Lauaxetaren prosa
Jon Kortazar
«Azalpenak eta beste 1932»
Etor, 1991
1. Lauaxetaren lana «Euzkadi» aldizkarian
Euskal literaturaren historian leku berezia dabe aldizkariek eta egunkariek. Hainbat euskal idazleren lanak argitaratu izan dira euren orrialdeetan lehenago, gero azken itxurea liburu eran hartu badabe ere. Zoritxarrez, euskal aldizkarien azterketa handirik ez dogu egin, eta gure idazleen lan piloa ezagutu barik geratzen jaku.
Holako zerbait gertatu jako Lauaxetari ere.
Jakina da eta oso zabaldua, Lauaxeta Euzkadi egunkariaren euskal orrialdearen zuzendari izan zala, zuzendaritzan Kirikiño eta Orixeren ondorengo etorrela. Orixe «Euskaldunak» poema idaztera erretiratu zanean bete eban Lauaxetak harek hutsik itxiriko arloa.
Beraz, zuzendaritzaz 1931.eko urtean arduratzen da.
Baina lau hau oraindik ondo aztertuta ez genduan eta, Lauaxetak Azalpenak idazten ebazala egunero esanaz laburtzen genduan aztertzen ari garan idazlearen lana. Gitxiegi bost urteko lan batentzat!
Eta gaur esaldia oker dagoala esan daikegu. Alde batetik Lauaxetak ez eban Euzkadin Azalpenak soil-soilik idatzi, eta bestetik, Azalpenak ez eben bost urte iraun.
Honela bada, guk uste Lauaxetaren lana hiru arotan banandu daikegula: a) 1929-1930 b) 1931-1932 d) 1933-1936.
1.1. 1929-1930
S. Onaindiak dinoskunez [1] «1928an Jesusen Lagundia itxi ta Bilbora dator, Euzkadin lan egitera. Itxia eban Kirikiñok 1931tik zuzendu eban euskal orria. Orixe egoan aren lekuan; honegaz batera jardun eban Lauaxetak urte bi ta erdian».
Dana dala, datu barri batzuk behera botaten dabe kronologia hau, Lauaxeta ez zan 1929. urterarte euskal orrialdean agertu eta. 1928. urtean Lagundia itxiko eban, bai; baina 1929. urterarte ez dator Bilbora. Arrazoia xinplea da: tarte horretan soldadutza egin eban, Euzkadi-ko euskal orrialdean Mungiako korrespontsalak dinoanez.
Lauaxetaren firmarekin 1929.ko Otsailaren 1ean agertzen da lehenengo artikulua. Ez da artikulu bat, poema bat baino. Eta Azalpenak hasi arteko lanaren ikur legez hartu daikegu.
Bai, 1.929-1.930 epe honetan Lauaxetak batez ere olerkiak argitaratuko ditu Euskeraz deituriko sailean.
Hasiera baten, gerotxoago Bide Barrijak liburuan batuko dituan bere poemak dira Lauaxetak argitaratzen dituan materialak. Poemok Erromantizismo eta Sinbolismoaren ildoetatik doaz, eta 1929. urteko abenduaren irauten dau epe honek.
1.930. urtean Euskeraz sailtxo horretan, nahiz eta gehienak frantsesak izan, Europako sinbolisten poemak itzuliz ekingo deutso. Ikusten dogunez, poesiaren tankera (Sinbolismoa) ez da aldatu.
Itzulpenok informazio ikaragarria damoskue Lauaxetaren iturri eta une horretan irakurtzen dauanari buruz. Euskeratu dituan idazleak hiru sailetan ordenatu daikeguz:
Europako klasikoak: Dante eta Goethe.
Frantziako Sinbolismoaren maisuak: Baudelaire eta Verlaine.
Sinbolismoaren jarraitzaneak: Sully, Prudhomne, Maurice, Maeterlinck, Francis, Jammes, Lemâitre.
Ba da eskema honetatik kanpo geratzen dan beste idazlerik ere: Verdaguer eta Andersen.
Zerrenda honek Lauaxetaren irakurtzeko grinaren barri emoten badeusku ere, gerotxoago ikusiko dogunez, ez da zerrenda itxia, geroago eta zabalago bihurtuz doana baino.
Aro honi dagokiona amaitzeko, esan daigun olerkaritzatik aparte euskal liburuen kritika (Orixe) erderaz, Kirikiñoren omenaldia eta artikulu politiko pare batek osotzen dabela Lauaxetak bere firmaz 1929-1930 urteetan argitaratzen dauana: 17 kolaborazio 1929. urtean, eta 34, 1930.ean [2].
1.2. 1931-1932: Azalpenak sailaren aroa
Lauaxetak 1931. urtearen hasieran bardin jarraitzen dau. Olerkien itzulpenak eta literaturazko artikuluak idatziaz. Baina Martiaren 21ean agertzen da lehenengoko Azalpenak, «Englandeko diruak» izenburuaz. Maiatzetik aurrera batez ere, egunero idazten deusku zertxobait, «Azalpenak» eritxon sailean bereziki [3]. Ikusten dogunez kronologia apur bat (hilabete) aurreratu beharrean gagoz.
Azalpenak idazten urte bi ekingo ditu Lauaxetak 1933. urteko Maietzerarte.
Ez dogu hemen zehazki azalduko zer-nolako goraberak izan zituan sail honek, azken baten geure aukeraketa honen iturririk sendoena izan dogulako, eta gure sarrera honek aurrera egin ala, astia izango dogulako astiro-astiro sailaren garrantzia eta Lauaxetaren eboluzio eta aldaketak aztertzeko.
S. Onaindiak ondo dinoskunez, 1931eko Azaroan kargutzen da euskal orriaren zuzendaritza lanarekin [4].
Hasieran batez ere, Azalpenak sailean agertzen ziren prosazko lanak ez eben izenburu zehatzik. Danak Azalpenak deitzen dira. Denborarekin artikuluei bakoitzaren zehaztasuna indartuz joango jake eta Azalpenak sailaren izenburuak irauten badau ere, artikulu bakoitzak argi itxiko dau zertaz ari dan. Aldaketa hori 1931.eko Uztailean gertatzen da.
Baina epe honetan Lauaxetak ba zituen beste grina batzuk ere, eta kazetaritza eta mitinak tresna bihurtzen ditu bere jokera politikoa zabaltzeko helburuarekin. Lauaxeta laster hasi zan mitinak emoten. Behintzat, eta arinago ez bada, 1931. urtearen hasieran sartuta egoan lan horretan. Hau egiztatzeko datu bi: 1) 1931eko apirilaren 12an hauteskundeak dirala eta, artikulu bat idatzi ostean ez dau astebetean ezer gehiago argitaratzen. 2) Mitinen barri ba da bere artikuluetan sakabanaturik garai bardinean.
Lan literariora itzultzen baditugu begiak, aro honetan Lauaxetak Antzerkia ere argitaratu euskun Euzkadiko orrialdeetan. Lan bi bereak dira: Asarre aldia eta Epaia. Beste bi itzulpenak: Maeterlinck-en obra batena bata, eta Sotarena bestea. Lanok berargitaratzeko prestakuntzak egiten diardugu egunokaz.
1.3. 1933-1938
1932. urteko erdialdean Lauaxetak Azalpenak sailaz gogaitua dirudi, beste sail batzuen hasiera gertatzen da eta. 1932. urtearen azkenengoko hileetan Temas Vascos erderaz eta Egunekua euskerazko saileri emoten deutse hasiera. Honela 1932. urteko Abuztuaren 24tik Irailaren 4ra ez dau Azalpenik idazten. Opor ostean baina, Urriaren 4ean barriro ekiten deutso sail horri.
Ez da luzarorako izango; 1933.eko Maiatzean Lauaxetak bere prosa lanaren egitura aldatzea erabagiten dau. Aldakuntza lau puntutan zehazten dau:
a) Sail bakar baten idatzi beharrean, sailak ugaritu egiten ditu: Lehenago Azalpenak izenpetzen baebazan, orain hiru-lau sail desbardin idazten ditu.
b) Artikuluen luzerea, Azalpenak artikulu guztion batasuna nagusituz, gai bati buruzko folio bi eskatzen eben. Oraingo sail barriotan batasuna deuseztatuz, luzera albista txikien pilaketaz lortzen da.
d) Albista edo barri txikiok ez dira izaten nahi ta nahi ez, eritzizko artikuluak. Gertatu izan danarekin, aktualitatearekin lotura estuagoa izaten dabe, eta inoiz Athletiren partiduen barri ere emoten deuskue.
e) Lauaxetaren firmea desagertu egiten da. Hemendik aurrera ez ditu artikulu gehienak izenpetzen. Eta zelan esan daikegu bereak dirala? Batzutan hizkuntzaren erabilpideagatik. Bestetan, holako edo holako saila berea dala esaten daualako. Izenpetzeari izte hau eta Urionabarrenetxetar Ibonegaz (Imanol Enbeita) lankidetzan hastea bateratsu gertatzen dira, gitxi gora behera.
Literatura aldetik, epe honetan barriro itzultzen da olerkigintzara. 1931. urteko Maiatzean hasi eta Euzkadi-n «Gaztetxoen Atala» deitzen dan orrialde baten bitartez ume eta mutikoenganako ardurea erakutsiz, ipuin eta komikiak publikatzeari ekiten deutso. Komikiak oso irudi gitxiko eta hitz askokoak dira. Bertan argitaratuko ditu Lauaxetak bere alegiak, irakurle gaztea gomutan dauala. Alegi gehienok, ez guztiak, Etor-en argitalpenean irakurri daikeguz. Alegiok «Umeentzat ipuinak» deitutako prosazko atalean izango dabe jarraipena. Baina sailak ez dau Uztailetik aurrera jarraituko.
1933-X-11n «Izkiñuak» deiturikoa zabaltzen dau. Berton, lehenengoko poema bezala «Lora billa neskea» argitaratzen dau. «Izkiñuak» atalaren barruan argitaratzen ditu Arrats Beran liburuan batuko diran zortzi poema. Bederatzigarrena ez da liburuan agertzen eta ahazturik datza. Saioak 1934-V-6arte iraungo dau.
Prosaz, teatroaren kritikari ekingo deutso erderaz, antzerkiaren berbizkuntza indartuz. Euskeraz, dinogunez, atalen ugaritze batekin aurkitzen gara. Lehenengoa «Egunekua» izan zan (31-VII-8 / 33-VII-24) «Zirika» eta «Zirikadeak» (33-V-31 / 33-X-7) [5], «Izpar Urtenenak» (33-X-7 / 34-I-31) «Jakingarrienak» (34-IV-5 / 34-V-8) «Gai Jakingarrienak» (35-VII-3 / 35-VII-26) «Ispar saila» (36-V-5 / 36-V-20) «Eztakixu» ta «Autu-Mautuka» (36-V21 / 36-VIII-19).
Eta tartean hainbat eta hainbat izenpetu bako artikulu, eta barri bezala euskal orriaren egituran sartutakoak. Sail barriok baina, eta jadanik aitatu dogunez, barri txikien pilaketaz osotzen dira. Gogamen edo barri soilen eztenkada bezala eginak, ez dauke, nik uste, Azalpenak dauken interesik. Lauaxeta eta inguruko giroaren barri emoten badeuskue ere, ez dira estilo literarioa agertzeko plaza.
2. Lauaxetaren prosaz
2.1. Gure aukeraketa
Gure bilduma honek oso argi ditu bere mugak: «Azalpenak» deituriko saila dau iturburutzat. Lauaxetak 1931-1933 urteetan idatzitako artikuluen bilduma dogu gehienbat.
Eta gehienbat dinogu, arau nagusi horri salbuespen parea egin deutsogulako:
Literaturari buruzko artikulurik gehienak batzen ditugu hemen. Horrelako artikuluak interesgarri ditugu Lauaxetaren kontzeptzio poetikoa ezagutzeko. Horregaitik, ahal izan ditugun gehienak batu ditugu, nahiz eta gonago aitaturiko epearen barnean izan ez. Horrela artikulu pare batek 1.935. urteko fetxa dauka.
Bigarren salbuespena ipuinei dagokie. 1934. urtean «Ipuin barregarriak» deitzen dauan sail barria zabaltzen dau. Bizitza urrikoa izan arren, berton argitaratzen ditu Lauaxetak bere ipuinik luzeenak. Ezin genduzan, ba, edizio honetatik kanpora itxi.
Aukeraketa hau, beste hainbat eta hainbat bildumatan legez, gustoan oinarrituta dago. Ziur asko, ez ditu lan hoberen guztiak bere orrialde artean batuko, hobe kontzeptua ene subjetibitatez sendotzen dalako.
Baina Lauaxetaren prosaz, bere pentsakera eta bere literaturari buruz emoten dauan informazio gehiena biltzea izan da gune guraria. Helburuak ez dagoz balio literarioan oinarriturik, balio dokumental edo historikoan baino.
Ikuspegia aldatu egin dogu. Arrazoiak? Bat baino gehiago. Ez dot uste egunero-egunero, prisaz, eta askotan gai barik idazten dan sail batek literaturtasun haundirik eskeiniko dauanik.
Batutako artikuluek Lauaxetaren nortasunaren alderdi gehienak ikutzen ditue. Lauaxetaren artikulu tipoen errepresentagarri izan nahi dau aukeraketak. Dinogunez, hizkuntza aldetik korrektoak izan arren, balio literarioari begira baino balio politikoari, egunerokotasunari arreta gahiago jartzen deutsoe.
Ez dakit literatura asko biltzen dogun ala ez, baina Lauaxetaren jokera gehienak hemen dagozelakotan gagoz.
Bildutako materiala hiru ataletan banatzea otu jaku.
Ipuin lana: Kirikiñoren maisutza jarraituaz Lauaxetak ene umorezko eta ohiturazko literatura egiten dau. Ez da oso literatura ona. Txisteak normalean atalaren neurrietara mugatu behar ditu eta umorea fortzatua gertatzen jako gehienetan.
Literaturari buruzko eritziak: Lauaxetaren olerkigintzaren iturriak, literaturari buruzko bere asmoak ezagutzeko, giro literarioa ulertzeko, oso atal jakingarria dogu hau.
Pentsakeraz: hirugarren honetan Lauaxetaren jokera politikoaren barri izango dogu.
2.2. «Azalpenak»: Eritzi artikuluak
Lauaxetaren kazetaritza eritzi artikuluetara mugatzen da, hori baita, batez ere, «Azalpenak».
Baina gaurko kazetaritza eta Lauaxetanen aldikoa ez da bat eta bardina. Gutxiago ere ez! Ba dago aldia eta ez makala! Orduko kazetaritza eta Politika eskutik joiazen. Alderdien menpean ziran eritzi artikuluak. Eta gehien baten, polemika kutsu garratz eta mingotsaren oihartzuna erabilen, bilduma honetan baten baino gehiagotan ikusteko aukera izango dogunez.
Zentzu politikoak eta debate jokoak askotan eragiten deutso Lauaxetari. Eta zer esanik ene ez, egunerokotasunaren prisa gehitu ezkero, artikuluon balio literarioa ez da askotan agertuko.
Mugatzen ari garan giro batetan ez dira arraroak izango ondorio bezala aitatzen doguzan hurrengo datuak: Lauaxetak irakurlego berezi batentzat idazten dau: euskera erabili, Alderdi Jeltzalearen jarraitzaile eta askotan, Bilbotik kanpo bizi danarentzat. Inoiz «baserritartzat» jotzen dau Lauaxetak. Baina azkenengo hau ez litzateke osoz egia izango, Lauaxetaren hainbat gertakizun hurian kokatzen diralako eta, hori baino zehatzago dana, huri ikuspegitik begiratzen diralako baserritarrak eurak ere, eta «ruralismoaren» irudi majikoa ahaztu egin dau Lauaxetak, baserritarren bizitza gogorra baten baino gehiagotan aipatzen dau eta.
Beraz, Lauaxetak irakurleenganeko lotura zaintzen dau. Pena izan da, baina Lauaxetak Euzkadiko idazleei zuzendutako oharren bildumatxoa egitea ezina izan dogu gaurkoz. Berton oso Lauaxeta hurbila agertzen jaku, eta idazle-irakurleen arteko loturak estuak dirala adierazten deuskue ohartxook. Lauaxetari, ba, irakurleek irakurri nahi dabena idaztera behartuta gertatzen jako burua. Mezu politikoa zuzena eta momentuzkoa. Gaurkotasunaren komentario zabalagoa egitea baita eritzi artikuluon helburua.
«Azalpenak» artikulu txorta, bada, aldizkariaren irakurlearengan aurretiaz dagozan eritzi ideologikoak indartzera dator. Hasiera baten behintzat.
2.3. «Azalpenak» sanaren eboluzioa
Urte pare baten aldakuntza eta ertz asko ezagutuko dau artikulo sail honek. Dana dala, guk hiru aro nagusi ikusten doguz sail honen barnean.
I. 1931-V/1931-VII. Hasieran Lauaxetak nahiko kazetaritza dogmatikoa egiten dau, berak uste dauana erakutsi, eritziaren oinarria bere esperientzia personaletik sorturik aurkitzen da, eta hemen irakurlegaiaren papera bigarren malla baten ixten dau. Lauaxetak berarentzat garrantzia daukana azaltzen dau eta irakurlegaia kontutan hartuko dau bere oneritzia aurkitzeko, beste barik. Irakurlearenganako lotura ere maila erretorikoan uzten dau: itaun erretorikoak eta apelazio orokorrak izaten dira gehien erabilitako espresabideak. Adibiderik argienak «Azalpenak» izenburua dauken artikuluak ditugu.
II. 1931-VII/1932-II. Laster, artikuluaren nortasuna izenburuaren bitartez indartzen dan artean, umorea hasten da ernetzen. Eta umorearekin batera, irakurlearen ispilu bezala hartu daikegun pertsonai arketipiko bat idazlearekin mintzatzen hasten da. Itaun-erantzunen teknikak aurrerakuntza berezia sortuko dau Lauaxetaren estiloan: irakurlearen arreta biztu, esaldiaren laburtasunaz irakurketa erreztu, giza talde baten interesak aitatuz interesa sortu, eta hizkuntza espresiboagoa lortu. Aro honetako artikuluetan alkarrizketa eta umorea batera dabiltz. «Eredua» eredutzat jarri daikegu.
III. Hirugarren aro batetan Lauaxetaren estiloa heldu egiten da. Barriro gai serioei ekingo deutse, baina hizkuntzaren espresibitatea ahaztu barik. Ipuinak urrituz doaz. Jokera politikoa, barriz, garraztu eta inoiz baino polemika bortitzenak idatziko ditu (Guzurrak). Bere artikuluak, azken baten, esperientzi pertsonalean oinarrituak egon gabe, giza talde baten erantzuna, izan nahia adierazten dabe (Iruiñako batzarra).
3. Lauaxetaren ipuinak
3.0. Kirikiñok zabaldutako bideek agintzen ebenez, Lauaxetak ere, ipuin barregarriak erabiliko ditu egunero idazten eban saila bizteko.
Dirudienez, artikuluon tonua errezteko aukeratzen dau Lauaxetak ipuigintzaren bidea. Eta horrela Kirikiñok sortutako tradizio barreragilearen jarraitzaile bihurtzen da. Lauaxetak bidea jarraitu egiten dau, beste barik, orijinalitate larregirik ipintzen ez daualarik.
Baina umorezko idazle asko baditugu ere, barrearen teknika eta jenero honi buruzko ikerketa falta jaku oraindik [6]. Lauaxetak, oso gitxi aportatzen dau. Agian, gorago aipatu dogunez, huri ikuspegiak, pertsonaien aukeraketak, zerbait desbardin jartzen dau hain jenero errepetitiboan. Baserritarrak ez dira, jadanik, pertsonai nagusi eta zuhurrak. Hiritar adarjotzaile trebeak aurkituko ditugu ipuingintza honetan. Huria beste hainbat ipuinen gertaleku izango dogu.
Dana dala, aurrerako ipuinlarien mezu ideologikoak mantentzen dira: erdaldunenganako ziriak, ipuin laburrei dagozkien pertsonai lau eta xinpleak... Lauaxetaren umorea baina, Kirikiñorena baino eskasagoa da. Hizkuntzaren jabetasunean baino tipo eta ekintzetan oinarrituagoa. Ez dau Lauaxetak gatz bako umore apala baino agertzen. Ez da ahaztekoa, bere estiloan umoreak gehitutako espresibitatea. Hitz jokoak, hots hitzak, joskera aldetiko jokoak estilo honen aberasgarritzat jo daikeguz.
3.1. Umorearen azterketa
Ataltxo honetan Lauaxetaren 21 ipuin barregarrion azterketa lortu nahi geunke, barre eragiteko teknikak zeintzuk diran ezagutzeko, eta bide batez gorago aipatu dogun hutsunea geure indar apalez betetzen hasteko.
Lauaxetaren umoreak sail nagusi bi ditu: a) Txisteak, b) Egoeren inguruko umorea. Lehenengoa linguistikoa da. Hitzen zentzuen jokoa dogu txistea. Hitzak, espresioak eralgiten dau barrea. Edo hobe definitzeko, kontaketa normal bateri bigarren zentzuzko kontaketa bat jartzerakoan sortzen da txistea. Bigarren kontaketa «kontaketa parasitoa» da, lehenengoari esker bizi dalako.
Egoerazko umorea, barriz, pertsonai edo pertsonaien ekintzen mailan gertatzen da. Ez da hitz jokoa. Jakina, hauxe ere hizkuntzaz komunikatzen jaku, baina barrearen hazia ez dago, bereziki, pertsonaiek emoten dabenean, egiten dabenean baino. Eta nahiz eta ondo bideratu ez, hauxe dogu Lauaxetak gehien erabiltzen dauana.
a) Txisteak.
Txisteen [7] kopurua urria dogu. Adibide parea aurkitu dogu gure kopuruan: «Argirako» eta «Erdu geurera».
Egoera normalaren bortxapena da, eta barrea eragiten dauan bigarren «kontaketa parasitoak», hasierako egoerak proposatzen ebana baino zerbait gehiago adierazten dau.
Txistearen oinarria «argi» berbean dago. «Argia» santuei ipintzeko / argia ikusteko (rituala / funtzionala). Txistea beraz homonimia baten oinarritua dago [8], hitzanen zentzuekin jokatzen dau pertsonaiek, bere lojikaz monagilloari erantzunik.
«Erdu geurera» ipuina ere bardin osatzen da. Erantzuleak bere lojikaz erantzuten dau: «txakurraren janaria» hitz taldearen anbiguetatez jokatzen dau idazleak.
Txiste moduan ez neuke nik oso txarrak direnik esango. Baina Lauaxetaren ipuingintzaren arazoa ez dago txistearen teknikan, teknika hori narrazio sistema baten sartu beharrean aurkitzen da, artikuluak luzera handiago bat behar daualako. Eta lotura hori, batuketa hori ez dago ondo lotua. Ipuinaren garrantzi gutxiko detaileak luzatu egiten dira alperrik.
b) Egoeren inguruko umorea.
Gorago aipatu dogunez, ekintza mailan gertatzen da umorea. Lauaxetak ugariago erabili arren, ez dot uste aberatsagoa edo baliagarriagoa lortzen dauanik. Kontaketa batzuk gatz bakoak dira. Eta pertsonaien xoxokerian edo egoera ridukuloan oinarritzen dau Lauaxetak ipuinon barregarritasuna. Xoxokeriatik maltzurkeriara iraganez, zerbait gehiago irabazten dau ipuinak. Teknika aldetik honelako banaketa egin daikegu:
Paradoxak: Zerbaitek edo norbaitek berari ez dagokion funtzioa betezen dauanean. Adibideak era bitakoak dira. «Iruzurra» ipuinean aurkitzen dogu lehenengoa. Karabineroek funtzioa aldrebestu egiten dabe eta horrela barrea sortu;
kontrabandoa debekatu / kontrabandua zaindu
mugak zaindu / kontrabandoa zaindu
kontrakotasun horren arteko paradoxan oinarritzen da ipuina.
Beste paradoxa batzuk ostera, askoz ere xinpleagoak dira eta txikitasunak handitasuna adierazi formulaz izendatu daikeguz. Adibideak argiak dira: «Intxaurrak» edo «Ezkontza bearrezkoa». Intxaurrak maitasun erregalu legez borondotea adierazten dabe, edo bigarren ipuineko pertsonaiek ezkondu behar dabe pistolekaitik. Giroaren tonutik kanpora diran elementuek; paradoxa eraikitzen dabe eta pertsonaien injenuitatea azaldu.
Maltzurkeria. Pertsonaien arteko engainuak ugariak dira. Teknika oso ezaguna da. Irakurlea jakitun dala, pertsonai batek beste bati adarra jotzen deutso. «Ziñaldaria» eta «Buruko miña» dira adibideak, biak janari ederren, finen inguruan osoturik. «Ezkontza» ostera, Lauaxetaren ipuinik baliogarriena da. Teknika aldetik huts bi egiten ditu ipuinotan Lauaxetak: 1) Ziria zein dan irakurleari ipuinaren erdialdean azaldu (ez azkenean), 2) ipuinaren azken aldean galtzaile gertatzen dan pertsonaiari azaldu; horrela narrazio aldetik beharrezko ez zan bigarren azalpen bat emotera beharturik geratzen da, eta gainera, amaierak nahiko artifizialak geratzen jakoz horrela (Urrutizkiña). Askoz ere barregarriagoak dira, azalpen hori azkeneraino gordetzen jakonean irakurleari (Ezkontza) edo, paradoxaz, engainatzaileak engainaturik amaitzen dauanean. (On egin).
Egoera barregarriak. Ipuinaren grazia pertsonaiaren ridikuluan oinarritzen da. Egia esan, klimax bako, kolperik bako ipuinak diranez, ekintzak ez dau barrerik eragiten eta apurka-apurka ipuinak interesa galtzen dau bere amaiera (artifiziala) aurkitu artean: «Muslariak», «Antzokira».
Gehiegikeriak. Ba dira ipuin bi espresabide honetan oinarrituak. «Emakume izkerak» eta «Umeentzat ipuinak». Lehena bata bestea baino gehiago izateko nahiaz eta logikaz osotua, eta bestea, irakurleak kontuan harturik, ilogikotasunez. Baina biak gehiegikea iturburutzat daukela.
3.2. Espresabideen ugaritzea
Lauaxetaren ipuingitzaren balioa ez dago aitatu doguzan arazo teknikoetan, umore mailan, hizkuntzaren espresibitatearen, aberastasunean baino. Lauaxetaren estiloa helduz doa ipuinak idazten dauzan artean. Heldutasun hori, batez ere, irakurlearen hizkerarenganako hurbilketaz lortzen dau. Hurbilketa horren ezaugarriak hiru eratakoak dira:
a) Hiztegi aldetikoak. Zentzu bitakoa berau. Neologismoak: ezagunenak mantentzen baditu ere, neologismoen ugaritasuna jetsi egiten dau. Eta bestalde hiztegi tradizionala batzeko eta agertzeko ahalegina nabaritzen jako: «ogi apatza», «etxekalte».
b) Espresabide aldetikoak. Espresabide batzuk esanahia fintzen dabe, ahozko literaturaren baliapideak erabiliaz: esakerak («Orren koplak!», «Barrabanak ziran»), eta esakunak ugariago agertzen direla. Beste batzuk, ordea, aliterazioari begira dagoz, hitzen soinuaz hots atsegina sortzera dagoz. Arlo honetan agertzen jakuz: esaldi rimatuak, hots hitzak (dingilin-dongolon, zirt-zart), hitz espresiboak (tripili-trapala), errepikazioak (tira, tira; itxoin, itxoin).
d) Irakurlearen arreta lortzekoak. Itaun-erantzunak, alkarrizketak. ahozko espresabideetara hurbiltzeko bidea eskeintzen dabe; harridurak, amaitzen ez diran esaldiak eta hizkuntzaren espresabide literarioak (konparaketa, batez ere, da gehien erabiltzen dana). Konparaketok, nahiko topifikatuak dira, ahozko hizkeratik hartuak balira bezala: «tximista bezain arin». Espresabide literarioen ugaritasunak arraroak dira eta ez ditu hizkuntza literario bat egiteko erabiltzen: ametsezko irudien salakera edo giro erromantiko baten karikatura egin behar dauanean erabiltzen ditu bakarrik («Idazlea»).
4. Literaturaz
4.0. Lauaxeta bezalako olerkari batek poetika sendo baten jabe izan behar dau. Gauzak, batez ere poema onak, ez dira kasualitatez sortzen. Edozein poema on baten ostean lan ordu asko ditugu. Eta askotan lan orduak eta teorizazio sendoa. Gaur arte ez genduan ezagutzen Lauaxetaten poetikarik, bere poesiari buruz berak egindako lan teorikorik.
Gure ezjakintasuna oraindik zabala da, baina Euzkadi-ren orrialdeetan agertzen jakun «Erantzuna» artikulu sortak Lauaxetari buruz genkiana asko aurreratuko dauala uste dot. Artikulu sorta haren garrantzia begi bistan dago, horixe dau gaitzat eta: Lauaxetaren poetika.
Kontatzen da kontatu [9] Nicolas Lekuonaren (1937) grabatuak, arte lan eta fotografiak ikusterakoan (bere irudia handitu besterik egiten ez daben bizkortasun eta berekotasunez) Mari Puri Herrerok hauxe komentatu ei eban: «¡Cuánto hemos retrocedido!». Eta zuzen ulertzen dot Mari Puri! Neuri ere bardina jazo jatan eta, Lauaxetaren poetika irakurtzerakoan.
4.1. Giro literarioa
Edozein testutan irakurri daikegunez, gerra aurretiko aroa euskal literaturaren olerki arorik aberatsena dogu, Espainia eta Europatik etorrikako mogimendu literarioek bizkortua.
Lauaxetaren espezifikotasuna giro horren barnean hiru ezaugarrik mugatzen dabe:
Grezia klasikoaren oihartzuna. Eusko Pizkundearen sutabetako bat Grezian dago. Greziako poesiaren ezagupena bere heziketatik datorkio Lauaxetari. Izarrik amets egiten dauanean, Greziara itzultzen da idealaren bila: «Atika deritxon erriko erleak samurkiko ezti gozoa egiten eben aldiko gomuta alaiak» (Pizkundea). Greziako bizitza idealizatu egiten dau, ez bakarrik poesia [10]. Greziak literatura baino gehiago, literatura errezten eta bultzatzen dauan bizitza ederra opa deutso Lauaxetari.
Lizardi eta Lauaxetaren arteko adiskidetasuna argigarria da bizkaitarraren lana ulertzeko. Talde literario (eta mingots) bi sortzen direnean, Lizardi, Aitzol eta Jautarkol izango ditu Lauaxetak defendatzaile. Baina Lizardirekikoa zerbait gehiago da: literatur aldetiko kidetasuna, euskal elertiaren etorkizunazko sineste bardina, sensibilitate lotura berezia, literatura egiten jarraitzeko animo eta laguntza. «Adiskide mina jat Lizardi».
Bestalde, Lauaxeta eta Orixeren artean zerbait desbardin dago, kontzeptzio poetikoak ez ziran bardinak; ez horixe! Horrela Orixek A. Oinaindiari bialdutako karta [11] bion arteko hartu-emonen adierazgarri litzateke.
Hirugarrenez, Lauaxetak euskal poema salbatzailean sinesten eban. Euskal poema egiten zanean, etorria zan salbamena euskerara. Baina Lauaxetarengan beste matiz bat hartzen dau honek. Euskeraz Aberriagaitik idatzi behar da, euskera da eta aberri honen elementu bereizgarriena. Hizkuntza indartuz aberria indartu nahi eban. Zentzu politikoa azalean geratzen jaku. Baina ez dot uste bere asmoa politikoa zanik huts-hutsik. Ba dago, egon behar eban, asmo literarioa.
4.2. Hizkuntzaren iraultza. Zahar ala barri polemika
Lauaxetak eta Lizardik ba eben argi euren iraultza poetikoa ez zala bakarrik formala, ba ekien estetika barri baten egoala koska, ba ekien gai barriek zirala hizkuntza barria bultzatzen ebenak.
«Bide barriak baderitxot, ez da izkuntzagaitik, gehiagogaitik baiño. Orain arte erabilli ez diran gaiak diralako geure liburuan, izen ori jarri neban» (Eztabaida).
Testu honetan gaietan kokatzen da arazoa. Baina hori ez da egia osoa. Honetan argiago egiten dau berba:
«Ezerez antza daukan gaia apainki erabiltzea dozu gaitzena» (Arrats Beran liburuari buruz).
Poesia egiteko era zan barria, eta gero, hizkuntza barriztatzea.
Baina ez eben ulertu eta lasterrean sortu ziran eztabaidak. Kritikarik bitxiena (obra irakurri barik egiten da!) «Euskaldun batek» ezizenpean «Argia»n argitaratua dogu. Kritika gogorra zan, azken baten arrazoi falta indarrez eta subjetibitatez betetzen ebalako. Lizardi eta Lauaxetaren olerkigintza hartzen eban dudatan. «Ulertu eziñak» dirala esan ostean, euskera galtzeko arriskuan jarri dauala esaten eutson. Arrazoiak helduak ez baziran ere, min egin eban. Lauaxetak, Lizardik eta Barrensorok erantzun eutsoen. Hirurek aho batez erantzun bardina: Bide barriak eta bide guztiak onartzen ebezala, baina inori ezer ukatu edo kendu barik, eurak barritik joiazela.
Polemikaren azken fruitua Orixeren artikulua da. «Maitale kutuna» aztertzen eban eta orain polemikak sakontasunean irabazi eban. Orixek estetika balioa planteatzen eban. «Amanerado» deitzen eutson estiloari eta klasikoen bidea aholkatzen Lauaxatari.
Erantzuna, zorionez guretzat, heldu egin zan. Eta Lauaxetak bere gaurkotasunaren irakaskintza emon eutson (euskun):
«Gaur klasikoena eta idazlerik onena izango jatzu oraingoa ondoen bere olerkietan eta bere idaztietan azalduten dauana. Eundi bakoitzak bere klasikoak ditu».
4.3. Erantzuna. Europarantz begira
«Arrats beran idaztiaz uste bat neukon. Gaurko egunez Europako letretan lantzen dabezan olerki motak geure ele onetan be biribildu».
Eta Europako literatura osoa eukan Lauaxetak gogoan hori esan ebanean, ez bakarrik Espainia. Lauaxetaren asmo poetiko berezienak agertzen jakuz berton. Oso argi eukazan zeintzuk ziran olerkari baten lanak:
Munduko larriak, asmoak
edertasunez azaldu.
Asmo nagusia, benetan. Beste arazo bat (arazoa, hobe) Lauaxetak proiektua bete ba eban ala ez jakitea da. Baina teorikoki argi dago Lauaxetaren asmoa oso anbiziotsua dala, poesia eta literaturaren bila abiatu jakun eta:
«Orain tximistaren eundia dogu edo ziñearen aroa. Fotografiz ludiari begiratuten deutsogu. Ori ikuskarri ederra! Betor fotografi bat! Eta idazleak tankera orri jarraituten deutso. Eundi bakoitzean nor klasiko? Bere egunak ondoen esi dauzana. Idaztiak argiro erakusten badeutso eundi bakoitzaren tankerea edo izatea, idazti axe buru dozu».
Idaztiak sinbolikoki azaltzen dau mundua eta azalpen horren espresabideak emoten deutso testuari bere edertasuna. Edertasuna baina, gaia eta espresioaren arteko armonian, lotura egokian datza. Oharra garrantzitsua da. Orixek forma hutsa atakatzen ebalako Lauaxetarengan. Honen erantzuna argia da: klasizismoa ez dago forman bakarrik, lotura egokian baino. Ba dira gaiak manierismoa eskatzen dabenak. Beraz, gai manieristak manierismoz azaltzea klasiko litzateke, klasikotasuna loturaren egokirasunean datzalako. Eta honela esan daike Lauaxetak «ez naz klasiko, ederzale baiño». «Edertasuna ez da iñoren morroi, ez eskola batekoen seme. Zentzuna eta biotza batera dabiltzanean, txukunen edertasuna azaltzen da, egia. Baina "haschic" edaten ebenak bere, edertasunak atzemoten eben».
Euskal Literaturan, ba, «era guztietako kiñuak bear dira». Horixe bai, dastamen artistikoa hezi beharra dago, honelako poesia gustatzeko. Eta lehenago berak egindakoa egiteko eskatzen deutso Orixeri: «Ateak zabaldu egizuz mundua ikusteko». Ez dot uste baina, Orixek kasu larregirik egin eutsonik. Lauaxetak ba ekian zer egoan mundutik:
1) Erromantizismoa. Baina erromantizismorik gogorrena ezagutzen eban: Hölderlin, Novalis, Heine.
2) Sinbolismoa. Berak eta Aitzolek, Parnasianismo deitzen dabena, gaur sinbolismo hitzarekin ezagutzen dogu. Zuzenki, biak aipatzen dabe Baudelaire. Gaur Gautier-ekin izan zituen hartu-emonak gora behera, Les fleurs du mal-en idazlea ez dau inork parnasionotzat jotzen. Lauaxetak sinbolismoaren maisuak ezagutzen ebazan: Verlaine eta Mallarmé ere irakurrita eukazan.
3) Postsinbolismoa: Europak sinbolismoari egindako jarraipena: Keats, Maravall, Valèry.
4) Abanguardiako idazleak. Cocteau.
5) Surrealismoa, baina surrealismorik bortitzena: Bataille. Eta kuriosoa da, politikan hain estua agertzen bajaku Lauaxeta, literaturan ez dau kriterio moralekaitik ezer baztertuko. Bataille irakurri egin eban, lehenago «haschic» hartzen ebenak onartu ebazan moduan: Baudelaire. Biak olerkari madarikatuak izan arren.
6) Kubismoa ezagutu eban Apollinaire-en bitartez.
7) Espainako 27ko belaunaldia ere asko maite eban. Gongora ez eban ahaztu, Lorca, Alberti eta Guillén zitatzen ebezanean.
Horrelako irakurketa guztiekin Lauaxetak estilo eklektiko bat egin eban. Mila iturritatik ziprindutako ura genduan.
Ez zan arraroa, ba, bakanak izatea (lehen eta gaur) Lauaxeta ulertu ebenak. Berak Valéry-taz dioana («Valéry jaunari Nobel saria emongo deutsoe... Euzkadin jaio balitz, Orixeren zigorkadea lepoan eroango eban») beragaz bete zan. Bera izan zan eta Euskadin jaiotakoa.
5. Pentsakeraz
5.0. Oso gaitz egiten jaku daukaguzan orrialdeetan Lauaxetaren pentsakerazko artikuluak komentatzea. Lauaxetaren garaia trumoitsua da. Eta Gasteizko erailketa harek frogatuko ebanez, Lauaxeta ekaitzaren erdian dago.
Testuok, ba, gure olerkariaren beste irudi bat azaltzen deuskue. Polemikoa eta radikala. Gogor ekin eta beroa egiten dauanaren irudia. Arlo honetan bai urri geratzen dirala batu ditugun artikuluak.
Dana dala, Politikan (pentsakeraren arlo bakarra izan ez arren) Lauaxeta Aranaren semea dogu. Hainbat artikulu eta editorial idazten ditu haren ideia eta asmoetaz. Eta, jakina, haren jarraitzaile sutsu dogu. Beharbada matizazio parea egin beharko genuke orain: sozial aldea markatuagoa dauka, eta arrazaren arazoa askoz ere gutxituago agertzen dau. Baina Lauaxetaren jokera politikoak argi izten dau Aranaganako lotura [12].
Ez dau Lauaxetak dudatan jartzen «Maisuaren» doktrina. Eta bere postutik indar osoz iragartzen arituko da, hitzez eta lumaz egin ere.
Lauaxetaren radikaltasuna giroaren radikaltasunean erroturik agertzen da. Oraindik ez dakigu EAJren zein aldetan egoan Lauaxeta. Aldizkariko lanek eta Alderdiaren mitinetako aurkeztaile zereginek linea ofizialean egoala salatzen dabe. Baina, inoiz, Mendigoizaleen artean desfilatzen dau Durangon [13]. Eusko Ikasleen Batzako partaide ere izan genduan.
Bietan radikal eta adoretsu, Politikan eta Literaturan desbardin agertzen jaku Lauaxeta. Politikan ez baeban ideologiarik dudatan jarri, Literaturan, Europarekin kontaktatu nahiez, Euskal Herriko literatura nahikotzat jo barik, mugak apurtu beharrez, «pioneer» sutsua genduan.
5.1. Banaketak
Lauaxetaren pentsakera aztertzerakoan, hasi gaitezen banaketa bitatik. Lauaxetarentzat Euskadi eta Espainia mundu desbardin bi dira. Ideia, Sabinogandik etorria, bere klabeetariko bat da. Eta zer esanik ez, antiespainolista gogorra dugu. Eta honek, 1929. urteko «crack» ekonomikoaren ostean, ondorio larriak izango ditu. Lauaxetaren jokera zera izan zan: lehenengo anaiak, euskaldunak, lagundu, eta gero besteak:
«Geure anaiak eurrez lan barik ikusten doguzanean, iñori emotekorik ez dago» (Langilleak).
Baina bigarren ondorio politikoa ere ba dago: Euskaldunek talde euskaldunetan sartu behar dabe; eta sortu behar badira taldeok, sortu egiten dira. Horrela, Lauaxeta sindikalismoaren alorrean sartzen jaku:
«Zure anaiakana jo egizu. Lan gutxi dagoala diñoe, baina kanpokoentzako badago, zergaitik zeuk urten bear dozu? Besteak sozialistak diralako? Bazkun batean indartu zaite, baina bazkun ori bedi zeurea, ez iñorena» (Olak ikusten).
Sindikalismoa beste ekintza batzuekin lagundurik doa. Alkartasuna eta talde lana bultzatzeko beti dago prest. Sindikatoetatik aparte, bertsolari eskolak (Bertsolariak), ikasle batzak, arrantzaleen kooperatibak, neskameen batzak... aitatzen ditu ekintza posible legez.
Guzti honek helburu politikoa dauka. Corcuera-k dinoanez, Aranarentzat «las naciones se definen en base a cinco caracteres: 1) raza, 2) la lengua, 3) gobierno y leyes, 4) carácter y costumbre, 5) personalidad histórica» [14]. Lauaxetaren ustetan, taldeetan hobe gordetzen da euskal sena eta batasunak indarra sartzen dau: «Eta ez gagoz euskeraz itz ez, egiteari bakarrik; oiturak galdu, gurasoen ikasiak baztertuten dabez» (Loren goralpena). Beraz, taldeak «2) hizkuntza, 4) nortasuna, ohiturak» indartzeko tresna egokiak bihurtzen ditu.
Banaketa horrek ba dauka bere ertz morala ere: «La idea de que las costumbres locales se habían transformado por la llegada de miles de trabajadores extraños al país, la identificación de estos con la navaja, la blasfemia y la prostitución, era un tópico generalizado en la opinión vasca» [15].
Topiko bardina erabiliko dau Lauaxetak ere. Eta moral kutsuak manikeismo joera (euskaldunak = garbi / kanpotarrak = zikin) emoten deutso hemen batu ez doguzan hainbat artikuluri. Adibidetzat: «Zuk ez zenduan biraorik jaurtiten; gaur ostera, itz onik ez dakizu» (Olak ikusten). Zikinkeriak baina, ba dauka zentzu fisiko bat ere. Hondarretan eta mendietan erdaldunek (klaro!) utzitako zabar eta zikinkeriz ikuspuntu ekologikotik keixatzen jaku Lauaxeta.
Espainiarekiko banaketa hau jokera politiko batez gorpuzten da: «Los seis territorios vascos tienen derecho a la independencia y obligación de luchar por conseguirla» [16]. Zer esanik ez, Lauaxetak bide hori jarraitzen dau.
Batasun politikoaren eragina eta garrantzia «Batasunaren esi» artikuluan ikusi daikegu argien:
«Abendaz baturikoak garan ezkero, laterri bakarra eratu bear geunke... Zelango onurak zurgu arazoetan, izkuntzan, edestian eta beste gauza orotan lortuko geunkez alkartasun orretan».
Euskal Herriaren batasun proiektu honek izen bat dauka: Lizarrako Estatutoa. Horren eta beste antzeko batzar garrantzitsuen aurrean Lauaxetaren eritzia zein izan zan jakiteko, aukera ederra damoskue artikuluok. Nafarroako arazoa ere argi ikusi eban:
«Nabarra galduta dago urte askotarako» (Iruñako batzarra).
Artikulua aztertzen jarraitu ezkero, laster konturatuko gara bere poemagintzan ere ideia bardinak agertzen dirala. «Amayur gaztelu baltza» poemaz ari gara. Begira zelako antzekotasun argia:
«Leringo saltzailleak jarraille onak izan dauz» [17].
Beste alde batetik, Euskadi/Espainia banaketa radikalaren adibide berezia dogu «Ostikolariak». Hortik kanpo, Lauaxetak beste banaketa politiko bat egingo dau: eskumako eta ezkerreko alderdiekin. Abertzaleak ez badira, gogor ekingo deutse.
«Ezkertarrena izan dala errua? Eskumatarrena?. Alderdi, batzuk eta besteak agertu dira euzko erriaren etsai».
Eta ba zan banaketa egiteko arrazoia: «En las relaciones entre carlismo, derecha monárquica y nacionalismo lo que se dilucidaba, entre otras cosas, era el liderazgo de la derecha vasca... Socialistas y nacionalistas vascos tenían bases sociológicas diferentes. El PSOE fue, en Vizcaya fundamentalmente, el partido de los trabajadores inmigrantes. El PNV basó su fuerza electoral en el apoyo de las clases medias vascas» [18].
Eta banaketa gogor honen espresabide bezala aldizkariak dagoz. Halan da guztiz ere, Lauaxetaren artikulurik gogorrena Estatuaren aurka doa: «Gaizkilleak». Oso artikulu berezia da.
«Eta bear bada ogei erailtea, ogei erailgo doguz. Odolak deadar dagi... Orain txarrera joko dogu. Geure bat jausten bada, euretariko bi edo lau... bakean gagozan orduan etxera jatorkun gaizkiñari, lorakaz bada, lorakaz, eta izkilluz bada, izkilluz».
Esaldi gogorrak dira eta justifikazioa giroan aurkitu behar deutsagula uste dot: alderdikide baten erailketa hurbil zala eta gobernuaren pasibitatea ikusi ostean idatzitakoa. Dana dala, giroak ez dau dana azaltzen.
5.2. Fedea
Lauaxetaren pentsakeraren bigarren ardaztzat fedea jarri daikegu. Jesusen Lagundian egindako heziketaren ondoren ez da arraroa bigarren konponente ideologiko honen eragina.
Hasteko, Lauaxetarengan fede pertsonala eta gizartearen fedea banatu daikeguz. Gizartearen fedea euskaldun = fededun bezala ulertzen dau hasiera baten (Urkiolako eguna), eta topikoaren indarrak influentzia nabaria dauka bere pentsakeran.
Fede pertsonala askoz ere kuriosoagoa da, orijinalagoa dalako. Fedea existentzialismoarekin loturik agertzen dau Lauaxetak, sinismena heriotzarekin. Ikuspegia berezia izanik, bere lan poetikoan garrantzia izango dauanez, hobeto ikertzeko geratzen jakun lana da.
Ezilkortasun nahiak sendotzen dau sinismenean. «Eriotzaren aintziñean nabarituten dogu ezer ez garala ta orduan eriotza oinpetu ebanaren aurrera joten dogu» (Illobian datza).
Gai erlijiosoei buruzko editorialak ugaritxo idatzi ebazan Lauaxetarengan jokera existentzialista kuriosoa da, modernotzat euki daikegulako. Unamunoren influentzia, nik uste, nabaria da. Bilbotarrak Euskal Herriaren kontra esandakoak ez deutsoz Lauaxetak inoiz parkatuko; hala ta guztiz ere, irakurtzen ebana ziurra da.
Fede arazoak jaiotza unetik izan eban indarra EAJ alderdian. Baina 1931. urtearen alderantz aldakuntza batzuk izango ditu. Alderdia erlijioaren agindu sozialetaz konturatu eta arduratuko da. Eta sindikalismoaz ezeze beste edozein arlo sozialetan parte hartzera bultzatzen ditu militanteak. «Es en esta época (1930) cuando el nacionalismo se consolida como movimiento de masas, y cuando, inspirándose en doctrinas católicas, descubre el valor cristiano de la democracia y plantea un programa social más avanzado» [19].
«Komunisten bildurra» artikulua joera barri honen oihartzuna baino ez dogu: «Kristok munduko arazoak zelan erabagiten ebazan azaldurik... komunistek eskatuten dabena baino andiagoak dira Kristoren irakasbideak eskatuten daben guztia». Gorago aipaturiko sindikalismo lana eta langileenganako hurbilketa dira filosofia honen ondorioak.
Baina ez bakarrik hori. Karitatea ere alkartasun-tresna bezala erabiliko dabe. Urtero gabonetan karitate kanpaina bereziak eginaz, edo greban diran ELAkoentzako boltsak, edo «Bermeotarrak» [20] artikuluan agertzen diran laguntza motak, borondatean oinarritzen dira, praxis politiko global baten barik.
5.3. Jolasak eta alienazioa
Azkenerako itxi ditugun artikuluen azterketatxoak modak eta jolasen indarra urratu nahi leuke. «Ostikolariak» eta «Joko barria» aipagarriak ditugu, beharbada inon baino argiago agertzen jakulako Lauaxetaren nortasun gogorra.
Futbola herriaren opio epaitzen dauanean, ez dago dudarik muinean jotzen dauala:
«Zorioneko ostikolariak!... Gaiñera abertzaletasunari gaitz andiak egiten jatorku auxe. Gazteak alde batera itxiten dabe abertzaletasuna, erriaren pizkundea... Diktadura aldiak zazpi urte iraun baeban, kirolakaitik izan zan».
Futbol eta Politikaren arteko adiskidetasuna garaiz ikusten dau Lauaxetak. Beste horrenbeste «yo-yo»ari buruz:
«Zertarako gogoak neketu? Aldia olantxe igaroten dabela ondoen eta an dagoz. Laterrietako goraberarik ez dabe aztertuten».
Bigarren kasu honetan deigarriago egiten da baina, testuko hizkuntza (ume madari = niño pera) eta giroaren modernismo eta internazionalismoa.
Lauaxetaren salakuntza ez da jolasekin asetzen. Ardaoaren salakuntza bortitza da. Baina kasu honetan jokera politikoari baino indar gehiago emoten deutso jokera moralari.
[1] S. ONAINDIA, «Urkiagatar Esteparen bizi urratsak» in LAUAXETA, Olerkiak. Etor. Donostia, 1974.
[2] Iturria, geure artxiboa. Lauaxetaren lanen fitxaketa egina dot eta bertotik atara ditut datuok. Fitxaketa, hala era, probisionaltzat jo behar dogu.
[3] S. ONAINDIA, op. cit. 17. orr.
[4] LAUAXETA: «Orixe Agurra» Euzkadi, 1931-XI-3, 5865. zb., 5. orr. Baina ba dirudi Lauaxeta hasia zala zuzendaritza lanean, aldizkarako idazleei, kolaboratzaileei arinago hasi jaken oharrak bialtzen eta.
[5] Berriro 34-V-16an hasten da.
[6] Orain arte egin dan azterketarik zehatzena Kirikiñori buruzkoa izan da. Ikus J. M. AGIRRE «Sarrera» in Egunekoa, Labayru. Bilbo 1981 (14. orr).
[7] Txisteak aztertzerakoan metodologia estrukturalistan oinarritzen gara. Ikus V. MORIN, «El chiste» in Comunicaciones nº 8. Tiempo Contemporáneo. Buenos Aires, 1974. 3. edición.
[8] MORINen metodologian teknikoki «esanahi bardinezko artikulazio progresiboa» deitzen da.
[9] MAYA AGIRIANO, Lekuona. Museo de Bellas Artes. Bilbao, 1979.
[10] LAUAXETA, «Mendirantz». Euzkadi 1932-IV-26, 6. 013. zb., 4. orr.
[11] A. ONAINDIA, Eskutitzak. Larrea.
[12] CORCUERA, J. Orígenes, ideología y organización del nacionalismo vasco. 1876-1904. Siglo XXI. Madrid, 1979. Eta batez ere bosgarren atala: «La ideología política de Sabino Arana y Goiri» 315-411. orr.
[13] LAUAXETA, «Durangoko jai ostean». Euskadi. 1932-VII-6, 6112. zb., 7. orr.
[16] CORCUERA, op. cit., 328 orr., Arana interpretatuz.
[17] Gaitik kanpo bagoaz ere, Lauaxetaren poesiaren alderdi bat zera da: errelitate historikoan oinarrituta egotea.
[18] FUSI, op. cit., 36 eta 49 orr.
[19] GARCIA DE CORTAZAR, F., MONTERO M., Historia contemporánea del País Vasco. Txertoa. Donostia, 1980. 46 orr.
[20] LAUAXETA, «Bermeotarrak». Euzkadi. 1931-XII-26. 5912 zb., 6 orr.