizardi; euskara atzendu samarra zuela-eta, gaztetatik ahalegindu zen bere hizkuntza lantzen, eta berehala hasi lehen olerkiak idazten; abokatua zen ikasketaz eta Tolosako lantegi bateko jerente ogibidez, baina horiez gain, euskara bultzatzeko era guztietako lanetan hartu zuen parte: «Euskaltzaleak» elkarte eragileko sortzaile, «Euskara Egunaren» antolatzaile, euskarazko egunkaria sortzeko ahalegin handiak egin zituen, bere ametsa gauzatzerik izan ez bazuen ere, eta EAJ barruan ere izan zituen ardurak. Haren galera euskaltzale guztiek bihotzez deitoratu zuten, baina gugana iristen da oraindik egin zuen lanaren argia.
Lizardi garai guztietako euskal poeta gorena da askorentzat. Literaturan ez du zentzu handirik inor onena den edo ez den eztabaidatzeak, baina egia da Lizardiren poesia harrigarria dela, guztiz berria eta mila edergarriz jantzia. Lizardiren originaltasun eta aurrerakada honetan, ordea, zeresan handia du ordura arteko euskal poesiaren geldotasunak: orain arte ikusi ahal izan duzun bezala, pitxi ederrak eman arren, bertsolaritzaren mugan mugitzen ziren euskal poeta gehienak: poema diskurtsibo edo narratiboak egin ohi zituzten, lirika gutxirekin, eta oso mugatuak ziren haien baliabide eta teknika literarioak. Bien bitartean, Frantzian hasi eta Europa gehientsuenean, XIX. mendearen azken alditik etengabeko irakinaldian bizi zen artea oro har eta poesia bereziki; Lizardiren meritua izan zen sinbolismoa, parnasianismoa edo inpresionismoa bezalako mugimenduen ekarriak geureganatzea eta bere poesian txertatzea, sintesi jator eta bere-berea eginez.
Kanpoko aire berriekin batera, euskal tradizio ahaztu baten berreskuratzea ere badakarrela esan liteke; izan ere, hirurehun urte lehenago Arnaud Oihenartek defendatu eta praktikatu zuen ildoan kokatzen baita Lizardiren poesia: hitz labur eta laburtuak, bertso lerro ahalik eta trinkoenak eta mamiz beteak, silaba gutxitan ahalik eta esanahi eta ñabardura gehienak emanez; era berean, bertsolaritzatik bereizten diren neurriak, erritmo berriak; errima bariatuak, sinalefak, aditz trinkoen ugaritasuna... Horiek dira Lizardiren poesiaren bereizgarrietako batzuk, lehenengo begiratuan zail eta irakurgaitz bihurtzen dutenak askorentzat; alabaina, ahalegin bat eginez gero, bere ahapaldien sujerentzia, musikalitate, joskeraz jabetzean, neurri berekoa da irakurraldiak sortzen duen atsegina.
Orain arte esandako guztia eta baliabide literarioen ugaritasuna (aliterazioak, metaforak, pertsonifikazioak...) ondorengo olerkiotan ikus liteke. «Parisko txolarrea», bere alaian eta xumean, esanahiz beteriko olerkia duzu, kosmopolitismoaz eta herrikotasunaz egilearen iritzia ematen diguna; «Urte giroak ene begian» olerki luze bat da berez, Lizardik izadiaren aurrean zuen mirespena eta biziaren aurreko bere sinesmen sakona adierazten diguna, deskribapenerako bere dohainen bitartez; dena ezin sartu eta negu-udazkeneko zatiak hautatu ditugu; «Asaba zaharren baratza», azkenik, Lizardiren poema gorenetako bat da, euskal izate betikoaren eta etorkizunaren arteko uztartzea proposatzen duena.
Prosista gisa ere merezi du Lizardik, ordea, toki handi bat euskal literaturaren historian. Artikulu ugari idatzi zuen, gehienetan euskalgintza, literatura edo politika harturik hizpide; eguneroko kontuak jorratzen ditu horietan, estilo zorrotz eta bizi batean. Alabaina, baditu zenbait prosa-lan, kazetaritzako artikuluaren eta saiakera laburraren artean sailka litezkeenak; horietan erakusten du Lizardik hobekienik bere literatur ezpala: ironia erakusten du, ñabardura handiko idazkera, jakintzagaiak modu eskurakor batean zabaltzeko dohaina...
Lizardiren artikulu onentsuenetako bi hartu ditugu antologia honetarako, biak ere bikainak baina guztiz desberdinak, egilearen izaeraren bi alderdi erakusten dizkigutenak. «Andereño Izardi» artikulu jostalari, zirikatzaile bat da, ironiaren ezaugarri eta bertuteak agerian dituena: argi dago Lizardik kritikatu egin nahi dituela «miss» lehiaketak, baina, hori egiteko, hitz sumindu eta haserrekorrez jardun ordez, ekitaldi horien alderdi irrigarriak nabarmentzen ditu. Lantxo eder honek Lizardiren alderdi moderno, liberal, aurrerazalea erakusten digu nolabait ere; aldi berean, ordea, sinesmen kristau sakoneko gizona zen Jose Mari Agirre, familia-bizitza eta honen balioak goratzen zituena. Alderdi kontserbadore hau oso ongi erakusten digu «Etxe-barne bizia» delako idazlanak; hemen ere ez da ironia falta, baina honen gainetik samurtasuna eta gozotasuna gailentzen dira, eta horiekin batera pertsonen eta gertakarien erretratu bizkor baina biziak egiteko dohaina.
Estiloarekin batera, aipatzekoa da Lizardiren hizkuntza ere, zenbait joeraren arteko sintesi pertsonal, dotore eta oso baliagarria osatzen duena. Funtsean, bere euskalki zuen gipuzkeran oinarritzen da Lizardi, baina hitz eta esamoldeak hartzen ditu lapurteratik, hizkera honen jasotasun eta adierazpen-ahalmenagatik; bestalde, hitz lauz ari denean behinik behin, herri-euskaratik gehiegi urruntzen ez bada ere, gai guztietarako gai izango den hizkuntza sortu nahi du, eta aldi berean inguruko erdaren morroi izango ez dena: honen ondorioz ez dira gutxi erabiltzen dituen neologismoak, baina beti ere ongi neurtuak.
Obrak:
Biotz-begietan (poesiak)
Umezurtz olerkiak (Aitzolek bildutako poesiak)
Ezkondu ezin zitekeen mutilla (antzerkia)
Bi aizpak (antzerkia)
Laño ta izar (antzerkia)
Itz-lauz (kazetaritzako lana)