Elsa Scheelen
Ibon Sarasola
«Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza»
Kriselu, 1975
«Elsa Scheelen», 1968. urteko «Domingo Agirre» saria, Txillardegik orain arte nobela-arloan egin duen azken saioa, aurrekoak baino askozaz anbiziosoagoa da. 1969an argitaratua, hots, «Peru Leartza'ko» baino bederatzi urte geroago, ez da, aurreko biak bezala, nobela labur bat. Nobela luze bat izan gabe, euskal-nobela luzeenetakoa da hirugarren hau, bigarrena baino bi aldiz eta lehena baino hiru aldiz zabalagoa.
Bestalde, agiri dago autoreak «beste zenbait» egin nahi zuela, zerbait serioagoa, landuagoa, «egiazko nobela» bat hain zuzen. Obra honetan eman nahi zuela nobelagile bezala orduan eman zezakeen guztia. Lortu duena hor dago, letra txikiko 248 orrialde horietan. Aurrerapena nabaria da, zenbait alderi dagokionez batez ere. Lehenik, kritikak aho batez aitortu duenez, hizkuntza-mailan [1]. Eta hizkuntzaren aurrerabidea, haren alderik garrantzitsuenean gertatzen da: «Elsa Scheelen»en, euskara ahaltsu eta errekurtsoz bete bat aurki daiteke, bizitze modernoa adierazten aise dabilena, bortxa eta behaztoparen ia seinalerik gabe, naturaltasun nabari batez. Ez dugu hemen Erkiagagan aurkitzen dugun hizkuntza-problema [2], ezta ere «Peru Leartza'ko»n bertan ikus daitezkeen era honetako ezintasun-aitorketak:
«... Bazirudien, alde batetik, pelikula nagitan ikusten nuela Xabier, "Kamara lentan" alegia» (83. o.) [3].
Pausoa handia da, alde honetatik azken euskal-nobelagintzak eman duen handienetakoa. Hor dago, adibidez, lekuko, XII kapituluaren erdialdean ematen den entseiua, burgesia dekadentearen hizketa-moldeaz, euskaraz egiten den lehena.
Beste mailatan frutuak ez dira hain argiak. Formari dagokionez «Elsa Scheelen» nobela tradizional bat da. Hau ikusteko aski da narradoreak hartzen duen joera aztertzea. Nobela honetako narradorea (hirugarren pertsonan ari dena eta ez lehenengoan, aurreko bietan gertatzen den bezala) narradore orojakile deitzen dena da. Narradore orojakile honek, jainko batek bezala, xehetasun guztiak ezagutzez ditu, ezkutu guztiak agertzen ditu, pertsonaien baitara sartzen da, badaki zer egiten eta zer pentsatzen duten. Era honetako nobelatan (XX. mendea arte egin diren guztiak) irakurlea espektadore pasibo bat da, ez du bere alderik ezer egiterik, esanik eta adierazirik ematen baitzaio guztia.
«Elsa Scheelen»go narradorea, jeneralean, era honetakoa da. Pertsonaiek ez dute sekreturik berarentzat. Are gehiago, pertsonaiak baino gehiago daki memento askotan:
«... Baiña funtsean, eta Elsa ez zan huntaz ohartzen, ez zuen bere burua sendatu nabi, ez hau denen gaiñetik behintzat: Elsa'k zigortu egin nahi zuen Luc; ez ikusiaz eta ez kasorik egiteaz, Luc'engan pentsatzen zuen, zauritzeko itxaropen izpi bat irazeki nahi zuen» (38. o.).
«... Baiñan ez zan hau lona uztera bultzatzen zuen inportanteena: bihotzean min haundia harturik ere, bestek hartaratu zuen. Zergatik? Bere igaroari buruz guztiz, arras, osotara, nahi zuen ebaki, errotik hautsi eta erauzi» (71. o.).
«... Elsa ohartzen ez bazan ere, Vonden Broeck'en hitz legunak eta zurikeriak behar zituen: jostaketan ibilli uste zuen, baiña beharra sakonagoa zan: Vonden Broeck'ek fidantza berpiztu zuen Elsa'rengan, eta hunek bihotzez eskertzen zion; eri egon danak ikustera heldu zaizkionak eskertzen dituen gisa» (73-74. o.).
«... Ematean zetzan Elsa'ren sendimendua, ez jasotzean. Hoztu egin zala iruditu zitzaion; baiñan ez zan hoztu, egia esateko, emalle bihurtu baizik» (128. o.).
«... Ba zegoen halere zerbait. Eta Pierre'k ez zekien, ez zuen uste, hobe» (143. o.).
«Funtsean, egiazki, Elsa Pierre'ren arreba bizkia zan: biak hutsik, biak bidez nahasiak, biak hotzak dardar. Baiñan ez zekten» (195. o.).
Narradorearen botere hau zenbaitetan imajinagaitza gertatzen de:
«Oihenart naparrarekin gogoz esango zukean Meunier flamendarrak kinka hartan:
"Hiltzea gaitz da; goitzago bana
maite uken, eta ez maite izana"...» (211. o.).
Bestalde, «Elsa, Scheelen»go narradoreak nahi duena eta nahi duen eran kontatzen digu: [4]
«Hortik aurrera bero jarri zen alkarrizketa. Gutxi gora-behera danak bat zetozten puntu batean: Brusela hondatzen ari zan; eta kakoa hortantxe zegoen: alegia, flandetarrak barne, atzerritar gehiegi» (98. o.).
«Bederatziak hamar gutxi besterik ez! Eta ixiltasun bitxi hau halere... Igandea da, bai, baiñan...
Eta hitz zantar bot erantsi zuen» (114. o.).
Beste zenbaitetan, irakurleak berez ikusi behar lukeena adierazten dio narradoreak:
«Zer berri? galdetu zion Vanden Broeck'ek "International School"etik irtetzerakoan. Gaur ez nago presaturik.
Hara. Lanak amaitu?
Dana azalduko dizut. Nahi duzu berriz Ixelles'ko aintziren ondoko "Les Etangs" enera joatea?
Vanden Broeck ez zan makala bere ehize-lanean, eta emakume eder haren begietan diztira berri bat antzeman zuen (77. o.)
«Gabon Suzanne.
Gabon. Nork esan dizu nere izena? Ez dut uste gaur baiña lehenago hemen ikusi zaitudanik.
Kanpoko zuen aingeru zaindariak salatu dit.
"Aingeru zaindaria" esan duzu? Hemen ez dago gutzaz kanpoko zaindaririk; eta aingerurik...
Emakumeen mordora begiratu zuen Suzanne'k, eta hau erantsi:
Horra hor hemengo aingeruak". Ez dut ezer ez asmatzen eta hanpatzen: "Tu es un ange" hitzak maiz entzun dituzte pareta hauek...
Hitz desegokiak esan zituela iruditu zitzaion Pierre'ri: zalantzarik gabe ez zan giro haietan usatua", eta ezagun zan» (219. o.).
«Hemen nauzu, ba erantzun zuen Pierre'k, oso herabe lanera etorria hobe.
Piperrik gabeko esaera hau, motela, geza, ttattala, hutsa, eta nahi dan guzia iruditu zitzaion Pierre'ri» (169. o.).
Pasarte hauetan narradoreak «ez zan makal bere ehize-lanean», «ezagun zan» edo «piperrik gabeko esaera hau» esaten dígunean, badirudi irakurlea tontotzat hartzen duela, ez baita bere ustetan elkarrizketen ematen denaz ohartzeko gauza. Noizean behin narradoreak bere iritzi pertsonalak ematen dizkigu, narradore baino zerbait gèhiago bihurtzen delarik. Horrela Elsak Vietnamez ari den irratia itzaltzen duenean:
«... Ez, iñolaz ere, berri horiek mendrenik ere nazkatzen zutelako; edo gezurrezkoak iruditzen zitzaizkiolako. Ez. Horrelakorik ez zitzaion burutik pasa ere. Ez zuen pentsatu, era berean, Viet Nam dala azken urteetako lotsa nagusia eta hilketarik ahalkegarriena». (10. o.)
Argi dagoen bezala, Vietnameko gerraz ematen zaigun iritzia narradorearena da, ez Elsarena. Zenbaitetan narradoreak bere jokaera orojakile hau baztertu egiten duela dirudi, batez ere galderen teknikaren bitartez. Adibidez:
«Zer zan hura? Eta, pakea zertarako? Eguraldi bikain hura zertarako? Igandeetako astia zertarako? Itsu-une labur hura gaindituta, hodei zabal, goibel eta bakar bat ikusi zuen [Elsak] bereiz, zeru goia ia guztiz estaltzen zuelarik, bere zabalera nasaiean harrena beti bat: txuriska, kolore-litsik gabea» (113. o.).
Baina argi dago galderak ez direla narradorearenak, Elsarenak baizik: erantzuna ematen ez bazaigu ez da narradoreak ez dakielako, baizik nobelaren hariari ez dagokiolako.
Nobelatzeko era tradizionalaren beste bereizgarri bat «pentsamendu lojiko» deritzana da. Molde honetan, pertsonaien pentsamenduak lojikoki, lojikaren hariak gidaturik desarroilatzen dira, kontzientziaren kontrol oso baten pean [5]. Horrela:
«Jendea aspertu egiten da zion Elsa'k berekiko. Ni neu ere aspertu egiten naiz; baiña Pâquerettes'era etorri arte ez nekien. Orduan Luc falta zitzaidan, haurrak falta zitzaizkidan, gauza askoren gabea nazkatzen nuen. Gaur, aldiz, dana sobera zait, mundu osoa zait gehiegizko eta larregi».
Eta aurrera ekin zion gogoetari:
«Nere bakardadea, eta beste horien jokoak, Coca-Colak eta ekintzak; sasi ezkertarren erreboluzio-nahia eta kabaretak, mistika eta ordikeria, funtsean orobat, katramilla izkutu berberaren ondorio dira: denboraren igaroaren ito behar ixilla eta aitortu-eziña uko egiteko moduaz. Ez du gizadia denboraren ixuri etengabeak izutzen. Areago lazten gaitu denbora huts aspergarri hau bete behar hertsiak. Denbora polikiegi igarotzen da: horra kakoa. Nere bakardadea nabarmena da; besteena itxuretan diximulatua. Funtsean biak gauza bera». (118. o.)
«Ederra litzake, bai zion Pierre Meunier'ek berekiko; ederra izan zan benetan neretzat siñistu nuen artean... Baina gaur fedea galdu dut... A. Martin'ek arrazoin guzia luke, egia balu! Federik ez dugu: xuxen ikusten du gure akatsen erroa. Ez dut nik federik, noski; baiña nere hamar lagun hauek ere ez. Ia iñork ez: horra hor egia... Zergatik ez, ordea? Kristau helburuak ez ote dira amets eder huts bat? Pablo'k garbi ikusi zuen hau orain dala hemeretzi mende: "iñoiz piztuko ez bagera, alperrikakoa da gure fedea". Piztuko ote gera, beraz? Nork siñisten du hortan egiazki?
Ipuiñak! Gauza ageria da, nere ustez, heriotzarekin batera bukatzen dala gure bidaia egitekotsu hau. Buruz ikusi ditudan hitzak zaizkit egia...» (192. o.).
Ikus daitekeenez, kausa-ondorioz moldatutako pentsamendu-hari hau areago egokitzen zaio saiaera bati giza-pentsamendu espontaneoaren gauzatzeari baino.
Baina «Elsa Scheelen»en hutsik larrienak, beharbada, estruktura-mailan aurkitzen dira. Badirudi egilearen asmoa emakume baten gora-beherez eta pertsonalitateaz aritzea zela. Hori ematen digute aditzera, besteak beste, obraren izenburuak berak eta eskaintzak. Baina nobelan ez daude gauzak hain argi, zeren, Jose Azurmendik ikusi men bezala, «Elsa Scheelen»en bi «nobelaren» aurrean gaude. Lehendabizikoak Elsa du protagonistatzat. Bigarrenak, hemezortzigarren kapituluaren inguruan hasten dena, Pierre Meunier apaiza.
Nobelaren lehen partea Elsaz ari da eta mundu narratua Elsaren bitartez ematen du narradoreak aditzera. Jokaera hau oso gutitan baztertzen du: 21. orrialdearen bukaeran narradorea Lucen baitan sartzen da honen gogoetak zuzenki aditzera emateko. Orobat gertatzen da 72.ean De Rijke medikuarekin. Baina horrelakoak salbuespenak dira: beste pertsonaiak gehienetan Elsaren bitartez ikusten dira. Horrela, adibidez, Elsaren ama:
«... Bañan amak ezer esan ez bazion ere, zerbait somatu zuela gauza ageria zitzaion. Elsa' ri; eta geroztik bildur zan Mons'a agertzeko, eta ez zuen bihurtzeko kemenik» (40. o.).
Nobela, Elsa eta haren senar Lucen arteko harremanak Elsaren aldetik adieraziz hasten da. Elsa, bere senarrak enganatu egiten duela jabetzen da. Bi eta hiru kapituluetan «flash back» batez bien harremanen historia esplikatzen zaigu. Hurrengo kapituluetan matrimonioaren krisisa, haustearekin bukatzen dena, kontatzen da. Elsaren familia ezagutzen dugu ondoren. X eta XI kapituluak Jean Van den Broeckekin duen abentura batez ari dira. XII.a, Antoine Vanhammerekin duenaz. Ondoren, nobelaren ritmoa ahulduz doa eta narrazioa astunki aintzinatzen da. Elsa pertsonaia ez da aurreratzen, ez dugu progresorik, gertaera, egoera eta pentsamenduen akumulazio bat baizik. Ondorioz, irakurle ohartua Elsaz aspertzen hasten da.
Baina Elsaz ez da irakurlea bakarrik aspertzen: autorea bera ere aspertu egiten da, ez daki zer egin Elsaz. Horregatik, XVIII. kapitulutik aurrera estruktura-aldaketa funtsezko bat gertatzen da: mundu narratua Pierreren bitartez ematen da eta, Elsa gabe, Pierre da aurrerantzian nobelaren egiazko protagonista. Ondorengo kapituluak Pierreren pertsonalitatearen desarroiloa gauzatzera dedikatzen dira, adiskide Jeanekin dituen elkarrizketen, apezgoaz dituen kezken, Elsarekin dituen gora-beheren, bere aitaren heriotzaren eta ondoren egiten duen erretiroaren adierazpenaren bitartez. Parte honetan narrazioa Elsaren bitartez ematen denean ere, Pierreren funtzioan egiten da, Pierre da, nobelaren amaiera arte, obraren sostengatzailea.
Bestalde, autoreak hobeki taxutu eta itxuratu du bigarren pertsonaia hau, borobilduagoa eta lortuagoa aurkitzen dugu. Autorea erosoago moldatu du apezgoa uztea erabakitzen duen gizon intelektualki eta bibentzialki hain deserrotu honen irudia gauzatzen, problema azken finean sentimentalak dituen emakume hari gorputz ematen baino. Hau ongi nabarmentzen da nobelaren bukaeran: Pierreren «amaiera» askozaz ere hunkigarriagoa gertatzen zaigu Elsaren heriotzea baino.
Gainerakoan, bi aurrekoetan aurkitzen genituen akatsak hirugarren honetan ere aurki dezazkegu. Hemen ere erreferentzi literario eta artistikoen numeroak betiko Txillardegiren nobela baten aurrean gaudela gogoratzen digu. Horrela, besteak beste, Baudelaireganik hartutako hemezortzi lerrotako aipua eta batez ere Pierrek, sintaxis-duda bat ere gabe, «buruz ikasi dituen hitzak», 24 lerro betetzen dituztenak.
Dialogoari dagokionez, aurrerabidea nabaria da zenbait mementotan. Bestalde, «Peru Leartza'ko»n hain bitxi gertatzen ziren admirazio-zeinu hirukoitzak, nobelaren azken orrialdeetan ezik, ia desagertu egiten dira. Baina, jeneralean, ez da doinu deklamatorioa eta desarroilo diskurtsiboa gainditzen. Horrela, solasaldi askok teatrozkoak dirudite:
«Gabon, denoi Elsa'k, mokanesa beti musuan.
Gabon bi aldiz entzun.
Azalpen bat emateko beharra nabaitu zuen Elsa'k:
Barka zazute nere itxura hau. Ez pentsa, batez ere, agiri diran betazpi heze hauek tristurazko negarren seme diranik. Amorruak eragin dizkit malkoak, benetan. Ni baiño azkarragoa izan da bihotzaren ukoa; eta burubideari nagusitu zaizkio» (131. o.).
Obraren estiloa, bestalde, nahiko anarkikoa da. Adibidez, narradorea baztertuz narrazioa Elsaren egunkiaren bitartez aintzinatzen denean, nobelaren ritmoaren ahulezia nabariagoa egiten da, estilo-aldaketa ez-justifikatu honen ondorioz [6].
Txillardegiren hirugarren nobelaren balantzea egitea ez da gauza erraza eta, beharbada, oraingoz, taxuz egitekotan, ezina. Beste ingurune batetan (nobelagintza desarroilatu bat duen literatura batetan) erraza izango litzake era tradizionaleko obren zenbait bertute eta akats gehienak dituen nobela bat juzgatzea. Ez, ordea, gure artean. Dena dela, handik bi hilabetetara argitara zen beste nobela baten azterketak argi eman dezaiguke, besteak beste, puntu hau ere zuzenkiago ikusten.
[1] Ikus, adibidez, P. Urkizu, op. cit. 149. o. Gainerakoan artikulu hau oso diskutigarria iruditzen zaigu, iluna eta batez ere nahastua delako, eta «Elsa Scheelen» ez baino areago Txillardegiren nobelagintzaz oso batez bezala ari delako, obrak berezi gabe, alderdiak matizatu gabe, eta finean, esaten duena frogatu gabe.
[2] Ikus J. S. Martin «Nobelarientzako oiñarri batzuek» («Jakin», 17, 32. o.). Halaber euskal-prosaren problemaz I. Sarasola, «Egunero hasten delako»ren hitzaurrean 4-5. o. eta «Euskal literaturaren historia»n 74-77. o.
[3] Dena dela, badira «Elsa Scheelen»en ere zenbait gauza ongi lortu gabeak: adibidez, presentazio-formula: «Atseginez ezagutu» (50. o.) motz geratzen da.
[4] Argi dago narradoreak beti kontatzen digula nahi duena. Baina aipatuko ditugun bi zati hauetan irakurlea konturatu egiten da narradorearen jokaeraz: itxura-problema bat azpimarkatu nahi dugu hemen ere.
[5] Beste pentsamendu-molde batzuk R. Saizarbitoriaren «Egunero hasten delako» aztertzean azalduko dira. Hobeki ikusiko da orduan, kontrastez, hemen adierazi nahi duguna.
[6] Hain zuzen, egunkari honetan nobelaren giltza ematen zaigu. Orrialde horik aurrekoen resumen «argitzailea» gertatzen dira. Egileak, berriro, badirudi ez dela gaiaren haria atzemateko irakurlearen zorroztasunaz fidatzen.
Halaber, badira beste zenbait detaile, garrantzi xipikoak, baina nobelari batek zaindu egin behar dituenak. Adibidez, nobelaren hasieran irratia frantzesez mintzo da (9. o.). Ondoren datozen Vietnami buruzko berriak euskaraz ematen ditu. Nobelaren bukaeran, berriz, irratia berriro Vietnami buruz ari denean, frantzesez ari da (203. o.).