literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Orixeren bizi-berri laburra

 

J.I. Goikoetxea «Gaztelu»

 

«Euskaldunak»

Orixe

Auñamendi, 1972

 

        Nikolas Ormaetxea, euskal letretan «Orixe» izengoitiz ezagunago dena, 1888go abenduaren 6an jaio zen Orexa deritzan gizpuzkoako errixkan, leku menditsu ta malkarrean, Nafarroako mugan eta Lizartzatik eta Gaztelutik urbil. «Munduko ipurdia» esango dio berak bere jaiot-erriari. Bere gurasoak Joan Bautista Ormaetxea eta Manuela Inazia Pellejero izan ziran. «Iriarte» baserrian jaio zen, orduan bertako jende geienak ziran bezala, nekazaritzako ta artzaintzako etxekoen artean. Gurasoak gero «Benta Berri» baserrira aldatu ziran eta, azkenik, etxeko alaba zuten arreba ezkondu zitzaienean, «Gogortzanea» erosi ta bertan jarri ziran bizitzen.

        Martin eta Dunixiren anaia iruxkia zen Nikolas, eta irugarren jaioa; leen ere anai-arreba andana luzea bazen, orain batean beste iruz ugaritu zen. Garbi asko esango digu berak: «Ama gaixoak, aurraldi batez, / titi baiñon aur geiago» izan zituela. Eta «azken jaioa zalako» eta iruretan aulena, amak irurak ezin azi aal izan zituelako, eta ez gaiztoz, Nikolas txikiari iñude bat billatu zioten Uitzin, Nafarroako Larraun ibarrean; toki ikusgarri ta maldatsua, basoz betea ta errekaz ugaria. An, «Errekalde» baserrian, esku zabalez eta maiteki artu zuten, batez ere Mari Axuntxi bere amona-ordeak. Emen azi zen eta egin zuen aurtzaroa ta morroin-aldia; emen egin zituen leenengo ikasketak eta nekazari, artzai, egurgille ta ikazkiñekin esku artu zuen; ara biltzen ziran auek eta, igande-arratsetan, etxe ura ipuiz ta kantuz pozarazten zuten.

        Egilleak berak, «Euskaldunak» VII Kantuan aditzera ematen digu nolakoa zen bere azitetxea, ainbeste jendeen aterpe zena; Erriberako mandazain arena adibidez, VIII Kantuaren azken aldean aipatzen duena eta arkume-erosketan ibiltzen zena. «Erreka aldean» zegoen etxe arengatik bere leenengo eskola eta Euskal Erriaren biotza zela esango digu. «Elbarren» izeneko ballaran dago eta erriko etxe aundiena da, iru bizitzekin, eta aren ondotik errekatxo bat dijoa; ortik izenaren egokitasuna. Garai artan, aietako bietan, ama-alabak bizi ziran bizitza bakoitzetan; txikienean alaba, ain arduraz azi izan zuen iñudea. Maiz beste sukaldera igesi joaten zela esango digu.

        Artzaintzatik artutako esaeraz, norbaitek (fraile bizardun batek) «gaitzetsi» delako izengoitia jarri zion. Leenengo 17 urte Uitzin igaro zituen. «Orixe»k maite zuen Uitzi eta ez du iñoiz aaztuko azi zeneko erria, bere poema nagusian betiko izena emango ziona. Uitzitik ere artu omen zuen gero erabilliko zuen «Orixe» izengoitia. Urtero Orexara etortzen omen zen, eta bein Uitziko agure batek, aren etxe aurretik igarotzean, onela galde egin omen zion: «Orixe-ra al zoaz, Nikolas?» Ortik bere izengoitia.

        An izan omen zituen bere bizi guziko bi maisu onenak. Eskolan bat, erriko maisua, eta bera azitako familian bestea, amona-ordea. Leenengoagatik zionez, ez Lagundian ez onetatik landa ez omen zuen izan Uitziko eskoletan izan zuen bezalako irakaslerik. Amonagatik, berriz, bere otoitz-gurasorik onena izan zela dio: «Ua lako gurasorik / otoitzean ez dut kausi».

        Amaika urtekin utzi zuen eskola eta amazazpi zituela Xabierreko Jesuitetan sartu zen (1905), jesuita bat bokazio billa errira etorri zen batean, maisuak eta apaizak orrera bultzatuaz. Xabierren bi urte; gero Loyolan bi urteko nobiziadoa eta ondoren umanidadeak ikasten. 1910an Burgosko La Merced ikastetxera klasikoak ikastera; 1912an Oñan filosofia iru urtetan. 1915an Comillasen bi urtetan irakasle; 1917an Carrión de los Condes-en, 1919an Tudelan eta 1920an Xabierren kargu berarekin, 1921an Oñara dijoa teología ikastera, eta 1923an, ikastaroa etenda, berriro Xabierrera; eta urte ortan bertan Lagundia utzi eta etxera egingo du. Jainkoak ez zuen nai nonbait gure Nikolasek apaiz-mailla burutu zezan; gaztearen izakera ezkibel eta ezigaitza zela, edo bere nagusien irizpen ertsi ta zorrotzegia zela ta, dena dela, ordena utzi bear izan zuen.

        Bere bizitzako muga mingarri oni buruz, 1953an onela esaten zion Aita S. Onaindiari, onek aren bizitzako berri eskatu zionean: «Nere biziko itzal aundia, itzal igaro egizu, edo bestela au jarri: "Hizo sus estudios en la Compañía de Jesús, de la cual fue despedido como San Luis Gonzaga y San Francisco Regís"».

        1923tik 1931 urte arte Bilbaon bizitu zen, Euskaltzaindiaren buru zen R. M. Azkuek deituta, zortzi urte luzetan akademi-lanetan berari laguntzen, eta «Kirikiño» il zenean onen lekua bete zuen «Euzkadi» egunkariaren euskal orrialdearen zuzendaritzan. Urte auetan «Santa Kruz Apaiza»ren bizitza (1929), «Tormes'ko itsu-mutilla» bizkaieraz (1929) eta Mistralen «Mireio» (1930) euskeratu zituen.

        1928go azaroaren 28an, Euskal-Esnaleak elkarteak eratuta, itzaldi bat eman zuen euskal neurtizkeraz. «Orain arteko euskal neurtitzak» izenez. Entzuleen artean Jose Mari Agirre, euskal letretan «Lizardi» izengoitiaz ezagunago dena, gertatu zen; an elkar ezagutu zuten eta ordutik asia zuten bien arteko adiskidetasun miña, bigarrenaren muga-aurreko eriotzeraiño aunditzen joan zena. «Orixe»k eragin zion «Lizardi»ri bere «Biotz-begietan» olerki liburua argitaratzera; «Lizardi»k bere aldetik «Orixe» «Euskaldunak» poema egitera bultzatu zuen bezala, baita mistikozko bertso geiago ondu eta «lenbailen» liburu batean argitara zetzan. Eta onela, 1934an, berezko uzkurtasuna ta lotsa galduaz, «Barne-muinetan» izeneko sakel-liburu trinko ta mamitsua argitara eman zuen.

        1931tik 1936 arte bere jaioterrian bizitu zen, buru belarri «Euskaldunak» poema ontzen eta borobiltzen; 1935rako egiña zeukan osorik, baiña denentzat ezagunak diran ondoreko gorabeerak zirala-ta, 1950 arte ez zen argitaratu aal izan.

        1936an preso artu eta Iruñeko San Cristobal gazteluan giltzapetu zuten. Zori onez, laguntzailleen aalegiñei eskerrak, libratu zen eta 1937 urte osoa Tolosan, arrebaren etxean igaro zuen. 1938an Frantziara pasa ta leendabizi Donibane Lohitzunen bizitu zen. 1940an Saubinonera (Lourdesen) jo zuen eta 1943an, maiatzak 6, Air-Sur-L'Adour-era joan zen. Emendik Betharram-era, gero Baigorrira eta azkenez berriz ere Donibanera. Emen, bestek eskatuta, Lefèvre Misal-a euskeratu zuen eta, 1949an, Garikoitz'tar Laguntzailleak argitaratu zuten Tours-en, «Urte guziko Meza-Bezperak» izenez.

        Bere illobak dionez, Frantzian zegoela, «campo de concentración» delako batean egona zen alditxo batez, alemanen eskumendean, eta an egon zen bitartean aiña lan iñoiz ez zuela bere bizitza guzian egin esaten zuen, eta ango zaintzalleak arrituta zeuzkala nola lo egiten zuen ikusiz.

        Frantziatik Argentinara joan zen eta emendik, Chile, Perú ta Bolivia barrena, El Salvador-era eldu zen, J. Zaitegik deituta, sortu berria zuen «Euzko-Gogoa» aldizkarian lagun zezaion. Mouyshondt senar-emazteen «Miramar» deritzan landetxean egon zen. An, bakardade loretsu ta epel artan bizitu zen, Andima Ibinagabeitiak dionez, Llul berri bat bezala, barne-bizi sakonean bilduta. Mallorca-ko «Miramar»en ondu zuen Llulek, beste lanen artean, bere «Llibre d'Amic e Amat» elkar-izketa, eta «Orixe»k ere era berean El Salvador-eko «Miramar»en ondu zuen «Quito'n arrebarekin» deritzan mistikozko elkar-izketa bikaiña, «Euzko-Gogoa»n atera zena; gai berari buruz beste mistika-lan bat ere burutu zuen, bera il zanetik amar urte buruan «Jainkoaren billa» izenez Donostian argitaratuko zena.

        «Orixe»k ez zituen iñoiz aaztu jende aiek, eta «Miramar 1954» deritzan olerkian bere esker ona agertzen die esanaz: «Gizaingeru diran Mouyshondt'arrak oro / emen barne ontan nigaz daramatzit». Bidezko da guk ere emen euskaldunen ikustatea «Miramar» landetxearen jabeei agertzea, batez ere Andre Mercedes eskuzabalari, «gure Mameme maiteari», Andimak dion bezala, gure idazle aundia, eta berarekin gure euskera, beren etxean ain maiteki artu ta zaindu zutelako.

        Gaiñera an euskeratu zituen San Agustiñen «Aitorkizunak», 1956an Zarautzen argitaratu ziranak, baita Daviden «Salmotegia» ere puntutan.

        1954go azaroan bere lurrera itzuli zen, bere illobak dionez, egunero Jaun artzeagatik bakarrik; Andimak dionez berriz, osasunez makal zebillelako, sorterriko aizeekin osasuna berritzeko asmoan. Leendabizi Lazkaoko beneditarren artean gelditu zen. 1956an, Lazkaotik berriro Tolosara aldatu zen eta urte orren beraren azken aldean Orexara joan zen. 1958an, Orexatik Aramara (Gip.), bere illoba Jose Mariren etxera, eta au Añorgara aldatu zenean berarekin etorri zen «Zabalegi» lurlantzako etxaldean bizitzera. Emen ere etengabe jarraiki zitzaion idazlanari il arteraiño. 1959go azaroaren 28an, Leitzan eratutako akademi-jaiean Euskaltzaindian egin zuen sarrera. 1961an irabazten ditu «Lizardi» saria Tolosan eta «Olerti» saria Larrean. Eta 1961go abuztuaren 9an il zen Añorgan, «Zabalegi» etxaldean; bere ezurrak Donostiako Polloe illerrian gelditzen dira.

        «Orixe» aundiak asko eraman bear izan zuen batzuen eta besteen aldetik, eta baita bere izakera oldarkoi eta gorputzeko aultasunagatik ere. Ordea, otoitzean billatzen zuen bere oiñaze ta naigabeen aringarria. Adimeneko ezieraren aldetik, eskolastikoa genuen eta joera berrien etsai; zuzen-legeari dagokionez berriz estuegia eta zorrotzegia zen.

        Baiña euskal gizon jatorra bezala, eredutzat artzekoa dugu. «Orixe»k bere bizi guzia euskerari eta onen lantzeari eskeiñi zion. Au egiztatzeko, bere itzak berak aipatzea onena. Sorterrira bide abiatu zela, Guatemalako adiskideei agur egitean, auek euskerak diru asko eman ote zion galdetu zioten eta, aien galderari erantzunaz, «Euzko-Gogoa»n onela dio: «Neri aiña idazleetan iñori eman ez diola uste nuke. Baiña kendu didana? Kontu orrenik iñork ez du ateratzen. Matxinadatik iges egiteko muga igaro nunean, bereala egin zidaten eskutitz bat Bordeleko Universidadeko Irakasle diran Guillaumie senar-emazteak. Aiek naiko lezioa biribilgatuko zidaten eta ala, bai, aberastu ere egingo nintzan. Baiña nere emaztegairik kutunena euskera izan da, ta oni atxegin egitearren nere burua arloteago ikustea ederretsi dut. San Salvador'ko Universidadean ere, sarrera ba-neukan, polikitxo irabazteko bidearekin; baiña nere emaztegaiari txatxan egiten ari nintzala diru askok igesegin dit. Orra egi garbia. Baiña nere emagazte polita, obeki esan, ederra, ondo jokatu zait, gaixoa. Diru asko ba'lu, guziak neretzat lituke, baiña dirua baiño geiago balio dun zerbait eman dit».

        Eta bere bizitza guzia, bere arnasa ta kemenak ontara bildu zituen: izkuntzaren lantzera, jasotzera ta ekintza garaietarako egokitzera. Ortarako iñork ez bezala menderatu zuen euskera. «Su conocimiento de la lengua, esango du L. Mitxelenak, y la destreza con que ha sabido manejarla no necesitan ponderaciones. Preocupado por lo que creía hallar de pesado y monótono en el ritmo de la lengua, preocupación por cierto muy moderna, se ha esforzado siempre por darle rapidez y variedad y, aunque no todos sus ensayos podrán merecer el mismo aplauso, de hecho ha conseguido hacerla sonar como un instrumento nuevo. Sus recursos han sido muchos: su acierto en la formación de palabras, signos precisos y transparentes de nuevos conceptos, ha sido extraordinario y también debe señalarse su respeto, raro en un tiempo, por el vocabulario tradicional cargado de valores que no puede ser sustituido sin gravísimo detrimento por equivalentes incoloros. Con todo, dio idazle berak, el gran secreto de su estilo está probablemente en lo más sencillo: en la certera utilización de las posibilidades expresivas de la considerable libertad que admite la lengua en el orden de las palabras».

        Eta beste leku batean ere au dio: «Zenbateraiño jabetu zen izkuntzaz, itzulpenak ematen dute aditzera bere baitarikako idaz-lanek baiño areago, lotuago baitago beti itzulketan ari dena bere aoz, orrelako lokarririk gabe, mintzatzen dena baiño. Eta lokarriak kate gogor biurtzen dira itzul-lana neurtitzetan egin bear denean».

        «Lizardi» ta «Lauaxeta»ren garaiko zelarik —bi garaienak bakarrik aipatzearren—, etorri aundikoena ezpada ere, mende onen leenengo erdialdeko idazle beteena dugu «Orixe». Izpidean dago idazle bera, dionean: «La figura más representativa de un período de las letras vascas que dura todavía hoy —mucho más que Lizardi, prodigio solitario— es Nicolás de Ormaechea, "Orixe"... El es acaso en varios aspectos el autor más importante de toda la literatura vasca y es también en cierto modo, en la coherencia y en las contradicciones de su personalidad, como un compendio del complejo carácter de un pueblo, que no es tosco y simple más que para los ojos que no penetran más allá de la superficie... Polemista encarnizado, acre y como suele ocurrir no siempre justo —contra el verso, contra la cultura, contra los clérigos evolucionistas y contra otras muchas cosas—, es también un místico extraño en un pueblo de gentes para quienes la religión es fundamentalmente un conjunto de normas éticas y de preceptos legales dentro de un sistema bien organizado que abarca el universo visible e invisible».

        «Orixe»k obra ugaria utzi digu, bai itz lauz bai neurtitzez, berebaitarikoa edo itzulia, bearbada euskal idazle batek luze-zabalean eta kalidadez iñoiz utzi duen larriena, andi-andizka arturik. Aipatu diran lanaz gaiñera, bereak ditu Estetikaz, Filosofiaz edo Ontolojiaz egindako saiakerak, eztabaidazko, irizpenezko, gramatikako, joskera-legezko t. a. lanak. Baiña bere idazlan guzien artean, neurtitz-lanak ditu, batez ere «Euskaldunak» poema, «Barne-muinetan» eta erbestean ondutako olerki-sailla, maisu-lan bezala nabari diranak. Iñork ez ditu berak bezala literatur-jakintza jatorra ta erriaren laiñotasuna ta bekuntasuna elkartu aal izan. Bere poesi mistikogatik Aita Estefaniak zuzen bai zuzen esana dauka: «poesi jatorra, gain gainekoa, oro dendu, gartxu, osasun, naiz kristau-arauz, naiz antze-arauz».

        Bere poesiari gagozkala, berak «Lizardi» gatik esana berari erantsi genezaioke: «Batez ere, berak bere buruz ikusia, ondo ikusia, agertzen zun... Gauzai ondo begiratu, berriz begiratu, sarri begiratu, ta ola asmatzen dira egiak... Udalena, uda, udazkena ta negua, eguna te gaua, guziok ikusi ditugu, baiña zenbaitek, zer egiten dute oietaz olerki bat egin bear ta? Olakok gai ortaz egindako olerkiak ba ditu, ta aiek argituko naute, nik ere egiteko. Zoroa! Egunaren argia utzita, eguzkiaren argia utzita, illargiaren argi-billa zoaz? Nondik artzen du argia illargiak? —Eguzkitik. Nondik artu du olerkari onak bere eguna, gaua, udalena, udazkena?— Gauzetatik beretatik. Zoaz ba zu ere, ta begira gauza oiei, oiekin itzegin maiz, oiekin jardun, eta urrutiko gezurrik ez dezu aterako. Te ezagutu ezkero, maitatu ere egingo dira. Ezaguerak maite-txingarra aterako du... Zerorrek atera txingia gauzai, zerorrek atera ao-goxoa egunari, gauari, udalenari, udazkenari. Au egin zun Joxe Mari zanak, eta onengatik da egizale aundi, olerkari aundi».

        Au da berak egin zuena, eta bere poesi guzian leenik autematen zaiona bere oarpen-doai biziak dira eta egiazko bizieraren, erri baten eta berberaren bizitzako gauza xee ta arronten oarpenaz ainbat balia izana. Idazmoldea berriz jatorra, trinkoa, zeatza, berebizikoa du. Jatorrizko joeraz nonbait, edo bere klasikotasun sendoaz areago bearbada, ez du iñoiz mintzoa arrotzen; agian frantses poeta ura iñoiz irakurri ez arren, iñork baiño obeto jakin izan zuen «erretorikari lepoa biurtzen».

        «Lizardi»gatik onela zion berak: «Biotzik bai ote zun? Ezetz ere esan du norbaitek itzez nere aurrean. Olakoarentzat olerkari izatea negarti izatea da bear bada. Biotzak ixur-xulo asko ditu: batetik negarra dario, bestetik parra, atsegiña, alaitasuna, gorrotoa, maitasuna. Parra ta poza, alaitasuna, atsegiña eragiten batere ez da errezago. Biotza ez du "Lizardi"k ixuria, bai ordea eraginbera ta eragillea. Besteren biotzari eragiten dionak, berea geldi ezin iduki. "Negar eragin nai badidazu, ezazu min zerorrek lenik", esan zigun Horati'k. Maiz ordea, biotzak min geiago du negarrik bage. Dardararik aundienak ez dute malkorik... "Lizardi"k biotza gizakia zun, euskalduna zun, gordea zun, bai biotz aundia, berez eraginbera ta besterenaren eragillea».

        Baiña ez da izenik ez osperik narriorik zor ez duenik eta aren ondoren urak bide luzea egin du. Auzi berriz eta, batez ere, pentsakera berriz Euskal Erriaren kultura zaarra errotzen zen oiñarriak gaiñazpikatuak izan dira, eta «Orixe»k ez du gaur orain zenbait urte izan zuen bezalako arrerarik eta ederrespenik arkitzen. Alaere, gogoan eukitzekoa da L. Mitxelenaren beraren oarpen hau: «Gure ondorengoek, orain pixkaren bat aazturik badaukate ere, aurkituko dute berriz egunen batean "Orixe", arrimenez eta espantuz. Gurasorik gabe mirariz jaioa balitz bezala, or baitago gure aurrean ez oraingo, ez egungo eguneko, iñoizko aldi urrun bateko seme dirudiela». Eta aurrerago: «Orain, emen utzi ginduen "Orixe" urrutixeagotik ikusten dugunean, orain da garaia bere lanak obeto aztertzeko eta zeatzago ezagutzeko». Asmo onekin, eta agian burubide onez, Auñamendi Argitaraldiak argitaratzen ditu liburu ederrean «Orixe» zenaren «Euskaldunak» poema eta olerki guziak.

        Eta «Orixe»ren bizi-berri labur au, nere ustez «Orixe»z zuzenenik eta egiazkienik mintzatu den gure izkuntzalari garaiaren itzekin bukatu nai dut: «Orixe»ren ondoren orpoz orpo ibiltzea bestetara jo gabe, munduaren lau bazterrak aztertu balitu bezalexe, kaltegarria litzake, noski. Okerrago litzake, ordea, «Orixe» baztertzea, irakurri gabe gutxiestea. Alderik alde eta bazterrik bazter ibilli bearrean, aspaldi onetan gabiltzan bezala, obe genduke Hegel'ek irakasten zuen Aufhebung ura zer den ikastea. Ezer ukatzeak ez gararamatzi iñora: goragoko mailla batean idoro diteke liskarbideen atsedena».

 

Bilaketa