Eraberritze problematsu baten problemak:
Txillardegiren nobelagintza
Ibon Sarasola
«Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza»
Kriselu, 1975
«Leturia-ren egunkari ezkutua», Txillardegiren lehen nobela, 1957an Euskaltzaindiaren ardurapean, «Len eta orain» sortan argitara zenean, etapa berri bat hasi zen euskal-nobelagintzan. Urte hartan bertan agertu ziren Txillardegiren obraren lehen oihartzunak, euskal-literaturak ezagutzen ez zuen era batetan: Gandiagaren lehenetako poema bat, ia lehena, «Zurekin noa» [1] izenburutzat duena, «Txillardegi jaunari» eskainia dago eta gaitzat hartzen duen gizona,
«Gizon-begi-goritu,
gizon-jagi-zale,
gizon-griñen-katigu,
gizon-miñez bete...».
Gizon:
Leturia da dudarik gabe. Halaber, Aurraitzen «!...?» poema [2], «Txillardegiri tamaltasunez» eskainia eta existentzialismo ongi ulertu gabe bat mostratzen duena, nobela honek idazleen artean izan zuen eragin ez-ohizkoaren lekuko da.
Hildo berean, «Euzko-Gogoa» aldizkarian «Leturia-ren egunkari ezkutua»ri buruz agertu zen aipua ez zen izan beste nobelei egin zitzaienaren antzekoa: ohi zenetik zeharo kanpo, aldizkariaren orrialdeetan, 1956.go Uztaila-Daguenila (sic) alean, nobelaren «Negu» zatiko azken pasarteak argitara ziren. Bestalde, aldizkari berberean, 1957.go Orrila-Garagarrilla alean, bi kritika azaldu ziren, bat Ibiñagabeitia'tar Andimarena eta bestea Etxaniz'tar Nemesirena. Bi kritikok nobelaren mamiaz ari dira, ez azalaz, euskal-kritikak garai hartan ohi zuen bezala. Azalari buruzko axolagabetasun hau Andimaren kritikaren perpausa honetan nahiko argi ikusten da: «Nobela au irakurtzean ez zait bururatu gramatika danik ere».
Obraren mamia. Zeren Txillardegiren lehen nobela, zerbait bada, mamitsua baita, hitzaren zentzurik hertsienean. Hain zuzen, hau dateke «Leturia-ren egunkari ezkutua»k euskal-nobelagintzara eta are euskal-literaturara ekarri zuen gauzarik garrantzitsuena. Kasu gehienetan ez azalaz eta ez mamiaz, eta bakan batzuetan azalaz ia bakarrik arduratzen zen literatura batetan [3], Txillardegiren obraz eraberritze izugarri bat gertatu zen, aurrerago, 1964ean gauzatuko zen iraulketaren elementu inportanteenetako baten hasiera.
Mamitasun hau nonnahi nabari da nobelan. Are gehiago, esan daiteke nobela intelektual baten aurrean gaudela. Horrela erreferentzi literario eta artistikoen numeroa izugarria da eta aurreko euskal-nobelagintzari buruz guztiz ohituraz kanpokoa: Gauguinen kuadroak (27. o.); Debussyren «Les jardins sous la pluie» (31. o.); «Marty» filma (52. o.); Gerard Bahr (65. o.); Shakespeare (66. o.); Kafka eta Amiel (74. o.); Budha (75. o.); Shakespeare (80. o.); Ortegaren «Don Juan» (86. o.); Freud (87. o.); Banquo eta Macbeth (88. o.); Gideren problema (89. o.); Homero (93. o.); Buda (103. o.); Paul Valery (115. o.); Shakespeare (122. o.); Agustin Deuna (123. o.); Euclides (126. o.); Muntheren «San Mitxele'ko Istori»a (128. o.); Unamuno (131. o.); Lizardi (132. o.).
Intelektualismo honen adierazlerik zuzenena, Leturiaren gogamenek hartzen duten parte ikaragarria da. Nobelaren lehen zatiak eta Pariseko pasartearen hasiera alde batetara uzten badira, gainerako ia guztia Leturiaren barne-problema azaltzera eta desarroilatzera dedikatzen da. Problema hau, L. Mitxelenak sarrera-hitzetan eta A.-k «Peru Leartza'ko»ren hitzaurrean adierazten duten bezala, aukeratu beharrak sortzen duen larritasuna da. Alde honetatik, obraren argumentoa ez da Leturiaren ideak eta gogamenak adierazteko bide edo hildo ia soil eta huts bat besterik.
Nobela «udalenean» basten da [4]. Mirenganako maitasunak ateratzen du Leturia bere gogo-baretasunetik. Baina maitasun hark ezin du hase haren zorion-nahi metafisikoa. Parisera alde eginik, bere planteamoldeen hutsez ohartzen da azkenean. Argumentoak eta nobelak berak duen kutsu existentzialista nabaria da: egileak berak onartu du eta kritika aho batez mintzatu da honi buruz. Baina «Leturia-ren egunkari ezkutua», bere ereduak (Sartre, Camus eta beste zenbaiten nobelak) baino intelektualagoa da. Ez dugu Txillardegiren lehen obran haren «maisu»enetan bezanbat «literatura» aurkitzen, alegia, ez dugu hartan hauetan bezanbat pasarte eta alde «ez-funtzionalik» aurkitzen: «Leturia-ren egunkari ezkutua»n ia guztia (ez dena baina bai ia guztia) funtzionala da, dena dago zuzenki obraren tesisaren (edo, hobeki, «mezu»aren) zerbitzu pean. Nobela funtzionalegia da, funtzionalegia nobela bat izateko. Horrela, obran agertzen diren bigarren mailako pertsonaiek, Sabinek, Kepak, Yonek, Mikelek, ez dute gauzatasunik berez, ez dakigu ezer haiez esaten dutena baizik. Eta esaten dutena, «esan behar dutena» da, noski. Bada, dena dela, hemen atenuente bat, gogoan hartu behar dena, nobelaren alde: egunkari baten aurrean gaudela eta era honetako nobeletan zilegiztatzenago direla personaien erabiltze hauk; «egunkari ezkutu» batetan ez du zentzu handirik pertsonaien deskribizioa egitea, zeren egileak bai baitaki nolakoak diren eta, «ezkutua» denez, ez zaio beste inori axola. Beraz, deskribizio horiek ez dira kontagarri.
Intelektualismo honek paisajearen ikusmoldea ere kutsatu egiten du. Paisajeak, adibidez, Gauguinen kuadroak eta Debussyren musika gogoratzen dizkio Leturiari, hots, erreferentzia kulturalak, ez bibentziak. Edo bestela, era honetako pentsamenduak:
«"Zerubide" au txfit da polfita, parke guziak bezela. Ez dakit "Zerubide" ote deis polita, ala "Zerubide" bera ez dena, ots, bere parketasutta» (22. o.).
Noski ez dela guztia honela, baina joera hor dago eta, joera bezala, adierazgarria deritzaigu euskal-nobelagintzaren texto-inguruan.
Baina, nahiz gerora begira inportanteena izan, Txillardegiren obrak dakarren eraberritzea ez detza soilik mamiari ematen dion lehentasunean. Hain zuzen, «Leturia-ren egunkari ezkutua»ren aurretik argitara ziren nobela guztiak giro arrantzale edo nekazari baten, hots, zientzia ekonomikoak «lehen sektore» izendatzen duen produkzio moldea hezurmamitzen duen giro batetan desarroilatzen dira, Daskonagerreren «Atheka-gaitzeko oihartzunak»etik hasita, Etxaideren «joanak-joan» arte. Are gehiago, I. Sarasolak [5] adierazi duen bezala, aurreko euskal-nobelagileek sensibilitate-gabezia nabarmen bat mostratu dute giro urbanoa endelegatzeko. Hau argi ikusteko, aski da D. Agirreren «Garoa»n Nerbion iguruari buruz edo T. Agirreren «Uztaro»n Donostiako eta Zarautzko dantza eta joko-etxeei buruz esaten dena kontuan hartzea.
Txillardegiren lehen nobela honetan, berriz, lehen zatian bertan, giro urbano batez inguraturik aurkitzen gara: parke batez, urmael bat duen parke batez, dantza-orkesta baten oihartzunak entzuten diren parke batez, hain zuzen. Leturia bera ere gizaki urbano bat da: irakurtzen dituen liburuak, ezagutzen dituen pintoreak eta musikalariak ez dira aurreko euskal-nobelagintzako pertsonaiek ezagutzen zituztenak; orduko 140 kilometro egiten duen tren batetan doa Parisa; bere leihoaren azpitik «automobilak eta motoak, "scooterrak" batez ere» pasatzen dira. Eta guzti hau ez da eraskin edo adabu bat nobelaren estrukturan. Aitzitik, Leturia bezalako pertsonaia batek eta bere barnean bizi duen problematikak nahi-ta-ez eskatzen du horrelako ingurune bat, ez litzake hortik kanpo (nork imajina dezake Leturia giro baserritar batetan) justifikatuko.
Argi dago, gainera, autorea giro urbano hau nabarmentzen ahalegindu dela, haren jokabidea ez dela oharkabea izan. Obran agertzen diren zenbait motibok (formalistek hitz honi ematen dioten zentzuan) giro urbanoa azpimarkatzeko funtzioa dute soilik, ezin daitezke beste ikuspegi batetatik esplika. Adibidez, «Cannes Club» delakoa (43. o.), «Marty» filma (52. o.), irratian entzuten den «Three Coins» kanta (47. o.). Nobelaren harirako beste edozein kantak berdin balio zukeen. Modan zegoen ingeles kanta hau aukeratzean datza, hain zuzen, kantaren funtzio urbanoa. Hildo berean, eztai batetan jotzen duen dantza-orkesta baten motiboak (27. o.) funtzio bikoitz bat du: alde batetik giro urbanoaren nabarmentze hau eta bestetik Leturiak ezkontzari buruz izango dituen burutazioei bide ematea. Baina argi dago burutazio hauk beste era batez, beste edozein aitzakiren bitartez eman zezazkeela autoreak: baina giro urbano bat adieraztea permititzen dion molde bat aukeratu du.
Joera hau exhibizionismoaren antzeko zerbaitera heltzen da zenbait mementotan, (adibidez, honenbeste izen arrotz eta frantzesezko aipuak (93. eta 95. o.). Baina gertakari hau bere neurri zuzenean juzgatzeko, ezin da atera bere texto-ingurutik, hau da, 1955 inguruan euskal-literatura eta bereziki nobelagintza aurkitzen zen egoeratik. Txillardegiren obra egoera honen aurkako erreakzio bat (baina batera, halabeharrez egoerak herak markatzen zuen erreakzio bat) izan zen. Eta alde honetatik, aurrerago ikusiko den bezala, «huts» batez baino areago, alde positibo batez mintza gaitezke.
«Udaberri» partean, 15. zatian, egiten den giro nekazari baten deskribizioa ere pentsamolde urbano batek taxutua da: hirigizon guztiek (eta, gauzak desitxuratuz, «600»arekin igandea pasatzera «mendira» joaten direnek) bezala, bakea eta irriberatasuna ikusten du Leturiak han, hots, baserritar batek sentitzen ez dituen (ezin sentitu dituen) gauzak [6].
Taxuketaren aldetik, nobelak zati ongi borobilduak ditu. Adibidez, Leturia Mirenez maitemintzen den prozesoan, ekilibrio ondo lortu bat nabari daiteke: «Udalen» parteko bigarren zatian neskatx bat azaltzen da:
«Ori idazten ari nintzala, aurreko iturrira alderatu da neskatx bat. Uraren ispillu igikorrera begira egondu da lipar batez; eta bere burua, ala urmaeleko ondo arritsua ikusten ote zuen, ezin esan dezaket nik, ametsetan bezelakoa bai-zuen begirada...
Orrean zegoela, zakur aundi sendorra ondoratu zaio zaunkaka, bere zakurra nunbait, arri koskor bat botatzeko eskean. Ametsai bet-betan utzi neskak, lilluragunetik asmamena kendu, ta zakur ederrarekin joan da. Neri ez galerazteko egin dio kiñua, ta iturritik joaterakoan barkatzeko eskatu dit begiradaz. Ez da arritzekoa: gazte bat parkean idazten ez da askotan ikusi oi; ta berak ere alatsu uste xuen noski.
Eta bakarrik utzi nau berriz, leen bezela, atzo bezela, zugaitzak eta txoriak nere lagun bakarrak ditudala.
Itzali egin da eguzkia odei-tartean...». (29-30. o.).
Neskatxaren deskribizioa nahiko «normala» da, ez da nabarmentzen narrazioaren harian, neskatxa Leturiaren sentimenduetan nabarmentzen ez den bezala: neskatxa hori «neskatxa bat» de, ez besterik, oraindik, protagonistarentzat. Horrela, Leturia ez da Mirenez gehiago arduratzen hurrengo egunean berriro parkean azaltzen den arte:
«Onelako gogoetan ari nintzalarik, zakur aundi bat igaro zait ondotik. Lengo egunekoa ez ote?
Alde guztietara begiratu dut, eta... berbera. Neskatxa Zerubide'tik nolatan zebillen ez nekien, eta orain ene ezin igarri. Alako eguraldi txarra izanagatik, andik zijoan ura, or zintzoa lagun, bidexka bustietan barrena; eguraldiaren txarraz kasorik batere egin gabe.
Aren ondotik igarotzerakoan kezkatan ibilli naiz, kezka farregarrian alegia: agurtu bear nuen? Edo-ta, ez dut pentsatzeko beta luzerik izan, eta «agur» esan diot ia oartu gabe.
Lotsatua gelditu da nunbait neska, urratsak arindu dituela bistan bai-zegoen.
Zer egiten ote zuen berak? Piska bat kezkatu nau, egia esan. Polita iduritu zait oso polita. Ez dakit nola den ere; baña giro busti ta illun artan margo-lore bizia zen bera, ta gorri-zuri gozoa iñoiz ez dut sentittu gaur bezin garbi ta kilikagarri. Bildurtuta zebillelako bearbada, xamurra izan zait txoil aren begirada, ta guztiz bernia. Nik bezelako kezkabide ta katramillak al darabilzki ausaz Zerubide'ko neska orrek? Zertarako aratzen da bestela orrenbestetan eta bakarrik? Trixterik eta uts-miñez al dabil ura ene?
Neska andik lekuturik, joaten ikusi bai-dut, itsaso aldera abiatu naiz, talai aldera, ta oiduntsu atertu du». (33. o.)
Aurrerabidea nabaria da maila guztietan. Lehen pasarteak hemeretzi errenkada betetzen ditu nobelan, bigarrenak hogeitamar. Bestalde, bigarren pasarte honetan Leturia ez da deskribiziora mugatzen, ardura bat mostratzen duen neskatxarengana: polita dela ohartzen da eta zer egiten ote duen parkeaz galdetzen dio bere buruari. Zatia ez da «prefabrikatua» [7]: zakurrak ateratzen du Leturia bere gogoetatik eta zakurraren bidez heltzen gara neskatxarengana. Pasarteko gainerako elementuak ere, hala nola agurrarena, ongi egokitzen dira egoerari, multzo harmoniko bat lortuz. Aurrerabideari jarraikiz, laugarren zatia osorik Mirenez ari da. Orain, Leturia «ez daki zenbat orduz» egon da parkean, «bera» ikusteko gogoa zuelako hain zuzen. Lagun batez baliatzen da neska ezagutzeko. Hemendik aurrera, nobela guztian Miren ez da Leturiaren gogotik urrunduko.
Hizkuntzaren mailan, inolako iraultzarik egin gabe, (alde honetatik Txillardegiren eta Arestiren traiektoriak oso desberdinak izan dira), postura berri bat mostratzen zaigu. Txillardegik gauzak esan nahi zituen eta hori ezin egin zezakeen garai hartan nobelan erabiltzen zen euskara ofizialarekin. «Inpresio», «espasmoak», «sentsazio», «autentiko», «in-autentiko» [8] eta horrelako hitzak ez ziren euskal-nobelak erabiltzen zituenak.
Hauk izan ziren Txillardegiren lehen nobelak ekarri zuen eraberritzearen elementurik inportanteenak [9]. Egia da lortu dituen frutuak ez direla denak maila gorenekoak izan, mamiaren mailan ez direla falta topikoak eta pentsamendu merkeak, eta espresioarenean ere, huts formal nabariak aurki daitezkeela. Baina orotara hartuta, Txillardegiren entsegua guztiz positiboa eta interesgarria izan zen, eta egin zen urtea gogoan hartzen badugu, dezisiboa euskal-nobelagintzaren gerorako. Zeren literatur-obra baten kritikan gauza bat dago ezin ahaz daitekeena: denbora. Literatur-lan oro denbora batetan ematen da, denborak markatzen du eta era berean denbora markatzen du. Ezin da denbora horretatik at aztertu. Behar bada, bere garaiari, bere garaiko beharkizunei erantzun bat ematea da literatur-obra baten betekizunik nagusiena. Hau izan zen, beharbada, «Leturia-ren egunkari eskutua»ren baliorik handiena: 1957an agertu zela.
Baina Txillardegiren lehen nobela honek ez zuen izan espero zitekeen arrakasta. Esan daiteke lehenago aipatu dugun idazleen maila alde batetara utzirik, ez zela ia irakurri. Hau esplikatzeko azaleko arrazoi bat eman daiteke: argitaratu zenean, inork ez daki zergatik, 300en bat ale besterik ez ziren zabaldu. Gainerakoak etxe inprimatzailearen ganbaran geratu ziren, 1969an, ezorduan, zabaldu ziren arte. Baina, agian, bada arrazoi sakonagorik: ohizko euskal-irakurlegoa ez zegoen, beharbada, bakan batzuek ezik, holako obra batetarako prest, eta irakurlego berria ez zen tenore hartan oraindik osatu. Autoreak (hobeki, Leturiaren paperen «biltzaileak») berak esaten digu zein irakurle-motai zuzentzen den, «uda» zatian dioenean:
«Amaika dira au probatzeko [barne-egunkarien moda] aipa genitzazkenak; eta, agiritzat, irakurleak ezagutzen dituen [10] bi gogoraziko dizkiogu: Kafka ta Amiel». (74. o.)
Hau izan zen bere «errua», edo, hobeki, garaiko euskal irakurlegoaren hutsa, zeren garai hartan Kafka edo Amiel ezagutzen zituztenak ez baitziren, ez, gure artean holako nobela baten arrakasta seguratzeko nahikoak.
[1] Ik. EGAN, 1957, 5-6 301. o. Poema bera «Elorri» liburuan (1962) berrargitara zen, 157. orrialdean.
[2] Ik. EUZKO-GOGOA, 1958, Orrila-Daguenila, 247. o.
[3] G. Aresti eta J. Miranderen garaiko poemagintza dateke joera honen exenplurik argiena.
[4] Detaile hontatik bertatik hasita, erraz da ikusten obra osoa girotzen duen sinbolismoa. «Peru Leartza' ko»ren hitzaurrean esaten den bezala, «Leturia' liburuan, bestalde, irudipenetan aurkeztutzen da dana: parkea, Miren eta arekiko maitetasuna, Paris'a joatea, eta abar, sinboloak dira» (VIII o.). Sinbolismoaren kontu hau baztertu egin dugu geure estudioan, hemen hartu den ikusmoldeari ezer gaineratzen ez diolako.
[5] «Euskal literaturaren historia», 60. o.
[6] Gerra aurreko euskal-nobeletan agertzen diren baserriaren eta giro nekazariaren deskribizioak ere ez dira baserritarrek eginak, noski. Nobela hauetan ere giro nekazariaren «interpretazio» bat aurkitzen dugu. Baina interpretazio hau egiten dutenak, nahiz ez diren baserritar, ez dira mentalitate urbano nabari bat duten gizakiak: «kaletarrak» dira eta hitz honek duen anbiguetate guztia aurki daiteke haiengan eta haien obran. Alde honetatik, bereziki interesgarria izango litzake euskal-nobelagintzan azaltzen den giro nekazariaren azterketa sakon bat.
[7] Argi dago nobela batetan, definizioz, dena prefabrikatua dela. Adierazi nahi duguna zera da, autoreak ongi ezkutatu duela bere eskua, pasarteari eskatzen duen egiatasun itxura emanaz.
[8] Alde batetara uzten ditugu «hipotesis», «hipnosis» eta horrelako hitzak, beste maila batetakoak baitira.
[9] Beste zenbait aurrerago aztertuko dira, Txillardegiren beste bi nobelak estudiatzean.
[10] Azpimarka gurea da.