Urkiaga ta biok
Sarrera bezala
Iokin Zaitegi Plazaola
«Lauaxeta Olerkiak»
Etor, 1974
Beranduegi bada ere, Lauaxeta olerkari bikain-bikainaren olerkiak osorik bezala berriz ere argitarazteko garaia etorri omen da. Bazen ordu izan ere, baina berandu obe, bazterrean ixilik izatea baino. Garai aietako olerkaririk punterengoa-edo izan genuen nonbait. «Euskaltzaleak» sortutako leengo euskal-olerti-egunetan txapeldun agertu zen Urkiaga, naiz-eta norgeiagoka artara Lizardi ta Orixe ere aurkeztu izan. Ni neu arekin batera gaztetandiko zazpi urte ederretan adiskide ta ikaskide bilakatu nintzen. Beraz, besteak beste, nere adiskide onen alderako omenaldi au oso gogoko ta biotzbetegarri gertatzen zait. Zorionak niketz upelka Onaindia karmeldar langile purrukatuari, argitaralpen au bere gain artu duela-ta.
Leenik elkar Durango-n ezagutu genuen: Urkiaga latinaren laugarren urtean ari zen, Erretorikan alegia, ni, berriz, leenengo urtean ari nintzen. Garai artan euskaltzale ote zenik eztakit arean. Ortaz inork iakitekotan, Pio Montoia apaiz ikasiak iakingo luke, biok ikaskide izan baitziren Durango-n. Ori 1920-21 garren urteko ikastaroan izan zen. Biok eta orien Erretorika-lagunek ageriko batzarra batetan erderazko itzaldi ederrak izan zituzten, Aita Atutxa Antonino-ren zuzendaripean. Urte artan orrelako iardunalditan euskerazko bertsoak esan zituena neu izan nintzen Durango-n.
Gero, Loiolaratu ginen biok, 192I'garreneko Uztailaren I5'nerako edo, batak bestearen berri iakiteke. Loiola-n asiberri elkarrekin batera asi ginen. Urkiaga-k gauetan ametsetan asi ta egundoko itzaldiak egiten zituen erderaz, eta loak artuta iaiki ta beldurgarrizko gurpilak eta artaziak atera oi zituen. Gutarteko asi-berri zen Kaltzada kalonigua: arrituta zegoen Urkiaga-ren itzaldiak entzunda. Ordurarte Loiola-n frantzes-eduko lotegiak genituen asi-berriok: aurrez, oial zintzilikarioz estali, albotara zerrenda gogorrez bereizi ta goitik zabalik. Urkiaga loak artuta iaiki ta goi-ertzetako zerrenda extuan barrena ibili oi zen zutik, burua austeko zorian. Ori itzurtzeko asmotan, gela batetan sartu zuten, eta ni arekin: atea ta leioa giltzez ixten nizkion, eta giltzak, berak etzekien bazterrean uzten nituen. Barnez euskaldun zen. Berberak auxe esan zidan: ni ametsetan asten naizen bakoitzetan, Estebantxu ta Estebantxu deadar egidazu, ni itzarri arte. Orrelaxe egiten nion: ametsetan asi-ala, Estebantxu entzuten zueneko, itzarri egiten zen. Lo egizu, gaineratuta, bai, bai, ta berealakoan loak artzen zuen bakerik. Bein, oeratu baino leen, gaueko otoitzak egiten ari ginelarik, udako gela argitara xaguxar bat sartu zen leiotik barrena. Ura arrapatu ta il arte etzen gelditu: gau artan ametsetan ari izan zen xaguxar ura zela-ta.
1924'garren urtetan «iunior» bezala latin, eladera ta elertiak ikasten ari ginen euskaldunok, euskaltzale gertatu ginen: ixileko eragile neu izan nintzen. Kaputxino ospatsu batek idatzitako liburuxka bat irakurri genuen euskaldunei buruz: eta gure buruetaz iabe egin zen euskal-egia. Leenik Ibinagabeitia-tar Andima-k eta biok irakurri genuen. Aurten 50 urte bete dira: Loiola atzekaldeko galbani-iturri bazterrean eseri ginen udako arratsalde batetan biok: irakurri-ala, auxe esan nion gure Andima zenari: gu geu euskaldun gara, izan ere, ta euskera ikasi egin bear dugu. Egia esateko, ezkenuen euskera aazturik erabat, galduxe baizik. Liburuxka ura izan ezik, eztakit euskaldun bezala iraungo ote genukeen. Euskaldunen artean zabaldu genuen ixilpean. Tarteko ziren Urkiaga, geroko Lauaxeta, Goenaga-tar Iñaki, gero Schiller-en Wilhelm Tell euskeratu zuena, Mujika, geroko euskal-iztegile bikaina, Larrañaga, Karakas-ko Andima Ibinagabeitia saria leenik irabazi zuen Azkoiti-ko semea, Argarate, Urretxu-ko seme den Euskal-idazle ta olerkari zoragarria: orren lan eder batzu euskal-langileei buruz Guatemala-ko Euzko-Gogoan argitarazi nituen. Sarobe, Lesaka-koa, Estrabon-i buruz azterketa sakona eman zuena. Martikorena, emengo azken-gerratean Kapellau ari zelarik il zuten Betelu-ko semea. Azpeiti-ko Korta anaiak, Gaztelumendi, geroko eliz-izlari ospatsua. Gutarteko zen Zubiaga, Zorion-bidea liburu zoragarria argitaratu-berri duena ta gerraondoko euskal-izlaririk maitatuena ta zuzenena, nik uste. Azken onek liburuxka ura irakurri zuenik enaiz gogoratzen, egia esateko, baina, gu baino urtebete aurreratuagokoa izan-arren, euskaltzaletasunean iritzi berdineko ginen.
Arkitu genuen leengo oztopoa gure arduraduna izan genuen, Errandonea gure latin eta eladera irakaslea, alegia. Eztut esker txarreko gizon izan nai. Alare, egiari berea zor diot: ezkenuen arengan elkarrekiko begirunerik arkitu. Salatari-aginpidea zeraman, eta liburuxka ura atzeman zuen: errudun neu egin ninduen. Ark esan zizkidan astakeriek negar onik eragin zidaten: liburuxka ura zela-ta, ogen larririk egin nuela ta abar. Berak uste etzezaken bidez nere burua xuritu aal izan nion, erantzukizun osoa neuk artuta. Errandonea lau eratara ezagutu nuen: leenik euskeraren aurkako amorratua, Oxford-etik etorri berri zenekoan. Gero, errepublikaren garaiean, euskeraren eta euskaldunen aldeko gertatu zen. Garai ontan Marneffe-ra etorri, dei egin eta parkeske egin eta zorionka erabili ninduen, Antigone euskeratu ta argitarazi nuela-ta. Elkarrekin izan genuen burutu-ezina inoren errurik gabe gerta zitekela-ta parkeske egin zidan, eta artuta nuen bidea barrena iarraitzeko. Gertatu bear etzitzaigun zoritxarra euskaldunei gertatzerakoan, «Razón y Fe»-n euskaldunen aurka ixuri ziren irainen erantzukizuna izan zezakeen berak, Errandonea bera baitzen aldizkari aren zuzendari. Azkenik, Madride utzi ta berriro Donostiratu zenean il arte euskeraren eta euskaldunen aldeko iarri omen zen bearrik. Orrelako gizonak eguzkia nora, zapia arakoak omen dira gure erritarren ustez.
Loiola-ko gazteok euskaltzaletuta gero, ezkenuen atzerarik egin aurrerantzean. Gure barrutiko ikertzaile izan-berri genuen Aita Boeto, gero Elizako kardinala izatekoa: ark utzi zuen gutan oroigarrian euskeraren aldeko iarri zen.
Euskal-aditza Apalategi, Zubiri filosofilariaren osabak irakatsi zigun, sakon eta patxada anditan, Euskal mutilak armetan, Auspoa-k 1961'garren urtetan argitaraziaren biltzailea. Gainera, Zugatzaga ta Olabide andiak Loiola-n bertan genituen.
Guziak Bilbo-ko Iesus-en Bitozaren Deia-n idazten genuen eta ileko asmoa Agirre-tar Iorka-k, eta Peli Areitio-k Berri-On bateratua ta orrelako batzuk kenduta, aldizkaria osorik geuk gazteok idatzi izan genuen amar urtetan-edo. Urkiaga-k Basaraz izengoitia zerabilen nonbait.
Gutarteko euskaltzale-bazkuna sortu, ta Loiola-n, Oina-n eta Marneffe-n iraun eta gutartera etorri ziren beste ikasle gazte ta zaarragoak ere: aipagarri ditut Erroma-ko Goenaga Joxe, Formosa-ko Etxeberria olerkari saritua, Olabide-ren Itun Zaar eta Berria argitarazi zuena, Irure, Txinaratu ta amar egunetara edo il zen euskal-idazle argia, Mantzisidor santuen bizitza-idazle zoragarria, Goenaga Gotzon, Hemingway ospatsuaren Agurea ta itxasoa itzuli zuena, Goikoetxea Maiza Ion idazle goxoa, Barandiaran-dar Gaizka, Omer-en Ilias-ena euskeratu zuena ta abar.
Loiola-n beste erabakirik ere artu genuen: eladerazko ta latinezko klasikoak euskeratzea ta bakoitzak bere egitekoa artu zuen. Ontan porrot egin genuen nolarebait. Alare, Andima-k Bergili-ren Unai-kantak eta Alor-kantak euskeratu zituen, gerora Onaindia karmeldarrarekin batera Bergili-ren lanak osorik euskeratu ta argitarazi zituzten: nik Sofokel osorik euskeratu ta argitarazi nuen.
Gainera, irakasle onak izaki, Elade-ko ta Erroma zaarreko idazle, olerkari ta izlariak ongi ezagunak izan genituen Errandonea-k Kikero, Sofokel, Demostene, Tukidide-ta irakatsi zizkigun: gainera, Shakespeare, Vieira brasildarra, Kolombia-ko ta Txile-ko izlariak. Estefania-k Bergili-ren Eneida, Orati, Obidi, Tibul, Propertzi-ta. Orobat erderazko elertia, inglesa, frantzesa, italiarra, alemana, portugesa, katalanerazkoa-ta. Olerkari bakoitzaren lanak irakurtzen zizkigun ugari. Erdal-izlariak, berriz, Luis de Granada, Luis de Leon, eta itz-lauzko erlijio idazleak barrena Nocedal-enganaino irakatsi zizkigun Juanjo Goikoetxea-k.
Giro ortan azi zen Urkiaga, geroko Lauaxeta, 21 urte bete arte. «Gure arteko ikasle gazteak zenbait urtez Elade-ko ta Erroma-ko giro osasungarri ta zoragarrian bizi izango balira, oberenik litzateke: giro orri neronek zer zor diodan gogotik esan nezake, norbere buruaz mintzatzea ain itsusi ezpalitz. Nik neuk, beintzat, eztitut galdutzat irizten onetara igaro nituen gaztaroko urterik ederrenak» [1], esan zezaken Urkiaga-k ere.
Asieran olerkari bezala agertu zen Lauaxeta, gero egunkalari ta izlari bezala. Gazterik il zuten: gora ta gora zioan garaiean. Aingerutxo bat bezala il zen, esan zidan Aita Moreno-k, Gasteiz-ko morroilopean ikusi zuenak.
Arrats-beran olerkera berriagoa asmatu zuen Lauaxeta-k: nolabaiteko euskal-erromantzea-edo, erromantze utsa ez izanarren. Bigarren olerki-liburua argitaratu-ala, Garcia Lorca Bilboratu omen zen, Urkiaga ezagutu-nairik, Andimak-edo esan zidanez. Aren garai-arteko eder-gaietan oso ikasia zen Urkiaga: irudimen ederreko, biotz-andiko ta buru argiko gaztea zen: euskal-ritmuaren sena inork baino ederragoa izan zuen Lauaxeta-k, nere ustetan.
Itz-lauz ere geroago ta ederrago ari zen Lauaxeta. Orixe-k eguneroko euskal-orri zuzendaritza utzi-ala, euskerazko orriaren zuzendari Urkiaga egin zuten: Kirikino, Orixe ta Urkiaga, euskal-orri artako zuzendari ezagutu nituen: irurak zein baino zein ederragoak baldinbaitere. Onuragarri izango genuke aren itz-laua ere biltzea.
Olerkari bezala beti etengabe eder-bila ari izan zen Urkiaga: ain zuzen, orixe da olerkari, itz-neurtuz ederra adierazten duena, margolaria kolorez eta lerroz, musikalaria eresiz eder bila ari diren bezala. Ari ontara Urkiaga sakonen aztertu duena, Arostegi karmeldarra dugu nere uste kaxkarrean: emen duzute aren iritzi ederra ere. Estefania-k Madrid-eko Razón y Fe aldizkarian, bere iritzia eman zuen, Urkiaga-k bere liburu bakoitza argitaratu-ala. An bertan bizi da, Madrid-en alegia, gure ikaskide ta adiskide laztan dugun Bartolomé Mostaza olerkari ta Ya eguneroko idazle bikaina. Orren iritzia ere iakingarria izango genuke.
Orra, gaingiroki bada ere, sarrera bezala-edo, nik zazpi urteren epean ezagutu nuen Lauaxeta ezilkorra: aren bizitzarteko beste berriak, oi duen esku zeatzez emango dizkigu Onaindia karmeldarrak.
[1] Platon-eneko Atarian, 2'garren orrialdean.