Jon Etxaide Itharte (Donostia, 1920 - 1998). Bera dugu adinez 36ko gerrarekin zerikusirik izan ez zuen Hegoaldeko lehen idazlea. Gerra aurreko goraldirik ez baina gerra osteko ilunaldia ezagutu zuen, eta giro hits hartan euskaltzaletu. Kalean euskarak ez zeukan giroa etxean topatu ahal izan zuen, Inazio Etxaide euskaltzaina baitzuen aita, Azkue hil ostean Euskaltzaindiko buru izango zena.
Ipuinak eta antzerkiak idazten hasi zen Jon Etxaide, baina bere obra guztizkoa nobela bat izan zuen, Joanak joan (1955), Etxahun Barkoxekoaren bizitza kontatzen zuena. Eleberri luze, dotore, mamitsua izan zen hura, garaiko euskaltzaleen artean miresmena sortu zuena, neurriagatik eta kalitateagatik. Gero beste hainbat lan kaleratu zituen, bai sortuak bai itzuliak, eta aipagarriena beste eleberri handi eta bikain bat du, Gorrotoa lege (1964), XV. mendeko Ahaide Nagusien borroketan girotua.
Bete-beteko nobela eraiki zuen Etxaidek Etxahunen gainean (honen bizitzaz gehiago jakin nahi izanez gero, ikus poesiako atalean Etxahunen zatia). Pasioa, ekintzak, pertsonaia gatazkatsuak, barne-kontraesanak... ordura arte euskal nobelak eskas izandako zerbait eskaini zuen Etxaidek, euskara gihartsu, aberats, moderno eta egoki batean. Garbi ikus liteke hori guztia pasarte honetan, non kontatzen den nola Etxahun bere emaztearen maitalea hiltzeko prestatzen den eta ondoren zer gertatzen den.
Obrak:
Alos-torre. Elezar berritua (1950)
Amayur (1951)
Purra-Purra (1953)
Joanak joan. Piarres Topet Etxahun Barkotxar Koblariari buruz egin eleberria (1955)
Pernando Plaentxiatarra (1957)
Amasei seme Euskalerri'ko (1958)
Begia begi truk (1962)
Gorrotoa Lege (1964)
Etxahun'en bertsoak gipuzkeraz (1969)
Eneko Agerroa (1981)
Etxaide jauna (1987)