literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Joxe Austin Arrieta Ugartetxea Donostian jaio zen 1949an. Filologoa da ikasketaz eta itzultzailea lanbidez, literatur itzulpen aipagarrien eta poesia-liburuen egilea; narratiban, berriz, Abuztuaren 15eko bazkalondoa (1979) eta Manu Militari (1987) eleberriak nabarmendu behar zaizkio.

        Elizaren pisua euskal literaturaren historian argi ikusi ahal izan dugu orain arte. 50-60 hamarraldietan ere garrantzi handia izan zuten apaizgaitegiek, baina bestelako arrazoiengatik: gazte askok ikasi zuen apaizgaitegietan urte horietan; ia denek apaiztu aurretik edo apaiztu berritan utzi zuten Elizarekiko lotura hori; osterantzean ikasteko aukera gutxi izango zuketen gazte eskolatu andana bat irten zen apaizgaitegietatik, eta euskalgintzako langile bihurtu ziren haietako asko eta asko: irakasle, kazetari, itzultzaile, idazle... Apaizgaitegiko esperientzia euskal idazleen artean horren zabaldua eta garrantzitsua izan arren, haren lekukotasun gutxi daukagu gure literaturan. Salbuespenetakoa da Abuztuaren 15eko bazkalondoa, eleberriak azpimarratzeko beste alderdi asko baditu ere: gerra egin zuen belaunaldiarekiko etena eta transmisioa, gaztetxo batek bizitzaren aurrean duen noraeza, garai jakin baten erretratu soziologikoa...

        Nobela honexen hasiera eskaintzen dizugu hemen. Jai-eguneko bazkalondo baten aitzakian, mutiko baten bizimodu eta oroitzapenak kontatzen zaizkigu, eta hauekin batera gizarte oso baten erretratu bikaina egiten. Pasarte honetan badira ohartzea merezi duten ezaugarri batzuk: bat, adibidez, euskara eta gaztelania nolako modu errealistan dauden nahasturik, bai etxekoen hizketan, bai komunikabideen erasoan; beste bat, narratzaileak protagonistari hika hitz egiten diola, hots, 1. edo 3. pertsona ohikoak erabili ordez 2. pertsonan dago idatzia, teknika berritzailea euskal literaturan (aurretik 100 metro-n erabilia); hirugarren bat, zelako maisutasuna duen Arrietak deskribapenetan: tokia ez ezik, giro soziala ere helarazten dio irakurleari. Hori guztia, kontagaiarekin bat datorren tempo egokian: jai-egun handietako bazkari eta bazkalondoak lasai eta patxadazkoak izaten diren bezala, kontakizunaren erritmoa ere mantso eta geldo darama egileak, xehetasun txikietan erreparatuz eta zentzumen guztietan (entzumena, usaimena...) gozatuz.

 

Obrak:

— Bidaia. Termitosti (1978)

— Abuztuaren 15eko bazkalondoa (1979)

— Arrotzarena. Neurtitz neurgabeak (1983)

— Bertso-paper printzatuak (1986)

— Manu militari (1987)

— Mintzoen mintzak (1989)

— Labur aroz (1997)

 

Bilaketa