literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Sarrera

 

Lurdes Otaegi

 

«Kazetari-lanak»

Xabier Lizardi

Erein, 1987

 

        Esku artean duzun liburu berri honen lehen asmoa 1934ean Joseba Mirena Markiegi, Lizardiren adiskide minak argitaraturiko «Itz Lauz» liburutxoaren argitalpen berria egitea besterik ez zen.

        Gerra ondoren 1972an Antonio Maria Labaienek berriz argitara arazi zuen eta oraindik orain eskura daitezke bigarren argitalpen horren zenbait ale. Labaienek 1934ko edizioa ezertan aldatu ez bazuen ere, 1986ko argitarapen honek hasiera hasieratik hartu zuen Lizardiren artikuluak ordenaz aldatzeko eta ohar argigarriez hornitu eta gaurko irakurlearentzat errezagoa egiteko helburua.

        Neu izan nintzen oraintsu zortzi urte Lizardizale sutsu bilakatu nintzen unean, haren begi-bihotzen emaitzaz liluraturik, prosazko idazlanak ez zirela pattalagoak izango pentsatuz, hanka eta buru «Itz lauz» liburuxka irakurtzeari eman nintzaiona.

        Eta berez berez bezala, berriro heldu ninduen mintzamen dohai gazi-gozo hark. Aitortu beharko dut hala ere, irakurtzen nituen testu haien benetako esanahiaz, zentzu osoaz jabetzea ezinezkoa egiten zitzaidala, elkarren arteko harreman tematikoa sumatu arren, ezin igerri idazlan haiek kateatzen zituen haria nondik norakoa zen.

        «Biotz-Begietan» liburuan gaztelaniazko itzulpena euskarazkoaren aldean izatea irakurle hasiberriarentzat laguntza handia zelarik ere, «Itz Lauz»ek ez zuen horrelako erreztasunik eskeintzen; eta nork berak ibili beharra zeukan Azkue eta Bera-Mendizabalen hiztegiekin sesioan. Hitzak ulertu arren, artikulu osoak ulertu arren, haien mamia itzuri egiten zitzaidala iruditzen zitzaidan, ordea. Bazen zerbait gehiago.

        Izan ere, urteek aurrera egiten bait dute, guk nahi ez badugu ere, eta liburua aurrenik argitara zenean, ez zeukan gehiegizko itzuliminguruzko adierazpenen beharrik, behar bezala ulertua izateko. Urtebete besterik ez zen idazlan haien sortzailea hila zela, eta artean, bizi bizirik zeuden euskal giroan hark, haserrez, irrifarrez edo zirikatzeko asmoz erabilitako gaien inguruko iritziak.

        Agi denez, lehen argitaraldiaren arduradunak, haserrezkorik, artikulu polemikorik, gehiegi aurkitu zuela eritzi zion, idatzi zuen hitzaurrean dioskunez; eta artean, minik eta urraturik sortuko zuten beldurrez, artikuluen orijinalean agertzen ziren zenbait izen-abizen ezabatzeari mesedegarri eritzi zion.

        Garai hartan Lizardirekin jardunean, eztabaidan nahiz auzolanean, aritutako Lauaxeta (Estepan Urkiaga), Orixe (Nikolas Ormaetxea), Aitzol (Jose Ariztimuño), Barrensoro (Tomas Aguirre), Bonifacio Etxegarai eta beste zenbaiten izenak ezabatuz joan ziren, eta haien ordez, «Urlia» eta «Berendia» agertu ziren, jakin-minik azkuratsuena sortzen diguten idazlan polemikoetan.

        Markiegik benetako izenak izkutatuz, zuhurtasun handiz jokatzen zuelakoan ari bazen ere, ez zuen galerazi ahal izan, artean giroan bizi bizirik zegoen Lizardik parte harturiko azken polemikaren suak bere garrak liburuxka honetaraino heda zitzan.

        «Bide berriak», euskal irakurlego eta literatur ereduen arteko egokitasun beharraz sorturiko eztabaidaren ondoren, honela aipatu zituen Aitzolek Lizardiren artikulu sorta hau eta Orixeren «Barne-muñetan» olerki liburua:

 

        «Los que pueden considerarse como obras literarias son «Itz-Lauz», recopilación de los artículos periodísticos del malogrado Xabier de Lizardi, y sus poesías póstumas agrupadas en «Umezurtz Olerkiak». (Junto con «Barne-Muiñetan») estos tres tomos, a pesar de su indiscutible valor literario no llegarán, casi podemos asegurarlo, a robustecer y vigorizar el euskera.

        Fáltales lo esencial: la frescura, la naturalidad de un euskera diluido, fácil e inteligible.

        Están escritos con fórmulas lingüísticas la mayor parte de las poesías y artículos, y nótase en ellos la ausencia de sentimiento de lo sencillo y natural, propio de un idioma vivo y palpitante.

        Hay en estas poesías y artículos un gran caudal de estudio, de trabajo, de decisión y hasta de ingenio; pero en ellos domina el artificio sobre el arte, lo rebuscado sobre lo natural, lo retorcido sobre lo espontáneo. Y es ya hora de que todos lo advirtamos». (Aitzol «Balance literario 1934» Euzkadi, 1935 Urtarrilak 6.)

 

        Hona aldatu dudan Aitzolen epaiaren laztasuna 1931-1936 urteetako polemika giroaren testuinguruan soilik ulertzen da, eta era berean, izen-abizenak izkutatzeko erabakiaren arrazoia ere bidezko egiten du.

        Joseba Mirena Markiegik prestatu zuen artikulu hautatuen sorta hartan ez zuen inolako antolapen ardatzik aukeratu. «Itz-Lauz» liburuan bilduriko artikuluek ez daude, ez urtez urte ordenaturik, ez gaiaren arauera sailkaturik. Inondik ere antzematen da artikulu biltzaile prestu eta literaturzale porrokatu hark Lizardiren prosaren erakusgarri-mostra bat besterik ez zuela egin nahi izan:

 

        «Ala ere ez nazu, argitara gaiak aukera-bearrez, olerki gogai atzetik ibilli, lén yaso-ez apurrez olerki-idaztiaren geigarri egiteko asmoz. Badu an, nik uste, olerkariak naiko non murgildu ta non ikasi.

        Ua olerkariarentzat bezain, bedi au idazti laukoentzat ikustegi berdingabe». (1.934 «Itzaurrea»).

 

        Urteak pasa ahala ordea, gaur egungo irakurlearentzat Lizardiren idazlan haiek zentzu osoa izan dezaten, behar beharrezkoa egiten da artikuluetan jatorrizkoan agertzen diren izen-abizenak agertzeaz gain, urtez urteko lerroketan ipintzea artikulu guztiak. Izan ere, Joseba Markiegik Lizardiren kazetari-idazlan guztien artean hogeitalau bakarrik aukeratu bazituen ere, ehundik gora bait dira argitalpen berri honetan ezagutzera eman nahi izan ditudanak. Eta lan honek antolaketa gehixeago behar zuela iruditu zait.

        Horretarako, irakurketa erosoagoa eta ulerterrezagoa izan zedin, urtez urte lerrokatu ditut artikulu guztiak, eta hiru sail nagusitan bereizi.

        Aurrenekoan, euskararen aldeko ekintzak antolatzeko, iragartzeko eta ezagutarazteko idatziriko artikuluak batu ditut: Lizardiren publizista jarduna bildu nahi izan dut «Euskararen aldeko ekintza kanpaina» izenburupean.

        Bigarren saila, euskarari, hizkuntza hutsa den aldetik, eta, bereziki, euskal literaturari buruzko artikuluek osatzen dute, nahiz eta zenbaitetan beharrezkoa izan zaidan sail berezi bat sortzea itzulpen lan edo kreaziozko idazlan zenbait aparte ipintzeko, hala nola irri-jorran edo taxu narratibo nabarmenaz idatzitakoentzat.

        Hirugarren saila, aldakorra egin behar izan da erabat, urtez urte Lizardiren interesak ere aldatuz joan zirelako; esate baterako 1928an ARGIA astekariko «Berriketak» sailean argitaratzeko idatzi zituen idazlantxoak, idazmoldez nahiz mintzagaiez, taxuera berezia dute, irakurlego baserritarrari zuzendurik daudelako.«Glosas triviales» izenburupean 1929an argitara zituenak ere, sail berezia osatzen dute, irakurle-idazleen artean polemika giroa sortzeko idatzirik daudelako, eta berez berez, kazetari lanaren eite osoa duten ia bakarrak direlako, gai libreak hautatuz, eta haien inguruko iritzi arruntak nahiz pertsonalak erabiliz. Sail nagusi hauezaz gain, azkenik, 1930. urteaz geroztik, Errepublikaren hasieraz geroztik alegia, politika gaiei buruzkoak ere ugalduz doaz eta aurreko sail horietan sartzeko modukoak ez direnez, bereizirik ipini ditut, ezinbestean.

        Artikulu bat edo beste bada, sail horietan baino hobeto beste berriren batean kokaturik egokiago legokeena, baina gehiegizko sakabanaketaren beldurrez, bortxaturik bada ere, batean edo bestean sartu behar izan ditut.

 

        INGURUMARIA

        Lizardiren artikulu gehienek lotura estua dute guda aurreko 1926-1936 hamarkadan sortu eta bizkortu zen Pizkunde mugimenduarekin, bereziki Jokin Zaitegik «Aitzolen gizaldia» izenez bataiatu zuen euskaltzale multzoaren jardunarekin.

        Zaitegik 1951n Guatemalan argitaraturiko artikuluan erabili zuen izenburupean zehaztasunak eta baieztapen tinkoak guda aurretik nabarmena izan behar zuen guztizko aitzindaritza ukaezin bati erantzuten dio. Aitzol bait, zen eta ez beste inor hamarkada interesgarri horretan zuzia izeki eta pizturik eduki zuena.

        Garrantzizkoa litzaiguke jakitea zein egoeratan ekin zion Aitzolek bere jardunari, hutsetik abiatu al zen ala lehenago urratutako bideren bati jarraitzen al zitzaion zehaztea.

        Aitzolek berak, hain sarritan aipatzen zituen aitzindari urrunak, Etxepare apaiz gordin bezain izpirituala, eta Larramendi polemista sutsuak eragin bide zioten beren idazlanen bitartez, baina ez zuten Aitzolek ezagutu zuen Euskal Herria ez asko ez gutxi eraldatu.

        Gertuagokoak izan zituen Aitzolek, eta baita Lizardik ere, hemeretzigarren mendearen bukaera aldeko bi jazoera nagusi: kulturala bata, eta politiko-kulturala bestea.

        Hegoaldeko lau hiriburuetan baziren ordurako hainbat erakunde kultural euskaltzale, eta Ifarraldean D'Abbadie jakintsuaren babesean hasitako Lore Jokoen mugimenduak bazuen segidarik hegoaldeko zenbait hiritan; bestalde, mugimendu herrikoi horrek bazuen kultura maila landuagoetan paralelorik, ordukoak bait ditugu euskal hizkuntza, literatura eta folkloreari buruzko estudio baliagarrienen hastapenak.

        Politika eta kultura mailako bigarren gertakari nagusi hori, abertzale mugimenduaren hasiera dugu. Sabino Aranak «euskotarren aberria Euzkadi zela» oihua bota zuenean, bat egin zituen herri honen kontzeptu politikoa eta kulturala, eta bera izan zen zalantzarik gabe mende hasierako Pizkunde mugimenduaren lehen aitzindari nagusia.

        Aitzolek giroan puri purian sumatu zituen kezka kultural eta politikoei jarraipidea eta molde egokiak eman nahi izan zizkion, horretarako bere jakinduri pertsonala, kemena eta aparteko sena erabiliz. Lizardik 1931.ean eskeini zion «Olermen irakite» artikuluan «abagunearen sena duk argi» esan zion euskararen aldeko ekintza bideratzeko zuen igarle edo azti ospea goraipatuz.

        Ez dugu gehigarri hutsatzat hartu behar lehenago aipaturiko Sabino Aranaren aitzindaritza hura, Pizkunde mugimenduaren bideak ikertzean; mende hasieran moldatu zen herri proiektu hark erabat lotu baitzituen euskal abertzaletasunaren bidea eta euskal kulturaren aldeko ekintza oro.

        XIX. mendearen bukaera aldera sortua zen «Eusko Ikaskuntza» erakundea izan zen, zehazki mintzatuz, Pizkunde Mugimenduaren lehen zentzu sendoak bideratu zituena.

        Oñatiko II Kongresuan hasi zen Aitzol «Eusko Ikaskuntza»rekin harremanetan, baina ez zuen bere proiektua, bere jardunbidea argi nabaritu 1922an Gernikan eratu zen hirugarren kongresurarte. Elebitasuna eta Europaldeko hizkuntza minoritarioen egoerez arduratzen hasi zen arte. Han entzundakoek, eta ondorioz irakurri zituenek herri nazionalitateen iraupenean hizkuntzak izan zezakeen garrantziaz oharterazi zuten.

        Hizkuntzen legediaz, eskubideez, administrazioaz, eta bereziki irakaskuntzaz idazten eta ikasten hasi zen, hizkuntzen iraupenean garrantzia izan zezaketen faktore guztiei buruz.

        Egin zituen ikasketa haiek nolako zorroztasunez bereganatzen zituen antzemateko, aski da irlandarren berreskuratze prozesua hitz hutsetan geratuko zela igerri zueneko artikulu hura irakurtzea:

 

        «El gaélico estaba proscrito de las escuelas bajo severas penas. Surge potente el nacionalismo. Sin embargo, va desapareciendo el gaélico de una manera aterradora. Los mismos patriotas irlandeses no se cuidan de defender su lengua. ¡Cosa incomprensible! Mas ciertísima. El propio O'Conell se esforzaba en extender el inglés«el idioma —que según él decía— era el del parlamento y el de los grandes mítines» y era el mejor medio de hacer patria». (Aitzol «La muerte del euskera»).

 

        Europaldeko hizkuntza minorizatuen borroka nondik nora ibili den zehazki aztertu eta gero, Aitzolek gero eta garbiago ikusten du nolako plangintzari ekin behar zaion Euskal Herrian: eskola eta administrazioa dira garrantzitsuenak, nahiz eta hizkuntzaren beraren malgutasuna eta aberastasuna lantzeko, literatur produkzioa eta euskarazko prentsa idatzia espreski promozionatzeko premia ere ikusten duen.

        Plangintza hau prestatzeko bi prozesu eredugarri ikertu zituen zehatz-mehatz: Finlandia eta Belgika.

        Biak dute Aitzolentzat alderdi interesgarri bat. Lehenengoan esaterako bazterturiko eta gaitzetsiriko hizkuntza berreskuratzea lortu zelako. 1908an Sueziaren menpetik atera zen Finlandia errusiaren menpera pasatzeko eta aldaketa horren ondorioz, suezieraren indarra ahuldu eta hizkuntza nazionala berreskuratzeko mugimendua suspertu egin zen.

        Aitzolentzat oso garrantzitsua izan zen abertzaletasun finlandiarraren berpizkundean literatura faktore eragilea izan zela ikastea. Urrezko aroa ezagutu zuen literatura finarrak une haietan eta irakurlego ugaria erakarri zuen sorkuntza berri horretara eta azkenez abertzaletasunera.

        Eta orduan, une hortantxe, giro itxaropentsu horretan gertatu zen, Aitzolen ametsetako bat bilakatuko zen fenomenua: Lonrot olerkariak «Kalevala» izeneko poema nazionala, epopeia nazionala mamitzen zuen olerkia sortu zuen. Herri olerkigintzaren aztarna ezagun guztien zatiak jasoz eta finlandar herriaren arima bilbatzen zuten ipuiak, leiendak, atsotitzak etabar, bildu zituen, halako kontakizun erdi-epiko erdi-liriko bat eginez. Arrakasta handia lortu zuen eta finarrak herri irudi horrekin erabat identifika zitezen iritxi zuen.

        Aitzolek oso aintzat hartu zuen fenomenu honi buruzko gorabehera guztia, eta Gabriel Mistralek probentzeraz idatziriko «Mireio» poemaz fenomenua berriro gerta zitekeela iruditu zitzaion, bere literatur balioak Nobel sariaren irabazle egin bait zuen Mistral. Probentzera txarretsiari ere, patois zabar bat besterik ez zenari aintza apur bat ekarri bait zion gizon bakar baten sormen lanak.

        Aitzol euskal «epos nazionala» sortzeko sukarrak harrapatu zuen eta mende hasieratik sumatzen zen idazlan literario guren horren premia, eredu liriko horietara, «Kalevala» eta «Mireio»ren antzera moldatua izan behar zuela barreiatu zen. Mende hasieran ere, gure Dante, gure Virgilioaren premia sumatzen zen, Lekuonak 1918an argitara zuenez:

 

        «Hoy, gracias a Dios, podemos decir que nos hallamos en pleno período de ebullición. Mucho es todavía lo que nos queda por hacer, nos hace falta el Dante, el Mistral, el Verdaguer. Nos falta el genio que con los sillares reunidos vaya levantando y dé gloriosa cima al edificio; pero el genio no se hará de esperar, su germen palpita en el seno de esa evolución...». («Literatura popular vasca»).

 

        Aitzolek berea egin zuen asmo horren garrak berotu zituen bere ingurukoak ere; Lauaxetak Orixeren eskuetan ezarri omen zuen Mistralen «Mireio» euskarara itzul zezan eskatuz, eta Lizardik ere behin baino gehiagotan aipatu zuen gai hori artikulu lanetan, nahiz olerkietan.

        Orixek «Mireio» itzuliz geroztik, olerki guren hori idazteko gai zen idazle bakarra etsi zuten orduko euskaltzaleek, eta Aitzolek behin eta berriro erregutu zion hortan has zedila.

        Eta Lizardik hainbat idazlanetan «bertso-gorroto» ezizenez aipatu zuen idazle honek sortu zuen «Euskaldunak» poema, euskal herriaren arima mamitu behar zuena.

        Guda aurretik bukatu samarturik zuela eta, ikusi zutenak pozak zoratzen zeuden, liburu hark euskal kulturaren zoria errotik aldatzeko indarra baleuka bezala.

 

        «Una vez dueño el renacimiento vasco de este resorte, tiene ya en su mano la clave de nuestra civilización y con ella la suerte futura de nuestra nacionalidad». (Ibar, «Genio y lengua», 1925).

 

        Ez zeukaten esperantza makala!

        Lizardik berak, nahiz eta poesi guren horren garrantziaz besteak bezain oharturik egon, epos nazionalaren indarrean sinistu arren...

        Batek baño geiagok esan izan du euskera gaizka litzakela, orrelako olerkari bat luken egunetik. Baña oar bati gatxikion: olerkari guren oiek eztira bakar soillean azten, gure Aizkorri zelai lau-utsetik bulartu ez antzo; beti ditute olerkari zeeagoak aitzindari ta laguntzat; (...).

        Eta gu euskoak, ete-gaude olerkari gurena eldu-giroan? Ezetz uste det. Baña bai, etorriko dala, txikien olermenari su eman-ezkero...» («Olermen irakite» 1931).

        Honetan, aurrerago beste zenbait kasutan antzemango duzuenez, ekintzale bai baina, literatura, hizkuntza eta orokorki euskal kulturari zegozkion gaietan besteak bezain ekintzale bai, baina besteak baino errealistago eta praktikoago zen Lizardi, eta gainera prozesu kulturalez formazio handiagoren jabe zela erakusten zuen.

        Berriro lehengora etorriz, Aitzolen proiektua nola moldatu zen eta apur bat ikusi ondoren, jokatzeko garaia, proiektu eta asmo haiek gauzatzen hasteko garaia etorri zen; 1926 aldera, Primo de Riveraren diktadurapean; euskal kultura «xuxpertzen» hasia zen unean.

        1926. urtean hasi ziren lehen ekitaldi publiko euskaltzaleak, euskararen aldeko kanpaina bati ekiten zieten jardunaldi xumeak. Lehenengoa, zehazki, Elgoibarren udazkenean, eta Motrikon bigarrena.

        Hirugarrena Arrasate izan zen eta han sortu zen «Euskaltzaleak» erakundea Aitzolen zuzendaritzapean. Lizardi, Zumaiako hitzaldian aitortzen duenez, joan ere ez zen egin bilera haietara, baina gerora irakurriz eta lagunen bitartez izan zuen hango berri.

        Arrasateko lehen euskararen egun honen ondotik etorri ziren hainbat ekintzatan partaide izan zen, eta propagandista modura egunkarietan artikuluak argitaratzen eta «Eusko Ikaskuntza» erakunde kulturalarekin batera eratzen zituzten ekintzen antolatzaile gisa gogor ekin zion lanari. Hor aurkituko dituzu 1928an eta 1929an eratu ziren Zumarraga eta Andoaingo euskal jaiei buruzko hainbat aipamen bere lehen artikuluetan.

        Euskararen aldeko lehen ekintza haiek zalantzarik gabe oso eite folklorikoa eta herrikoia zuten, motibazio politikoak ere nabariak ziren nonbait Aitzolek berak dioskunez, «Bizkainos, gipuzkoanos, nabarros y arabarras acudieron a miles a esta jornada patriótica, ya que las de carácter político estaban prohibidas».

        Euskararen Egun haietako dantza-saioek, ezpatadantzariek, eta pilota partiduek gero eta leku gehiago egiten zieten beren artean olerki errezitalei, antzerki saioei, bertsolari saioei, etabar.

        1930ean Diktaduraren ukabila pitin bat laxatzen hasia zenean, «Euskaltzaleak» erakundeak barne-egitura sendotzea erabaki zuen propaganda kanpaina zabal bati ekin zion taldearen oinarri ideologikoak eta egitasmoak ezagutzera emateko: Herri guztietan eratu behar ziren batzar lokalak eta ahalik eta partaidetzarik handiena lortu.

        Urte horretatik aurrera, «Euskaltzaleak» erakundeak helburu jakin batzu aukeratu zituen eta haiek irixteko prestatu zituen hainbat ekintza berri. Ingurumari honetan kokatu behar ditugu Lizardiren Zumaiako eta Arrasateko hitzaldiak.

        «Euskaltzaleak» antolaturiko ekintza gehienak euskararen prestijioa hobetzera zuzenduak zeuden, gizarte maila guztiak kontzientziatzea euskararen atzerakadaren arazoaz. Hizkuntzaren normatibizazioak ere aztoratzen zituen, baina hau «Eusko Ikaskuntza» eta «Euskaltzaindia»ren zeregina zen, batipat.

        Euskararenganako zaletasuna haurrengan itsastea izan zen «Euskaltzaleak» erakundeak aukeratu zuen lehen helburua, eta denek hizkuntzaren berreskuratze lanetan eskolei garrantzi berezia eratxekitzen zieten arren, aurrenik diktaduraren zentsuraren erruz, eta gero, euskaldunen zabarkeriaz eskolek, nahiz publiko, nahiz pribatuek, ez zutelako ahalegin handirik egiten horretan. Ordurako sortuak ziren ikastolak ere nahiko larri ibiltzen ziren eta ez zuten halako arrakasta handirik.

        Zehaztasun jakingarritzat ager dezagun Aitzolek «La muerte del euskera» artikuluan nolako datuak jaso zituen:

        Euskaltzaleak erakundeak urte horietan egindako inkesta baten ondorioek Euskal Herrian 445.000 mila euskaldun zeudela zioten, biztanlego osoa milioi ingurukoa zelarik. Honela banaturik:

 

                Nafarroa 329.835 — 75.000 euskaldun.

                Araba 98.008 — 8.500 euskaldun.

                Gipuzkoa 268.557 — 167.000 euskaldun.

                Bizkaia 400.559 — 195.000 euskaldun.

                DENERA 1.096.620 — 445.000 euskaldun.

 

        Kopuru horiek gaurkoak baino hobeak baldin baziren ere, ikastolan egoera, hasi berri hartan, exkaxa zen; hiru besterik ez ziren Aitzolek aipatzen duenez: Irungoa, Tolosakoa eta Azpeitikoa.

        Eskola euskaldunen egoera honen ondorioz, «Euskaltzaleak», Haur Egunak eratzean, ekintza para-eskolarrak antolatzeari ekin zion, irakurketa idazketa sariketak, haur antzerkiak... Lehenago aurreratu dugunez ordea, Aitzolek ohartua zuen Literaturak nolako garrantzia izan zezakeen Pizkunde mugimenduaren aitzindaritza gisa.

        Sentimendu abertzalea izeki, hizkuntza propialarenganako atxikimendua sortu, gizarte maila ikasienak erakarri eta irakurlego zabal bat lortzea ziren. Aitzolek literaturari eransten zizkion betebeharrak. Literaturen prestijioak hizkuntzaren alde egingo zuela sinesten zuen.

        Horretarako eratu zituzten 1931az geroztik, urtero urtero, Olerti Egunak Errenterian, Tolosan, Hernanin, Urretxun... Olerti Egunen bihotza urtero banatzen zen saria, zilarrezko Aritz Abarra zen, baina sariketara aurkezturiko olerkirik onenekin liburutxo bat argitaratzen zuen «Euskaltzaleak» erakundeak.

        Lehenengo Olerti sariketan Lauaxeta gertatu zen irabazle, bigarrenean berriz, Lizardi. Ordurako euskal literaturaren inguruan zebiltzan idazleak hasiak ziren bi olerkari «berrizale» horien hizkuntza moldeak epaitzen eta txarresten. Lauaxetaren lehen liburua «Bide barrijak» izenekoa argitara zenean ostera, polemika zabala sortu zen eta 1933rarte iraun zuen era honetako eta hartako iritziak eztabaidatuz. Lizardik berak, hil aurretik idatzi zuen azken artikuluak eztabaidaren tornu berria iragarri zuen, zeren ordurarte eztabaikarien artean ez bait zen inoiz Aitzolen iritzirik argitaratu eta hain justu ere, 1933. urtearen otsailaren bostean argitara zuen «Oitura zaarren piztutzea» izeneko artikulua bere burua «errezzaleen» alde agertuz. Konturatzen bait zen Aitzol Olerti Sariketa hauetara erakarri zuen literatura moetak ez zitzakeela bete berak literaturari eratxekitzen zizkion funtzio iraultzaileak.

        Olerkigintza, eta orokorki esanda, literatura berri hark kalitate estimagarria bazuen ere, ez zezakeen irakurlego prestatugabe hura erakartzeko indarrik izan, molde landuegiak, hizkuntza antzaldatuegia zerabiltelako. Literatura moderno hark ez zuen irakurlea ugaltzeko ahalmenik izango, eta bestalde, gorabehera handia sortua zen berrizale eta errez-zale ziren idazleen artean.

        Literatura molde berrizale horien bidea hartu zutenek Lauaxetak eta Lizardik bereziki —eta hauen alde agertu zen Orixek [1] ere bai— euskal kultura folklorismo errez eta betierekoarekin identifikatzen zuen kontzeptzioa baztertu zuten. Garai hartako Europa aldeko eta Espainiako joera estetikoen berrikuntzak bereganatuz, ñabardura konplexuak eta kontzeptu abstraktu-lainotsuak euskaraz moldatzen ahaleginduz. Hizkuntzaren molde berriak saiatu nahi zituzten.

        Beren garaikide gehienek ordea, ez zioten erreparatu haien lanen axaleko laztasunari baizik; hizkuntza bortxatu eta aldatu egiten zutela, gehiegi urruntzen zirela egunero erabiltzen zen hizkuntzatik, gehiengoarentzat ulertezinak zirela haien idazlanak...

        Aitzol literatura suspertzeko ekintza guzti horien eragile eta eratzaile nagusia izateaz gainera, literaturzale fina ere bazen; Olerti Egunetan saritutako olerkiei buruz eta garaian argitaratzen ziren liburuei buruzko kritika adigarriak idatzi zituen, kultura literario zabal eta sakon batez horniturik zegoenaren salatari.

        Hala ere polemika latza sortu zenean errez-zale eta berrizaleen artean, bere proiektu kulturalak irakurlego handia, denengana iritxiko zen literatura sarkorra behar zuenez, txarretsi egin zituen berrizale horien bideak:

 

        «Aditu utsaz ta entzun utsaz errex aditzen dira (Agate eguneko koplak). Eta honelako olerkiak bear ditugu. Irakurleak eta euskaltzaleak gere bertso zail eta idazlan ezin entenizkoaz aspertzen ditugu. Geok ere, idazleak aizkenaz nekatzen ari gara. Iñor mintzeagatik ez diot. Neroni naiz erruduna: Baña guztiak bide txarrak utzi eta bide onera jo dezagun.

        Bide txarra daramagu, olerkari eta idazle geienak. Oso bide txarra. Ongarri baño txarkeri geiago euskerari egiten diogu. Guztiok euskera maite degu. Gure elburua euskera piztutzea da. Gure baitan sar gaitean eta erabaki egokiena gureganatu dezagun». (Aitzol «Oitura zarren piztutzea» EL DIA, 1934).

 

        Aitzolek herri olerkigintzaren bideari aproposago zeritzon une hartan. Ez bestelakoa dastatzeko fintasunik falta zitzaiolako ordea! Herri olerkigintza aztertzeari, ezagutarazteari eta saritzeari ekin zion Aitzolek handik aurrera, adibide gisa, aipa dezagun Olerti Sariketetan Aritz Abarraren aldean, beste sari bat sortu zuela olerti herrikoirik onenarentzat, eta baita sari berezi bat ere, argitaragabeko olerki herrikoien biltzaileentzat.

        Handik aurrera, idazlan aipagarri bat argitara zuen Aitzolek «Eusko olertikera berezia» izenburuaz, herri olertigintzaren teknikak eta baliapide ezezagun asko ezagutarazteko, eta Manuel Lekuonak behinala «La literatura popular vasca», liburuaren hitzaurrean egin zuen bezala, olerkariak eredu herrikoiaz baliatzera konbidatu zituen.

        Aitzolen jardunaren azken urteak (1934-1935) sekula euskal kulturaren eremuan eraman zituen gogorrenak izan ziren. Eta bera ez zen ilunbista zetorrenean egunabarra zetorrela esaten zekienetakoa; urterik ilunenetan kemenaz eta aparteko senaz baliatuz aurrera jotzen asmatu zuen gizona izan bazen ere, hasitako bideari kaltegarri zeritzon eta zurikeria handirik gabe adierazi zuen. Etsimenduzko urte haietan argitara zuen Aitzolek hitzaurre honen hasieran zati bat aldatu dizuedan «Balance literario 1934» delako artikulu hura, Lizardiren eta Orixeren lan literarioaz halako epai ukakorra egiten duen idazlan hura. Dezepzioa da balantze etsikor horren arrazoia, ezin suma ahala adinako dezepzioa eta samina.

        Izan ere, 1934. urteko liburuak aztertuz apenas aurkitzen bait du baliozko lanik, eta aipatzea merezi duten bakarrak elite ikasi eta prestatuarentzat eginiko estilista lanak bait ziren. Etsigarria izan behar zuen Aitzolentzat, eta berak bezala literaturari halako indar ahaltsuak eratxekitzen zizkion edonorentzat.

        Eta hain bihozkabeturik hasitako urte horretan bertan ekin zion bide berri bati, gehienik maite zuen literaturaren eremuan bilatu ere esperantzaren hazia ernetzen: aho minean, ezpain axalean eta bapatean sortzen den herri literaturan: bertsolaritzan. Eta ahozko literatura bizi horri, ordurarte izan ez zuen prestijioa ematean, ez zuen hutsik egin horratik!

        Taberna zokoetan bertsolariek elkarri zipoka jarduteko jolas zital hura antzerki aretoetara eraman eta gai jasoagoak eskeini zizkion. Lehenengo bertso txapelketa haietan Basarri gaztea eta Txirrita zaharra izan ziren sarituak. Baina, garrantzizkoa dena, lehenengo sariketa haiez geroztik, bertsolariek euskal kultura berrian zer esanik eta zer eginik frango izango zutela erabakita geratu zen.

 

        LIZARDIREN KAZETARI LANAK

        Izenburu honen pean bildu ditudan artikulu guzien balioaz oharterazi nahi nizuke orain, bi urtetako biltzaile lanaren nekeaz gain, lehenago ezagunak ez ziren hainbat artikuluren berri izateko aukera eskeiniko bait dizu liburu honek. Gaztelaniazkoak nahiz euskarazkoak, denetan agertu zituen Lizardik zeharka meharka bere ideiak, joera estetikoak, zaletasun literarioak...

        Hasieran euskararen aldeko kanpaina egin beharrak eraman zuen Lizardi egunkarietan idaztera, baina arian arian, zaletu egin zen, eta gaztelaniaz bezala euskaraz ere gero eta estilista finagoa bilakatu zen hitz-lauzko lanetan.

        Estilista bilakatu zela esateak ez digu artikuluen garrantzia edertasun formalera muga arazi behar. Lizardik idazlanak ongi borobildu, zorroztu eta hausnartu ondoren ematen zituen argitara, eta nik esan gabe ere, irakurleak berez antzemango ditu Lizardiren umore zirtolari eta adimen azkarraren zantzu ugari. Ez daukat nik Lizardiren idaztankera goraipatzen hasi beharrik, besteak beste, nik baino hobeki eta askoz lehenago egin zutelako Joseba Mirena Markiegik eta Antonio Maria Labainek beren hitzaurreetan; horregatik jaso ditugu hitzaurre horiek edizio berri honetan.

         Bestetara erakarri nahi nuke nik irakurlearen begirada: Lizardiren prosazko idazlan hauetan suma daiteken literaturari buruzko kontzeptzio jakingarrira, hizkuntzaren kontzeptu modernora, euskal literaturaren molde berrien adierazpide eta baliapideen aipamenetara...

        Gaztelaniazko nahiz euskarazko hainbat artikulutan ugariak dira garai horretako literaturaz orokorki, eta, bereziki, ez dira urriagoak Lizardiren olerki lanez interesaturik dagoenarentzat jakingarri izango diren erreferentzi literarioak. Badira han hemenka sakabanaturik Lizardiren olerkien oihartzuna diruditen zenbait pasarte. Artikulu bakoitzari dagozkion azpi-oharretan garrantzitsuenak iruditu zaizkidanak argitzen ahalegindu naiz, baina irakurle adituak antzemango ditu nik erreparatu gabeko beste hainbeste.

        Konparazio baterako, Lizardiren olerkigintzaren ezaugarririk nabarmenetako bat izan da betidanik haren iturri literarioak zeintzu diren antzemateko zailtasuna, erabiltzen dituen gaien jatorria sumatu ezina, joera literario jakin batean kokatzeko daturik eza.

        Artikulu hauek aztertuz ez ditugu gorabehera guzti horiek argitu ahal izango, baina, euskarazko nahiz erdarazko zenbait artikulutan dioenagatik nabaria egiten da, nik uste, errealitateari erabat loturiko literaturaren zalea zela.

        Lizardirentzat errealitatea eta literaturaren artean dagoen aldea olerkariaren ikuspegi sublimatuan datza. Idazleak bizitzaren paisaia besteok ez bezala ikusteko dohaia du, baina ez du funtsean errealitatea faltsutzen, edo gezurtatzen, ez da «mintzo aizun» hutsa [2].

        Esate baterako, Sabino Aranaren urteurrena zelarik, haren bizitza kontatuko zuen liburua egiteko proposamena egin zuenean, novela naturalistaren aldeko iritzia agertarazi zuen, fikziozko narrazioaren aurkakotzat nabarmendu zuen bere burua:

 

        «La novela, la novela natural, la novela humana, no la dedicada por ejemplo a plasmar con apariencias de vida, meros sueños imaginativos o visiones más o menos proféticas del porvenir, debe ser aliño de caracteres, de sucesos vividos. De tal manera que, tanto más suele interesarnos cuanto más estrechamente venga a coincidir en los moldes que nuestro contacto con la vida circundante nos ha vaciado en el yeso del conocimiento» («Memoria y faro» Euzkadi, 1930).

 

        Eta izan ere, errealitatearekiko lotura estu hori, nork berak bizi izandakoarekin eta ezagututakoarekiko atxekimendu hori erabatekoa eta guztizkoa bait da Lizardiren olerki eta artikulu literarioetan. Ikus, esaterako, bere seme-alabei buruzko artikuluan, «Etxe barne bizia» izenekoan zein nolako deskripzio zuzen eta bizia egiten digun, egi-antzekoa ezik, egi-egiazkoa da.

        Hainbesterainokoa da olerkia eta olerkariaren bizi-inpresioen arteko lotura eta konpasa, non Lizardiren bi olerkirik ezagunenen gaia, «Asaba zaarren baratza» eta «Biotzean min dut» olerkietan harturiko ardatza egia egiazko errealitate bizitu batean oinarritzen diren, «El tema del día» 1929ko artikulua irakurriz antzeman dezakegunez.

        Beste zenbait artikulutan, «Tristezas de un jocoso sentimental» delakoan esaterako, azkenik amaitu gabe utzi zituen «Maitearen apurñoak» osatu behar zuten «Umezurtz Olerkiak» izenburupean argitaratu ziren olerkien iragarpena eta inguru-giroa agertzen dizkigu. «El tema del día» artikuluan ostera, olerkien gaiak, irudiak, metaforak eta sinbolizazio prozesua oso osorik eta zehatz-mehatz idatzirik daude.

        Irakurleari utziko diot artikulu honen eta arestian aipaturiko bi olerki horien arteko alderaketa egiteko lana; aipa dezadan halere lizardizaleok beti ia miragarritzat izan dugun «Biotzean min dut» olerkiaren erritmoa bera ere, zenbatetaraino dagoen loturik inpresio pertsonaleekin, bizi izandakoarekin:

 

        «En medio del largo cortejo que iniciaba en alto la cruz rematada por cien negrísimos mantos de mujer, las pisadas de los vivos resonaban con un eco extraño y estremecedor...

        Ese momento ha quedado grabado hondamente en mi mente, porque sufrí como una alucinación y pensé que asistía a las exequias del euskera.

        En fuerza de aquella visión interior, la analogía de casos, la personalización de «viejo e inútil» en el viejo cadáver liviano que nuestros brazos sostenían, fueron, por un instante, de claridad maravillosos...».

 

        Lizardik, Jose Maria Agirreren sentimenduak, bizi-esperientziak, pozak eta oinazeak, poesia bilakatu zituen; semetxoaren heriotza, adiskide minaren eromena.., baina giza sentimenduetan heriotzak hunkitu bazuen gehienik, gizartearekiko sentimenduetan euskararen zoriak kezkatu zuen erabat. Hura bihurtu zitzaion sentimendu literariorik emankorrena, euskaldunok aintzinaterik itsuenaren baitara eramaten gaituen katea erdoitsua bait da, lokarri zaharra...

        Nork berak ikusitakoa, nork berak bizitakoa, norberaren zentzuek aditutakoa jaulkitzearen alde mintzatu zen Lizardi behin eta berriro, baina bazuen zerbait gehiago, sentimenduak bakarrik ez bait dezake olerkirik sortu. Bada besterik, «olermen irakiten» ezarri, eta amesgaiztozko egoeran, «como de súbita explosión de magnesio» egonarazten ziona, «prisma sublimador» hura, alegia.

 

        ITZULPENGINTZAZ

        Itzulpengintzak Lizardiren lehen urteetako ihardunaren zati handia hartzen du: bai berak eginiko itzulpen lanez, bai itzulpengintzaz argitaraturiko idazlanez.

        1928-1929. urteetako ihardunean, Iruñeko San Fermin Jaietan antolatutako itzulpen sariketa batek ematen dio mintzagaia «Traductores de Cervantes» izeneko artikuluan; alde batetik Orixek eginiko itzulpen sarituaz hitzegiteko aukera eman ziolako, eta bestetik, geroxeago RIEV aldizkarian argitara zuen itzulpena, sariketan eskatu zuten «El Quijote»ren bederatzigarren atalaren itzulpena bera zelako. Ez dakigu sariketara aurkeztu zuen ala ez.

        Lizardiren ustetan, itzulpenak egitea idazlearentzat estiloa lantzeko, bere tresna eta baliapideen erabileran trebatzeko zeregina izateaz gain, gure bezalako hizkuntza minoritarioetara literatura handietako sorkuntzak erakartzeko bide egokia da.

        Itzulpenak hizkuntza molde berrietara malgutzeko, eta aldi berean literatura modernoaren ekarria gureganatzeko erabili behar litzateke 1928ko artikuluetan zeregin hori burutzeko beharrezko diren tresneriez idatzi zuen, hiztegi eta gramatika egokien faltaz... Baina euskal itzulpen egokiaren teorizazioaz luze aritu zen Orixeren «Tormes'ko itsu-mutilla» itzulpenaren iruzkinean.

        Euskal itzulpen egoki batek hiru ezaugarri nagusi behar zituela zioskun: lehen lehenik laburzale izan beharra zeukan, trinkoa eta barrokismorik gabea hala bait dagokio euskararen bere berezko senari. Itzultzaileak ihes egin behar dio adjetibazio ugariegiari, eta esaldiak elkarren gainka emateko ohitura galdu, gaztelaniazko esaldi luze bihurrien erretorikari lepoa bihurritzen ahalegindu behar du, hizkuntzaren antzinako egitura eta hitz zaharren altxorrera joaz ahal duen guztian, berrikeriak asmatzen ibili beharrik ez izateko.

        Beraz, eta euskeraren berezko joskera horri erreparatuz, itzultzaileak jatorrizko testua ongi zatitzen asmatu behar du.

        Azkenik, itzulpenetan jatorrizko testuan esaten dena oso osorik adierazten ahalegindu behar da, baina «ad spiritum» eta ez «ad litteram».

        Ohar hauexek berak dira 1929an RIEVen argitaratu zuen «El Quijote»ren itzulpenari erantsi zion oharrean aipatzen dituen ezaugarriak:

 

        «Itzulpen ontan alegiña egin da itzulgaiari aalik eta bertanetik jarraitzen; baña noizik bein, zeatzegi itzuliak esaldia gogortu zezakean, zertxobait, beraizik, aldatu izan da. Bestalde, gaztelera ain berezko dituan esaldi luze alkar-lotuerantsiak, nolabait moztu-banatzera ekin diogu, euskerari obeto dagokion laburtasuna aal-neurrian jaretsi-eske. Azkenik, itz gaitz ala berri batzuen ondoan zaar-errezagoak ere adirazi dira, batera naiz besterako aukera egon dedin».

 

        Itzulpenez mintzatzerakoan bada halere, garai horretako literaturari dagokion beste alor bat, euskal testuen aldamenean gaztelaniazko itzulpena argitaratzeko joera, alegia.

        Arestian aipatu dugun «Tormesko'ko itsu-mutilla» liburua bietara argitaratu zen, eta gainera Orixek gaztelaniazko testu orijinala aldatzeko ausardia izan zuelarik..., Lauaxetaren «Bide Barrijak» ere gaztelaniaz eta euskaraz argitara zen. Lizardik «Olermen irakite» izeneko artikuluan ohitura hori onuragarria zela esan zuen:

 

        «(gaztelaniazko itzulpena) irakurri ondoren, goitik beera begiratu nindun itzal apur batez. Gero, aurreko egunean ez bezela, euskerazkoa astiro-astiro irakurtzeraño bere burua eratxi zun.

        Erderaren indarra! Ortatik atera det —zuzenki ala ez?— nola argitaratuko nuken nik olerki-idazti bat, gauza dan gairik ba-neuka, ta dirurik... galtzeko. (...)

        Ta olerkiok enituke emango euskera utsez: alboan zeñek, bere erdalpena luteke, aalik ondoen egiña. (...)

        Nik uste orrela ale geiago salduko nituke. Bestela euskeraz ezer irakurtzeko eztiranetarik zenbaitek erosiko luteke agian.

        Ta askoek, bear-bada ikasi, gauzak ederki ta maiz adirazten euskerak eztiola erderari batere zorrik». («Olermen irakite» 1931).

 

        Euskerarenganako errespetua erdal itzulpenetik etortzea espero zuen Lizardik, erabat alfabetatugabeak ziren euskaldunei gaztelaniaren bitartez erakustea euskarazko testuaren mamia jasotzen.

        Baina azkenaldera aipatzen dituen bi arrazoiak, salmentarena eta euskararen gaitasunarenak aipamen luzeagoa merezi dute. Alde batetik, irakurlego urriaren arazoak biziki kezkatzen zituen orduko euskaltzaleak, nekeza zelako euskal kultura maila bizkor-ugaria sortzea eta mantentzea, nolabait kultura horren kontsumatzaile eta eusle ziratekeen irakurleek hutseginez gero. Aitzolen etsimenduzko urteetan 1934-1935ean, irakurlego prestatuaren faltak eragindako osin beltzean itotzen ziren Pizkunde mugimenduaren literatur ahalegin guztiak [3].

        Bigarren arrazoiari dagokionez aldiz, euskararen gaitasuna erakusteaz denean, behar beharrezkoa zaigu guda aurreko euskal intelektualen egoeraren berri ematea, ingurumaria hobeto zehaztea.

        Euskarak barne-mundu konplexuak adierazteko, giza-muinetan sortzen diren hainbat kontzeptu eta abstrakzio adierazteko berezko kamustasuna zuela baieztatzen zuten hainbat intelektual espainolek, Unamunok, Pio eta Ricardo Barojak, Ortega y Gasset-ek... Adibide gisa, aipa dezagun 1931 ean jaun horiek oso epe laburrean desprestijio kanpaina bati ekin ziotela, abertzaleek Madrileko Lege-Biltzarrean euskal estatutuaren aldarrikapena egiten hasiak zirelarik, eta horrenbestez, Euskal Herriko bi hizkuntzen koofizialtasuna eskatzen hasiak zirelarik.

        Unamunok, parlamentari zenez, bertatik eman zion ezezko borobila abertzaleen eskabideari, koofizialtasunak herri subiranotasuna omen zekarrelako berarekin, eta hori arriskutsua izan zitekeelako.

        Ezezko honez gainera, euskal hizkuntzaren barne-egituraren eta mami-mamiko ezaugarrien eskastasuna eta sinplekeria salatu zituen. Gurea bezalako hizkuntza batek ez zezakeela iraun inola ere, oso gutxik mintzatzen zutelako, eta gainera nekazari zatar batzuen mintzaira aldrebesa besterik ez zelako.

        Erabili zituen Unamunok une hartan ere, aurreko zenbait liburutan bezala, euskarari buruz zituen ezagupen filologiko ugariak: hitz abstraktu jatorrizkorik ez zuela, denak latinetik eta erromantzeetatik hartuak zituela, hitz teknikorik ez zuela...

        Pio Barojak berriz, Unamunok baino bost egun beranduago Barcelonan beste adierazpen zorrotz batzu egin zituen:

 

        «Es una lengua que carece de capacidad de expresión. La falta de expresión obliga a los nacionalistas a observar esa actitud de reserva, aparentemente injustificada. No hay que poner trabas a los idiomas. La única solución humana y liberal es esperar a que naturalmente se imponga el que tenga más fuerza». (Aitzolek, «La muerte del euskera»-n aipatua 1932).

 

        Ez dago zertan esanik intelektual jantzi eta izen handiko hauen iritziei orduko prentsa espainolak eman zien oihartzuna zenbatetarainokoa izango zen, eta nolako kaltea egingo zien horrek euskararen prestijioa are euskaldunen artean itsasteko zailtasun handiak zituzten euskaltzaleei.

        Espainiar intelektualei, euskal mundua erabat arrotza eta ezezaguna izan arren, euskararen espresio ezintasun hori egia berdaderoa iruditu zitzaien. Gogora dezagun esate baterako, Ortega y Gasset-ek Zubiarre anaia pintore gor-mutu haien esposizio batez zer esan zuen:

 

        «En los hermanos Zubiaurre operan las tres potencias del mutismo: son pintores, son sordomudos y además, son vascos».

 

        Oso ugariak dira garai horretako liburu eta eginkarietan euskararen gaitasun eskasari buruzko adierazpenak, baina guztiak bana-bana aipatzeak luze joko luke; eta ez da bereziki interesgarria guretzat. Une honetan garrantzitsu da ordea, euskal pizkundearen eremuan honelako erasoek nolako eragina egiten zuten aztertzea.

        Lizardik urte hartan bertan idatzi zuen «Eusko bidaztiarena» olerkia Unamunori eskeiniz: «Unamuno'tar Mikeli, yaun argiari, gure ausardia gorriaz yabetu dadin».

        Unamunori ironiaz eskeinitako poema honetan, Lizardik euskara larreko mintzaira-neskatxari bidaiarako proposamena egiten dio bere janzki zabarrez axolagabe, nora-nahikoa nahi luke, «yakintza egoek igua».

        Lizardik sormen literarioaren bitartez erakutsi nahi izan zion Unamunori euskaraz ez zela beste hizkuntzak baino basatiago edo dorpeago, zer-nahi adigai adierazteko oztoporik ez zuela.

        Horregatik, giro honexegatik egiten da bidezko Lizardik euskarazko testuak argitaratzean erderazko itzulpena aldamenean argitaratu nahi izatea, horren bitartez frogatu uste duelako euskarak ez diela erderei inolako zorrik, eta edozein pentsamendu konplexu adierazteko, edozein eremutan erabiltzeko hizkuntza duina dela. Lizardik obraren bidez, sorkuntzaren bidez, erantzun nahi izan zien espainol intelektualei. Aitzolek ordea, Larramendi berri bat balitz bezala, argumentazio luze bati ekin zion «La muerte del euskera» artikulu sortan.

        Ohargarria da, ordea, espainol intelektualetan euskara ezagutzeko motibuak bazituzten bi idazleek, Unamunok eta Barojak, egitea euskararen gaitasunaren ukazioa.

        Euskara behar bezala menderatzen ez zuten arren, noizpait erakutsia zuten euskal herriarenganako maitasuna. Zerk eragiten zien, bada?

        Aitzolek igarri zien bai gogoan zerabilkiten arrazoi izkutua: hizkuntza ukatzea eta narraztea, herri honen nazio nortasuna desegitea eta ukatzea bezalaxe zen. Abertzale tradizionalista integrista haien oinarrizko argumentua ukatuaz haien ideologia eta herri berezia, aberri berezia aldarrikatzeko arrazoi nagusia ukatzea bezala zenez. Abertzaleek beren hizkuntzaz baliatuz ez baditzakete beren sendimenduak adierazi, beren hizkuntzak inolako gaitasun kulturalik ez badu, orduan, beren herri-usteak, eta eskabide pilitikoak ere hutsalak eta zentzurik gabekoak ziren.

        Aitzolek bazekien bai, zer esan nahi zuen Unamunok «Cooficialidad implica soberanía nacional y puede ser peligroso» esaten zuenean.

 

        GRAFIA ARAZOEZ

        Lizardi ez dugu gaur gaurko idazlea, oraintsu dira hogeita hamairu urte inguru hil zela, eta beraz, haren idazlanetako grafiak, argitalpen berria egiterakoan, moldatu beharrekoak iruditu zaizkigu.

        Joseba Mirena Markiegik 1934ean prestatu zuen «Itz-Lauz» liburuxkan grafia bateratuaren moldez argitara zituen aukeratu zituen artikulu guztiak, «rr», «ll» erabili zituen «?» eta «l» kakotxadunen ordez, eta «y»-ez ordezkatu zituen Lizardiren «j»ak.

        Egunkarietan Lizardik argitaratu zituen artikuluetara jotzean, berehala nabaritu nuen, Markiegik esaldietan aldaketa txiki zenbait egiteaz gain, gramatikazko zuzenketa txiki batzuez gain, Lizardik erabilitako hiru grafia moldeak bateratu beharra izan zuela.

        Lehen lehenik eta ugarienik Arana Goirik proposaturiko ortografia arauak betetzen zituen: «j», «ñ», eta «?», «l», hau da r eta l kakotxadunek:

 

        «Jaun andreak: Makal-xamar nengoalarik-ibilia bainaiz soro aundirako langa zabaldu ez zabaldu-idazki bat, karta bat, eto?i da gurera...». (Batzar iraunkorrari agurra» 1929 Ekainak 27).

        «Egia ikus dezagun, ama!» «Euskal egunerokoa»... eta beste hainbat artikulu, grafia horretan idatzi zituen. Beste asko, aldiz, Euskaltzaindiak 1928an erabakitakoan argitara zituen: hau da, Aranazaleen «?» eta «I» kakotxadunak, «rr» eta «ll» idatziz eta gainerakoan berdin, «j» eta «ñ»:

        «Jaun Bonipazi begiragarri ta adiskide: barkatu jardun luze lotsagabetxo au. Egoarri gutxikotzat jotzen gaituzu eta eramanpenez lasa orni gaiteala diguzu esaten. Aolku egiazki bikaña!...». («Euskara andiki soñekoz» 1930, Irailak 27 EL DIA).

 

        Bi horiek dira beraz, Lizardik gehien erabiltzen zituen grafiak. Oso aldian behin ordea, Aranazaleen ? eta l kakotxadunak erabiltzeaz batera, «j», «y» idatzi ohi zuen, esate baterako:

 

        «Ale atsegiña benetan. Begietatik sartzen dena leenen, milixkaga?i dan edozerk sartu bear duan bezela; ain da aundiera egokikoa, apainga?i ain goxoez yantzia, ain garai ta e?ez ira?ia...». («San Luis'en bizitza» 1932 EL DIA).

 

        Ortografia barietate hau ikusirik, Markiegik honela bateratu zituen denak: «j» ordez, «y» erabiliz, eta aranazaleen «r» eta «I'» kakotxadunen ordez, «rr» eta «Il» idatziz. Honelako grafia errepikatu zuen Antonio Maria Labaienek ere 1972ko argitalpenean.

        1986an argitalpen berria egiteko asmoa harturik, grafian gaurkoaren antzik gehiena duena erabiltzea aukeratu genuen, aranazaleena erabiltzeak garai hartako eta, bereziki Lizardiren mintzamoldeak berez dituzkeen zailtasunei, grafiarena eranstea zekarrelako.

        Esan dezadan, bestalde, artikulu bakoitza bere grafia originalean argitararazteko asmoak ere zirikatu nauela, baina idazle zaharragoetan balore filologiko handikoa izango litzatekeena, kasu honetan jakintsukeria hutsa iruditu zait.

        Horregatik aldatu ditugu «?» eta «I» kakotxadunak «rr» eta «ll» grafiengatik, eta aldian behineko «y» ak «ohizko» «j»-z. Nola nahi ere den, Lizardik ortografia gaiez zituen ideiez zertxobait jakin nahi lukeenari «Respetuosamente a Euskaltzaindia» (Euzkadi 1928, Abenduak 14) artikulua gomendatzen diot, gaur egun ere baliozko genuke eta, haren iritzia.

 

        ESKER EMATEA

        Hitzaurre hau ez legoke behar bezala osaturik Lizardiren artikulu guztien bilketa lanetan lagundu nauten guztiei zor diedan esker ona adieraziko ez banie.

        Aurren aurrenik, has nadin «Itz Lauz» liburuaren bigarren argitaratzaileari neure esker pertsonala aitortuz, bera izan baitzen elkarrizketa goxoan Lizardiren gaztelaniazko zenbait artikuluren garrantziaz oharterazi ninduena.

        Era berean guda aurreko egunkarien altxorra gorde, zaindu eta begiratu duten liburuzainei luzatu nahi nieke neure eskerrik beroena, beti izan bait ditut prest edozertan laguntzeko, Derioko Labairu mintegikoa, Lazkaoko beneditarren liburutegiko arduradun eta laguntzaileak, Donostiako Ateneoko hemerotekako arduraduna eta Deustoko Unibertsitatearen Liburutegikoak.

        Azkenik, eta ez horregatik gutxiago, lan honen antolamenduan aholkatu nauen Juan Mari Lekuona eskertu nahi nuke, eta hainbat artikuluren erreprodukzio aldrebesak deszifratzen lagundu didan ene ahizpa Garbiñeri, mila esker.

 

        [1] ORIXE («Bide onetik al goaz», 1932).

        [2] El poeta es un ser dotado de una visión especial, que mirando a través de un prisma sublimador los elementos del panorama de la vida, nos los presenta de un modo sorprendente: falsa de toda falsedad en opinión de la gregaria turba» (El poeta, EL DIA 1930).

        [3] Gurbindo izeneko idazleak honela adierazten zuen irakurlego urriegiaren arazoa, Aitzolen «Balance literario 1934» artikuluari erantzunez:

        «¿Es acaso que no interesan los temas de estos libros, por ejemplo? No sostendremos que el contenido de algunos de ellos, por ejemplo «ltz-Lauz» y «Umezurtz-Olerkiak» sean de franco sabor popular, pero de todas formas entre los estudiosos renacentistas ¿no cabe arbitrar arriba de 300 compradores? Esto revelaría un índice cultural pobrísimo.

        ¿Dónde están esas élites vascas que sacamos a relucir cuando se trae a mientes la potencialidad de nuestro pueblo?». (EL DIA «Los males del idioma» 1935, urtarrilak 10).

 

Bilaketa