Sarrera
X. Hiriart
Donostia, 2004ko Udaberria
«Olerkiak eta eresiak»
Iparragirre
Hiria, 2004
XIX. mendeko euskal poemagintzan argi propioaz bereizten dira Etxahun eta Iparragirre. Biek dira bertsolari eta poeta; biek dira munduan erromes eta beren herrian maitatuak; biek dira erromantikoak eta garaikide. Etxahunek Zuberoan eta Iparragirrek Gipuzkoan, biek kantu herrikoienak asmatu zituzten.
Iparragirreren bizia
Jose Maria Iparragirre Balerdi, Gipuzkoako Urretxuko herrian jaio zen 1820 urtean. Dendariak ziren bere gurasoak eta dirudienez bazuten nahikoa baliabide beren semeari ikasketak emateko. Garaiko usadioei jarraituz Zeraingo herrira bidali zuten bere osabarekin lehen ikasketak burutzera. Zerainen prestatu zen hamaika urterekin Gasteizera joan ahal izateko eta bertako seminarioan latina ikasteari ekiteko.
Mutiko gaztea Gasteizera heldu eta laster, gurasoak Madrilera joateko erabakia hartu zuten eta beraiekin eraman zuten semea. Hamahiru urte zituen Iparragirrek Madrilera heldu zenean. Madrilen, San Isidro izeneko jesuiten ikastetxean jarraitu zituen ikasketak, baina ez luzaroan.
Iparragirrek ezagutu zuen Espainiako hiriburua ez zen arazorik gabekoa eta bete betean ikusi ahal izan zituen Fernando VII.gn heriotzak eragin zituen gora-behera eta liskarrak. Lehen Gerla Karlistaren oinarrian egongo zen pleitu dinastikoak bete betean arrapatu zuen urretxuar gaztea. Fernando VII.ren alaba zen Isabel II. edo Carlos bere anaiaren arteko ezin konponduak karlista eta liberalen bandoetan hartu zuen gorputza.
Hamahiru urterekin eta Madrilen eztanda egin zuen gatazka politikoaren erdian Iparragirrek aukera larria egin zuen bere kabuz eta familiaren baimenik gabe, izan ere karlisten bandora sartu zen etxetik ihesi.
Karlisten tropekin eman zuen bere nerabezaroa. Zauritua izan zen baina ez zuen hargatik D. Carlosen bandorik utziko. Bere adina gazteagatik, akaso, D. Carlosen eskoltan eman zituen urterik hoberenak eta han ikasi zuen kitarra jotzen. D. Carlosek gortesau ugari izan ohi zuen bere inguruan eta bertako giroan aise egokitu zen bertso eta abenturazale zen Iparragirre gaztea. Gaztedanik ez zuen Iparragirrek foruekiko atxikimendu handirik: «Entonces yo no sabía que cosa eran los fueros» esango du bere zahartzaroan. Gerla ostean jabetuko da foruen garrantziaz eta orduan eraikiko du bere kantuen ardatza bilakatuko den euskal abertzaletasuna.
Bergarako Besarkadarekin Lehen Gerla Karlista amaitzean, Iparragirre ez dago gustora eta karlistengandik geihenek amore ematen badute ere, urretxuarrak ez du etsitzen eta areagotu baizik ez du egingo foruekiko bere atxikimendua. Ez da ixilik egongo eta arazoak izango ditu garaiko agintariekin. Deserriko bidea hartzen du gitarra baino eskuan ez duelarik.
Hamairu urterekin eskola utzi ondoren eta sei urte geroago deserriko bidea hartzen duenean, Iparragirrek ez du gerlak eman dion eskola besterik. Kantari ona da eta trebea gitarrarekin. Mutil dotorea omen zen eta garaiko erromantikoen joerak zituen ziur. Frantzia eta Italiako lurretara abiatzen da, beraz, hemeretzi urterekin. Iparragirre plazagizona da eta ahots ederra zuena, nonbait, zeren Parisen arrakasta handia lortu omen zuen bere kantu eta bertsoekin. Marseilesa kantua biziki ondo abesten omen zuen eta oso txalotua suertatu zen Parisen.
Iparragirre karlista zenez, pentsakera kontserbadore eta absolutistaduna zen nonbait, baina hori ez zen inolaz ere izan oztopo, Frantzian, libertadea eta pakearen aldeko ideiak bereganatzeko. Iparragirre autodidakta da eta oso modu pertsonalean lotzen zituen Frantziako Iraultzaren ideia nagusiak eta ideologia karlistaren jarrerak. Bere jarerra erromantikoak eramanik bere bilakera ideolojikoan libertade guztiak bereganatu nahi izan zituen, bai arrazoiaren ildotik zetorkion giza libertadeen irrikia eta bai biotzak eskatzen zion askatasun aberkoia.
Frantzia, Suiza, Tirol eta Italiako lurrak ibili zituen bere gitarraren eskutik eta bere musikarako gogoak bultzaturik. Handik datorkio musika aide berrien ezaguera eta kantu herrikoiekiko zaletasuna. Iparragirre bardoak ez du, itxura denez, ogibide jakinik ez eta oizko bizimodurik. Garai zaratatsuak dira Frantzian eta errepublikaren aldekoak eta kontrakoak gogor borrokatzen dira Napoleon III.en egunetan. Nonbait, Iparragirrek bera karlista izanik ere errepublikaren aldeko joera agertzen zuen eta bere kantuekin ez zen oharkabean pasatzen; hargatik atxilotu zuten Frantziako jendarmak eta espetxez-espetxe ibili ondoren jaurtiki zuten 1851. urtean Ingalaterrara.
Bi urtez iraun zuen Londresko kale eta tabernetan abestuz, Espainiako enbaxadoreak bere herrira itzultzeko bidea egokitu bitartean. Euskal Herritik ibili ondoren Madrilera heltzen da 1853. urtean. Euskal Herrian oso aldatuak aurkituko ditu bertako animoak eta foruzaletasuna gainezka aurkitu du non nahi. Oraindik modu zabarrean jendearen gogoan aurkitzen den sentimenduari hitza eta airea jartzen die Iparragirrek, ernaltzen ari den kontzientzia politiko berriari haize eta bide emanaz.
Madrileko Montera kalean aurkitzen zen San Luis izeneko kafetegian abestu zuen lehen aldikoz, 1853. urtean, Gernikako Arbola bere kantu eta poemarik garaiena. Euskal kantarik sonatuena eta kantatuena dugu, dudarik gabe, Iparragirreren Gernikako Arbola eta beraren bitartez lortu zuen Urretxuko bardoak inoiz euskal poeta batek izan duen arrakastarik handiena. Madrileko kafetegi hartan bazen euskaldunik Iparragirrez kanpo eta bertan biltzen ziren, nonbait, Espainiako gortean bizi zirenetik asko. Besteren artean Jose Altuna izeneko beste euskaldun bat dugu aipagarri, izan ere bera izan bait zen Gernikako Arbola poema musikatu zuena.
Hamahiru urte zituela ihes egin zuen gaztetxoa hogei urte geroago itzuli zen Madridera Gernikako Arbolarekin behin betiko ospea lortuaz. Hogei urte hoietan ez zuten bere familiakoek bere berri handirik izan nonbait, hala ere hain maiteki eta kartsuki kantatuko duen bere amak honelako hitzez hartu omen zuen Madrilera etorri zenean:
Joxe Mari, Joxe Mari... hau al da eskolatik etortzeko ordua?
Izan ere eskolatik gerlara ihes egin ondoren ez omen zuen Iparragirrek bere familiarik ikusi ondorengo hogei urteetan. jokabide honek ezin hobeto nabarmentzen du Iparragirreren izaera berezia eta abenturari emana. Baina Iparragirre bere kantuaz izanen da baloratua eta gurtua eta ez bere jokabide apartaz; bohemio jarrera ongi baino hobeto dihoakio bere izaera erromantikoari. Iparragirre egoera historiko aparteko gizona dugu, denbora desberdinen arteko bidegurutzean sortu zen eta antzinako gizartea eta etorkizunekoaren tartean deserroturik bizitu zen. Ez poeta ez bertsolari, ez militar ez zibil, ez karlista ez liberal... Iparragirre denbora berrietako euskaldun minbera dugu. Euskaldun geihenek modu ilunean hausnartzen zutena garbiro esateko bertutea izan zuen eta bere garaikideek aho batez bereganatu zuten Iparragirreren mezua eta kantua.
Berehala barreiatu zen Euskal Herri osoaren zehar Gernikako Arbolaren ospea eta denen eztarrietan zegoen Bigarren Gerla Karlistak eztanda egin zuene an. Agintariek ez bide zuten begi onez ikusi Iparragirren itzulera eta bere kantaren arrakasta, eta guztia esateko ere, Iparragirre ez zen, nonbait, batere pertsona erosoa bere eguneroko bizikeran, eta gauza guzti horiengatik, Gipuzkoako Tolosan preso hartua izan zen eta beste behin ere erbesterako bidean jarri zuten. Ordungoak dira «Nere amak baleki» izeneko bertsoak:
Zibilak esan naute
biziro egoki
Tolosan bear dela
gauza au erabaki.
Giltzapian sartu naute
poliki poliki:
negar egingo luke
nere amak baleki.
Oraingo honetan Portugaleko lurretara darama deserriko bideak eta hiru urtez iraunen du bertan. Euskal Herriratu ondoren, ez bide zuen bizibide egokirik aurkitu eta Amerikara begira jarri zen bere garaikide askoren modura. Azkenik 1858. urteko abuztuan Baionan hartu zuen Ego-Amerikara eramango zuen itsasuntzia. Berriro ere amarengan finkatuko du bere herrimina hainbeste aldiz kantatuak izanen diren bertsoetan:
Agur, nere biotzeko
amatxo maitea,
laister etorriko naiz
kontsola zaitea.
Jaungoikuak nai ba du
ni urez joatea,
ama, zertako da
negar egitea?
Urrengo urtean Gipuzkoako Alegiako alaba zen Maria Anjela Kerexetarekin ezkondu zen Buenos Airesko hirian. Argentinan ezkondu bazen ere Uruguaien bizitu zen Amerikako urte gehienetan. Hemeretzi urtez bizitu zen Uruguaien eta han jaio zitzaizkion zortzi seme-alaba. Ez zuen Amerikan, aberastasun handirik lortu, zeren eta, dirudienez, apenas zion lanari atxikimendu handirik.
Soldadu izandako denboretan edanari oso emana zen eta gerozko denboretan ere edale bizkorra izan omen zen. Amerikako lurretan seme-alabez kargaturik eta alperkeriari emana Euskal Herriarenganako malenkonia gailendu zitzaion guztien gainetik. Pobre eta zaharturik Euskal Herriko bidean jarri zen 1877. urtean. Bordeleko portura heldu zen eta Endaiara iristean paratu zituen ondorengo bertso unkigarriak:
Ara nun diran mendi maiteak,
ara nun diran zelaiak,
baserri eder, zuri-zuriak,
iturri eta ibaiak.
Endaian nago zoraturikan
zabal-zabalik begiak:
ara, Espaiña... lur oberikan
ez du Europa guztiak.
Behartsu eta zaharturik Euskal Herriko lau diputazioek 110 pezetako pentsioa luzatu zioten eta bere jaioterritik hurbil dagoen Zozabarro izeneko Itxasoko baserrian jarri zen bizitzen. Heriotza arterainoko hiru urte hauetan goratzarrez-goratzarre ikusi zuen Iparragirrek bere burua, izan ere berak kanpoan iragandako urteetan bere ospea hedatzen eta handitzen joan zen etengabe.
Bere zenbait kantu bakikoetan gizon hedonista eta bitala bezala ageri zaigu, maite zuen jan eta edana, maite zuen bizitzea eta heriotza ere lagun artean egindako otordu bikain baten ondoren topatu zuen, 1881ko apirilaren 6.ean.
Iparragirreren poemagintza
Liburuxka honetan bildu ditugu Iparragirreren olerki eta bertso guztiak. Badaiteke hemen bildutakoz kanpo beste zenbait ere asmatu izatea, baina ez dugu beraien berririk. Guztitara ere ez dirudi bat-bateko bertso jartzeari oso emana zenik. Manterolak adierazten duenez ahalmen handia zuen bat-batean bertsoak asmatzeko baina, hala ere ez digu ematen bere garaiko bertsolarien pareko bezala. Pentsa behar dugu naiz eta Xenpelarren bertso batzuk besterik aditzera ematen badute ere Iparragirre ez zuela bertso lehiaketarako okasio handirik izan. Izan ere Iparragirre Madrilen aurkitzen dugu hamairu urterekin eta harrezkero Carlos errege-gaiaren gortean bizituko da eta erbestean gero, beraz Iparragirrek ez zuen herriz-herri ibili ohi ziren bertsolarien bizimodurik eduki. Dena den poeta baten balioa ez dator halabeharrez, bere bertsoen ugaritasunaren bizkarretik; Iparragirrek hemen ematen ditugun bertsoen erdiak egin izan arren ere bere merituz dauka euskal poemagintzaren alorrean tokia.
Iparragirrek bi berrikuntza funtsezko egokitu zituen euskal lirika herrikoiean: batetik, musikaren baitan obratu zuen bere poetika eta bere poemagintza, politikaren esparrura menderatu zuen bestetik. Iparragirrez gero euskal poema hoberenak kantatuak izanen dira, hots, herriratuak; jadanik, bestalde, politika herrigintza euskal poemagintzaren ardatz nagusi bilakatuko da.
Herrigintzaren gaia, funtsezko bilakatuko da ondorengo poeta gehienengan. Ez da kasuala Iparragirrek Euskal Herri hitza lehen aldikoz erabilia izana. Bera da Euskal Herri konzeptuari edukia eta bizia emango diona. Iparragirre izanen da Euskal Herri hitza zentzu politikoaz beteko duena. Ordu arteko idazlek Euskal Herriak pluralean aipatuko dituzte, baina ez diote ematen Iparragirrek bezala gerora hartuko zuen zentzu unibokoa eta politikoa. Lehentxeago Irurac bat esaten zuten Azkoitiko zalduntxoak, edo eta Larramendi Gipuzkoaz mintzatuko zaigu bere aurre-abertzale testuetan, eta aurrerago oraindik Leizarraga eta Axular esparru linguistiko batetaz mintzatuko dira Euskal Herriaz jarduterakoan; Iparragirre da euskaldunen herriari izena jarriko diona eta «Agur, Euskalerriari» abestuko duena.
Urte bereko abenduan argitaratu zuen Hiribarren lapurtarrak Euscaldunak izeneko bere poema erraldoia eta agian zilegi da pentsatzea dagoneko Iparragirreren itzala hedatzen hasia zela.
Bestalde, Iparragirrek gogokoen dituen gaiak: euskaltasuna, Euskalerria, bakea, batasuna, arbola, fedea eta ama (herria) ondorengo poemagintza guztiaren sorburu eta mami bilakatuko dira. Hiribarren, Otaegi, Arrese beitia, Otaño, G. Adema, Orixe eta ezin konta halako oinordekotza izango dute euskal poemagintzan Iparragirrek indarrean jarritako gai poetikoak. Iparragirrek baino goi mailagoko bertsoak idatziko dira Euskal Herriaz, euskaraz, deserriaz edo euskal arbolaz, baina inork ez du bere sentipena gailenduko. Euskaldunek azkar jakin zuten Iparragirreren bertsoak bereganatzen eta ez da agian harrigarria berarenak izan badira denboraren zehar gehien kantatuak. Belaunaldiz-belaunaldi Gernikako Arbola edo eta Ara nun diran abestuz elkar ezagutu eta unkitu dira euskaldunak.
Joan Mari Lekuonak oso hitz egokietan adierazi du Iparragirreren nagusigoa herriarengandiko atxikimendua lortzerakoan; Edonork daki Iparragirre bai no askoz gehiago direla esaerak biribiltzerakoan Xenpelar, Bilintx edo Etchaun; baina badira Urretxukoaren zenbait esaera herriaren ahotan gelditu direnak; ...eta esaera bihurtu izanaren kategoria bau asko kantatu izanak ematen du, noski, baina, baina ere, esaeraren espresaera biziak, erabatekoak. Eta guzti hau Iparragirreri zor zaion asmakizun ona dugula esan behar.
Iparragirrek dohain aparta du herriak bihotzean daramana ahoskatu eta kantu bilakatzeko. Guztitara ere XIX. gizaldiko euskaldunen bidegurutzea inork baino egokiago jakin zuen adierazten eta poematzen. Esan izan ohi da Iparragirre poeta erromantikoa dela, eta egia diote hala diotenak, baina ez da erromantikoa artez eta formaz moda bati jarraitzen diolako, aitzitik erromantikoa da bere garaiko kontraesanak inork baino egokiago bizitu eta adierazten dituelako. Iparragirreren bizikera baldar eta deserosoa bere garaiko gizartearen hondakin izatetik datorkio. Hamahiru urteko mutil gaztea ihesi doha gerlara eta jadanik ez du egokituko bizimodurik aldaketa bizkorrean bilakatzen ari den gizartean; tokiz kanpo; denboraz at... bere patuari ekiten dio Iparragirrek. Ez du sosegurik lortuko eta bere biziko maitasunak amarena edo emaztearena ez dute lotuko. Iparragirre libre da foruak galtzen ari den Euskal Herrian eta are libreago jokatuko du Parisen, ideologiaz absolutista izaki, errepublikanotzat bere burua aitortzen duenean.
Edizio bonetaz
Edizio hau paratzerakoan Euskaltzaindiak 1987 urtean Iparragirre izenarekin apailatu zuena hartu dugu gidaritzat. Ez dugu grafiarik aldatu eta bertan egiazkotzat ematen diren 39 poema gureganatu ditugu.