literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Aitzin-solasa

 

Xabier Lete

 

«Olerkiak»

Xabier Lizardi

Erein, 1983

 

        Argitalpen honen arduradunok, lehen aldiz euskaraz, eta liburu bakar batean, Xabier Lizardi-ren olerki ezagun guztiak argitaratu nahi izan ditugu... Hau ez da, beraz, edizione kritiko bat. Edizione hori noizpait egin beharko da, noski. Baina liburu honen helburua apalagoa eta funtzionalagoa izan da: hutsune bat betetzea, hain zuzen. Aspaldi baizeuden agortuta orain arte argitaraturiko Lizardiren olerki liburuak; eta, bestetik, iñoiz ez baizen euskara hutsezko olerkien edizionerik egin.

        Horrela, Lizardiren heriotzaren 50. urtemuga aurten delarik, eta Tolosa eta Zarautzen omenezko ospakizunak antolatuak izan direlarik, «Erein» argitaldariko lan taldeak zerbait aportatu nahi izan zuen, eta liburu hauxe da fruitu.

        Liburua egituratzerakoan, materialea bere ordena jatbrrizkora itzuli nahi izan dugu. Horrela, liburua hiru ataletan banatua agertzen zaio irakurleari: 1.ª) Biotz-Begietan. 2.ª) Umezurtz Olerkiak. 3.ª) Euskal Pizkundea.

        BIOTZ-BEGIETAN. Libururuaren lehen atalean, hau da, «Biotz-Begietan», izenburu berdineko liburuaren lehen argitalpenean agertzen zioen poemak ezarri ditugu soil. Argitalpen hori 1932 urtekoa da, eta Bilboko «Verdes Achirica» inprimategian inprimatua dago liburua. Argitalpen horretan ez zeuden ezarririk «Etxeko keea» eta «Arrats gorri» poemak. Poema hoiek, Aitzol zenak argitaratu zituen lehen aldikoz Lizardi hil ondorengo «Umezurtz Olerkiak» liburuan.

        UMEZURTZ OLERKIAK. Liburu hori 1934 urtean argitaratua izan zen, Donostiako «Euskaltzaleak» elkartearen argitalpenean, Zarautzko udalaren laguntzaz, eta Aitzol-en ardurapean. Liburu hura da, beraz, oraingo olerki liburu honen bigarren atalaren osagarria... Eta horrela, bidezko zenez, «Etxeko keea» eta «Arrats gorri» poemak atal horretara itzuli ditugu.

        EUSKAL PIZKUNDEA. «Euskal Pizkundea» deituriko olerki soltea, liburuaren hirugarren atal gisan ezarri dugu. Olerki hori, «Biotz-Begietan» liburuaren hirugarren argitalpenean itsatsirik izan zen lehen aldikoz argitaratua («Itxaropena» argitaldaria. Zarautz, 1970). Liburuaren «Azken-adierazpena» idazkian, honela zioen A. M. a Labayen jaunak:

        «Biotz Begietan» liburuaren irugarren argitaldi onen eratzalleak nai izan dute Lizardi'tar Xabier'en alik eta olerki geientsuak bildu.

        Era ontan, bigarren argitaldian, au dala ta beste dala, sartu ez ziran batzuek berargitaratzen dira. Eta ba-dugu oraindik beste berri atsegiñago bat: galtzeko zorian eta aazturik zegoa olerki bat dakarrela. Ain zuzen, gañera, olerkariak il baño aste batzuek aurretik idatzi zuana, (1933-Epailla) Lupe Urkiola, Rekondo'ren andreak Lizardi Xabier ildakoan egindako illeta-batzarrean esan zuana.

 

* * *

 

        Lizardiren azken lan ori bere pentsaeraren dirdaia da; euskal Pizkundearen alde zenbat leitatu izan zala salatzen duana.

        Olerki orrek EUSKAL PIZKUNDEA du izen eta benetan esan nai sakona dizu; antziñateari —amonari— omenaldia da...

        Honeraino Labayenlauna. Beraz, oraingo liburu hontan poema hori liburuaren hirugarren atal bereizi beza, argitaratu dugu.

        Liburuaren bigarren atalean, hau da, «Umezurtz Olerkiak» ataleko poemetan, nahiko zalantza izan dugu. Aitzol zenak liburu hura argitaratzeko presta zuenean, eta bertan ezarririko hitzaurrean, liburuko poema-gorputza bi sailetan bereizten zuela adieran zuen: «Maitearen apurñoak», batetik, eta olerki soil edo solte batzuk bestetik.

        Guk ere ordenaketa hura oraingo argitalpenean errespetatu egin dugu; baina ez gaude oso ziur jokabide horren funtsezko bidezkotasunaz. Aitzolek poema solte bezala honako hauek bereizten zituen: «Etxeko keea», «Argi-egidazu», «Egamin» eta «Arratsgorri»... Oraingo gure iritziz, «Egamin» eta «Arratsgorri», estiloz, tajuz eta tankeraz, «Maitearen apurñoak» poema narratibo luzearen atalak lirateke. Baina, ziurtasun osorik ezean, Aitzol zenaren ordenaketa errespetatzea bidezkotzat jo genuen. (Arazo hontaz argibide gehiago nahi dituen irakurleak, liburuaren azkenean eranskin gisan argitaratu dugun Aitzolen jatorrizko hitzaurrea irakur lezake).

        Bestetik, eta «Umezurtz Olerkiak» liburuan argitaratua izan zen bezalaxe, «Maitearen apurñoak» poema narratiboaren poema-aria ere argitaratu dugu. Aitzolek zioenez, poema-ari hori Lizardi hil ondoren bere paperen artean aurkitua izan zen. Ari horrek, Lizardiren asmoaz jabetzen gaitu: atal ugaridun poema narratibo luze bat idazteko asmoaz, alegia. Begien bistan dago Lizardik ez zuela asmo hura burutzeko beta eta astirik izan; beraz, gelditzen direnak apur batzuk besterik ez dira, eta horretatik Aitzolek olerki hoientzat asmaturiko izenburua: «Maitearen apurñoak».

        Oraingo liburu hontan ezarriak izan diren irudiak, «Biotz-Begietan» liburuaren bigarren argitalpenerako Antonio Valverde, «Ayalde» margolariak marraztuak izan ziren. Hala ere, eta bigarren argitalpen haretan «Etxeko keea» eta «Arratsgorri» poemak ezarriak izan zirelarik, haientzat ere marraztu zituen Ayaldek irudiak. Beraz oraingo argitalpen hontan, eta poemen ordenaketaren arabera, poema hoiei dagozkien irudiak poemekin batera ezarri ditugu, hau da, «Umezurtz Olerkiak» atalaren azken aldera.

        Hasieran aipatu dugunez, Lizardiren olerki ezagun osoak daramazkien liburu hau, euskara hutsean argitaratzeko eta irakurria izateko prestatu dugu. Egia da Aitzolek «Umezurtz Olerkiak» liburuxka argitarazi zuenean, euskara hutsean egin zuela. Baina egia da, bai eta ere, «Biotz-Begietan» liburua beti, gaur arte, erdal itzulpena alboan zuela izaten zela argitaratua.

        Lehen argitalpena egin zitzaiolarik, Lizardik horrela nahi izan zuen: gaztelan itzulpenez argitaratzea. Joka-bide berdiña Orixerena bere «Barne-muinetan» argitaratu ziotenean. Beraz, haiek horrela nahi izan bazuten, beren arrazoiak izango zituzten: beren garaieko euskaldunen jakite-mailaz (euskara aldetik, alegia) ez ziren agian asko fidatuko; edo, behar bada, eta hau litzateke agian arrazoin funtsezkoa, batez ere Lizardiren kasoan, erdal itzulpenak beren euskal poesia zentzuz eta tajuz osatu eta borobildu egiten zuela irudituko zitzaien (Juan Mari Lekuonak ironikoki azken hilabete hauetan hainbestetan aipatu digun «plusbalia» horren bilaketa, alegia).

        Baina, egia esan, ez da batere erreza eta irriz hartzekoa arazo hauxe. Lizardiren liburua euskara hutsean argitaratzea erabaki genuenean, eta horretarako beharrezko ziren sinonimo, parafrasi, glosa eta ohar argigarrien idazteari ekin, zera hortaz konturatu ginen nahiko azkar: erdal itzulpenak suposatzen zuen laguntzaz. Asko eta askotan, eta zalantza baten aurrean, itzulpenak argitzen baizigun bidea.

        Hori guztia horrela izanik, eta denbora-epe laburrean ordu askotako lana bizkor egitera behartuak egonik, Juan Mari Lekuona, Anjel Lertxundi eta ni neu ahalik eta ongien gauzak burutzen saiatu gara. Hala ere, konturatzen gara akats eta, batez ere, hutsunetaz. Baina agian zera gertatzen da: orriz-orriko oharren lan horrek beste lan osagarriak beharko lituzkeela. Adibidez, Lizardik erabiltzen zuen aditz sintetikoari buruzko lan bat; edo, beste adibide gisan, hainbestetan usatzen zituen hiperbaton bitxi eta arrotz-kutsukoei buruzko ikerketa bat (arrotz kutsukoak, baina euskaraz hain datoreki soluzionatuak, arraioa). Etabar, etabar. Baina, jakiña, sail hain partikular hoietara ez gara lanaren arian eta doi baizik hurbildu.

        Oharrak, beraz, orriz-orri egin ditugu; eskubi aldean poemak ezarriz, eta ezkerrean oharrak eta hiztegitxoa; eta poema bakoitzaren hasieran edukiaren laburpena ere idatzi dugu. Horrela irakurleari laguntza zehatz eta praktiko bat eskeintzen geniola uste izan dugu, eta hori zen batez ere gure helburua... Gure lan apal hau izango al da sakonago eta espezializatuagoen hastapen.

        Azkenik, «Biotz-Begietan» liburuari bere lehen argitalpenean Orixek idatziri aintzin-solasa, eta Aitzolek «Umezurtz Olerkiak» liburuari idatzirikoa, gure liburu hontan biak atzean eranskin gisan argitaratzea erabaki genuen. Argitaratzea, testimonio bezala garrantzitsutzat genituelako. Atzean, aurrean argitaratzearekin liburu osoaren irakurketa gehitxo astunduko ote genuen beldurrez (hitzaurre askodun liburuekin sarri gertatu ohi den bezala). Asmatuko al genuen!

        Honela, gure jomuga, lan-tankera eta, ziur, ahulezien zantzuak adieraziz, irakurlearen aurrean biluts agertzen gara, zera aldarrikatuz: Lizardi da garrantzitsu!

 

Bilaketa