Oharrak
Patxi Altuna
«Mitxelenaren idazlan hautatuak»
Mitxelena
Etor, 1972
Bizpahiru ohar egin nahi dizut, irakurle, gaur modan dagoen zenbait «dotrinatxok», Mitxelenagan bestelakorik irakur dezazunean, gehiegi txundi ez zaitzan:
1. Nola idatzi eta esan behar da: «lau pastila hartzen ditut egunoro» ala «lau pastila hartzen dut egunoro»? Bigarrena bakarra ahal da zuzena, norbaitek oraintsu idatzi duenez, ala biak daude ongi? Biak daude ongi! Hona zergatik: edozein hizkuntzatan dituzu honelako esaldiak: «la mayoría es demócrata» / «la mayoría son demócratas»; «alius ab alio rumoribus impleti» / «alius ab alio doctus dicebatur», etab. Hots, bi eratako elkar-egokia berezi behar da: gramatikari dagokana eta esan-nahiari dagokana. Gramatikari gagozkiola «lau pastila» ez da plurala; esan-nahiari bagagozkio, ordea, «lau» edozeinen buruan «bat gehi bat gehi bat gehi bat» duzu. Horregatik oso aspaldidanik betidanik? dituzu euskaraz «lau pastila hartu ditut» eta «lau pastila hartu dut» edo antzekorik esaten dutenak: bata gramatikaren arabera, bestea zentzuaren arabera taxutuak. Egungo egunean eta Gipuzkoan bertan, urrunago joan gabe, esaten dira oraindik bata nahiz bestea. Ez da oraindik urtebeterik Gipuzkoako herrixka batean guraso batek bere ama zaharrari galdatu ziola: «zenbat pastila hartzen dituzu egunoro?» eta amonatxoak erantzun: «lau pastila hartzen dut». Mitxelenak, ikusiko duzunez, bietara erabiltzen du: inoiz singularrean, gehienetan pluralean.
2. Zenbait hitz beti berdin ez darabildala ohartuko zara, agian. Esaterako: nahitaezkoa / nahi ta ez; urriki / erruki; ihardun / jardun; hona / honela; bagenerabilzki / darabiltza; diezaguke / dizaiogun... Honi buruz hona zer idatzi zidan Mitxelenak berak: «Momentu hau dugu izan daitekeen okerrena, lege berriak ia egunoro agertzen baitira. Ezinezko deritzat, beraz, lehen idatzirik dauden gauza luzeak, liburu horretakoak esate baterako, osorik azkenengo legeetara aldatzeari. Hauxe da orain hartuko nukeen jokabidea. Nihil uarietur edo eskatzea ez litzake bidezko: aldakuntzak, ordea, zenbat eta bakanago egin, hobe. Esku osoa duzu, zenbat gauza dauden daudenean uzteko: ohar bat ipiniko dugu aldatzeak zituen eragozpenez, eta kito».
Ez dut esan beharrik Mitxelena jaunak ematen zidan esku oso horretaz gutxi baliatu naizela; aldatu beharrik gehienak, edota aldatu beharrezko iruditzen zitzaizkidanak, aldatu egin ditudala. Aldatuek nahiz aldatu gabeek, ordea, Mitxelenaren ikusia eta oniritzia dute. Batago ez badaude, honexegatik ez daude: lege (?) direlako horiek Euskaltzaindiaren baiezkorik ez dutelako oraindik eta nola erabakiko dituen jakin gabe zeuden zeudenean uztea hobe uste izan dugulako.
3. «Lau menditako ura biltzen du erreka honek»: hala esan behar da dudarik gabe, «mendia»-k tokia adierazten baitu. Baina «lau urtetako» ala «lau urteko haurra», nola esan behar den ez dago batere garbi, «urte»-k ez baitu tokia adierazten. Mitxelena jaunak honelakoetan ez duela garbi ikusten esan dit eta berak idatzi zituen hartantxe utz ditudala. Horregatik inoiz «lau urtetatik lau urtetara» aurkituko duzu eta inoiz, aitzitik, «lau urteko lana» edo antzekoak.