literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Itzaurre-gisan

 

Jose Mari Aranalde

 

«Jainkoaren billa»

Orixe

Etor, 1971

 

        Ona emen, irakurle, Orixe zanaren liburu au. Bere emendiko bizialdiaren ondarrean egiña zun eta azken-agur bezela eskeintzen dizu. Bukatu zunean, onako itzok jalki zizkion Jainkoa'ri, Simeon zarrak esanak, Jesus ezagutu zunean:

        «Oraintxe, bai, ba-naramakezu pakean».

        Mundu ontako egin-bearrak beterik zitula zirudion liburu au bukatuarekin. Olakoxe eskerra ematen zion Orixe aundiak, eskutan dezun lan oni. Ta ez da arritzekoa guzizko esker ori.

        Bañan, ez uste, bere kutun zun euskerarengatik ematen zionik esker ori. Ba-zizun beste bat kutunago. Ain zuzen, liburu onek jomuga duna. Beste au, Jainkoa zun. Arek zeukion Orixe'ri biotza osturik, griña bakar batera indar guzik biltzen zizkiola; ta arek griña bakar zun Jainko'ra bidea erakutsi asmoz osatu zulako, ematen zion berezizko esker ori. «Oraingoan zakukoak atera bear ditut» esanaz jarduten zan lanean, eta «Nere burua kaxkar utziko det» egiñaz.

        Orixe'k etzerizkion, Jainkorako ez beste liburukin ezer askorik egin zunik; baña, misala ta Aitorkizunak eta Barne-muinetan auekin eta, baitipat, oraingo onekin, erriaren alde zerbait aundirik aterako zun ustetan juna degu. Ori degu Orixe kristauaren iritzia liburu ontaz. Besteok, besterik iritzi dezaiokegu, eskubide osoz; bañan, arena, ori dezu ta zergatik ere, ba-dakizu.

        Orixe'ri Jainkorako bertsoak egiten asi berrian, sakristi-usaia zekarrela bota omen zioten. Oraingo ontan ere, beste oinbeste esango ote diote norbaitzuk? Ez gaitezen alkarri usaia artzen ibilli besterena gaitzetsiz norberak dakarrena, miñena gerta ditekelako. Maita degazun alkar, usandun ez geranez. Ori batetik.

        Bestaldera, ez diteke esan Orixe'k sakristi-kutsua dunik, ez liburu ontan datorrenez, ez beste askotan agertu danez. Ez du sakristikoa, etxekoa du, euskaldun-kutsua eman zion sukalde artakoxea. Lan au nori eskeintzen dion ikusi besterik ez dago. Jesus'en Lagundiko norbaiti opa al dio? Beste nunbaiteko apaiz naiz praileren bati? Ez; Uitziko Errekalde'n ezagutu zun amandre xarrari, baizik. Ainbat aldiz aotan zun amona Mari Axuntxi'ri.

        Arengan ikusi baitzun, bein betirako, ederrez, biotza ostuko zion Jainko-errainu zoragarria ta arengandik, ere, ikasi, aundi nor zan. Zabaldu dezagun poema Euskaldunak bederatzigarren kantuan. Ona nola mintzo zaigun 181'garren bertsoan, Mikel'en aoz:

 

                «Lenengoz atera nun, kabitik mokoa;

                (artean soil nekian erriko zokoa)

                Larranbilutan giñan; «Zenbat da mundua?»

                esan nion; eta arek; «Aundi... Jainkoa»...

                Bein ere etzait aztuko ango zirrarakoa».

 

        Amon-illoba oiek etziran Mikel eta aren amona. Oiek Mikolas —amonak esaten zion bezela— ta Mari Axuntxi ziran, Orixe'k berak esan oi zigunez. Etzitzaion aztu, ez, «ango zirrarakoa». Negarrez aipatzen zun iñoiz. Oraindik argitara gabeko olerki batean, berriz, beste au aitortzen dio amon-ordeko zunari:

 

                «Bost aldiz (asko aldiz) ikusia naiz

                egon aretan amañi,

                ez-iakin iakintsu aren

                ikasle zur nintzala ni.

                Ua bezela nai nuke

                ikasian ez-ikasi.

                Ua lako gurasorik

                otoitzean ez dut kausi».

 

        Zer? Jainkorako eskola etxetik zula? Bai.

        Orixe'ri sinistu nai ba'diozu, beraz, ez dezaiozuke egotzi sakristi-kutsua dakarrenik, ondo etxekoa du-ta. Ta, orain, gaiari gagozkiola, zer esker merezi du liburu onek? Onenetakoa, Euskalerrian —euskerazkotan— bakar geldituko da jatorrean eta banan-banakotan gai ontazko munduko literaturan, nunaiko ta noiznaiko mixtikuen idazkiekin alderatzen dala ere. Geixko esatea? Begira: Argitasun asko eman ditezken arren, bi bakarrak emango dizkizut, ez luzatzearren.

        Berrogeitaka urtez buruan iraulitako gaia zizun Orixe'k liburu onena. Gai oietaz ari diran maixurik jatorrenak ikasiak zizkizun, bere baitan gertatzen zitzaiona argitu bearrez, lenbizi, ta besteeri erakusteko, gero. Orixe'k geienik landutako gaia, au du ta, ezertan maixu ba'da, ontan da. Ez al zaizu iruditzen, aren buruak zezaken aiñakin, zerbait ikasiko zula, ikastekorik ba'zan, orrenbeste urteren burura? Orra or arrazoi bat.

        Bañan, ori zenbait arrazoi dala ere, ez da guzia ta ez aundina ere, ausaz, gai ontan. Ikasiak, ba-du bere alderdia, ta aundinetakoa; bañan, zenbait gauzetaz jabetzeko, ez da aski, ez eta lenengo. Esaterako, arrotz batek ikasi dezake etxetik ez dun izkuntza bat ondo. Jabetu diteke izkera artaz; amak eskolatu ez dun batek dezakeneraño; ta ala ere, izkera orren jabetasun berezizkorik gabe geldituko da, amaren eskola palta zaiolako. Izkera ori, berea ez dulako, bere odolak eta biziak eta arnasak emana. Era ortaraxe mintzo zaizkigu ere gaur, besteren iritziak ikasteaz. Ez omen dezake iñork, esate baterako, orain eun urte bizi izan zan filosofo bat jator ezagutu, aren bizi-giroa ta izan-giroa nolabait bere inguruan sortzen ez ba'ditu.

        Orobat esan dezakegu, mixtika gaietan ere. Ez ditekela iñor maixu aundi izan mixtikan, giro ortan bizi ezean; eta edozeñek daki, ortan Elizan maixu diranak, ez dirala asko ikasi zutenak, asko ikusiak, baizik. Arrazoi du «Jesus'en Izena'ren» jaiko eresia egin zunak: «Gertatu zaionak daki Jesus maitatzea, zer dan».

        Ta ez, ikasiak.

        Ta Orixe'k, mixtikan maixu aundi izateko, ori du alderdirik onena, giro ortan bizi izana. Len esan dizutenez, ezagu-argira orduko, bere amon-ordeagan ikusi zizun Jainko-errainua. Giro ortan jaioa bezela zala esan diteke, beraz. Gatozen geroko urteetara.

        Esan dezagun, aurrena, mixtika ez dala krixtau-izatearen bikaintzea, baizik. Nolabaiteko kontu asko esan izan da ta esan oi da mixtikaz. Mixtikua ez da, oituzko ez dun moduan Jainkoak bikaindu dun krixtau bat besterik. Ori gogoan degula, eman ditzagun Orixe zanaren kristautasun jatorra agertzen dizkiguten aztarren batzuk.

        Zerbait da, besterik gabe, Jesus'en Lagundia utzi arren, arek jarraitu zion bezela otoitzari jarraitu izana. Orduk egin oí zitun egunero otoitzean. Eguneko seitaraño iritxi zala, berak esanik dakigu. Ori eziñezkoa bezela da, oituraz egitea beintzat, Jainkoak ikutu bereziz Beregana deitu ez dunarentzat.

        Bijoa beste aztarren bat, jatorrik ba'da, jatorra. Ba al dakizu Amerika'tik onera, zergatik etorri zan? Egunero Jauna artzeagatik. Ongi-etorria egiñaz adixkide batek, Iparragirre'n itz auek gogorazi zizkion:

        «Baña, biotzak dio: Zoaz Euskalerrira». Etzion parra gaizki egiten. «Au baño erri miserablegorik ez da munduan» esan oi zun. Askoz atsegiñako zitzaion angoa ta osasunerako, obe zitzaion. Ez, etzan erri-miñez etorri, Jainko-miñak eragin zion onera ta etorri zan, ango adixkideak negarrez uzten zitula.

        Iru une egin zitun nerekin. Aldi ortan, egunean bein eta bitan baño geigotan ikusi nun errezatzen. Ta sinistu nai al dezu, ez niola egundaño Aitaren baldar bat ikusi? Ez niola irripar bat sumatu? Etzula otoitz bat aopean pasa? Zerbaitegatik esaten zidan, Aitaren bat aski izaten zula otoizean zartzeko, bere burua Jainkoaren itzal-pean bezela sumatzeko. Xabarkeri bat, ez; ergel-aldi bat, ez; beti osoan, bere burua beartu gabe, azkarregi ez eta geldigi ere, ez, beti orrela jardutea eziña bezela da, Jainkoaren esker aundiz ezik.

        Besterik? Ba-da oraindik; bañan asko degu ortaz.

        Eman ditzagun, orain, beste ezagugarri batzuk, mixtikan esker aundia ematen zaienak, naizta, beste oiek bezin jatorrak ez diran, berenez; bañan, lengo oien jabe danari, oiek aderragotzen dizkiotenak. Izen batekin bildu ditzagun. Emaiegun auxe: Jainkozko gañezkaldiak.

        Auen arrastoak nunai utzi dizkigu Orixe'k bere idazkietan; bañan, baitipat, oraindik argitara gabeko olerki batzuk mintzo zaizkigu ontaz. Ura il zan arte, iñork irakurri gabeak dituzu olerki oiek. Bederatzi garrena aipatuko dizut bakarrik «Orixe'n» izenez datorrena. 1931-1936'era bitartekoak esaten ditu or. Ona aren itzak:

 

                «Zenbat gaiñezkaldi egunen buruan,

                lekuko Zu ta ni besterik etzela!

                Santa Lutzi gauez lo bete nengola,

                betan atzarri naiz kolkoan ikara

                goxoz, buruz erne; IESUS! jalki zaida.

                Laister naiz biurtu lengo lo berera,

                unatu bainintzan egunez mendian.

                Ni lo nengon, baiña biotza zurera.

                Ze bost urte aiek!: itonai, egaldi,

                itz-eten... ainbeste pozaldi aukera!».

 

        Orra aren beraren aitorra, bost urte aietaz. Gañezkaldi oietan ugariak izan ba'zitun ere, mixtika aldetik etzitun urterik onenak aiek. Artean etortzeko zegon «URTE ZURI» izena eman ziona, ta geroko urtetan izan zun pake aundia, egunik latzenetan ere galdu etzuna.

        Baiña esan dezadan nik ikusi nuna.

        Aste Santu ingurura ezkero, etzegon arekin egun oietan eman oi duten musika aundia entzuterik ere. Bazkaltzen ari ba'zan, ez ba'zan, negarra lertzen zitzaion, luzaro eusten egon ondoren. Lertu ere, lertu «puf» etako batekin. Bazkaltzez bukatu gabe oera joan ere egin zigun oñoiz, negarrez egon ezinda. Itzaldiekin ere, berdin, naiz egun oietan zala, naiz bestetan.

        Askotan jarduten nintzaion, ura oean zegola, ots aundian nere apaiz-otoitzak esaten, arek ere, ixillean, nerekin batera egin zetzan. Ez dakit izan gendun egunik, negarra lertu ez zitzaionik.

        Astean bein ekarri oi nion Jauna, elizara joaterik gabe gelditu zanetik. Orduan ere negarra, jakiña izaten gendun. Orrela, nunai, noiz-nai ta nolanai gauez egiten zun biotz arek.

        Nik arrapatu nun ere ura, igande illuntze batez, negar batean bere oe-zuloan. Sartu nitzaion koartoan eta «atsalde on» esan nion, nola zegon konturatu gabe, ta arek erantzunik ez. Ondoratu nitzaion eta negar batean zegon. Zer dezu? galdetu nion. Miñez al zaude? Ta «ez» biozti luxe bat erantzun zidan. Ta ondoren «eriotza gogoratu zait eta zer izango ote dan Jesukristo'rekin arpegiz-arpegi gertatze ura». Burutapen ori zun, pozezko negar aren eragille.

        Zerbait esanik ba-degu oraintxe —geitxo ere bai, noski— ta buka dezadan, beste onekin. Askotan, egunero esateko, lagundu oi nion oean sartzeraño, jantzi-erantzun gaizki ibiltzen zalako. Bein, bere kabian goxo-goxo, berogarri ta guzi jartzen nunean, onela esaten nion askotan: «Ahora, a dormir como un pagano», ba-nekin ba, gabaz otoitzari ekiten ziola esnatu orduko ta bigarren loaldia zapuztu bezela egiten zula. Jauna ekarriko nion edo ez ere, bezperatik jakin nai izaten zun ta nik ez esaten; bestela, iñoiz baño lenago esnatzen baizan, otoitzean asteko, Aren zai. Orregatik zan nere ateraldi ura. Ta arek, erdi-parrez, «ya, ni queriendo», erantzuten zidan, edo beste onetara: «Ya, imposible». Artarañoxe zegon Jainkora griíñaturik.

        Orra, beraz, zergatik esaten nizun, aren lan au bakar geldituko dala euskerazkotan eta banan-banakotan erderazkotan. Ba-diteke, baiña, nekez, Orixe baño maixu oberik otoitzean gaurko egunean.

        Eskerrez ar beza, beraz, Orixe aintzat daukan erriak, aren fruiturik bikainen au. Ona emen Nikolas Ormaetxea zanaren testamentua Euskalerriari.

        ORIXE: Zu maite zaitun eta zuk maite dezun erriak, maita betza zure bi kutun auek: Jainkoa ta euskera, biekin aundi iraun dezan bere txikian. Ala biz.

 

Bilaketa