literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literaturaren antologia»
X. Mendiguren / K. Izagirre

Elkar, 1998

 

        Jose Luis Alvarez Enparantza (Donostia, 1929). Giro erdaldun eta frankistan hazi arren, gaztetatik sentitu zuen euskararen eta Euskal Herriaren deia. Horren ondorioz, euskaraz ikasten hasi zen, euskal idazle gorenetakoa izateraino. Aberriaren deiari dagokionez, EAJren erresistentziaren inguruan hasi zen lanean baina, haien jokaerari epelegi iritzita, beste erakunde bat sortu zuen zenbait lagunekin batera: Ekin aurrena, eta gero, 1959an, ETA.

        Jakintza zabaleko gizona da Txillardegi: injinerua ikasketaz, filosofiaz oso kezkatua, politikan murgildua, zaletasunez pianojolea, hizkuntzalaritzako irakasle... Literaturan, berriz, funtsezkoa izan da bere ekarpena euskal nobela berritzeko eta aberasteko bidean. Leturiaren egunkari ezkutua izan zen haren lehen eleberria, 1957an; bi urte geroagokoa da Peru Leartzako, eta ondoren etorriko ziren Elsa Scheelen (1969), Haizeaz bestaldetik (1979) eta Exkixu (1988).

        Ordura arteko euskal eleberri tradizionalaren aldean, haustura ekarri zuen Txillardegiren Leturiak: lehen pertsonan idatzia zen, protagonistak ere ez zuen batere zerikusirik baserri munduarekin eta, batez ere, barne-kezkaz eta ezinegonaz beterik zegoen. Europan indarrean zegoen existentzialismoaren arrastoa nabari zen hor: bizitzaren absurduaz galdetzea, hautatu beharrak sortzen duen larridura... Mugarri gertatu zen liburu hau gerraosteko kultura euskaldunaren berritzean, eta Peru Leartzako-k areagotu egin zuen eten hori.

        Lehen eleberri bi hauetako pasarte bana ekarri dugu hona, Txillardegiren teknikaren eta idazmoldearen adibidetzat. Lehena, udazkeneko etsipen giroan oratua, denboraren igarotze larriaz ari da: ukitu poetiko eta filosofiko handiko testua da, barne gogoetarako eta introspekziorako isuria ageri duena. Bigarrenak, berriz, kontalari gihartsu eta bizia erakusten digu, egungo gizartea bere kontraesan guztiekin euskara moderno batean azaltzeko gai dena.

 

Obrak:

— Leturiaren egunkari ezkutua (1957)

— Peru Leartza'ko (1960)

— Huntaz eta hartaz (1965)

— Elsa Schelen (1969)

— Sustrai billa. Zenbait euskal koropilo (1970)

— Hizkuntza eta pentsakera (1972)

— Euskara batua zertan den (1974)

— Oinarri bila (1977)

— Euskal gramatika (1978)

— Euskal herritik erdal herrietara (1978)

— Fonologiaren matematikuntza (1979)

— Haizeaz bestaldetik (1979)

— Euskal fonologia (1980)

— Euskal dialektologia (1983)

— Elebidun gizarteen azterketa matematikoa (1984)

— Euskal azentuaz (1984)

— Euskal kulturaren zapalketa. 1956-1981 (1984)

— Kosmodromo (Ipuin bilduma) (1984)

— Gertakarien lekuko. I (1985)

— Exkixu (1988)

— Antigua 1900 (1991)

— Euskal Herria helburu (1994)

 

Bilaketa