literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Irakurleentzako abisua

 

Joseba Sarrionandia

 

«Marinel zaharrak»

Elkar, 1987

 

        Behelainoa bafora ainguratuen artean, olatu suabeak eta soka tolesdura desberdinak nasa bakartiaren kontra, gezala eta petrolio usaina. Itsasoak ibaiko ura edan ordez, ematen du itsasoak duela bere ura ibaian gora altzatu nahi, lurrari muga irabaziaz, kaleak bustiaz. Portuko tabernara sartu eta marinelen —arrantzaleen, piraten— lekuan eseri naiz. Platerak eta basoak mahai gainetan, plateretan arraina lursagarrekin, basoetan zerbeza, edo kafea, edo edari fuerteren bat...

        Hemen eseri naizelarik, ezin dut gogotik apartatu poeta, berez, marinel zahar bat dela. Gure istorioak marinel zaharraren istorioak dira, ezteietara doan gonbidatuari, hau da, gu entzuten geratzeko apenas astirik gabe doan jendeari kondatzeko.

        Marinel Zaharrak titulatu dut, orduan., bilduma hau. Bere historia egiteko: duela urte batzu editore batek Izuen gordelekuetan barrena berargitaratzea proposatu zidanean, ene aldetik, hango poema batzu geroztik moldaturiko poemakin baturik argitaratzeari hobe eritzi nion. Handik gerora berendutu egin naiz, arrazoi desberdinengatik, ez dut abagadunerik aski eduki. Orain, berriz, astiarekin, ez dut materiale guzia esku artean eta, aukera zehatz bat egin ezinik, dudanekin moldatu dut behin behineko bilduma hau. 1978 eta 1980 arteko gehienak Izuen gordelekuetan barrena liburuan argitaratu ziren; gartzelan egindako poema gehienak ineditoak dira, Eguberri amarauna testuan edo Susa aldizkarian emandako bateren batzu salbu; eta 1985eko udaraz geroztikoak ere ez dira egundaino argitaratu. Bilduma honetatik aparte utzi ditut, finean, lehen liburuko orri ugari, gartzelan egindako kobla eta sonetoak, eta Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan agerturiko apokrifo batzu. Poemak kronologikoki antolatu dira, baina alderantziz, berrien izkiriatuetarik zaharragoetara; beraz, nahi duenak atzekoz aurrera irakur lezake liburua.

        Zertarako poesia hondamen haro hauetan? Hau da Friedich Hölderlin eta nahinongo poeten galdera. Gainera, ba ote da hondamenaren materiaz egina ez den harorik, gizonaren beraren bizitza hain galkorra denean? Zer ahalge gure haroetako poesia, isildu ezinik, errealitatea emendatu eta irauli ere ezinik, ezinezkoaren desirarekin, ezinbestekoaren sendimenduarekin horma gorrenaren kontra geratzen denean, agonian bezala, agonia bizitzaren aldeko burruka den aldetik. Baina poesia halabehar bat da: musika tresnarik ere ezagutu gabe oraindik harri haroan bizi diren australiar tribuen kantek erakusten dute. Gerora hezurrezko edo egurrezko xirula batez indartuko dute beren kantuen soinua. Gure egunetako marinelentzat ere halabeharrezkoa da kondatzea eta kantatzea, soinuarekin, edo soinurik gabe, lagun artean edo ia bakardadean.

        Ez dakit ene poemek euskal poesiari ezer baliozkorik ekarriko dioten; ez dakit, gainera, poesiak berak ezertarako balio duen. Baina, Jon Mirande eta Gabriel Arestiren heredentziarekin, Bernardo Atxagaren Etiopiarekin poesia modernoaren mailara heldu den euskal poesia itsasoaren eta lurraren mugaldeko marinel ostatu bat legez imajinatu nahi nuke, eta bertan eseri, ezen eta gu —pirata ingles harek esan zezakeen bezala— tolerantziarako eta taberna batetan edateko jaio gara.

        Eta euskal erresistentzian jarraitzeko ere jaio gara, marinela bere nabegaziorako sortu den bezala, eta burruka hori da egun libertateari eta giza duintasunari eman diezaiokegun hoberena.

        Liburu hau Mikel Albisuri dedikatu nahi diot eta, baitaere, Espainiako zein Frantziako gartzeletan dauden euskal presoei. Zelda hestuetan beren gelditasunaren, patio grisetan beren urratsen aldamenean, ene solasek aski lukete haien pausuen oihartzuna balira.

 

Bilaketa