literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Sarrera gisa

 

Patri Urkizu

 

«Gauaz parke batean. Ipuin Izugarriak»

Jon Mirande

Elkar, Euskal literatura-ipuinak, 1984

 

        Jon Mirandek itzuli eta asmatu zituen ipuinen bermoldiztegiratze honek merezi du sarrera gisa zenbait hitz, eta irakurlearen argigarri izango direlakoan nago.

        Hasteko, esan dezagun gure helburua izan dela Miranderen idatzi hauek ahalik eta jenderik gehienen eskuetara modurik erabilgarrienean hel daitezen. Han-hemenka sakabanatuak zeuden ipuinak, Herria, Euzko Gogoa, Gernika eta Egan aldizkarietan, hainbeste zor diogun Txomin Peilleni esker-irakur ahal izan genituen Gerok argitaraturik. Halere, liburu lodi hartan ipuinak beste gauza askorekin batera zebiltzan. Gutun, saio, poema artean ia galdurik. Horregatik, pentsatu dugu ipuinak soilki merezi zutela liburu berezi eta aparta bat. Ideia horri jarraituz, hango ipuinak hala nola «HEGATSEZ» [1] antologian agertzen den beste bat eta Euzko Gogoan ahazturiko bat bildurik [2] eratu dugu honako hauxe.

        Zenbait duda-muda sortu zaizkigu hasera-haseratik eta ez da ttipiena izan grafia arazoa. Gorago aipatu helburua gorde nahiean, bada, Txominek hasi bideari jarraitu diogu eta euskaltzaindiaren araudietara ahalik eta gehien hurbiltzen saiatu gara. Hola, kontsonanteen ondoren zihoazen h-ak kendu egin ditugu, ñ in bezala jarri, ll il bezala berridatzi eta azkenik ü u/i bezala aldatu.

        Eta noski ez dago esan beharrik, joera hau hartu badugu erraztasunaren alde joz eta fideltasunaren aurka, irakurle arrunta izan dugula kontutan, pentsatuz fideltasunzaleek iturburuetara abia daitezkela, noski. Berezkoak dituen zailtasunak ez ugaritze arren, alegia, eta halaber, zenbait hitz uler ahal izateko hiztegitxo bat gertu dugu. Beste zerbait ere egin dugu, hau da, bi sailetan banatzea ipuinak. Itzuliak eta asmatuak. Elkarrekin harremanik baldin badute ere, uste dugu sailkapen honek lagunduko diola apurño bat irakurleari bere lanean.

        Miranderen bizitzaz eta idazlanetaz behin eta berriro bere adiskide min Txomin Peillen mintzatu zaigu eta beraz puntu hau aztertu nahi duenak bertan [3] dauka gauza franko, gu hemen bere ipuinetaz arituko baikara soilik.

        Ipuin Izuliak idekitzen ditugu hamazazpi irrisolasekin, humore beltz, labur eta ilunaren adierazletzat dituenak Txominek, eta A. Irigaray-ek «zirto-ateraldi kirats eta gogor, euskara errikoi batean» [4] idatziak bezala.

        Fru Mette, Jutlandeko ixtorio zahar bat bezala daduka itzultzaileak eta eransten du: «Parisen kurritzen da ipuin berdina, baina oraingo aberatsei baita gehienik emaiten, Ipar Amerikako cow-boy bateaa da eta bortitzago, behizain eta unainak bat, bi, hiru kontatzen baitu, animale bat edo azkenik emazteak sinesten ez dionean».

        Dinamarkako ipuin hau, edo Parisekoa, edo Ipar Ameriketakoa delarik, Europako ipuin bildumetan aski ezaguna da. Gaztelaniaz ere bada antzeko bat, D. Juan Manuel erdi aroko idazleak bere «El Conde Lucanor» liburuan dakarkiguna [6], eta dirudienez; herri ipuin gehientsuok Indiatik heldu zaizkigunak dira, Kalila eta Dimna, edo Pantxatandra, edo Hitopadeza ipuin bildumetatik, hain zuzen. Kontakizun hauek, «nitizistra» izenez, moralaren exenplu eta adibide praktikoak ipintzen dizkigute. Ipuinok sanskritotik arabe hizkuntzara Abdalla ibn Almocafa-k itzuli zituen, gero hebreora eta latinera, eta hemendik europar hizkuntza gehientsuenetara iragan ziren, eta itzulpen gehienetan Moises Sefardi-k, Pedro Alfonso giristino izenez, idatzi zuen Disciplina Clericalis ipuin xorta izan zen hartua eredutzat.

        Kontu hauen urratsak ikus ditzakegu ere euskal ipuinetan, Azkuek bere bildumaren sarreran esaten baitigu: «Biga?en liburuko Der fahrende Schüler im Paradies ta gure ipuin Zeruko Be?iak alka?en antz andia dute. Ipuin au argitaratzean irakurleak ikus lezake zerengatik uste izatekoan dan Hans Sachs-en komedia eder au gure ipuin o?en ama edo beintzat amaso izatea». [7]

        Baina amatasuna edo aitatasuna alde batera utzirik, azpimarratu behar dugu itzulpen honen maisutasuna, finezia eta dotoretasuna. Herri ipuin hau laga eta goazen bada, idazle ezagun eta famatuenenak, Poe, Kafka, Munro, Manciet eta O' Neill-enak aztertzera.

        Miranderen hautaketa aski nabarmena da. Alde batetik hiru idazle, Poe, Kafka, eta Munro, munduko literatura fantastikoetako antologia guztietan agertzen direnak eta topa ditzakezunak. Bestetik Hizkuntza zanpatuetako, okzitanera eta irlanderako bi idazle, eta ia inon topatuko ezdituzunak. Bi gai nagusi, bi leit-motiv darabiltza. Bat ia kontu guztietan: Izua. Bestea Irlanderako itzulpenean: Aberria.

        Badirudi Poek eta bere frantses itzultzaile izan zen Baudelaire-k bai bere bizitza moldez, bai beren idazlanez liluratzen zutela gure idazlea, eta haiekin batera ere, gureak munduari utzi zizkion edertasun paregabeko poemaz eta ipuinengatik geu.

        Kafka-ren «Legearen aitzinean» deitu ipuina, lehenik soltea eta gero Der Prozess (1925) nobela hunkigarrian dagerrena da, Sortaldean iturburuduna. Orson Wells-ek zinemaratu zuen, lan ikusgarri bat sortuz, eta Gizonaren ezina, ahaleza Estatuaren aurrean mostratuz.

        H.H. Munro «Saki» idazle ingelesa Akyab (Birmania) herrian jaioa, gurean nahiko ezezagun izan arren, ipuin anitzen jabe dugu. Horien artean «The Stories of Saki» (1930), nondik bere goitizena. Poek bezalaxe mundu misteriotsu, izugarri, bildurra jaun eta jabe den urtzian murgiltzen gaituena, eta horrela kreaturarik bildurtiena antzo, haurra bezalaxe, literaturaren medioz izua sentiarazi, dastarazi, gustarazten digu.

        Berdin B. Manciet-ek Burua ipuinarekin gure haurtzaroko «sacamantecas» gizagaistoa oroitarazten digu, eta bost ataletan Manciet, Lamartine, Vergilius, Faulkner eta d' Aubigné-ren hitzak demaizkigularik.

        Séamus O'Neill irlandarraren ipuina «Bi fraideak» deitua, «irlandesatik xarmanki itzulikaturik, itzulpena dela nabaritu gabe ere», A. Irigaray-ek dioen bezala aipatutako artikuluan, beste arlo bat ukitzen du, abertzaletasuna. Bere beste zenbait poemek bezalaxe, adibidez, Bela?i-Motzei poema argitaragabea, Eresi, Ba nin adiskide bat; edo zenbait saio: Euskaldungoaren etsaiak, Abertzaletasunaren inguruan, Euskaldun gudu-zalduntza baten beharkiaz, bezala bere helburu eta nahikundeen suaren adierazgarritzat jo dezakegu. Parisen, Hervé Glemarec buru zelarik, Yann Poupinot breiztarra, Xixma van Heemstra freistarra, Johannes Thomasset gantois flamesa eta beste batzuekin herri minorien elkartza, alegia, Aberri Oinpetuen Elkartza, sortu nahian zebilen garaien lekuko.

        Bestetik, berak asmatutakoei buruz, berak bere irudimen zorrotz eta beroz ondutakoetaz mintza gaitezen oraingoan.

        «Behiak» xubereraz eta batuaz idatzi zituen, eta bere gurasoen jaioterriko naturalezarekiko amodiozko kanta bat da.

        «Ametsa», aldiz, izu sailean sartzen da iada. Beraz Txomin Peillenek esaten digu:

        «Beste ipuin batetan senarrak du andrea hiltzen, eramaten duen burjes bizitza motzaz gogaiturik; hain zuzen Ametsa izenburuko kondaketa hortan idazleak bere nahigabe bat fantasmatzen du: garai hartan Jon Mirandek bretoin andregaia zeukan Luisa izenekoa eta ipuinean bezala lanean ezagutua, elkarrekin bazkatzen; andregaiak beste batekin ezkontzeko utzi zuelarik, lumaren bitartez mendekatu zitzaion, kondairaren azkenean senarra pertsonaiak andrea hiltzen baitu, urkatzen mozkorraldi batean. Ezkontza ta burjes materiazale bizitzaren ukapena da, nahigabearen katarsisa denbora berean».

        Ur bazterrean, Zazpi gizeraile, Zinopa, Gaizkile baten azken orduak, Maitarien ardoa («prosa ipuin barnakoi eta gogor bat, izkuntza errez eta argi batean...» egina dela dio A. Irigaray jaunak), Gauaz parke batean, eta batipat Eresi Kantari, hor ditugu irakurlearen gozamenerako, irakur plazeraren zain. Azken honetaz dioena neederlandar batek entzun dezagun «Aphür bat ezagüna züntüdan Egan'en argia ikhusi dien zure idazlanen medioz, berheziki gozatü dit ERESI KANTARI deitzen zaiona. «Goizian goizik jeiki nündüzün» lehenago ere hartü zünin kornubierazko olerkari edsamenerako, eta orai kobla hoik oiñharritzat jarririk, istoria pollit hori egin dereiküzü. Khantore hori hanitx gogoko dadûkezü, naski. Zergatik Üskalerriko eresi zahar eijerenak Ziberun dira edireiten?... [10]

        Asmamen handiko saio barnakoi hau prosa ederrez ondua dagoela, dio berraipatzen dugun A. Irigaray-ek, eta ni ere, nola ez esan, txunditurik utzi ninduela?

        Baina azken hitzak eman ditzagun darabilen hizkuntzaz Larresorok hauxe zioen:

        «Hizkerari dagokionez, ia gaurko euskara batuaz idatzirik dirudite Miranderen lan haiek... orain dela 15 urte idatziak!»[11]

        Azkenik esan dezagun, J. Azurmendiren hitzak errepikatuz, Jon Mirande bai bere poesiagintzan bai prosan estilista fina agertzen zaigula eta ez hori bakarrik, hain txairo zen euskal literaturara Europako haize berrien igurtzea dakarkigute bere poema eta ipuinek.

        Bego hemen, bada, gure idazle onenetariko bati, bere garaian ukatu zitzaion eta orain apalki nolapait, genion zorra kita dadin amiñi bat, gure goratzarrearen aitorra.

 

Bilaketa