literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Ramon Saizarbitoria Donostian jaio zen 1944an. Bera da, prosagileen zerrenda honetan, gerra ondoren jaiotako lehena, gerra aurreko mugimenduekin inongo harremanik ez zuena eta, alde horretatik, belaunaldi berri baten ordezkaritzat har dezakeguna. Txillardegik haustura bat markatu zuen inguratzen zuen munduarekin; ondorengoek, berriz, haustura horretan sakonduz, euskal kulturaren berritzea izan zuten kezka nagusi, bi alderditatik batez ere: Europako joerekin bat egitea, Euskal Herriaren bakartze eta atzerapena gaindituz, eta euskara batu bat eraikitzea, euskaldun guztion batasun-tresna eta kulturabide izango zena. Hala, era guztietako berrikuntzak eta polemikak gertatu ziren euskal gizartean 60ko hamarraldian: euskara batuaren auzia, ideologien arteko borroka, aldizkari eta idazle berrien plazaratzea...

        Eleberrigintzari dagokionez, Ramon Saizarbitoriak gorpuzten du ondoenik berritze hau, eta berak eraman zuen muturrera Txillardegik abiarazitako gaurkotzea hiru nobela hauei esker: Egunero hasten delako (1969), 100 metro (1976) eta Ene Jesus (1976). Isilaldi luze baten ondoren, beste bi eleberri kaleratu ditu: Hamaika pauso (1995) eta Bihotz bi (1996).

        Gai berritzearekin batera teknika berritze handi bat ekarri zuen Saizarbitoriak, Europako literaturan indarrean zebiltzan joera berrien eraginez; teknika berritze hau ez da baliabideen erakuspen hutsa, baizik eta belaunaldi berri baten kezkak bere modu literario egokienean emateko ahalegina: ez bada sinesten egia absolutu bat dagoenik, hautsi egin behar da eleberriaren diskurtso bakarrarekin; hortik datoz ahots diferenteak sartzea, kontaketa zatikatzea, barne-hizketa erabiltzea eta beste hainbat baliabide.

        Lehen bi nobeletako pasarte bana hautatu dugu hemen. Lehena 100 metro-koa da eta argi ikus liteke esan dugun teknika berritze hori: ikuspuntu aldaketa etengabea dago, narratzaileaz gain beste zenbait ahots, kalekoak, aldi bakoitzean nork hitz egiten duen ez dakigula; garai bateko linealtasuna (kontaketaren jarraitasuna) alde guztietatik hautsia ageri da hemen: bai denboran, bai espazioan, bai narratzailean eta bai kontatzen den istorioan ere; deigarria da erdararen erabilera ere, errealismoaren baliabide gisa: euskara izan daiteke norberaren hizkuntza eta lagunartekoa, baina hizkuntza ofizial bakarra eta agerpen publikoa duena (horrelakoak dira adibideak) gaztelania da, garai hartako gizartearen isla.

        Egunero hasten delako eleberrikoa da bigarren zatia. Aipagarria da kokalekua eta pertsonaiak atzerrikoak izatea: europar izan nahiaren eta euskara edozer azaltzeko gai zela erakutsi nahiaren adierazgarri. Bestalde, lehen aipatu dugun teknikaren eta gaiaren uztartzea hemen ere ikus liteke: alde batetik elkarrizketa hutsal bat daukagu, eta pertsonaietako baten barne gogoetak aldi berean, eta kontraste horren ispilu zuzena daukagu bi nesken pentsaeretan: batetik ikuspegi estu, atzerakoi bat, eta bestetik jarrera ireki baina kezkaz betea.

 

Obrak:

— Egunero hasten delako (1969)

— 100 metro (1976)

— Ene Jesus (1976)

— Hamaika pauso (1995)

— Bihotz bi: gerrako kronikak (1997)

 

Bilaketa