literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Sarrera-gisa

 

Antonio M. Labayen

 

«Itz-lauz»

Lizardi

Txindoki Sorta

Edili, 1972

 

        Berrogei urte, aurki, ITZ-LAUZ liburuxka mamitsua lenengo aldiz argitaratua izan zana. EUSKELTZALEAK zeritzan elkarteak LIZARDI'tar XABIER il da urteburuan (1934) omenaldi ta gorasarre antzo, olerkariak itz-lauz edo prosaz egindako lanez bilduma polit bat osatu zuan. Eta sakel-liburu txukun batean argitaraturik AGIRRE'tar JOSEBA MIRENA'ren izen pean, onen izena goretsiaz gañera euskal kulturari irakurgai ederrenaren emaitz yoria eskeñi zion.

        ITZ-LAUZ'en itzaurrea izengabe ba-zetorren, bidezko ta zuzen da esatea D. JOSE MARKIEGI izan zan apaiz jaun onbidetsu bezin jakintsu ta ederzaleak idatzi zuala. LIZARDI eta MARKIEGI elkarren kideko zirala errez antzemango diozute liburua xurgatu ala. Biok gramatikari ikasi, oso ta jakintsu ziran; biak garbizale purrukatuak. Eta esan bearra dago, agian, irakurtzeko zailtxoak. Joera au, gaur okertzat artuko dute zenbait idazle gazteek... Errezkerira makurtuak bait gaude. Au ez dago gaizki erderakada ta mordollokerian ez erori ezkero. Ulerterreza izateagatik bearrezko da, bai itz ezagun eta errikoienak erabiltzea; esaera arruntenak alik eta joskera jatorrenean. Ez dezagun irakurlea, beñere alperrik aspertu ta gogaitu.

        Au guzia egia da, baiñan izkuntza landu ta gaitu nai danean guzia xehe eta utsetik altxatuaz, arnas goitarrez eder jantzia eman nai zaionean, zillegi da asmamena zorrozturik idaz-tankera goratu ta berritu nat izatea. Lan au ezin dezake, naski, edozeñek egin. Maisutza aundia bear du orretarako. Eta ori ba-zuten bai Lizardi eta bai Markiegi'k. LIZARDI, asko entzun, ikasi ta irakurri ondoren euskera sakon jabetzera iritxi zan. Ekiñaren ekiñez Axular, Etxepare, Mendiburu ta abar aztertu zituan. Markiegi'k, zer nolako bidetatik ibilli zan esaten digu. Ez da ahaztu bear aldi artan euskal literatura apurra arruntekerian eroria zegoala eta astinaldi aundi baten bearretan. Lizardi'k euskera «aundiki soñekoz» jantzitzeko asmo zuan gogoko. Berez «estetikoia» bait zan, Gongora-zale ta izkuntza aztertzaille aukerakoa. Onek barka arazi bear digu iñoiz zerbait illun eta zail arkitzea. Bestaldetik euskerari aberastasun berri bat eman diolako.

        Aitaturiko arrazoi guziegatik ITZ-LAUZ liburua berriz argitaratzea bearrezko ta mesedegarri iruditu zaigu oraingo irakurle gazteen eskutan ipintzearren. Ez bakarrik Lizardi'ren prosa-tankera yori aberats eta apaiña nolakoa dan ezagutu ta aztertu dezaten, baizikan, baita ene ark erabillitako gaiak zeintzu izan ziran; eta zer nolako zabal eta garrantziduna izan zan aren problematika. Nun ikasi ba-dagola ez dago ukatzerik eta orduko kezkak gaurkoak dirana. Ez dezute arkibideari begiratzea besterik: Literatura eta edermena, bide berriak... abar eta abar. Ortan gendun Lizardi mutilla! Orduan ere eztabaidan ziarduten euskerari buruz.

        «EUSKERA AUNDIKI SOÑEKOZ» lanean gai ori astintzen du. Alegia; gure aundikiei biotzetan ez ezik ezpañetan ene nundik itsasiko. Euskel idazle xaloen alde jokatu zuan beti eta euskal aldizkarien bearra nun idatzi izan zezaten. Amets bezala EGUNKARIA nola agertu zitekean arakatu zuan eta bai «muestrako» ale bat agerarazi ere. Ez zuan asko uste amets ori egia biurtuko zala, naiz denbora gutxirako, zoritxarrez, 1937'ko gudaldian. «EGUNA» izenez agertu zan bostpai sei illabete iraunez. Askok ez dakite bear bada gertakari au ta ez da isilik gordetzekoa. Egundaño ez dala ezer egin esaten ari diranok ken zatela burutik uste txar ori ta begira dezatela esker onez oñaze artean zutitutako leiaketa ura!

        Gure Lizardi, ain gizon bena izanik, doai berezia zizun ziri ta umone lanetarako. Adar-jotzaille ta zirtolari trebea zan ETXE-BARNE BIZIA, DONAPALEU' RA YOAN-ETORRIA eta beste zenbait saioetan agertzen digunez.

        Alare Euskel-Literaturaren auziari opa izan zizkion bere adimenaren puskarik ederrenak. Kezka onek eman oi zion buruausterik biziena; eta orrela azken idatzitako lana, 1933 urtean illabete il aurretik, GURE BIDEKO MUGARRIAK deritzan artikuloa izan zan. Labur bezin argi ta zuzen bere azken gogoetak iraultzen ditu. Bai ondo eskribitzeko legeak eman ene BIDE BERRIAK ERAKUTSIAZ.

        Berrizale ta zarzaleen arteko eztabaidak azterturik eta iritzi guziak gogoan artuaz auzia ondo epaitu nai du. Ez du iñor bere bidetik indarrez baztertzeko asmorik. «Elerti gaietan, zionez, ez bait da biderik zuzenena norbere zale ta yoeretatik aterata ibilli araztea». BIDE ta BIDE-ONDO atalean «Larreko» agurgarria goraipatzen du. Naiz aren iritziak iñoiz txorrotxegiak iruditzen bazaizkio, gizon eta idazle bezela agur egiñez txapela kentzen dio.

        BI MILLOIEZ ZER EGINGO EUSKERAREN ALDE diru zuriketan murgiltzen da kontuak egi biurtu nairik... «Baliz'ko olak burnirik ez, ordea». Gure zorigaitza! orduan eta... orain! Bestela ERRI-LAN dalakoaren alde dirua banatuaz zenbait egingo genuke.

        EUSKO-IKASKUNTZA'ri ta BERGARA'n egin zuan Batzarrari lan burutsu bat eskeintzen dio. Euskal-Pizkundearen gai guziak ikutuaz EUSKAL-EGUNA antzerkiari itzaurre bikain bat ipini zion ITZ-LAUZ berri ontan agertzen duguna.

        Euskaltzaletasuna zabaltzearren eman zituan ITZALDIAK Arrasate eta Zumaian prosa eredutzat ar-ditezke. Lizardi geiago zan idazle ta olerkari izlari baño. Mintzatzera beartzen zutenean, ordea, elederrezko zituak ontzen zekian.

        Azkenik, erderatik gaia arturik euskeraz itzulitako puskak datoz, ontan ere maisu zala ikus dezagun.

        Orain arte esandakoa naiko ta geiegi dala derizkiot Lizardi'k euskal prosa igo arazi zuan bidea erakusteko. Guziok olerkari aunditzat aitortzen ba'dugu, prosagille bezela ez zala makalagoa esango nuke. Ark itz lauz egindako lanak bai gogaiez eta bai tankeraz aintzat artzekoak ditugu. Itz neurtuz goi-mailla jo ba'zuan gallurrera iritxiaz, itz lauz ere txairo ta apain agertzen zaigu. Egia da oraingo giroa gure Literaturan ez dala aren denborakoa. Gaurko egoerak beste jokabidea eskatzen du, bear bada euskeraren bizia zalantzan dagoalako. Bide arrunta, errez, errikoi... ots! «prosaikoak» ditugu bearrezko.

        Lizardi zanaren legamiak gure euskera argala gaitu ta suspertu lezake zer nai elbururako oretuaz. Azken naia agian apaldi eder ontan utzi zigun:

 

«Baiña nik, izkuntza larrekoa,

nai aunat noranaikoa,

Yakite egoek igoa.

Soña zaar, berri gogoa,

azal orixta, muin betirakoa».

 

Bilaketa