Joan Mari Irigoien Donostiako Altza auzoan jaio zen 1948an. Poesia ere landu duen arren, nobelagile sendo, mamitsu eta umo gisa nabarmentzen da euskal literaturan, mundu pertsonal eta aberatsa eraiki duena bere eleberrietan, egilearen kezka existentzialak adierazi eta aldi berean euskal gizartearen eta historiaren erretratua ere badena. Oilarraren promesa (1976) izan zuen lehena, oraindik guztiz heldu gabea, eta gero etorri ziren bere eleberri luze eta landuenak: Poliedroaren hostoak (1982), Udazkenaren balkoitik (1987), Babilonia (1989), Consummatum est (1993).
Bitasuna da Irigoienen lanetako ezaugarri nagusia; kontrasteen gainean eraikitzen dira istorioak eta pertsonaiak: lurra eta airea, karlistak eta liberalak, haragia eta izpiritua... Kontrakotasun horiek ez dira aurkarien artean bakarrik gertatzen, askotan baita pertsonaia baten barnean ere, eta kontraesan horixe bihurtzen da gero ekintzen eragile. Hori bera ikus liteke hautatu dugun pasartean. Poliedroaren hostoak eleberrian badira pertsonaia batzuk «lurrezkoak», beren jatorriari, lurraldeari eta ohiturei guztiz atxikiak, eta beste batzuk berriz «airezkoak»: ametsontziak, berrikuntzen eta aldaketen aldekoak. Denbora igaro ahala, ordea, ezaugarri horiek nahastu egingo zaizkie, eta nahasketa horietako baten berri ematen digu zati honek. Liburuaren beste ezaugarri bat da «errealismo magikoa» deritzan estiloaren eragina ere: zati honetan ikusiko duzu nola, bizidunek ez ezik hildakoek ere hitz egiten eta parte hartzen duten nobelaren garapenean.
Obrak:
Oilarraren promesa (1976)
Lope Agirre (1979)
Poliedroaren hostoak (1982)
Bakarneren gaztelua (1986)
Udazkenaren balkoitik (1987)
Babilonia (1989)
Denborak ez zuen nora (1991)
Consummatum est (1993)
Metak eta kometak (1994)
Apaiz zaharraren gitarra (1997)
Kalamidadeen liburua (1997)
Hautsa eta maitemina (1998)