Martin Ugalde Andoainen jaio zen 1921ean. Gudari ez baina gudari-seme gisa sufritu zuen gerran: erbestean batetik bestera, herrira itzulitakoan zigorturik... Azkenik, familia batuko bazen, Venezuelara joan zen amarekin 1947an. Han hasi zen Ugalde idazten, bai kazetari lanak bai ipuin-liburuak, erdaraz. Prestigio handiko idazlea zen, aldizkari bateko zuzendari eta sari garrantzitsuen irabazle. Hala ere, euskaraz idazteari ekin zion hurrena, landu gabeko eta ohitu gabeko hizkuntzan, eta horrela sortu zuen Iltzalleak (1961; Hiltzaileak 1985eko euskara batuko edizioaz gero), 36ko gerran eta ondorengo erresistentzian giroturiko ipuin-bilduma.
Ugalderen ipuinen meritua bi aldiz da azpimarratzekoa. Lehenik, berez duten balioagatik; bigarrenez, bera izan zelako lehena ipuina literatur genero moderno gisa lantzen. Ordura arte, ikusi dugun legez, ipuina kontakizun erraz, folkloriko eta irrigarria izaten zen beti euskal literaturan. Hego Amerikan tradizio handia zuen ordea, genero autonomo eta seriotzat zeukaten bertan bai idazle bai irakurleek, eta han bereganatutako teknikak euskal lanetan txertatzen hasi zen Ugalde. Liburua Venezuelan kaleratu zelako-edo, ez zuen izan Euskal Herrian behar zukeen oihartzuna, geroztik bere garrantzia onartu bazaio ere.
Obra zabala osatu du Ugaldek: kazetaritza-lanak, historia eta biografiak, ipuin-bilduma gehiago: Mantal Urdina (1984), Bihotza golkoan (1990), Erretiradako trena (1997), baita eleberriak ere, hala nola Itzulera baten historia (1990) edo Pedrotxo (1994).
Bi ipuin-zati ekarri ditugu hona, bere lehenengo bildumetatik bana, bere idazkeraren alderdi bi erakusteko. Lehenengoan ikus dezakegu nola oso hizkuntza sinplearekin efektu indartsua lortzen duen: tentsioa, erretratu psikologiko zehatzak... Paragrafo labur-laburrak erabiltzen ditu, eta ikuspegia kamera batekin bezala doa batetik bestera, teknika zinematografikoan.
Bigarrengoan, berriz, guardia zibilen beldurra ez baina zahartzearen ajeak hartu ditu kontagai, eta honetan ere berealdiko sentiberatasuna erakusten du Ugaldek: xehetasunekiko ardura, eta hauen bitartez ñabardurak egiteko abilezia, gauzak hotzean esan ordez sujerentziaren dohaina.
Obrak:
Iltzaileak (1961)
Ama gaxo dago (1964)
Umeentzako kontuak. Sorgiñaren urrea (1966)
Itsasoa ur-bazter luzea da (1973)
Euskal kondairaren sintesia / Síntesis de la historia del País Vasco (1978)
Mantal urdina (1984)
Hiltzaileak (1985)
Mugarri galduen itsumundua (1985)
Batasun eta zatiketen artean (1989)
Bihotza golkoan (1990)
Itzulera baten historia (1990)
Lezo Urreiztieta (1907-1981) Biografia (1990)
Erroetatik mintzo (1993)
Pedrotxo (1994)
Erretiradako trena (1997)