Mikel Lasa Alegria (Donostia, 1938) obra laburraren egilea da, baina eragin sakon bezain iraunkorra lortu zuena, bai argitaratu zen momentuan, bai ondoren ere, beste poeta askorengan lortutako oihartzunaren bitartez. Sentiberatasun berri bat erakutsi zuen Lasak 1971n Poema bilduma publikatu zuenean, orduan indarrean zeuden poesia sozialaren eta existentzialaren antzik ez zuena eta geroko poeten aitzindari bihurtu zena.
Zein dira, bada, Lasaren poesiaren bereizgarriak? Besteak beste, hitzen aukeraketa sotil, zehatza; nostalgiaz zipriztindutako jarrera malenkoniatsua; sentsualtasun fin bat, moraltasunaren zama astunaz gabetua; errealitate hurbil eta konkretua, gauzak berak hartzea gaitzat; kulturalismoa, Europako joera eta jarrera berriak txertatzea gure literaturan.
Esandako ezaugarri horiek ederki ikus litezke bi poema hauetan. Era berean, poemak gai bat jorratu baino gehiago, giro bat sortzen du, inpresio batzuk uzten ditu hitzen eta irudien bitartez, eta giro horrek, teknika inpresionista horrek, inguratu egiten dute pixkanaka irakurlea.
Obrak:
Novela berria Hego-Amerikan (1972)
Poema bilduma (1984)
Memory Dump (1993)