Bigarren argitaraketa dela-ta, hitzaurre
Txillardegi
Donostian, 1977-ko Martxoaren 7-an
«Leturiaren egunkari ezkutua»
Leopoldo Zugaza Editor, 1977
LETURIA-ren bigarren argitaraketa hau dela-ta, hitzaurre gisa lerro batzu bederen prestatzea bidezko iruditu zait.
Urrundu egin da LETURIA. Arrotz egin da. Joxeba eta Miren ene kaskotik sortu ziren giro hura, politikatik urrun beharra, ez da gaurkoa, ezta gutxiagorik ere.
Eta, ni beldur, gaurko irakurle anitz, gazteenak batez ere, orain dela hogei urteko giro hura ezagutu ez dutenak, harritu egingo dira nik uste. «Zer ote da hori guztia? Zertara ote datoz barne-garrasi eta metafisika-kezka ero horik?»
LETURIA, liburuaren egilea bera bezala, gizon eta emakume guztiok bezala, bere giroko seme da. Eta urte haietan, pasatzen dexente hasia egia aitortzeko, etsistentzialismoaren moda zegoen. Camus, Sartre, Jaspers, Kierkegaard... Izatearen zoritxarra gailen. Eta gure Unamuno iragarle. Moda hasia zen pasatzen, nion. Etsistentzialismoak modan jarri zituen arazoak ez baitira pasa, ez baitira gainditu; gizona gizon deno ez baitira pasako.
Eta barne-min hori, «étre pour la mort» delakoaren goragalea, sinbolotan eta nobela gisa azaltzea bururatu zitzaidan.
Ez niri, ez da egia; ez osoki bederen.
1956-ko Apirila zen. Galiziara alferez sei hilabetez
egotera nindoan soldauzkara. Eta, joan aurretik, Koldo Miixelenarekin mintzatu nintzen; eta inork ez zekien neure «segretia» aipatu nion: Galizian pasa behar nuen denbora hura galdu nahi ez, eta zerbait euskaratzeko neure asmoa azaldu nion. Knut Hamsum-en Pan nobela zoragarria hautatua nuela, hain zuzen.
Ez, ez erantzun zidan brauki Mitxelenak. Inolaz ere ez! Zeure buruz asmatu behar duzu zuk nobela bat; eta horixe bai izkiriatu. Ez zazu, beraz, Hamsum itzul.
Ez nuen nik erantzun hau espero; eta zalantzan gelditu nintzen egun batzutan. Baina Maiatzean Galizia-ra iritsita, nunbait «ría» zoragarri haietako hosto berriek eta haize-bala hozkirriek pizturik, egitera deliberatu nintzen; eta LETURIA zoritxarrekoaren gorabeherak hasi ziren nigan mamitzen.
Camus-en La Peste (Izurritea) neukan gogoan; eta nik neuk ere, sinbolakuntza osoan, funts handiko liburu bat moldatu nahi nuen. Miren, horretara, gizonaren xedearen irudia zen ene asmoan, bidean aurkiturik eta absolutu bilakatua; «Zerubide», izenak berak salatzen duenez, Absoluturako bidean Naturaren irudia; Paris, berriz, unibertsalismoarena; eta, azken erremedio gisa, petrikiloarengana jotzeak ba zeukan, ene asmoan behintzat, Naturara bihurtu eta Zientzia soilari buruzko mesfidantza-kutsu nabarmena. LETURIA, azkenekorik, kristaua zen, geroko PERU LEARTZAKO-az bestaldera; eta nahiz oso heterodoxo izan.
Ez dakit oraindik ere ene sinbolakuntza horretaz inor, nik nahi bezenbat bederen, ohartua denik.
Nolanahi ere, LETURIA Ferrol-go lanperna usain eta «ribeiro» zuritan oratua izan da. Ene anaia bizkia ez bada ere, ene gaztaroko adiskide mina eta hurbila da Joxeba; eta ageri dela iruditzen zait. Horren barruan daramazkidan Puentedeume, Betanzos, Cedeira, Jubia, La Coruña, Arosa, Grove, La Toja-n sortua da. Oso barruan, bai; askoz ere beranduago Noruega-ko Stavanger-en gertatzean erreparatu nuenez... Castelao ez nuen orduan ezagutzen, zoritxarrez. «Ondiñas veñen e van» airean mamitua, LETURIA-k ba dauka, bere muinean, beharbada nik uste baino sakonkiago, «saudade» bortitz haren kutsua...
Beste giro bat, zeharo desberdina.
Krutxef-en Txosten famatua 1956-ko Otsailekoa da. Suez eta Budapest (gu guztiok ikaran!) LETURIA bukatzen ari nintzenean gertatu ziren. 1958-Maiatzeko deitik urrun, bakean eta isiltasunean zahartzen zen De Gaulle jenerala Colombier-des-deux-églises-en.
Gurean, berriz, hotzaldi betean, zer? Ilunpe itogarrian zirrikiturik ez. Noiztenka bakarrik, Abenduaren 3-etan, Larraitz eta Hernio-ko erromerietan, euskal arnasa bila alferrik saiatzen... Beldurrez, konfiantzako lagunen artean, batek edo bestek ausartzia handitan lortua zuen «Euzko Gogoa» bat aztertzen genuen: Zaitegi... Orixe... Andima... Euskaraz ikasi nahi genuen, eta ez genekien nola.
Gugandik hurbilago, Etxaide-k prestatu berria zuen nobela berria irakurri genuen euskaltzaleok (Etxaide-ren Joanak joan); eta pozez ikusten genuen politzi-nobelak ere euskaraz egin zitezkeela (Loidi-ren Hamabost egun Urgainen). Atzerrian, berriz, bagenekien, euskara zailean, Bidalien Egiñak argitara zuela Zaitegik. Urte latzak, urte tristeak, urte luzeak. Zinez! Agirrek ere senditzen zuen gure arteko tristura hura; eta Biltzarre Nagusira deitu zituen denak (mendiz joango?) Parisera. Arantzazun ere, kultur-mailan, alaitasun handitan, galda azpian ba zegoela ageri zen... Eta, apalki, Bastarrika, Intxausti, Azurmendi, Gandiaga-ren inguruan, JAKIN sortu zen. Hura poza!
Han eta hemen, benetako katakunbatan, multxo txikitan, euskaltzaleok biltzen: Mitxelena edo Berriatua-ren ondoan banaka batzu, Mirande edo Charrittonen ondoan beste batzu, edo-ta Santi Onaindia eta Nemesio Etxaniz, edo Elbira Zipitria eta Xabier Peña... Taldeska batzu, eguntsentiaren zai. Besterik ez. Giro hartako seme duzu LETURIA.
Noski! Gipuzkeraz agertu zen LETURIA. Eta bidezkoago iruditu zaidalako, bere hartan utzi dut: agertu zen bezalaxe dator berriro. Euskara batzeko beharraz ongi jabeturik egonda ere, Euskara Batu-rik ez zegoen 1956-an.
Politika girotik eta euskalgintzatik urrun sortu zela pentsa dezake norbaitek. Oker legoke. Euskaraz izkiriatzea bera aski zen garai hartan! Tunel betean mamitu eta argitara zen LETURIA. Hauxe da dena. Bere egileak aspaldidanik ezagutzen zituen Martuteneko aideak eta eltxoak, eta berriro ezagutuko zituela ongi zekien...
LETURIA, hitz batez, lekuko bat da. Ene lekukoa da, hasteko: hogei urte gazteago zen idazle harena. Giro hartako lekukoa ere ba da, ene ustez. Eta, sinetsi nahi nuke, euskal literaturaren berrikuntzan urrats txiki bat bederen ematen lagundu zuela.
Hurrengoa, gaurko girotik abiatua, egiten lagunduko ahal du irakurlea!