literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Manex Erdozainzi-Etxart Nafarroa Behereko Ibarlan jaio zen 1934an eta Okzitaniako Tolosan hil, 1984an. Idazle baino gehiago izan zen eragile, hainbat eta hainbat arlotan. Frantziskotar sartu zen txikitan, eta Frantzian barrena egin zituen ikasketak; halarik ere, etxetik urrun deskubritu zuen aberria eta Euskal Herrira itzuli begiak. Euskarari eta herriari laguntzeko hainbat talderen eta ekintzaren bultzatzaile izan zen, arlo kulturalean zein soziopolitikoan, fede erlijiosoa eta herriarekiko konpromezua uztartuz.

        Poesi liburu bakarra plazaratu zuen Erdozainzi-Etxartek bizi zela: Hinki-hanka (1978), beste asko argitara gabe utzi bazituen ere. Poesia, berarentzat, sentimenduen isurtze bat da, bere barruko nahien kanporatzea, bere herrikideen nahiarekin bat egiteko. Alde horretatik, ez da formaren zaintzeaz gehiegi kezkatzen, bidea zabalik uzten baitio barruko iturri aberats horri.

        Poema honek agerian jartzen digu etxearen garrantzia, batik bat kanpoan ibili izan denarentzat; Manexen antzera Iparraldeko gazte askoren kasua izan da hori, barnealdeak jasan duen emigrazioa dela eta.

        Bestalde, etxea ez ezik, aipatzekoa da arbolak ere zein erro luzeak dituen gure gogoan; olerki honek lotura estua du Pedro Mari Otañok Argentinako panpan, etxe ondoko intxaurrondoarekin oroituz idatzitakoarekin.

 

Obrak:

— Hinki-hanka

— Gauaren atzekaldean

— Herri honen erraietan

— Bizitza pilpirak

— Nafarroari poema irekia

 

Bilaketa