literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Joxe Irazu Garmendia, literaturan Bernardo Atxaga, Asteasun jaio zen 1951n. Bera izan zen Aresti hil ondoren (1975, Francoren heriotzako urte bera) abiatutako literatur mugimenduko egile nagusietako bat eta, gaur egungo euskal idazlerik ezagunena da, bai Euskal Herrian bai hemendik kanpo, bere lanek izan dituzten sari eta itzulpen ugariei esker.

        Literatura esperimentalista egin zuen Atxagak hasiera batean: mugak hautsi eta transgresioa bilatzen zuena, abangoardismo estetiko eta ideologikoan kokatzen zena, literatur generoen arteko bereizketak baztertu eta nahita nahasten zituena. Honen adibide dira haren lehen lanak, aldizkarietan kaleratuak, eta Ziutateaz (1976) eta Etiopia (1979) liburuak (Atxagaren poesiaz, ikus aurrerago).

        1980 inguruan, fase berri batean sartu zen, batetik haur literatura idatziz eta genero honi kalitate handia emanez, eta bestetik geografia pertsonal bat sortuz: Obaba. Herri txiki horretan gertaturiko istorioak asmatzen hasten da, harreman-sarez, irrikaz eta pultsioz josiriko unibertsoa osatuko duten ipuin klasiko eta biribilak, berehalako arrakasta izan zutenak irakurleen eta beste idazleen artean. Aurreko belaunaldiak euskaraz edonongo istorioak konta zitezkeela frogaturik utzi zuenez, kontu hurbilak ere zilegi bihurtu dira orain, kostunbrismo salaketaren beldurrik gabe. Hamarkada osoan zehar argitaratu zituen hainbat ipuin eta nobela labur, gehienak Obabakoak liburuan (1988) bildu zituenak. Beste askoren artean aipatzekoa da Gizona bere bakardadean nobela ere (1993).

        80ko lehen aldi horretako ipuin bat da hona ekarri duguna, bere xumean egilearen maisutasunaren berri ematen diguna eta haren ezaugarrietako batzuk erakusten: anekdota txiki batekin ipuin guztiz eder bat lortu du, pasadizoa bera baino garrantzitsuagoa baita kontatzeko modua; haur bat da kontalaria (haurrak eta oro har baztertuak protagonista egiteko joera izan du Atxagak), eta haur horren hizkera sinesgarria da ipuinaren beste giltzarrietako bat: umeen sintaxi laxoa, lexiko sinple eta tarteka errepikatua... Gaia, berriz, kontatzen den gertakariaren azpian ikus liteke, susmo bezala hasieran («nintzateke» bezalako aditz hipotetikoetan, adibidez) eta egiaztapen gisa amaieran: haurtzaroko ametsen porrota, ilusioen desegitea, helduarora iristeko bidean.

        Oihartzun handiena narratibazko lanekin lortu badu ere, poesia anitz eta maila handikoa idatzi izan du. Han-hemenkako kantu eta bilduma askotan jasotakoez gain, bere poema gehienak Etiopia (1979) liburuan aurki litezke.

        Atxagarekin beste iraultza bat, edo aldaketa handia behintzat, etorri zen euskal poesiaren erresumara. Beste estilo bat, beste joera batzuk eta poesiaren aurreko beste jarrera bat ekarri baitzituen, 1980ko hamarkada ia osoan eragin itzela izan zutenak. Ez da erraza berrikuntza hauek zertan diren azaltzen, baina, beharbada, giltzarri bat egotekotan, ironia izan daiteke hori, aurreko poesiako joera nagusiekiko aldea markatzen duen ironia.

        Zehatzago esanda, poesia sozialari bizkar ematen zaio argi eta garbi; ez da sinesten poesia mundua aldatzeko tresna izan daitekeenik; idazlearen konpromezuak bestela bideratuko dira, ez idazlanetako aldarrikapen biribil baina erretorikoen bitartez. Poesia existentziala ere alde batera uzten da; ez poetak dena zoragarri ikusten duelako, inondik ere: bizitzak beti dakartza arazo eta oinazeak, bestela ez legoke literaturarik, baina larritasunaren adierazpen esajeratuak tokiz kanpo geratzen dira. Azkenik, poesia sentimentalari ere uko egiten zaio, espreski: nitasunaren agerpen obsesiboak barregarri samarrak eta adoleszentziaren ezaugarri direla eta, sentimenduak arrazionalizatu egiten dira, lan intelektual baten bitartez, poema eraiki ahal izateko; hirugarren pertsona erabiltzen du egileak horregatik.

        Bestalde, irudien pilaketa bat dago, irudiak eta irudiak, era guztietakoak, irakurlea mila sujerentziarekin mozkortu arte; bada irudi pilatze honetan surrealismo-ukitu bat, lotura logikoei ihes egiten zaielako, baina surrealismo kontrolatua da nolanahi ere, idazkera inkosziente edo automatikoarekin zerikusirik ez duena. Irudi hauetan eta Atxagaren lehen liburu horretan oro har, oso nabarmena da pop-art deitzen zaion arte-motaren eragina, hots, gizarte industrialeko produktu eta tresnen agerpena, hala nola publizitatea, zinema, beste hizkuntzetako esamoldeak... Normalki itsusi, zatar edo ez-poetikotzat jo izan diren gauza eta elementuak sartzen ditu Atxagak poemetan eta horrekin lortzen ditu hurbiltasuna, originaltasuna, indarra...

        Iruditeria hau guztia urbanoa dela azpimarratu behar da, hots, unibertso bat osatzen du hiriak, bere metafora eta erreferentziekin, baserriaren eta mendiaren munduarekin hausten duena. Era berean, ezkorra da ikuspegia, Arestiren harria-ren ordez harea da orain sinbolo nagusia, bere desolazio guztiarekin; baikortasuna inozoa bada, ezinezkoa da ezer berririk esatea ere, dena esana dagoelakoan. Lehen aipatu dugun ironia igar liteke ezaugarri horietan, baina ironia hau ez da umore krudela, samurtasunez bustia baizik; batez ere baztertuekiko samurtasuna, historia osoko galtzaileak ederresten dituen estetika.

        Ezaugarri hauek argi ikus litezke lehenengo hiru poemetan; geroztik Atxagak ez du poesia-libururik atera, baina bai poema solte batzuk, eta hauetan bestelako zertzeladak sumatzen dira. Lehen aipatu dugun samurtasun hori nabarmenago agertzen da orain, Etiopia-ko transgresioaren eta abangoardismoaren jantziak kenduta. Eta, batez ere, irudien pilaketaren ordez estilo klasikoago, tonu narratiboago batera jo du egileak, irakurketa ere erraztuz. «Sagarrondo bati sehaska kanta» poema xinple bat da itxuraz, arbola pertsonifikatuari kantatzen zaiona, baina bestelako interpretazioak ere egin izan dira, neskatila batekin konparatuz sagarrondoa, alegoria batean, edo biziaren zikloen analogia bat eginez. «Trikuarena» ere, azaleko xinpletasun ederraren azpian irakurketa aberatsak uzten dituen poema da.

 

Obrak:

— Ziutateaz (1976)

— Etiopia (1978)

— Ramuntxo detektibea (1980)

— Antonino Apreta (1982)

— Camillo Lizardi Erretore Jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena (1982)

— Chuc Aranberri dentista baten etxean (1982)

— Jimmy Potxolo (1984)

— Asto bat hypodromoan (1984)

— Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian (1984)

— Gauero aterako nintzateke paseatzera (1984)

— Sugeak txoriari begiratzen dionean (1984)

— Txitoen istorioa (1984)

— Bi anai (1985)

— Astakiloak Arabian (1987)

— Astakiloak Finisterre aldean (1987)

— Astakiloen izkutuko taktika (1987)

— Italiako zirku batean (1987)

— Kitara baten bila gabiltza zoratzen (1987)

— Mikelek problema bat dauka (1987)

— Neska dun-dun bat (1987)

— Nikolasaren abenturak eta kalenturak (1987)

— Transatlantiko batean (1987)

— Obabakoak (1988)

— Antzoki iluna (1990)

— Behi euskaldun baten memoriak (1991)

— Astakiloak jo eta jo (1993)

— Esteban Werfell (1994)

— Lezio berri bat ostrukari buruz (1994)

— Zeruak (1994)

— Xolak badu lehoien berri (1995)

— Zeru hoiek (1995)

— Xola eta basurdeak (1997)

— Antonino Apreta (1998)

— Krisia (1998)

— Lehen urratsak (1998)

— Groenlandiako lezioa (1998)

 

Bilaketa