Lauaxeta'ren poesi-gunetarantz
Luis Arostegi
Iruña, azilla 1973
«Lauaxeta Olerkiak»
Etor, 1974
Lauaxeta'k, ain gazte ill ebenez, ez dausku olerki askorik itxi. Baña ezasko onetan be bere poesi soillaren muiñak billa ta idoro nai geunkez. Izan be, beste olerkari guztietan gertatzen dan lez, arengan be bearbada geiagoa ta gitxiagoa aurkitu leikez. Jakiña, onek ez dau esan nai poesi-mailla lortzen ez dauana, balioge edo itsusi danik. Edertasunak maillak daukaz, edo era askotako edertasunak dagoz. Baña nik, emen, poesi-izenagaz, estu arturik, goimaillako edermiña aditu nai dot. Zer dan, norberagan oarrikasi dauanak (zerbait eta urrundik) jakin leike bakarrik. Baña uste dot, idazki onen barruan be, Lauaxeta'ren olertira urbilduaz, zertxu bat adierazi ta susmatu leikela.
Olerkaria, benetako olerkaria, gun edo erdi-erdi baten billa dabil olerki bakotxean, biraka, urduri ta iñoz ase eziñik. Orregaitik, olerkian argitara datorkion ederra (unetxu bat bakarrik), pozor goien bat izan arren (edo au susmatzea), edermiñ geratzen da beti.
Poesi-lurraldeak
Lauaxeta'ren poesi-gunetara urreratzeko, leenengo, onako gañetik baño ez bada be, bere poesi-lurraldeak ikustatu ta ezagutu bear doguz. Gai oneri buruz, au zan bere eritxia «Maitasunak sortu-azoten dauz neurtitzik ederrenak, eta maitasun-bidetan azkena-barik, lenengua naz. Maitasuna, Aberrija ta Uskurtza ixan dira gairik ugarijenak olerkarientzat, neuretzako be bardin» (Bide-barrijak, 95 orr.).
1. Benetan, Lauaxeta'ren poesi-lurralde bat maitasun-gaian aurkitzen da.
Antxiñekoekin, maitasuna «egadun aur itsu» zauritzalle lez iruditzen dau:
«Maitagar dua eiztari:
baña neskatxak mekiro
eragin dautso dardari».
(Begijen omenez, 141 orr.)
Zauri onek poztasunez biztuten dau izate guztia, eta bere samurtasunez negarrari eragin leikio:
«Bijotz samurra bildu zeustazun
maitasunezko leyean».
«Orain maitale garialako,
samiñez negar dagixu?».
(Mosuba, 66 orr.)
Baña, antza, maitasuna susmatu bakarrik egin dau, eta billa dabil; orregaitik etorkizun eta itxaropenean sentitzen dau:
«Iñoiz ikusi bako maitale kutuna
neure opa samurrok laztanduten dabe».
(Maitale kutuna, 59 orr.)
Amesetan era artzen dauan maitasuna, gero itxarritan suntsitu egiten yako:
«Gau argitsuan barriz iruiten dodana
ortzargian eskuak urratzen dau dana».
(Loretan, 160 orr.)
Maitasun garbia eskatzen dau barru-barrutik bere biotzak:
«Ixan zaite zitoriz gotzon baten gaya».
(Maitale kutuna, 61 orr.)
Beti be bere gogoak gauza guztietan garbitasuna dau maite:
«Urrun giz-otsetatik, menditara nua,
leyak ba loitzen dabe garbi dan gogua».
(Mendijetara, 77 orr.)
Orregaitik goizaldeko edurrak mugabako beste mundu bat sortu-azoten dautso biotzetik goraka:
«Oi! edur zuri! edur zuri! edur zuri!».
(Goxaldeko edurra, 88 orr.)
«Berak legez nok leukon garbirik gogua!»
«Umiak eta illak zeure izpi ixara
eztabe loitzen. Zatorz garbijen kolkora!».
(Goxaldeko edurra, 87-88 orr.)
Ez da aingerukeri erreza, gizazko garbitasun gartsua baño:
«Neure begijok dira gaba baxen baltzak:
Maitasun-zalez dakart bijotzeko suba.
Lora baltzak edurtzan bildurgarri yataz;
begi orrein diztira eriotz-mosuba».
«Maite eziña, betiko neugaz lotu zaite!».
(Bide-ziar abesten I, 163 orr.)
Gero, ziurrezak itzaltzen dau maitasuna:
«Otzak ixoztu daroz maite-itzak abuan»
«Nok digarke erantzunoi gaberdi baltzean?».
(Erantzuna, 51 orr.)
Eta maitasun zoritxarrak zemaitua, berea: benetako erantzuna ezin lortu, ezin lortu betiko leialtasuna (Bide-barrijak, 51 54, 55, 57 orr.) Berak biotzeko ta gogoko ederra gura, ez bular gañeko lilia bakarrik. Erantzuna:
«Goguan dagon maitasun lora au baña
ezin opari
zeure espanaren
mosu leunari».
(Gura neukena, 165 orr.)
Onela «maitasun mingotsak» (Bide-barrijak, 55 orr.) ezinesanezko kezka ta samiña dakarz berakin:
«Ixildu egik samin latzezko maitasun-otsa»
«Eure samiñaz batera dabesk neure samiña.
Bijotz orotan bardiñak dozak maitasun nayak».
(Gabeko irrintzia, 58 orr.)
Batez be, maitasuna amaituz, il egin leitekela ondo daki:
«Geure maitasun azurrotz ori
biotzean ba darozu...?».
(Ituna, 62; ikus 66, 74 orr.)
Maitasun leialeza jostorratz baten antzera sartzen barreneraño (Bide-barrijak, 82 orr.) Eta, azkenez, maitea bera be il eta betiko banandu leiteke
«Juale itunak dauba dagije
eleiz torreko ganian».
(Señai abestu, 72; ikus 70, 78 orr.)
Arrats-beran liburuan, bardin; maitasuna atsegintsu, arin ta argiz agiri da (81, 104, 105, 141); baña muga guztietan zemaiari eskeñita dago: ezkontza egunean maiteak uts, «iñor ezta agiri!». (Ezkontza goxa, 103 orr. Olerki onek Erdi Aroko gure bertso batzuen daunbada gogorazten dau bere ikara-illunean:
«Zaldi-otsak axian:
urkijak dardari.
Kanpai-otsak torrian,
zuriz jantzi zadi!».
«Iñor dator larri».
«Baltzez jantzi zadi!»
Irribar ezazol batek aizto-dirdirak, «zenbat nekeots, zenbat oyu!» sortu-azoten ditu 140 orr.) Bost gogo-sastakaigaz artzaia il zanean,
«orok negar egin eutsen,
orok, neska batek ezik».
(Artzain baten erijotzean, 135 orr.)
2. Beste poesi-lurralde bat gaztetasuna edo gaztearoa da. Eta esan lei berau dala lurralderik zabalena, bear bada beste guztien erdi-erdia, bere poesiaren iturburua. Maitetasuna ta bizitza guztia gaztetasuna-zear ikusten ditu: «Gaste ule baltz gara», bere deadarra (Bide-barrijak, 48 orr.) Itxaropena gaztaroari dagokion zabalgurena da. Goiak eragiten dautsoe bere bizindarrari; argia da bere arnasa:
«Lagun kutunok, gaztiak gara!
Burubak jaso zeruko argiz txauturik.
Itxaropena abestu daigun
maitasun-euna mendi goyetan loturik».
(Udabarriko abestija, 161 orr.)
Giz-ederraren aroa:
«Bai eder zala
gaste garbala!
Errege bat zan pagodi-pian!».
(Eiztari aundia, 102 orr.)
«Ederren
ogei urte lerden
gorputz baltziskan diranian;
bizitzan
zoruntsu gadixan
biar dogunaren gauzeza!».
(Bertso zarrak, 104 orr.)
Xee, baña bete-beterik, dager itz gitxi oneetan
«Gastaro, eder dan lorea,
eugaz yabilk mutil-kantea
ta neskatxen dantzaketea».
(Mayatzeko Gurutza, 129 orr.)
Aberria ta azkatasuna be gaztetasunaren inguru-barruan sartzen ditu:
«Gastedi orren didarra
bai dala didar zolija!
Aberri baten samiñez
urduri dabil errija».
«Dana emon biar yako
maite dan azkatasunari».
Borondate eder eta ezin-obea, aurresan bat legez egiztatu bearra izan eban:
«Amar gasteren lerdena
bixitza barik lurrean!».
(Mendigoxaliarena, 9 orr.; eta ikus
Palankari bati azken lerroak, 168 orr.
eta Biotz donea ta Agur, Ama, 175 ta 178 orr.)
Antxiña be, Amayurko eusleak napar seme gazteak izan ziran:
«Izkillu gorriz zenbat gaste
bildur-bako menditar lerden».
(Baña ain suar eta abermintsu, aek be azken baten austu ta ondatuak:
«Ordutik ona zenbat laño
Naparruan ezta aberririk».
(Amayur gaztelu baltza, 142, 143 orr.)
Gaztedertasun au galbidez zemaitua illun lensomatzen dau. Narkis olerkian:
«Ur garbijan eure begijok,
ta lorak eure niñi-baman!
Narkis, jausi barik errekan,
soñoi argijegia baitok!».
(Arrats-beran, 112 orr.)
Eriotzeak ikuturiko sustraia daroa:
«Oraindik eztot il gura, bixitzau yatan leguna!»
«Atsegiñen mai alaira didar dagiste guztiak».
«Esku arteko usuilla edariz daukot beterik,
baña lorazko espanok eztodaz busti oraindik...».
Olan iñarduan gazte gexoak, alperrik (Gaste gexua, 56-7 orr.)
Eiztari aundia olerkian:
«An zetzan illik
goxez jantzirik
atera zana! Mendiko ixilla!».
(Arrats-beran, 102 orr.)
Izan be, Kiñuba olerkian diñoanez:
«Baña erijok ain maite dauz loratzak!».
(Arrats-beran, 113; ikus Bide-barrijak,
70 eta Arrats-beran, 134).
Orregaitik, une bateko itxaropeneza dagerre bakarrik, ez bere barren-egia, itzok:
«Natzan lotan zabal neurgian
erijotz-uin otzak naruan!».
(Ondartza, 123 orr.)
Ezilkortasuna dalako ixillean etengabe zauritzen dauan lei ta lorra:
«Goi-atiak jo dodaz; dana dagir ixil.
Itxas orren zabalan ontzirik eztager.
Ezilkortasun-billa lor ta atsekabez
adimenan esanak idoro nai dabez...
Gauz oneitan baña soil gagoz bijotzari».
(Ezilkortasuna, 90 orr.)
«Ta itxaro ixarrak argi dizdiz begi
biotzan barnian».
(Artxanda gañian, 87 orr.; eta ikus
«arnas illeziña», «gastaro illeziña»:
Palankari bati, 166-7 orr.)
3. Igarokortasunean aurkitzen dogu Lauaxeta'ren irugarren poesi-lurraldea. Emendik artzen dabe beste gaiak euren sakontasuna, emen erdi-edegitzen da euren poesi-mugagetasuna. Sentipen ain bizi ta barrenkorra Lauaxeta'gan, irakurri doguzan bertsoak be nabaritzen daben legez. Ona emen oindiño:
«Maite nebazan gauzak juan dira igesi».
(Jaungoikotia, 69 orr.)
Udabarrian bertan be, «biotz alayen oyubak» eta «izadijaren maitasunezko bularrak» ez dautsoe aaztu-azoten arantza baten miña:
«Gaur gara, bijar ezerez barriz».
«Bein gaztarua il ezketiño
nekosta baltza ixango yaku laguna».
(Udabarriko abestija, 161-2 orr.)
Bizitzaren amai-ziurtasunak gaztearo erdian bertan olan abes-arazten dautso:
«Agur betiko,
ixar ta lorak,
gaztarua il da samiñez».
(Bide-ziar abesten, II, 164 orr.)
«Zelai-orlegiko gentz-ziar emaro
odeixka zurijan itzala digaro.
Olan eltzen yaku erijotz antzija;
gozartu dagigun larrosen eztija».
«Liparra gozartu, ilkorrak ba gara».
(Liparra, 71 orr.)
Baña au, barriz be, umetxu bat baño ez da, itxaropenbako leenengo zirkiña. Barruan ondo tinko daroa kezka nagusiena:
«Urtiak baduazi, urratsik eztager,
non galtzen dira-edo? Albaneukaz uler!».
(Ezilkortasuna, 89 orr.)
Emen idegitzen yako, iñusturi baten, giza-zadorra ta burruka:
«Soña jauskorra eta gogua goitzale».
(Ezilkortasuna, 70 orr.)
Zer egin, illunetan aurrera joateko? Izpi batek dargi, Unamuno'gan antzera:
«Erain zidor orotan ezilkortasuna» (bertan, 71 orr.), au da, ezilkortasun-eraz bizi, on ta zillegi dana egin.
Ikus-sentipen onek biurtzen dau eder Kanta ariña olerkia. Ezpanak olan abesten:
«Gastaro au galtzekuan
gal bedi
edontzi baten kolkuan!».
Baña arintasun itun ta sakona, barruak iñoz aaztuten ez daualako:
«Ba-yuat
soin gaste onen lorea!».
(Arrats-beran, 110 orr.)
Osotasunez azaltzen da bere azken izaera dei apal ta samur oneetan:
«Nere egun-argia berantz azkar doa,
itzalak joten dau atadi ondoa».
«Oi Bidazti Deuna, sar zaite neurera».
«Argi biur bekit erijotz itzala».
(Gel zaite, 174 orr; ikus ¡ ¡Ven, Señor!!
eta Plegaria postrera, 172 ta 174 orr.)
Iru alde oneetan batez be susmatu eban bere poesia Lauaxeta'k. Orain, ez litzakez iduritu bear alkarren ondoan, bananduta legez. Ikus-sentipen baten iru neurriak dirala esan lei, edo, obeto, margo bakotxeko iru leiar garden, alkarren gañean ipiñiak. Gitxi gora-bera danak dagoz danetan, eta bakotxean batak edo besteak indartzen dau beste bien gañetik bere margo zeargia.
Ikuspegiak, bakar arturik, ez dau garrantzi askorik erakusten. Mendi, baso, ibai ta zugatzak, itxaso, odei, zeru ta abar, naiko eurrez darabilz, baña geienetan, ia beti, gizainguruan:
«Geure neskatxu gorriskea,
argi utsa don goiz betea».
(Neskatxu gorriska bati, 100 orr.)
Onek asikeratik eta berez olerkiari giza-sakontasuna damotso. (Ostera, Etxe ori! olerkia ikuspen erara eginda dago, ezetariko giza-gai barik; orregaitik apur bat azaleko aurkitzen dot: norbere etxea ez da ikuspegi bat. Arrats-beran, 105 orr.)
Sarritan ikuspen gaiak ibilkuntzan ikusten ditu:
«Lili-arteko ixilla
nastau egixube, txorijok!».
(Neskatxu gorriska bati, 100 orr.)
«Axia dabil loretan».
(Zelayetakua, 101 orr.)
«Oyanak deitu euzan odeyak».
(Eiztari aundia, 102 orr.)
«Urkijak dardari».
(Ezkontza-goxa, 103 orr.)
«Eta axia aulez
eziñik jarraiki».
(Kiñuba, 114 orr.)
Bide-barrijak liburutik artu daigun adibide bat:
«Orri-ikararik ez lertzun ta urkijetan,
garrak dirdir begi suteko tresnetan.
Axe otzoi, ua basora,
ipuin zarrak betorz sutera!».
«Gorbeyan murruka axe eta edurra:
Oi yakun samurra, suteko murmurra!
Artega su-motots bixijak,
yantzan mamu gorriz yantzijak».
(Neguko gaba, 47-8 orr.)
Zugatzetako edur-bakea bera be biziz beterik dagir, aize otzoi ta murrukalariaren oroiaz alkartu ezkero.
Lauaxeta'ren olerkia oso jaungoikozko da, baña au batez be, poesi aldetik, zearka. Aurrez-aurre erlijiozko diran olerkiak alde batetik oldozkuntsu izan arren, ez neuke esango, gaur daukaguzanetatik, bere poesi-lurralde diranik. Unetxu batzuek dizdiratzen dabe olan be:
«Ulertu neban ondo umien begijak
eskar orrek maitekor egiten dauzala».
(Jaunagan atsedena, 80 orr.)
Eta Miren'i otoya'n:
«Orok ezesten daben
bijotzan malkua
altzo orretan dimintzut».
(Bide-barrijak, 83 orr.)
Baliteke danen artean ederrena, gai onetan, Ziñiste-bakuarena olerkia:
«Oi latxin zabal orren bakia,
neure otoi au galdu bedi eugan».
«Ziñismen neure begija zanian
goiz oneik euken argi biguna».
«Barne ontan nok senti zeinkian
samin ta poza azan begija!».
(Arrats-beran, 130 orr.; ikus
Eresi bakuna, 154 orr.)
Baña neurtitz oneen ederra ain zuzen be «zearkako» izaerara makurtzen da. Jaungoikoa baño, bere kezka edo billaketa edo baitaezko dirdaia da euren poesi-muiña. (Olan ta guzti be, eneuke gura gai ontan azken eritxirik emon).
«Sozial» eta aurkako olerki legez, bat aipatu geinke (baña aberri-olerkiak be, euren aldetik, olakoak dira), Langille eraildu bati:
«Mendiz bera lau txapel okerrez
aurpegi balzdun miatzarija.
Begi baltz orreik sastakai dozak
baña zatitu ezin esija.
Noruntz aroe esku-lotuta
burdin margodun gorputz gogorroi?».
(Arrats-beran, 133 orr.)
Au be egiz bere poesi-lurralde bat ete dan, zalantzan ipiñi leikena. Mamitsu ta, jaurgoikotiak bezela, ondo egiña. Baña bearbada geien be ori: egiña, ez etorria.
Bideak
Bide-barrijak liburuan leenengo olerkiak sentipen-gaiak, eta erak darabillez. Bere eritxia liburuaren azken «Uarrean» au-zan «Gastaroko neurtitzok eztira sakonak, eztira gurenak, gauza guren eta sakonik gastaruan eztalako egiten. Geruago Aberrijari yagokozan neurtitzak egin dodaz, Euzkadi Amaren maitasunak jo-naulako (95 orr.). Eritxi oneri arauz, liburuaren amairantza adi-gaietara jo eban, poesiren sakontasun-bearrak erakarrita. Ango azken olerkia, Itxasora!, gero etorri bearko eben aberri-olerkien lenenki bat zan: euskeldunei dedar kementsu bat aurrera, ausardira, «ez indarrez, gogayakaz baño»:
«Zerubak argi dagoz, begoz pozez begiak».
«Itxaruak berua euzkotarren ontzija
goguak nausi diran argitasun goiraño».
(Bide-barrijak, 94)
Bigarren liburuan gotuts-gaiak alde batera itxi ebazan eta, ostera, arin-gai batzuk artean sartu. Aberri-gaiari be ekin eutson, baña ez gotuts eraz: Espetxetuarena (107 orr.), Mendigoxaliarena (118 orr.), Iru zaldunak (131 orr.), Amayur gaztelu baltza (142). Olan dala, bigarren liburuak sentipen girora jo dau barriro («sentipen» diñot, itz bat aukeratu bearrean nagolako; ezelan be ez dau esan nai «sentimentala», ta emen gotuts ez dana adierazi nai dau batez be). Leenengora itzuli da, baña «sentipen» ori iñausi, garbitu ta estutu egin nai izan dau. Neurtitzak eurak be azala jokera bardiña erakusten dabe: laburrak, geienetan esanaldia neurtitz bitan esiten dabenak, Bide-barrijak liburuko leenengo olerkiak, euren bakuntasunean, ez darie bearbada goi-arnas gitxiago, oindiño garbitu ta estutu bearra erakutsi arren. Arrats-beran bilduman, ostera, olerki batzuk poesitik naiko aldenduak aurkitzen dodaz; eta neurtitza beti labur ta bardin-antzekoa apur bat ezberezko ta aspergarri be iruditzen yat. Bestalde, estutasunagaitik, apaiñagoak; poesiak beti be laburpena, sintetikotasuna obeto eskatzen daulako. Ez dau esan nai neurtitz gitxiago euki bear dauanik, edo gogai ertzestu ta ertzgarbiak. Bestera: poesia berez (izatearen neurri barri bat erdikustea edo biotz-susmatzea danez) ertzillunera ta esigera zuzentzen da. Baña au zuzen egin bear dau.
Lauaxeta'k sinbolo-poesira joten dau. Bere eles ta edestiak ez dira eles ta edesti soilak, beste zeozer esan nai dabe, eta jokera au batzuetan batez be, argiegi ta lar naiezkoa be ba-dirudi. Aitzol'ek, Bide-barrijak liburuaren Itzaurrean, uste dau emengo azken olerkiak «olerti utsa» giroari eusten dautsoela (Bide-barrijak, 44 orr.) Baña, bearbada zeatzago, olerki oneek «gotuts-olertiari» dagokioz, ez ain beste «poesi utsari». Au beste au sinbolo aldetik dabil eta onen azite, zabaltze ta gorengo garbitze bat da. «Poesi utsa» giroak bere izate ta mamitzat poesia bakarrik, ez beste edozelango gairik ez eban nai. Olan, poesi beraren ikertze bat zan, ez idazkera bat bakarrik. Baña non dagoan poesi uts ori, non susmatzen edo erdiagertzen dan, au da eztabaitu leikena. «Olerti uts» giroak sinbolo aldean ipinten eban.
Elbide artean birresana darabil sarri Arrats-beran bilduman. Adibidez, Burtzaña olerkian lau bider berripinten dau aapaldi bat beste iru aapaldi artean (106 orr.) Artzañena olerkian, bost bider neurtiz bardiñak (115 orr.) Itxas-ondokoena olerkian, lau bider (123 orr.) Eta gero, bardinantzeko aapaldien egitura (Arrats-beran, 100, 101, 103, 125, 126, 132) Olerkia indargetu ta bere ibilkerea aztundu egiten dauan elbide urria.
Modernista giroaren txipristiñak be aztarnatu leikez agian. Ez dabe utsik egiten liliak eta larrosak. Ugari dabil urrea ta zidarra. Eta or daukaguz, adibidez, bearbada kutsu berezia darakusten olerki bi: Sevres'ko murkua: Dukeme, urre-sua, espan gorri, abate maitale bat, eta «kisnien pinpiña» (Arrats-beran, 108 orr.) Kiñuba olerkiak «asele oztiña» izan gura leuke, eta ara bertan: bakalgaia, bakaltseña, loratzak, zaldiak eta ametsak (baña emen erioren gogorrak zimeltzen ditu loratzok eta modernista-puzgoa makaltzen) (Arrats-beran, 113 orr.).
Modernismoaren azalkeriari nagokio emen. Baña modernismoak, edo obeto onen jatorri-muin dan parnasotar giroak irakatsi eutsozan Lauaxeta'ri bere era lirain ta apaiñak. Ez da orregaitik parnasotar utsa: bere elestiak beste esanai, goibero ta sentimentu batek aldetik aldera zeartzen ditu. (Parnasotar eta beste giroak, batez be frantzesak, gure idazlean izan eben eragiñari buruz, ikus Aitzol'en jakingarriak: Eusko Olerkiak, Donostia, 1930, 12-18 orr.)
Modernista-kutsua askoz nabariago dager bere gaztelerazko itzulpenetan. Oneen aurrean olan idatzi eban: «La traducción de estas poesías no puede ni debe ser guión para examinar el valor de Arrats-beran. El secreto de la poesía se oculta en la gracia de la forma, en la pulcritud del buen decir». Bestalde, poesiari ta euskereari buruz au zan bere eritxia: «Neurez betirarte ixilduko nintzan, barruko ixurpen oneintzat ezpadago azal ederrik. Euzkeraz batez be!». Eta oindiño: «Baña ele lander baten seme jayo nintzan ezkero bertso ñimiño oneik be, argitara datorz» (Arrats-beran, Aurre-itza, 99 orr.)
Ele landerra, euskerea. Orregaitik jantzi ta pitxiz aberastu egin bear izan dauz bere olerkiak erderazko itzulpenetan, ta olan, bitartean, poesia ondatu (beraz egia diño: erderazko itzulpenetan ez da billatu bear Lauaxeta'ren poesia). Poesiak bear dauana «landertasuna» da izan be, au da, garbitasuna ta izatearen biotzean zuzen jotea. Emen dago bere era ta «grazi» guztia.
Poesi bera
Baña ba-ekian poesia ez dala azaleko zeregiña, bere Aurreitza olan asi ebanak: «Ludi onen bestaldez loratzen diran landaraen usañak goxalde bakotxak dakarkidaz. Auxe da neure sakona! Bestiak entzuten eztaben egal-otsa neure gelara yatort eta barneko zugatz onetatik txorijak aidatu ziranarren, abar-dardarea ezta amaitu» (Arrats-beran, 99) Itz oneek biderakusten dabe poesiaren alderantz: leenengo, «txoriak» etortea; bigarren, ondoren geratzen dan dardarea. Leenengo, puntu baten, erdi-erdiko ikus-sentipen erage ta sendar bat; gero, dardara gozo, mintsu ta billatzalle baten zabaltzea: dardar-zabaltze onetan dator olerkia bere osora. (Erdi-erdiko ikus-sentipen orretan ez da «txoririk» «ikusten»; «dardar» beraren leenengo urradura baño ez da).
Aipatu daiguzan, adibidez, olerki batzuen gunak. Neguko gaba olerkian: «Ara edur-zuriz, zuri, Oiz gorenak». Lertzun ta urkiak bakean, su-garrak dirdir. «Axe otzoi, ua basora».
Ta:
«Or, negu latzezko gau-ordu luzeetan
aintzezko itz-sakonak, idazti zarretan,
daurkiz gogo ameslarijak.
Asaben eredu garbijak...».
Dardar sakona arindu egiten da jarraian:
«Zadorrik, arren, ez egizu nai idoro.
Larrosak tori arantzetan,
alde-ona billau gauzetan...».
Baña arintasun onek au bakarrik gogorazi nai dau:
«Itxarorik ez urrun jaurti».
(Bide-barrijak, 47-8 orr.)
Neguak eta edurtzeak biotza sakonera biltzen dabe, an gizaldietako asabekin bategin eta etorkizuna poz ixillean zainduazo.
Erantzuna olerkian, maitearen begietan billatzen dau erantzuna; gaberdiko azken itaunak zabalik izten dau maitasunaren kezka ta zadorra:
«Itz leunez poztuteko neure gotilluna
begijetan neuskio billau erantzuna».
«Ixil berak didatzi edurtze ganian;
goibelez illargia odeyen artian...
Nok digarke erantzunoi gaberdi baltzean?».
(Bide-barrijak, 51 orr.)
Maitearen begiak, erantzun barik edo eziñik, gaberdian galtzen.
Gaste gexo olerkian:
«Mendi-ertzeko gastia arratsak dakar geldiro:
udazken ori barnera sartuten yako, leunkiro».
«Samiñez nator zeugana, maite zaitudan basua».
Leenengo neurtitz biek, euren goibeltasun mugagean, iragarten dabe olerkiaren poesi-guna. Eta neurtitzen ibilkera naroak, zelan birremoten dauan gazte gexo beraren ibilkera etenkorra! Udazkeneko bere basora dator: agur egitera? Baso-sakonetan bizi-arnasa ezkutuz billatzera? Orbel-jausteak, abi utsak, zarba zimelak, eriotz-aroa dirautsoe:
«Oraindik eztot il-gura, bixitzau yatan leguna!»
«Atsegiñen mai alaira didar dagiste gustijak».
Itxaropeneza naro ta ixillean ainbeste erregu egin ondoren,
«Baso aldetik betiko juan zan mutil gexua
ta itxaro illaren antzean itun lotu zan basua».
Oneek beste neurtitz biok osotzen dabe barreneraño olerkiaren guna. Betiko joate onetan eta basoaren bakartadean, erdi zabalik geratzen da bizitzaren zador ta goibeltasun alderdia. Udabarria etorri zan barriz:
«Baña ostroen dardarak eta txorijen txijuak
iñor ez eben idoro alai egiten basuak».
(Bide-barrijak, 56-7 orr.)
Baso sakon-indartsua ta udabarri berbizia, ain itun gazte barik.
Gogartu daigun beste adibide bat Eiztari aundia olerkian
«Bai eder urten zala basora
bitxidor berdez
Soñanzki ordez
goiz utsa jaurti eban lepora».
«Norena ixan zan ayots sotilla?
An zetzan illik
goxez jantzirik
atera zana !Mendiko ixilla!».
(Arrats-beren, 102 orr.)
Olerki onen erdi-erdiko ikuspena emen dago: bai eder, goizez jantzirik! Baña an illik, goizez jantzirik urten zana! (Mendiko ixilla!) Ez da elesti bat, gaztetasunaren (eta bizitzaren) ikus-sentipen bat baño. Gaztearoa ta goizea bat-batean dakusaz. Goize-jantzia ez da gañekoa bakarrik, bereberea baño. Eta bera izan arren «goiz utsa» «lepora» jaurtitzen dauana, ez dau esan nai goizea bere aragi ta arnasa ez danik; berak goiz ori (gaztetasuna, betikotasun-egarri ederra) bere izate osoagaz eskuetan artzen dauala baño.
Oartu daigun bere poesiaren (eta ez bakarrik izadi-ikuspenaren) ibilkuntza itxasora, mendira, basora, aurrera..
«Abestiz datorren ontzijan
nor aldendu daiteken urrin».
(Izlapurra, 109 orr.)
Baña nora benetan eta azkenez? Beti arantz. Ez ete au giza-poesiaren guna bera? Dei bat, baña poetak ez daki nondik nora: zuzendu nagizu, argi gozo-illuna.
Orregaitik, azken ondarrean, alperriko yako nozik bein bere biotz austuari olako aolku bat murmurikatzea:
«Bidazti ez beti. Ez ibilli aron.
Biotz aul orrek, ez gurenai jaramon.
Zidor ori nora? Eztauko azkenik...».
Beste adibide bat:
«Ba-juat
soin gazte onen lorea!».
(Kanta ariña, 110 orr.)
Au be ez da elesti bat. Eta ezin leike beste ezegaz idetu. «Soin gazte» esanda, ez da emoten nai dana; «lora» esanda, be ez. Soin gazte onen lorea: auxe da. Baña, gañera, metafora edo bardintze bat dala azaltzen ba-dogu, ez dogu egi dana agertu: esanaldi au ez da azala, metafora azpian ez dago beste ezer. Au da: beste itz berezkoagoakaz ezin lei emon; ez dau esan nai poetak ikus-sentitzen dauana garbi ta osoan itzetan datorrenik. Olerkari berantzat be billatze bat da edermiña (orregaitik esan dausku Lauaxeta'k: «Neurez betiko ixilduko nintzan») Zenbat areago itzen bidez ona eldu bear dabenentzat.
Poesiak «sinboloagaz» dauka zer-ikusi. Baña au olan adituta: poetak izate edo gertakizun baten zer bat ikus-sentitzen dau, eta itzetan berantzat eta besteentzat adierazi nai. Izate edo gertakizun orrek, aurrez-aurre agertzen dan eraz, beste zer batera bialtzen dau. Orregaitik diñot «sinbolo» aldetik dagoala, poesia gardentasun baten dagoalako. Au adierazteko poetak ez dau metaforarik nai ta nai ez bear. Poesiaren benetako sinbolismoa berez-berez gertatzen da; leenengo ta bein itz berezizko batzuk (izate ta gertakizun batzuk) alkarren ondora bilduta.
Lauaxeta'k poesiaren dardar au ezagutu ebala nabaritzen dau. Poesia pitxi bakan bat da, eta munduan idatzi ta idazten dan geienak urrundik baño ez dauka aren itxurarik. Ez da orregaitik guztiz alperrikoa, beti be benetako poesiaren susmo edo bidatza da-ta. Lauaxeta bidean joian: poesiaren dirdir batzuk zuzentzen eutsoen biotza bere zadorrera.
«Aintzak zabal ditu esku argituak».
«Erri zintzo onek zaindu dagiala
il gintzanen atsa, il gintzanen aala».
(Biotz donea, 175 orr.)
Poetaren biotz-agoan erriaren edo gizaki beraren ezkutu mugagea une baten dardaraka indartzen da. Ta olan poeta gizadian ikur edo aztarna bat da. Batez be bere eder-abotsa odol ixillean amaitzen danean.