literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Arantxa Urretabizkaia Donostian jaio zen 1947an. Saizarbitoriaren belaunaldiko ez ezik haren lankide ere izan zen hainbat proiektutan eta garai hari buruz esandakoa aplikagarri zaio honi ere. Poesia ere idatzi zuen Urretabizkaiak (ikus aurrerago) baina narratibazko lanak egin du ezagunago, Zergatik panpox (1979) bere lehen nobela laburrak batez ere; geroztikoak dira Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik (1983) eta Saturno (1987).

        Intimotasuna izan daiteke Urretabizkaiaren ekarpenik garrantzizkoena. Ordura arteko eleberrigintzan, ikusi dugunez, edo kanpotik kontaturiko istorioak ziren, edo ikuspegi sozial bat ageri zuten; hemen, berriz, pertsonaren barnea da axola duena: ez bakarrik lehen pertsonan kontatzen duelako, hori baino gehiago norbera bihurtzen da gaia, fokoa, eta aldi berean barruko pentsamendu, kezka, beldur eta ametsak azaltzen dira. Horri erantsi behar zaio emakumearen ahotsa eta ikuspegia eskaintzea, euskal literaturan hain urri izan dena.

        Zergatik Panpox nobelaren hasierako zatia ekarri dugu hona. Barne bakarrizketa bat da, euskaraz gutxi landutako idazmoldea, teknika honen ezaugarriekin: barne-kontzientziaren jarioa atzera eta aurrera dabil saltoka, elkartze mental libreak eginez eta gai batetik bestera igaroz.

        Arantxa Urretabizkaia bere narrazio-lanengatik da batez ere ezaguna, baina baditu poesi liburuak ere, indar eta nortasun handikoak, batez ere bere lehen poema-bilduma: San Pedro bezperaren ondorengoak (1972).

        Liburu hartako hasierako zatia dakargu hona. Ebokazio-ahalmen handia lortzen du hor poetak; hizkuntza lau, sinple, eguneroko batekin giza sentimendu barrenkorrenak kanporatu eta irakurleari transmititzen asmatzen du: bakardadea, beldurra edo zapalduaren mina. Amaia Lasaren kasuan esan dugun bezala, emakumezkoaren kondizio diskriminatuak ere badu eragin bat bere poesian.

 

Obrak:

— Zergatik, panpox (1979)

— Maitasunaren magalean (1982)

— Albaniaren konkista (1983)

— Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik (1983)

— Zergatik panpox (1985)

— Saturno (1987)

— Aurten aldatuko da nire bizitza (1992)

— Koaderno gorria (1998)

 

Bilaketa