Iparraguirre (I)
Juan San Martin
«Gogoz, gure herriko gauzak»
Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1978
Euskal poeta erromantikoen artetik foruen alde irten zenik gartsuena Iparragirre zen noski. Herriaren sentipenak kantatuko zituen koblakari berria. Ez zen ez Xenpelarrek desafiaturik baserritar legeko bertsolaritzan plazan bat-bateko bertsoetan arituko zen horietakoa, baina bai aldez aurretik gertatutako bertsoz eta musikaz kanta ederrak sortuko zituena. Era berri bat zekarren bertsolaritzatik baino koblakaritzatik hurbilago zebilen kantari honek.
Gure poeta hau Urretxuan jaio zen 1820ko abuztuaren 20an. Bost urte zituenerako Zerainen zuten osaba maisu baten etxera bidali zuten eskolak hartzera, eta hamabi urterako Gasteizera bidalia zuten latin eta bestelako estudioak egitera. Gurasoak Madrid-era joan ziren bizitzen, han gozotegi bat jarriaz eta hamahiru urte kunplitu gabe hara eraman zuten, eta jesuiten ikastetxe batean sartu zuten.
Ikusten denez, gurasoak asko arduratzen ziren mutilaren eskolekin, baina hau nonbait gogaitu xamar edo herri-minez zen. Errege Fernando VII.aren heriotzarekin, 1833. urteko irailaren 29an sutu zen lehen karlistadaren gudua. Jose Mari Iparragirrek 13 urte besterik ez zituen, eta goiz batez, «Ama, banoa eskolara» esanez alde egin omen zuen eta Euskal Herrira jo omen zuen. Zeraingo osaba maisuarengana. Honek apenaz ontzat hartu zuen ilobaren jokabidea, eta Lazkaora bidali zuen konfesatzera. Ez dakigu agindua bete zuen, baina laster ihes egin zuen osabaren babespetik karlisten kanpamendu batera boluntario presentatzeko. Foruen defentzaren deia sentitu zuen hamalau urte bete zituenerako.
Idurimen argia eta odol bizia omen zuen, eta izakera honen bultzadaz abentura zale. 1834-1839ko lehen karlistadako gerra honetan hiru aldiz zauritua izan omen zen, Bizkaiko Arrigorriaga eta Kastrexanan eta Nafarroako Mendigorrian.
Bergarako besarkada hura, Espartero eta Maroto bide, konponketazko akordioa omen zen. Dena dela, Esparterok foruak errespetatzeko hitza eman zuen, baina ondorean saldukeria bihurtu zen. Alde aurretik susmo txarra hartu zutenek ere baziren, eta hauen arteko gure Iparragirre. Eta hauetarik asko herbesteratu ziren eta Iparragirre bera ere han zen desterruko ogi mingotsa jatera.
Buhame bizitzaren hasiera da. Honako kanta hau bururatuko zuen ibileraren hasiera:
Gazte gaztetatikan
Herritik kanpora,
Estranjeri aldean
pasa det denbora.
Egia, alde guzietan,
toki onak badira,
baina bihotzak dio
zuaz Euskal-Herrira.
Oraindik hogei urterik ez zuen. Lehendik handiki baten etxean zerbitzari ibili zen eta han ikasi zuen frantsesa, eta han nonbait sortu zitzaion liburuak irakurtzeko grina, bereziki frantses poetak irakurtzeko. Kanturako baritono abots ederra zuela ohartu zen eta Carolina Duprez izeneko emakumazko batekin teatro eta kantua ikasten hasi zen.
Kantari hasi zen, teatroetako tauletan eta plazarik plaza. Baina Napoleon III.aren denborak heldu zirenez gero persegitua izan zen, zeren «Marsellesa» kantatzen zuelarik herria azaldatzen omen zen. Gobernariak begitan hartu zuten eta Frantziatik ospa egin beharra izan zuen.
Munduz mundu abiatu zen, Italia, Suiza eta Alemanian zehar ibili ondorean Bretainia Handira jo zuen, bere ondasun guztia abotsa eta gitarra zituela.
Gitarra zartxo bat da
neretzat laguna;
honela ibiltzen da
artista euskalduna;
egun batean pobre
beste batez jauna,
kantari pasatzen dut
nik beti eguna.
Goian zerua eta behean lurra, buhamiarik gorrienean ibili ere. Musika ta letrak berak sortzen zituen eta haurtzarotikako kokatu ezinak zeraman itsasuntzia haizeak bezala. Hala ere, bere bihotza non zuen kanta horren azken bertsoak erakusten digu:
Agur Euskal-Herria,
baina ez betiko;
bost edo sei urtean
ez dut ikusiko.
Jaunari eskatzen diot
grazia emateko
nere lur maite hontan
hezurrak uzteko.
Egun batez, kantaldi baten ondorean Mazarredo jenerala hurbildu omen zitzaion eta bostekoa eman ondorean bere arazoa konpontzea agindu omen zion, Euskal Herrira itzuli zedin. Eta handik laster eskuratu zuen Espainiako enbaxadoreagandik behar zuen agiri-papera. Honela, itsasuntziz Bilbora jo zuen, hamairu urtez herbesteetan ibili ondorean. Hogetahamabi urte zituen sorterriratu zenean.
Bilbora heldu bezain laster hasi zen kanta saioak eratzen, sos batzuk irabazteko. Ama oraindik Madrid-en bizi zuen, eta laster hartu zuen harako bidea. Gertakariz esan ohi da, kasik hogei urteren buruan amagana itzuli zenean, honek galdetu ziola: «Ene seme, hau ahal da eskolatik etortzeko ordua?».
Han eta hemen, laster jabetu zen garai hartako giroarekin. Foruen parterik gehiena galdua zen eta gainerakoa galzorian eta herria hontaz kezkaturik zebilen. Madrid-en zeuden euskaldunekin lagun egin zen eta Montera kaleko San Luis kafetegira joaten zen. 1853garren urtea zen, adiskideei aurrez aditzera eman zien euskal kanta eder bat prestatzen ari zela. Gau batean, kafetegiko salan, Altuna durangarrak pianoz lagunduaz, Gernikako Arbola delakoa kantatu zuen.
Haren hotsa bizkor zabaldu zen gure herrietan, eta Madrid-tik etorri zen hemen herriz herri kantatzera. Arazo hontaz lehendik bero zen herriak ez zuen asko behar sutzeko, eta halakoa izan zen Iparragirren jira. Honegatik, herria sutzen zuelako, Espainiako gobernuak preso sartzea agindu zuen eta Tolosako presondegian eduki ondoren epaiturik, Euskal Herritik hat desterratu zuten. Ordukoa du beste kanta polit hau:
Zibilak esan dute
biziro egoki,
Tolosan behar dela
gauza hau erabaki;
giltzapean sartu naute
poliki poliki,
negar egingo luke
nere amak baleki.
Juan San Martin
1976-IX-6