Hitzaurre antzo
Jon Mirande
«Ene jainko-eidol zaharra, lur!»
Jon Mirande
Elkar, 1984
Adiskide batek eskatu deraut ene euskal-olerki, aldizkarietan han-hemenka argitarazi edo orain arteo argitarazi gabekoetan haukera egin eta neure usteko hoberenak bilduman eman ditzadan, Euskaldun irakurleak jarraian dasta ta goza ahal litzantzat. Irakurle maiteak asko gozatuko dituenetz zalantzan nago... Halarik ere, eskatu izan zaitan bezala egin dut eta hor doazkitzue, beraz, nire «24 Poema» hautatuak.
Zergatik idatzi ukhan ditut? Gogoak hala eman zerautalakotz nabaski. Behin Euskaldun eta Fededun batek hauxe egotzi deraut Erderaz, jakina; egoki denetik, euskaraz ez baitzakien...: «Uste al duzu Euskara ta Euskadi gaizkatuko dituzula, olerki pantheistak idatziz??» Ez, jauna, ez dut hori uste. Daukat Euskera ta Euskadi gaizkatzea bere lehen jo-muga ukhan behar lukeela Euskalherritar jathor orok; ene aldetik, jo-muga horren iristekotz, guduka guztietara gerthu nago (gudukiderik non, ordea?) bainan, neurthizketan dihardudalarik, bertzerik dut gogoan: oroz lehen nihauren eta gogaide bakhan batzuen atseginerako idatzi ditut ene poemak hots «for the happy few». Aithor dut poeta on batek, den pantheista ala papista, ez dakharkeola herriari... pelotari on batek baino onura gehiagorik. Hain zuzen ere, ene neurthitz ok ez ditut onurarako eginak, solhazerako baino; zilhegi baitzaiku noizik behin jo-muga gurenak aldebat utzita solhazik nolaerebait bilhatzea.
Nire poema hauk irakurri ondoren, bildur naiz zenbaitzuen bizar veneragarriak asarrearen asarrez zutituko zaizkidala, dena lizunkeri eta blasphema merkhe naizelakoan. Zer nahi duzue? Ene asmoak, ene ametsak, ene ohartikasiak hartu ditut idazgaitzat, idazle guztien ariora. Balaiteke zuenak bezain argi ta garbiak ez izaitea. Txit nigar-egingarri zait bainan... neureak dira eta atxikia natzaie. Neholaz ere ez nuke nahi, haatik, zuen bihotz aratzak ni naizela zio urdint litezen. Hori itzur-ehi da, ordea: aski duzue ez irakurtea; ez natzaizue batere aiher izanen!
Mihi gaiztoek, aldiz, erasiko bide dute Euskaldun antz handirik ez dutela nire olerkiok. Egia dateke; behar ba da, euskaldunago agiriko zan, erraiterako ene «Jauregi hotzean» hunelako laukoetan eman ukhan banu:
«Oi! zer bihotz-min eta zer zorthe tristea
Ezkon-berri batentzat senharra galtzea.
Nigarretan urtzen da oi! andre gaztea.
Urrikal zakiola Jainko Jaun maitea!» e.a.
Norberaren dohainen araura ari behar eta, bertsolaritza uzten derauet antze hortarako jaio direnei. Horregatino, ene olerkitxo bitxi ta minkor hauk Euskaldun batak edo bertzeak adimen eta irudimen-atsegingarri eridenen dituelako itxaropena edukiten dut.