literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Sarrera

 

Orixe / I.M.A. Estefania

 

«Barne-muinetan»

Orixe

Itxaropena, 1934

 

        Liburutxo oni bizpairu sarrera-itz ipintzeko ez nedukan adiskide galdurik, artara ezkero, baina legunkeriz beteko nindutelakoan, neronez ekin diot, dutan asmoa azalduz. [1] Asmoz, ager-asmorik ez nun azken-ordura arte. Orain bost urte, egiteko asmo aundirik ere ez. Arrezkero egin ditudan bioz-bertsuetatik zenbait, —aurrekoetaz zer esanik ez—, ilunbetan geldi-bearreko nitun.

        Alako batean «Lizardi zanari» (G. B.) beraren eskabidez, lotsa ta bildur, erakutsi nion, irakurle, lendanik dakizun irukoa. Erakutsi ba nion erakutsi nion. Aren zirikak! Egiteko are; argitaratzeko lenbailen, erdera aldamenean zutelarik. Oriek ola ta, iragarri zuten Errenteriko norlenka. Ez neri gogoak eman ere ara bialtzerik. Ikus,-ordea, zer idatzi zidan «Lizardi»k:

        «Tolosa'tik, 1930'gneko Jorrailaren 19'gnean. Ala-olako adiskidea: Beltza egin didazu ta eztizut berealakoan barkatuko. (Bilbao'n eskura eman ez ta korreoz bialduko agindu nion, eta luzatu nonbait). Ni zure bersoak milixkatzeko irrikitzen, ta zuk uts... Gizona, etzaiteala orrelako lotsatia! Oda bakar bat baderik, dagoanez dagoala, bialiko didazu. Neretzakoxe gordetzea agintzen dizut.

 

* * *

 

        «Eskualduna»koa ikusi nun. Milla esker, adiskide. Beste millatxo bat emango al dizkizut laister. Orretarako zuk dakizu zer egin bearrik zeran: Izan zaite otxana ta konplazientea (!) Agur. LIZARDI».

        Urrengoan aurreraxego sartu zitzaidan: «Tolosa'tik, 1930'gneko Orrillaren lena. Adiskide "txintxo": itzari eutsi diozu orratik, nekez bederen gizaxo orrek. Milla ta milla esker.

        »Zure itz neurtuak geldi geldi ta lau edo bost aldiz irakurriak ditut: batzuk ba dakizkit buruz ere. Esango dizudanari ez koipekeri etsi. Olerki oiek, nere iritzirako giar-giarrak dituzu, ta biotz-indar bikain batek eragiñak. Etzazula, gero, lan ori utzi bertan-beera; jarrai zatzakio astiro astiro; ori da benetako "literatura", ta ori, egiazki gure mintzo gaxo au gorentzea. Ta... amabost ogei bat bildutakoan atera liburutxo bat. Nik, zure tokian liburutxo ortan euskeraren alboan itzulpen on bat ipiñiko nuke". (Ala egin ere dut, aren aolkuari nagokala).

 

* * *

 

        »Errenderirako, gero, ez aztu: bi edo iru olerki bear ditugu zureak. Ea gure lenbiziko aritz-arbazta zuretzako dagoan.

        »Zure olerkiak, agindu bezela, eztizkat iñori erakutsi; axolarik ezpadizu esadazu, ta nere adiskideei emango dizkiet, ea zer irizten dieten.

        »Ongi izan... LIZARDI».

        Urrengoan, politika geixagoz: «Tolosalik, 1930'gneko Orrilaren 4'gnean. Adiskide: zurea bart jaso nun. Baita ere irakurri bertsoak. Politak dituzu, Errenderirako erakoak". (Itzai zekena ta beste bat bialdu nition).

 

* * *

 

        »Nik neronez ere zerbait biali nai nuke, ugaritasunaren ederrez, baña motela naiz, ta ez jakin garaiz ezertara iritxiko al naizen.

        »Ta zure olerki sakon oiek ez bialiko? (Ikus aren asmoa. Len inori ez erakutsiko). LIZARDI».

 

* * *

 

        Eginalak egin nitun ezezkoan, bai itzez ta bai kartaz, baina azkenean eskuratu egin nindun, eta bialtzeko baimena eman nion, porrot egingo zuten bildurrez ere. Beste biengatik etzidan axolik. Geroz ere bialdu dut «LIZARDI gurean», ederragoak bildurrez utzita. Barnekoegiak iduri.

        «Zerorrek lan ori artu nai ezpadezu, esan, ta nik bialiko ditut zure izenez». (Orrilla, 4'g).

        Nik bildur bezala gertatu.

        «Ohorezko aipu delako edo «accesit» bat eman nai dizute zuri, baña zalantzan dira, ez ote dezun zuk naiago, agian zurerik ez aitatzea, saria eman eztioten ezkero». (Orrilaren 26'g).

        Euskalzaleak'en izenean esan zidan, eta ezezkoan idatzi nien. Ala ere agertu egin ninduten.

        Lizardik eta Euskalzaleak lotsetatik atera ninduten ezkero, emen agertzen naiz beste bost iruko okin. Au nizun Lizardi zanaren nereganako azken-nai gisan. Urrena berriz, gizon gutxi-ikasi batek buruz gogoraerazi zidan «Iainkoagan bat» deritzonaren xati bat, nik uste baino geiagorentzat zala adieraziz.

        Bestenaz, argitara bage luzaro idukitzeak, barne-zimiko egiten zidan, Iainkoaren izen santua eder zezaketelakoz.

        Buruenik, laister beste bertsu errirako [1] batzuk eman bear ta, ok len-zitu antzo eman nai izan ditut. Aurrenik Iaungoikoa, egun oinbestek uka ta iraintzen duten Iainkoa, nik, albait, aitor ta eder nai nukena.

 

 

Liburu ontaz iritzia

 

        Liburu oni itzaurrea ezartekotan, Iesulagun Estefania'tar I. M.A. burura zitzaidan aurrenik —baita beste nere adiskide aundi bati ere, elkarren berri bage— inork baino ezagunago baititu nere idazlan argitaratuak eta ezak. Argitara baino len, aldaki bat bialdu nion, eta erabateko iritzi au igorri zidan bere berez, emen ager nezakenekoan.

        Besteren batez ari danean, egizale da, inolaz ere, eta itzak ongi neurtzen ditu; nitaz ari dala, ordea, olako goratzapen beroa, adiskide min izateak eragin diola dut susmo. Barkakizun diteke, beraz, esan luken geitxokeriz. Onela dio:

        «Barne-Muinetan. Euskera atseginetan da: olerkari gisakoak ba ditu, ta alboko zenbait izkuntzek egun ager ditzaketen baino sendoagoak eta berengandikagoak. «Orixe» oberenen artean gendun sortu bezalatsu lirika gaiean. Zuzen idatzi zidan «Lauaxeta»k: «mingarri da onek (Orixek) lirika-sailean ez areago iardutea». Liburuxka onek argi darakus zuziatu etzala. Xaki berriko olerki Iainkotiarrak ditu ok. Droste-Hulshoffs, Verlaine, Manzoni, Verdaguer, Gabriel y Galan eta olakoen arau ontako olerki-sortak ez dute Ormaetxearen onekin katoliku izatea beste ar-emanik. Buru-argia ta bioz-beroa ezin obeki elkartzen ditu: antze-idazketan ikasiaren tankera ta erri-gizon iatorrarena berebat elkartzen ditu. Au du bereizgarririk ondozkoena ta sarkorrena. Onek dio berezkiroko eitea ta kera berria, bere-beregandiko ditunezkoa. Sineste-egiak, Ebanjelio-egiak ditu; bere barne-muinetan erne ta auznartuak ordea. Begikalduz baino buru-eraginez igurtzigoak edo ditu ausaz guziak; zenbait, nabaritxo ere bai, zimel-giro antza dutelarik. Biotz-eragin sendoa baitute ordea, aitzaki ortatik lekura daude. Kristauaren zinezko biotz-eragina dute, ezeztarainoko umiltasun sendoz betea, seme bati deritzon uste onez ta lasapidez betea; alakorik baita kristau sinesteduna Iainkoagan ta Iesukristo Erosleagan bere sinestea ondo tinkatzen dunean. Ontatik du biotzondo ain nabaria, ez gaindizkoa, ez belaxka; gizaki benazkoarena baino. Orrek ematen die bertsu oeri, gaurko antze-idaztietan nekez ageri dan bezelako sendotasun bereizia. Alare, egilearen barne-giroari zor ote zaion ere irizgarri da. «Barne-muinetan»go poesi-mamian eta azken urte ootako Orixeren lirika osoan, ibai-geldi antzeko zerbait oartu dut buru-biozketari nagokala. Ezin-ukatuzko liriku-giroa galdu bage, geldi-giro aundikitar bat erauntsi dio; epiku-usaia, nik uste, besterik baino. Ondorioz ordea, poesi iatorra, benetan gogokoia, bere-beregandikoa, sakon, goitar, xume agertzen dana; barnegiro klasikua ta kristau-biotz goria zitu ta errainu darakustzina. Poesi iatorra, gain gainekoa, oro dendu, gartxu, osasun, naiz kristau-arauz, naiz antze-arauz. Eta bere ariko guziei edo guzitsuei alde au kentzen die: ez-ikasientzat ere erritar, adi-errez izatea. Bakarra dugu Orixe ikasizko ta erritikako antzea, ots, ikasiaren eta erriaren burutapena elkartze ontan. Esagun berriz beinola esana: «gaur-gaurko euskal-idazketa lurrak artzeko, artan errotzeko, ta bear dun ioera emateko —mendiko eguratsean bizi baita— ez genezaken amestu ere Orixe baino oberik».

 

        [1] Bertsu ok ez dira erri xumearentzat, zerbait eskolatuarentzat baino. Ez-ikasiarentzat ene adi-errez egiten saiatu naiz, baina gaia alakoa dute, ta egunero Elizara dabiltzanentzat obeak dira.

        [2] Alare, ikusazu urrena liburu ontaz iritzia

 

Bilaketa