literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Iparragirre (II)

 

Juan San Martin

 

«Gogoz, gure herriko gauzak»

Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1978

 

        Iparragirre bigarrenez herriratu zenean maitemindurik ibili omen zen eta garai hartakoak ditugu «Zugana, Manuela» eta «Nere maitiarentzat». Bigarren hau lehen bertsoaren hasierako hitzetatik ezagunagoa dugu eta bere doinu atseginarekin gure egunotan ere kantatzen da:

 

                Ume eder bat ikusi nuen

                Donostiako kalean,

                hitz erditxo bat hari esan gabe

                nola pasatu parean?

                Gorputza zuen liraina eta

                oinak zebiltzen aidean;

                politagorik ez dut ikusi

                nere begien aurrean.

 

        Donostiako ume eder hau ez dakigu nor zen, burua galduarazi zion Manuela hura ez noski. Manuelak bere aldetik ez zion nahi bezala erantzun eta gure kantariak etsipenez beterik adiaraziko zuen:

 

                Amodioz beterik,

                esperantza gabe,

                zergaitik egin zinen

                bihotz honen jabe?

                Zuk esan behar zendun:

                Hemendikan alde,

                egiaz ez naiz ni

                bizardunen zale.

 

        Baina Iparragirrek bestelako eragozpenik ere bazuen. Askoren begietarako bizardun buhamea eta aski arlotea izan zitekeanez gainera. Tolosako ostatu batean zerbitzari ari zen Anjela Kerexeta ezagutu zuen, bera baino hemeretzi urte gazteagoa, baina maitasunarentzat mugarik ez denez, elkarganako har-emanean hasi ziren. Bera ikusi gabe ezin zela egon eta Donostiako lengusina baten etxera eraman zuen eta han egin zion ezkontzarako proposamena.

        Euskal Herriko apezak paper asko eskatzen omen zioten, herrialde askotan ibilia zenez haietako nonbaiten lehendik ezkondua zen jakiteko. Emazteak hala aitortu zion Grandmontagne idazleari (ikus, «Los inmigrantes prósperos» liburua). Eta honegatik pentsatu zuten Ameriketara joatea, han eragozpenik gabe eskontzeko. Esan eta egin. 1858ko abuztuaren 29an Baionan hartu zuten Buenos Aires-erako itsas-ontzia. Hango euskaldunak ongi-etorri ona egin zioten, Biba Iparragirre! oihukatuz.

        Gerratean bere kapitan izan zen ostalari baten etxera jo zuen. Eta Patxiku Mendia zeritzan adiskide honi esan omen zion: «Neskatxa hau andregaia dut, eta uste dut eskonduko naizela honekin». Egun guti barru ezkondu ere, Buenos Aires-ko San Inazio elizan.

        Bizimoduan jartzeko proposamendu asko izan zituen, baina ez zen negozio gizona eta azkenean Uruguay-n artzain jarri zen.

        Grandmontagne-k jasotakotik dakigu hango ibileren berri. Gitarra joaz kantatu eta ardiak zaindu, hori omen zen bere bizitza. Baina ardiak erraz galtzen zituen, eta emazte kezkatuari esaten omen zion: «Galdu direnok etorriko dira. Itzultzen ez badira, beste nonbaiten hobeto daudelako da; hoiek ere libertadea maite dute, eta nik ardientzat ere beren foruak nahi ditut». Garai hartan, Iparragirrerentzat, libertadea eta foruak gauza bera ziren. Baina era honetara laster galdu zituen bere ondasunak, aziendak.

        Montevideo-ra jo zuen eta nafar baten laguntzaz ostatua jarri zuen «Gernikako Arbola» izenez. Eskuzabala zenez, behartsueri ez zien kobratzen eta itxura denez Montevideo-ko behartsu guziek ikasi zuten harako bidea. Iparragirre, bere solas eta kantekin bakarrik arduratzen zen eta berriz ere behea jota gelditu zen. Orduan, Arizabalo deiturazko pasaiar batek lagundurik artalde berriaren jabe egin zen eta berriro ere artzai joan zen. Oraingoan urte asko igaro zituen isilik. Hil ote zen berria ere zabaldu zen. Isllik egon bazen ere, ez ordea geldirik. Senitartea ederki gehitu zuen, zortzi seme-alabaz hornituaz.

        Bere egoeraren berri jakin zutenean herritar asko mugitu ziren hona ekarri nahirik. Bestalde, une haretantxe jaso zuen euskal foruen galeraren berri eta erotu beharrean jarri omen zen gizona, amorruaren amorruz negar egiteraino, egunetik egunera umore txarragoaz, bere baitan egonezinez. Berriz gerra sutzeko ere konforme omen zen.

        Buenos Aires-ko «Laurak-Bat» elkarteak egin zituen diru bilketaz ahal izan zuen herriratzea. Gainera, hemengo Diputazioek pensinotxo bat jartzeko ideia eman zuen Becerro de Bengoa arabarrak eta esperantzarik aski ekarri zuen.

        Bakarrik etorri zen, gero familia ekartzeko asmoz. Bordeleko kaian lurra hartu zuen 1877ko urrilean. Hendaiara heltzean kantatu zuen «Nere etorrera lur maitera». Hau ere oso ezaguna:

 

                Hara, nun diran mendi maiteak,

                hara, nun diran zelaiak,

                baserri eder zuri zuriak,

                iturri eta hibaiak.

                Hendaian nago zoraturikan,

                zabal zabalik begiak;

                hara, España, lur hoberikan

                ez da Europa guzian!

 

                O!, Euskal Herri, eder maitea,

                hara hemen zure semea,

                bere lurrari muñ ematera

                beste gabe etorria.

                Zuregatikan emango nuke

                pozik bai nere bizia,

                beti zuretzat, hil arteraiño,

                gorputz ta arima guzia.

 

        Euskal Herriko hirietan harrera ona izan zuen. Gabiriko Txapartegi baserria hartu zuen bizilekutzat, amaren sortetxea zena.

        Zahartzaroan ere bazituen kanturako animoak eta 1878ko otsailean Madrid-eko Price-n kantatu zuen Kantabria itsasoan ito ziren hirureun arrantzaleren familien alde.

        Zahar saria lortu eta hiru hilabetera hil zen. 1881eko apirilaren 6an, Zozabarro-txiki baserrian, pulmoniaz. Lagunarteko afari baten ondorean, gau euritsuan berandu xamar jo omen zuen etxe aldera eta Txapartegirako zubia urak eramana aurkitu zuen eta Zozabarroko estalpe batean gaua pasatu zuen, bustita eta hotzez. Eta hemendik sortu omen pulmonia, ustekabean hilobira eramango zuena. Honela bete zen bere desio zahar hura:

 

                Jaunari eskatzen diot

                grazia emateko:

                nere lur maite hontan

                hezurrak uzteko.

 

        Poeta kantari hura joan zen, baina bere gogoa guregan dugu, herriagan, oraindik aspaldiko kontu hura zuritu gabe dugunez.

 

Juan San Martin

1976-IX-13.

 

Bilaketa